116. ALDIZKARIA - 2021eko maiatzaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

29/2021 EBAZPENA, apirilaren 12koa, Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiak emana, onesten duena, Nafarroako Foru Komunitatean, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalean definitutako kualifikazioei lotuta dauden lanbide gaitasunak aitortzeko eta egiaztatzeko modu iraunkorrean irekitako prozedura arautuko duten oinarriak.

Kualifikazioen eta Lanbide Heziketaren Sistema Nazionalaren baliabide eta ekintzetako bat lanbide gaitasunak ebaluatu eta egiaztatzea da, hala ezarrita baitago Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren 4.1.b) artikuluan.

Prozedura horren araudia Lan-esperientziaren bidez eskuratutako lanbide-konpetentziak aintzat hartzeari buruzko uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretuan jasota dago, martxoaren 9ko 143/2021 Errege Dekretuan ezarritako aldaketekin.

Prozedura horren ondorioz lortu beharreko egiaztapenei dagokienez, urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretua da aplikatzekoa, profesionaltasun ziurtagiriak arautu zituena.

Espainiako lan merkatuak, egungo egoeragatik, COVID-19 pandemiari aurre egiteko ezohiko neurriak jasan ditu, eta egoera horretatik nabarmentzekoa da gure herrialdeko biztanleria aktiboa osatzen duten ia 23 milioi espainiarretatik 11.043.300 pertsonak, hots, %48,02k, lanerako gaitasunik ematen ez dien prestakuntza maila dutela (edo hori egiaztatzen duen agiri ofizialik ez dutela). Hori dela eta, Espainiako profesional batzuek, batez ere jardueraren erregulazio osoa edo partziala duten ekoizpen sektoreek, enplegagarritasuna galtzen dute beren lanbide gaitasunak ez egiaztatzeagatik, egiaztapen hori (oro har, lanbide txartelak) berariazko baldintza baita egindako lanak egiaztatzeko.

Beraz, lanbide eremuko prestakuntza eta egiaztapena ezinbestekoak dira pertsonen enplegagarritasunerako, eta hori, besteak beste, enpleguari dagokionez, ekonomia eta finantza krisiak Espainian izan duen eragin handiagoaren arrazoietako bat izan da, eta funtsezkoa izanen da COVID-19 pandemiak sortutako azkenaldiko krisitik ateratzeko.

Giza kapitalaren eta talentuaren aldeko apustua eginez ekonomia suspertzeko, lanbide heziketa modernizatzeko plana onetsi zuen berriki Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioak. Plan horren printzipioen artean dago biztanleria aktiboaren lanbide gaitasuna aitortzeko eta egiaztatzeko prozedurak orokortzea, bereziki COVID-19 krisialdian lan merkatutik kanporatutako pertsonenak. Hori dela eta, lan esperientziaren bidez edo prestakuntza bide ez-formalen bidez pertsonek eskuratutako lanbide gaitasunak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozedura-esparrua egungo testuingurura egokitu behar da, hura argitaratuz, eta malgutu egin behar da prozedura, lanbide heziketa modernizatzeko planean ezarritako helburuak bete ahal izateko.

Aurreko urteetako esperientziak erakutsi ditu prozedura horren indarguneak, baina baita ahulguneak ere, Lan-esperientziaren bidez eskuratutako lanbide-konpetentziak aintzat hartzeari buruzko uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretuan araututakoaren arabera. Hori horrela, martxoaren 9ko 143/2021 Errege Dekretuaren onespenaren bitartez (Lan-esperientziaren bidez eskuratutako lanbide-konpetentziak aintzat hartzeari buruzko uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretua aldatzen duena) egiaztapen prozedurei nola heldu birbideratu da.

Beti da garrantzitsua lan esperientziaren eta prestakuntza bide ez-formalen bitartez eskuratutako lanbide gaitasunak ebaluatzea eta egiaztatzea, justizia sozialeko funtsezko ekintza gisa eta bizialdi osoko ikaskuntza prozesua gauzatzeko oinarri gisa. Eta egungo lan krisiaren kasuan, beharrezkoa da ahalegina egitea kualifikaziorik gabeko pertsonen gaitasunak egiaztatzeko aukerak areagotzeko, xede dituen herritarrentzat eskuragarriagoa eta bizkorragoa izan dadin.

