115. ALDIZKARIA - 2021eko maiatzaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

28E/2021 EBAZPENA, apirilaren 28koa, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez aldatzen baita Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusiaren apirilaren 9ko 21E/2021 Ebazpena, dirulaguntzen deialdi bat onesten duena, 2021ekoa, Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatutako turismoko enpresa txiki eta ertainen lehiakortasuna hobetzen laguntzeko.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusiak apirilaren 9an emandako 21E/2021 Ebazpenaren bidez, dirulaguntzen deialdi bat onetsi da, 2021ekoa, Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatutako turismoko enpresa txiki eta ertainen lehiakortasuna hobetzen laguntzeko.

Deialdi hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko zain dago, eta horrek berekin ekarriko du eskaerak aurkezteko hilabeteko epea irekitzea, oinarri arautzaileetan ezarrita dagoen bezala.

Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzua, deialdiaren organo kudeatzailea den aldetik, ohartu da ezen enpresa onuradunek bete beharreko 1.1 betebehar orokorra eta 2.1 betebehar berariazkoa (biak 4. oinarri arautzailean ezarriak) batera interpretatuz gero, kontraesan bat dagoela, zerbitzu horrek berariaz egindako txostenaren arabera.

Horregatik, beharrezkotzat jotzen da bi betebehar horien testua aldatzea, deialdiaren helburuekin bat datorren interpretazio koherente bat bermatzeko eta, orobat, segurtasun juridiko eta gardentasun handiena bermatzeko, bai laguntza eskatzen duten ETEentzat, bai deialdia kudeatzen duen organoarentzat.

Horrenbestez, zerbitzu horrek egindako txostenari jarraikiz, proposatzen da deialdia aldatzeko behar den ebazpena ematea.

Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak,

EBAZTEN DUT:

1. 4.1.1 oinarri arautzailea aldatzea Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusiaren apirilaren 9ko 21E/2021 Ebazpenaren I. eranskinean. Ebazpen horren bidez, dirulaguntzen deialdi bat onetsi da, 2021ekoa, Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatutako turismoko enpresa txiki eta ertainen lehiakortasuna hobetzen laguntzeko. Honetan datza aldaketa:

Honako hau dioen tokian:

“1.1. Nafarroan izatea egoitza fiskala eta establezimenduak, 2020ko urriaren 1a baino lehenagotik, non laguntzaren xede den jarduera garatzen baita.”

Honako hau behar du:

“1.1. Nafarroako Foru Ogasunaren subjektu pasiboa izatea dirulaguntzaren xedeko jarduera ekonomikoari dagozkion zergei dagokienez.”

2. 4.2.1 oinarri arautzailea aldatzea Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusiaren apirilaren 9ko 21E/2021 Ebazpenaren I. eranskinean. Ebazpen horren bidez, dirulaguntzen deialdi bat onetsi da, 2021ekoa, Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatutako turismoko enpresa txiki eta ertainen lehiakortasuna hobetzen laguntzeko. Honetan datza aldaketa:

Honako hau dioen tokian:

“2.1. Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatuta agertzea turismo establezimenduaren, bidaia agentziaren edo turismo aktibo eta/edo kulturaleko enpresaren titular gisa, 2020ko urriaren 1a baino lehenagotik.

Enpresa eskatzailea egun horretan titular gisa agertzen ez bada, baina Nafarroako Turismo Erregistroan titulartasunaren aldaketa tramitatzeko behar den dokumentazioa aurkeztu badu dirulaguntzaren eskaera aurkezteko egunerako beranduenez, betetzat joko da betekizun hori.

Frankizia araubidean dauden enpresen kasuan, baldintza hori bete dela ulertuko da laguntza eskatzen duen enpresa frankiziaduna Nafarroan dagoen establezimendu frankiziadunaren kudeatzaile gisa agertzen denean Nafarroako Turismo Erregistroan.”

Honako hau behar du:

“2.1. Turismo establezimenduaren, bidaia agentziaren edo turismo aktibo eta/edo kulturaleko enpresaren titular gisa agertzea Nafarroako Turismo Erregistroan.

Enpresa eskatzailea egun horretan titular gisa agertzen ez bada, baina Nafarroako Turismo Erregistroan titulartasunaren aldaketa tramitatzeko behar den dokumentazioa aurkeztu badu dirulaguntzaren eskaera aurkezten den egunerako beranduenez, betetzat joko da betekizun hori.

Frankizia araubidean dauden enpresen kasuan, baldintza hori bete dela ulertuko da laguntza eskatzen duen enpresa frankiziaduna Nafarroan dagoen establezimendu frankiziadunaren kudeatzaile gisa agertzen denean Nafarroako Turismo Erregistroan.

Laguntzaren xedeko jarduketa egiten duen turismo establezimenduak, bidaia agentziak edo turismo aktibo eta/edo kulturaleko enpresak Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatua egon beharko du 2020ko urriaren 1a baina lehenagotik.”

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2021eko apirilaren 28an.–Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusia, Maitena Ezkutari Artieda.

Iragarkiaren kodea: F2107071