Orain arte, administrazioek deialdi espezifikoak egin behar izan dituzte kualifikazio bat edo batzuk ardatz hartuta egiaztapen prozeduretan lanbide gaitasunak egiaztatzeko. Aukera horri eusten zaion arren, beharrezkotzat jotzen da modu iraunkorrean prozedura ireki bat ezartzea neurri horren potentzialtasuna handitzeko, onuradun izan daitezkeen ahalik eta pertsona gehienentzat eskuragarri jarriz.

Prozesua burutuko da Lan-esperientziaren bidez eskuratutako lanbide-konpetentziak aintzat hartzeari buruzko uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera (martxoaren 9ko 143/2021 Errege Dekretuak egin dizkion aldaketekin).

Ebazpen honen babesean garatuko diren egiaztapen prozesuak Hazkunde ekonomiko eta sozialerako eta enplegagarritasunerako Lanbide Heziketako Planean jasotako ekintzen barruan sartuko dira. Plan horren jarduketak Errekuperazio eta Erresilientzia Mekanismoan deskribatuta daude, eta Europar Batasunaren NextGenerationEUk finantzatzen ditu.

Ikusita Lanbide Kualifikazio, Enpresa eta Enplegurako Zerbitzuko zuzendariak aurkeztu duen txostena, egiaztapen prozedura horietan jarduketa esparru berri bat ezartzeari buruzkoa.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalean definitutako kualifikazioei lotutako lanbide gaitasunak aitortu eta egiaztatzeko deialdi irekiaren prozesu iraunkorra arautuko duten oinarriak onestea. Oinarri horiek ebazpen honen 1. eta 2. eranskinetan jasota daude.

2. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari, Hezkuntza Departamentuko Lanbide Kualifikazio, Enpresa eta Enplegurako Zerbitzuari eta Lanbide Heziketaren Plangintza eta Berrikuntzako Zerbitzuari helaraztea.

4. Ebazpen honen aurka, ez baitu administrazio bidea amaitzen, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

5. Ebazpen honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera izanen ditu ondorioak.

Iruñean, 2021eko apirilaren 12an.–Lanbide Heziketako zuzendari nagusia, Tomás Rodríguez Garraza.

1. ERANSKINA

Jarraibide orokorrak

I.–Modu iraunkorrean irekitako prozedura, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalean definitutako kualifikazioei lotutako lanbide gaitasunak aitortzeko eta egiaztatzeko.

Hezkuntza administrazioak zabalik izanen du lan esperientziaren bidez edo prestakuntzako bide ez-formalen bidez eskuratutako lanbide gaitasunak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozedura iraunkorra. Prozedura iraunkor hori, gutxienez, Nafarroako Foru Komunitateko Lanbide Heziketaren eskaintzan dauden eta Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalari lotuta dauden lanbide gaitasuneko unitate guztiei buruzkoa izanen da.

1. Horretarako, lanbide heziketako irakaskuntzak ezarrita dauden sare publikoko ikastetxe guztiak prozedura horiei buruzko informazio eta orientazio guneak izanen dira, bai eta horietan izena emateko lekuak ere. Edozein interesdunek jotzen ahalko du gure Komunitateko LHko edozein ikastetxe publikotara, inskripzioak eragiten dion lanbide sektorea gorabehera.

2. Hezkuntza administrazioak herritar bakoitzarentzako prozeduraren hasiera bermatuko du, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan aurreikusitako epeen arabera. Ebazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izanen da, eskabidea hezkuntza administrazioaren erregistro elektronikoan izapidetzen hasten denetik. Epe barruan berariazko ebazpenik ematen ez bada, aurkeztutako eskabidea isiltasun administratiboaren bidez ezetsitzat joko da.

3. Prozedurak, lehentasunez, Hezkuntza Departamentuak erreferentziako ikastetxe gisa ezarritako ikastetxeetan eginen dira. Erreferentziako ikastetxe horiek sare publikoko lanbide heziketako ikastetxe integratuak izanen dira lehentasunez, baina lanbide heziketako irakaskuntzak dituzten ikastetxe publikoak ere izendatzen ahalko dira, baldin eta ikastetxe integratuak ez badira, edo itundutako sareko ikastetxe integratuak.

4. Baliabide publikoak modu arrazionalenean eta eraginkorrenean erabiltzeko, lanbide kualifikazio bereko pertsonen inskripzioak multzokatzen ahalko dira, oinarri honetako III. paragrafoan ezarritako epearen barruan, lanbide gaitasunak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozedura bateratuari ekiteko.

II.

Hezkuntza Departamentuak, gizarte-solaskideekin lankidetzan, 2. eranskineko I. eta V.1 ataletan jasotako jarraibideetan aipatzen diren prozedura, informazioa eta orientazioa ahalik eta gehien zabaltzea sustatuko du, gutxienez lanbide heziketako irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeetan eta enplegu agentzietan.

III.–Prozedurari laguntzea.

Erreferentziako zentro bakoitzeko prozeduraren antolaketa alderdiak batzorde batek koordinatuko ditu. Batzorde hori honako hauek osatuko dute, gutxienez: ikastetxeko zuzendariak, egiaztapenaren arduradunak, Kanpoko Lanbide Jardueren Departamentuko buruak eta egiaztapen prozesu bakoitzari dagokion lanbide arloko departamentuko buruak.

Prozedura planifikatzea, antolatzea eta kudeatzea Hezkuntza Departamentuaren eskumena izanen da. Dagokion informazioa eta orientazioa emateko, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren eta gizarte eragileen laguntza izanen da.

IV.–Datu pertsonalen babesa.

Datu pertsonalak babesteko eta eskubide digitalak bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan xedatutakoarekin bat, parte-hartzaileek inprimakien bidez ematen dituzten datuak Nafarroako Gobernuko fitxategietan sartuko dira, prozedura honen ondorioz sor daitezkeen aitorpen agiriak kudeatzeko eta haien lanketa estatistikoa egiteko.

Berariaz horrela adierazten duten pertsonak beren datuen tratamenduaren aurka ager daitezke, beren egoera pertsonal zehatz bati lotutako arrazoi sendorik eta bidezkorik badago.

2. ERANSKINA

Modu iraunkorrean irekitako prozeduraren bidez deitutako kualifikazioetarako jarraibideak.

I.–Informazioa.

Prozeduraren informazio, komunikazio eta jarraipen osoak Nafarroako Gobernuaren izapideen fitxetan eta Hezkuntza Departamentuaren webgunean argitaratuko dira.

II.–Parte hartzeko baldintzak.

Deialdi honetan finkatutako prozeduran parte hartu nahi duten pertsonek uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretuaren 11. artikuluan (martxoaren 9ko 143/2021 Errege Dekretuak egindako aldaketekin) adierazitako baldintzak bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko herritartasunaren erregistro-ziurtagiria nahiz Europar Batasuneko herritar baten ahaidearen txartela lortu izana, edo baimen indarduna izatea Espainian bizitzeko, edo Espainian bizi eta lan egiteko, atzerritarrei eta immigrazioari buruzko Espainiako araudian ezarritako moduan.

b) Izena emateko azken eguna baino lehen 20 urte beteak izatea, II. eta III. mailetako kualifikazioei dagozkien gaitasun unitateen kasuan, eta 18 urte, I. mailakoen kasuan.

c) Egiaztatu beharreko lanbide gaitasunekin zerikusia duen lan esperientzia eta/edo prestakuntza ez-formala izatea:

–Lan esperientziaren kasuan, eskabidea aurkeztu aurreko azken 15 urteetan gutxienez 3 urtez lan egindako 2.000 ordu egiaztatu beharko dira. Gaitasun unitatea I. mailakoa bada, 2 urteko lan esperientzia beharko da, eta gutxienez 1.200 lanordu, guztira.

–Prestakuntzaren kasuan, eskabidea aurkeztu aurretik azken 10 urteetako ordu kopurua justifikatzea. Ordu horiek egiaztatu beharreko gaitasun unitateei lotutako prestakuntza moduluen orduen baturaren baliokideak izanen dira, gutxienez.

d) Baloratuko diren lanbide gaitasuneko unitateek, beren izaeragatik, betekizun gehigarriak badituzte, betekizun horiek justifikatzeko agiria aurkeztu beharko da.

e) Ebaluazio fasean behin betiko inskribatzeko unean ez egotea matrikulatua lortu nahi den egiaztapenari lotutako prestakuntza bera biltzen duen hezkuntza edo enplegu arloko prestakuntza ekintza batean, eta ez egotea inskribatua eskatu den ebaluazioaren xedeko gaitasun unitateak egiaztatzea ahalbidetzen duten moduluak lortzeko probaren batean.

f) Gaitasun unitate bereko beste egiaztapen deialdi batean onartua ez egotea.

III.–Baldintzak justifikatzea.

Honako agiri hauen bidez frogatuko da lan esperientziari buruzko baldintzak betetzen direla, aurreko puntuan aipatuak:

a) Soldatapeko langileentzat, langile autonomoentzat eta beren kontura ari direnentzat:

–Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorraren, Itsasoko Gizarte Institutuaren edo afiliatuta dauden lan mutualitatearen ziurtagiria. Ziurtagiri horretan enpresa, lan kategoria (kotizazio taldea) eta kontratazio aldia jaso beharko dira. Hala badagokio, Europar Batasuneko herrialderen bateko ziurtagiri baliokideak.

–Lan esperientzia zein enpresatan hartu duen, hark egindako ziurtagiria, bertan datu hauek ageri direla: kontratuaren iraupen aldiak, egindako lanak eta zenbat denbora egin duen lan horietan, lehen aipatutako webgunean eskura dagoen 3a) eranskineko ereduari jarraikiz. Agiri horiek lortu ezin badira enpresarik ez egoteagatik edo langilea autonomoa izateagatik, izangaiak lan kontratua aurkezten ahalko du (baldin eta lortu nahi duen kualifikazioaren izena lanpostuan agertzen bada), edo zinpeko aitorpen bat, egindako jardueren tipologiari buruzkoa, lehen aipatutako webgunean eskura dagoen 3b) eranskineko ereduari jarraikiz.

b) Langileen, boluntarioen edo bekadunen kasuan:

–Zerbitzuak zer erakundetan eman diren, hark luzatutako ziurtagiria, honako hauek berariaz adierazita: egindako jarduerak eta eginkizunak, zer urtetan egin diren eta lanaldi osoan aritutako egunen kopuru zehatza, edo, hala badagokio, eginkizun horietan emandako ordu kopuru zehatza, lehen aipatutako webgunean eskura dagoen 3c) eranskineko ereduari jarraikiz.

Prestakuntza ez-formalari buruz II. jarraibidearen c) atalean aipatzen diren baldintzak frogatzeko, agiri bat aurkeztuko da. Bertan adieraziko da eskatzaileak baduela egiaztatu asmo diren gaitasun unitateekin zerikusia duen prestakuntza, eta datu hauek jasoko dira gutxienez:

–Prestakuntzaz arduratu den zentroaren, entitatearen edo administrazioaren datuak.

–Prestakuntza noiz jaso den

–Ikaslearen datu pertsonalak.

–Ikastaroaren edukia eta prestakuntza orduen kopurua.

–Zentroko edo entitateko arduradunaren sinadura eta zigilua.

II. jarraibidearen e) eta f) ataletan aipatzen diren baldintzak frogatzeko, zinpeko aitorpen bat aurkeztu beharko da (3d) eranskinean dago) prozeduran onartzen den unean.

Prozeduran parte hartzeko baldintzak betetzen direla justifikatzeko behar den dokumentazioa baloratze aldera, prozedurarako inskripzioaren data hartuko da erreferentziako datatzat epeak zenbatzeko.

Nafarroako Foru Komunitatean ofiziala ez den hizkuntza batean aurkezten diren agiriekin batera, itzulpen ofiziala edo zinpekoa ere aurkeztu beharko da.

IV.–Onartzeko irizpideak.

Modu iraunkorrean irekitako prozedura denez, aldian-aldian multzokatu eginen dira prozedura horretan parte hartzeko aurkeztutako eskabideak. Eskabideak batera tratatzea ezinezkoa bada, eskabide asko daudelako, irizpide hauek aplikatuko dira hurrenez hurren:

–Lortu nahi den profesionaltasun ziurtagirian jasotako gaitasun unitateren bat edozein bide erabiliz egiaztatu izana.

–Eskabidearen aurkezpen data. Lehentasuna emanen zaio lehenago aurkeztu duenari.

–Egiaztapen prozeduraren xedeko gaitasun unitateen esparruan, azken 15 urteetan, esperientzia egiaztatu handiena izatea.

–Hautagaia adinez helduena izatea.

–Zozketa.

V.–Prozeduraren faseak eta jarduketak.

Modu iraunkorrean irekitako prozedurak, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalean definitutako kualifikazioei lotutako lanbide gaitasunak aitortu eta egiaztatzekoak, honako jarduketa eta fase hauek izanen ditu (Lan-esperientziaren bidez eskuratutako lanbide-konpetentziak aintzat hartzeari buruzko uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretuaren 14. artikuluan ezarritakoaren arabera):

1. Informazioa, orientazioa eta eskabidea:

a) Modu iraunkorrean irekitako prozeduran parte hartu nahi duten pertsonei informazioa eta orientazioa ematea, lanbide gaitasunak aitortu eta egiaztatzeko.

Lanbide Heziketako ikastetxeek eta enplegu agentzien edo bestelakoen informazio eta orientazio zerbitzuek arreta ematen ahalko diete lanbide gaitasunak aitortu eta egiaztatzeko modu iraunkorrean irekitako prozeduran parte hartu nahi duten pertsonei, inskripzioaren aurretik. Hezkuntza Departamentuko Lanbide Heziketako Zuzendaritza Nagusiko Lanbide Kualifikazioen Ataleko langileek ere laguntzen ahalko diete.

b) Eskabidea.

Lanbide gaitasunak aitortzeko eta egiaztatzeko modu iraunkorrean irekitako prozeduran parte hartu nahi duten pertsonek edozein unetan eskatzen ahalko dute prozedura horretan parte hartzea, baldin eta beren eskaera Nafarroako Foru Komunitatean dagoen hezkuntza sistemako zein enplegurako lanbide heziketaren eskaintzari lotutako lanbide kualifikazioei buruzkoa bada. Lanbide kualifikazioa Nafarroako eskaintzan sartuta ez badago, egindako eskaria kontuan hartzeko aukera baloratuko da.

Eskabide horren eredua 3e eranskinean dago, eta behar bezala beteta aurkeztuko da; aurrez aurre, Administrazio Publikoaren edozein erregistrotan; posta elektronikoz, inacuali@navarra.es helbidean, eta telematikoki, eskabide eredua eskuragarri dagoen Nafarroako Gobernuaren izapideen katalogoko fitxa erabiliz.

Eskabidean, nahitaez, telefono mugikorraren zenbaki bat eta helbide elektroniko bat agertuko dira, eskatzailearekin pertsonalki harremanetan jarri ahal izateko (sms edo e-mail bidez), prozeduran zehar beharrezkoak izan daitezkeen hitzorduak eta komunikazioak egiteko. Datu horiek ematen ez badira, harremanetarako bideak ez badabiltza edo kasu egiten ez bazaie, eskatzaileak galdu eginen ditu eskabidearen bidez hasitako prozeduran parte hartzeko eskubideak.

c) Lanbide Kualifikazioen Atalak eskaerak aztertuko ditu, eta aldian-aldian pertsona taldeak antolatuko ditu, parte hartzeko lanbide gaitasunak aitortzeko eta egiaztatzeko modu iraunkorrean irekitako prozeduran.

Eskatzaileei hitzordu bat bidaliko zaie talde bakoitzerako erreferentziazko zentro gisa izendatutako Lanbide Heziketako ikastetxera joateko, prozeduran inskripzioa formalizatzeko. Hitzordua ematean berariaz adieraziko zaie zer dokumentazio aurkeztu behar duten sartzeko baldintzak egiaztatzeko, eta prozeduran inskripzioarekin batera aurkeztuko dute.

2. Inskripzioa eta onarpena.

Erreferentziako zentro gisa izendatutako Lanbide Heziketako ikastetxean, eskatzaileek prozedurari buruzko informazioa jasoko dute, eta, era berean, laguntza jasotzen ahalko dute prozeduran izena emateko. Inskripzio hori telematikoki ere egiten ahalko da.

Inskripzioa formalizatzeko, interesdunek izena emateko orria bete eta dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

–NANaren, AIZren edo, hala behar denean, pasaportearen edo indarreko bizileku-txartelaren fotokopia.

–Lan esperientzia, boluntario lanak eta prestakuntza frogatzeko agiriak, III. jarraibidean adierazitakoari jarraikiz.

1. eranskineko III. jarraibidean aipatzen den Lanbide Heziketako ikastetxearen (pertsona taldearen arabera, zentro bat edo beste izanen da) batzordea izanen da onarpen prozesuaren arduraduna. Prozesu horretan, baldintzak betetzen direla egiaztatuko da, eta lehentasun irizpideak aplikatuko dira. Behin-behineko emaitza aurrez aipatutako Nafarroako Gobernuaren izapideen katalogoaren fitxan eta Hezkuntza Departamentuaren webgunean argitaratuko da, eta, hala badagokio, interesdunei jakinaraziko zaie.

Behin-behineko zerrenden kontrako erreklamazio bat egin nahi dutenek 3 egun balioduneko epea izanen dute, argitaratu eta biharamunetik hasita, ikastetxearen Onarpen Batzordeari alegazioak aurkezteko. Horrek esan nahi du aldez aurretik zehaztuta egon behar dela inskripzioa osatzeko epemuga eta zerrenden argitalpen data. Izena ematen den unean bertan jakinarazi beharko zaie interesdunei.

Onarpen Batzordeak erreklamazio horiek ebatzi, eta onartuen behin betiko zerrenda (lehen adierazitako izapideen katalogoko fitxan eta webgunean eskuragarri) argitaratuko du erreklamazioak egiteko epea bukatzen denetik bost egun balioduneko epean.

Egintza horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko zaio Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiari, hilabeteko epean behin betiko zerrenda argitaratzen denetik aurrera.

3. Aholkularitza fasea: behar bezalako gaikuntza duten aholkulariek eginen dute, uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretuaren 15. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

Lanbide Kualifikazioen Atalak zehaztuko ditu fase horretan izena emateko datak, eta, gutxienez, lehen aipatutako izapideen katalogoaren fitxaren bidez eta webgunean jakinaraziko ditu, eta non eginen den adieraziko du. Inskripzioa egitearekin batera, kontzeptu horri dagozkion tasak ordainduko dira. Fase horretarako izen-ematea erreferentziako ikastetxean edo telematikoki egiten ahalko da.

Bidezko arrazoirik gabe inskripzioa egiten ez duten izangai onartuek dagokien eskatzaile taldearentzat irekitako prozesuan parte hartzen jarraitzeko eskubidea galduko dute, eta automatikoki baja emanen zaie onarpen zerrendan.

4. Ebaluazio-fasea: ebaluaziorako behar bezalako gaikuntza duten pertsonek eginen dute, uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretuaren 16. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

Lanbide Kualifikazioen Atalak zehaztuko ditu fase horretan izena emateko datak, eta, gutxienez, lehen aipatutako izapideen katalogoaren fitxaren bidez eta webgunean jakinaraziko ditu, baita non eginen den adierazi ere. Inskripzioa egitearekin batera, kontzeptu horri dagozkion tasak ordainduko dira. Fase horretarako izen-ematea erreferentziako ikastetxean edo telematikoki egiten ahalko da.

Bidezko arrazoirik gabe inskripzioa egiten ez duten izangai onartuek dagokien eskatzaile taldearentzat irekitako prozesuan parte hartzen jarraitzeko eskubidea galduko dute, eta automatikoki baja emanen zaie onarpen zerrendan.

Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan, Hezkuntza Departamentuak izendatuko ditu espezialitate edo lanbide arloetako ebaluazio batzordeak.

Ebaluazio Batzordeak, ebaluazio tresnak eta ebaluatzaileek egindako jarduketak oinarri hartuta, gaitasunaren balorazioa eginen du izangai bakoitzak erakutsitako frogen gainean. Gaitasunaren balorazioa modu dikotomikoan adieraziko da: gaitasun egiaztatua edo gaitasun egiaztatugabea.

Aurreko puntuan azaldutako prozesurako ebaluazio erreferenteak ebaluatu beharreko gaitasun unitateak izanen dira, bakoitzari dagozkion lanbide errealizazioekin, errealizazio irizpideekin eta lanbide inguruneekin.

Gaitasunaren balorazioa adierazten duen agiria izangai bakoitzari helaraziko zaio, emaitzen konfidentzialtasuna bermatuko duen prozedura baten bidez.

Ebaluazio Batzordeak hartutako erabakien kontrako erreklamazioak idatziz aurkeztuko dira, hasiera batez batzordeari berari zuzenduak, 3f) eranskinean eta lehen adierazitako Nafarroako Gobernuaren izapideen katalogoaren fitxan dagoen ereduaren arabera. Erreklamazio hori erreferentziako zentro ofizialean aurkeztuko da, izangaiari ebaluazioaren emaitza jakinarazi ondoko hiru egun balioduneko epean. Ebaluazio Batzordeak hamar egun balioduneko epean ebatziko du errekurtsoaren gainean, erreklamazioa aurkeztu eta biharamunetik hasita.

Ebaluazio Batzordearen erabakiaren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko zaio Lanbide Heziketako zuzendari nagusiari, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

5. Gaitasuna egiaztatzeko eta erregistratzeko fasea: positiboki ebaluatzen diren pertsonei gaitasun unitatearen edo unitateen egiaztapena emanen zaie, uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretuaren 17. artikuluan xedatutakoaren arabera. Egiaztapenak ematea eta erregistratzea Nafarroako Hezkuntza Departamentuari dagokio.

Gaitasun unitate baten egiaztapenak (prozedura honen bidez eskuratua) egiaztapen partzial metagarriaren ondorioak ditu, Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Legearen 8.3 artikuluan ezarritakoaren arabera, dagokion lanbide heziketako titulua edo profesionaltasun ziurtagiria lortzera bideratutako prestakuntza osatzeko.

Gaitasun unitate horiek profesionaltasun ziurtagiri bat egiteko eskatutakoak osatzen badituzte, ziurtagiri hori interesdunak eskatu beharko du.

Gaitasun unitateen ebaluazio positiboa lortu duten pertsonek honako hauek izapidetzen ahalko dituzte hezkuntza administrazioan:

a) Gaitasun unitateei lotutako lanbide moduluak baliozkotzea, indarreko araudiaren arabera, zeina tituluetako bakoitzean ezartzen baita.

b) Indarrean dagoen araudiaren arabera, profesionaltasun ziurtagirien gaitasun unitateei lotutako prestakuntza moduluen salbuespena, ziurtagiri bakoitzean ezartzen dena.

Ebazpen honetan berariaz aurreikusten ez den guztiari dagokionez, Lan-esperientziaren bidez eskuratutako lanbide-konpetentziak aintzat hartzeari buruzko uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretua aplikatuko da.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

Bete beharreko eredu guztiak deskargatu (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2105912