113. ALDIZKARIA - 2021eko maiatzaren 14a - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

16/2021 FORU AGINDUA, maiatzaren 14koa, Osasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez aldatzen baita Osasuneko kontseilariaren maiatzaren 9ko 13/2021 Foru Agindua, berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu zituena Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz.

Maiatzaren 9an onetsi zen 13/2021 Foru Agindua, maiatzaren 9koa, zeinaren bidez berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu baitziren Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz. Foru agindu hori berretsi zen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren maiatzaren hamaikako 65/2021 Autoaren bidez, salbu eta Nafarroako Foru Komunitatean gauez zirkulatzeko askatasuna mugatzea eta terrazen, janaria etxera eramateko zerbitzuen, kanpoko kirol-instalazioen, haurren jolastokien eta funtzio anitzeko aretoetako kanpoko espazioen ordutegia murriztea.

Aurreko asteekin alderatuta, egoera epidemiologikoak hobera egin du, eta Nafarroa 3. alerta-mailara igaro da. Zehazki, maiatzaren 13an, 14 eguneko intzidentzia metatua 255 da, 7 egunekoa 110 da, eta ratioa 2,6 da (beheranzko joera du); beraz, egokitzat jotzen da neurriak malgutzea, une honetako egoera epidemiologikoa kontuan hartuta.

Foru agindu honetan ostalaritzaren sektorearen gaineko neurriak malgutzen dira. Barnealdeak irekiko dira, bi aukerarekin. Batetik, taberna berezi, ikuskizunetarako kafetegi, taberna, kafetegi eta jatetxeen lizentzia duten establezimenduak, baimendutako gehieneko edukieraren %30 okupatuz eta beste foru agindu batzuetan araututako zenbait baldintza betez; eta, bestetik, mahaietako aulkien arteko distantziaren arabera zehaztutako edukiera eta honako baldintza hauek betez: barnealdean mahai batetik bestera 2 metro egotea gutxienez aulkien artean; mahai bakoitzean gehienez 6 pertsona egotea eta mahaikideen artean gutxienez 70 cm egotea; jantokiko lokalak aireztapen egokia izatea, CO2 neurgailua izatea; lokaleko CO2 kontzentrazioa inoiz ez izatea 800 ppm-tik gorakoa; bezeroek bete beharreko neurri orokorrak (distantzia, eskuen higienea eta maskara) adierazten dituzten kartelak izatea; eta trazabilitate egokia bermatzea, behar denean erabiltzeko, COVID-19ak eragindako osasun-krisiari aurre egiteko prebentzio, euste eta koordinazio neurri urgenteak onesten dituen martxoaren 29ko 2/2021 Legearen 26. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Ostalaritzako establezimenduetan edukiera malgutzeko aukera ematearen helburua da sustatzea, oro har, jardunbide egokien kode bat ezar dadin, bereziki aireztapenari dagokionez, halako establezimenduetan birusaren transmisioa murrizteko.

Barnealdeko ordutegia 22:00ak artekoa izanen da; izan ere, kanpoaldean ez bezala, ebidentzia zientifikoen arabera barnealdekoetan kutsatze gehiago dira, batez ere ostalaritzan eta jatetxeetan, jateko eta edateko unean maskara kentzeagatik kutsatzeko arriskua areagotzen baita. Horregatik, eta askotan aireztapena ona ez delako, ezinbestekoa da espazio itxi horietan interakzio sozialeko denbora mugatzea.

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 2.2 artikuluari jarraikiz,

AGINTZEN DUT:

Lehena.–Aldatzea lehen puntuko 3.1 apartatua Osasuneko kontseilariaren maiatzaren 9ko 13/2021 Foru Aginduan, zeinaren bidez berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu baitziren Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz. Testu hau izanen du:

“3.–Ostatuak eta jatetxeak.

3.1. Establezimenduen barnealdeak.

3.1.1. Oro har:

a) Kontsumoa baimentzen da taberna berezi, ikuskizunetarako kafetegi, taberna, kafetegi eta jatetxeen lizentzia duten establezimenduetan, baimendutako gehieneko edukieraren %30ean.

b) Mahaian eta eserita eginen da kontsumoa. Kontsumitzaileek barrak erabiltzen ahalko dituzte edariak eskatu eta jasotzeko.

c) Mahaien arteko tartea 2 metrokoa izanen da, mahaien ertzetik neurtuta.

d) Mahaiaren edo mahaien inguruan ezin izanen dira lau pertsona baino gehiago elkartu. Salbuespen gisa, gehienez ere sei pertsona elkartzen ahalko dira, baldin eta mahaiaren edo mahai multzoen neurriek 70 zentimetroko segurtasun-tartea bermatzen badute pertsonen artean.

e) Establezimenduen ate nagusietan, bai barrualdean bai kanpoaldean, kartelak jarri beharko dira, gutxienez ere DIN A3 tamainakoak, eta horietan adierazi beharko dira lokalaren gehieneko edukiera eta foru agindu honek baimentzen duena.

f) Kartelak toki nabarmenean izatea, bezeroek birusaren transmisioa saihesteko bete behar dituzten neurri orokorrak (distantzia, eskuen higienea eta maskara) adierazteko.

g) Maskara erabiltzea nahitaezkoa izanen da beti, salbu eta edateko edo jateko unean. Kontrolatuko da bezeroek maskara behar bezala erabiltzen dutela.

h) Ahal dela, gomendatzen da establezimenduek aireztapen naturala izatea, edo mekanika behartua, airearen birzirkulaziorik gabe. Gomendatzen da, halaber, ahalik eta gehien aireztatzea eta airearen kalitatea neurtzea, CO2 neurgailuen bidez. CO2-aren kontzentrazioa milioiko 800 partetik gorakoa denean, gomendatzen da aireztapena handitzea edo jende kopurua gutxitzea, adierazle horretatik behera jaitsi arte.

i) Ostatuen barnealdeak 22:00etan itxiko dira beranduenez.

3.1.2. Erantzukizunpeko adierazpen baten bidez.

Aurreko puntuan ezarritako edukiera-muga ez zaie aplikatuko taberna berezi, ikuskizunetarako kafe, taberna, kafetegi eta jatetxeen lizentzia duten establezimenduei, baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Barnealdeko mahaietako aulkien artean gutxienez bi metro egotea.

b) Mahai bakoitzean gehienez 6 pertsona egotea eta mahaikideen artean gutxienez 70 cm egotea.

c) Jantokiko lokalak aireztapen egokia izatea.

d) CO2 neurgailua izatea, eta lokaleko CO2 kontzentrazioa inoiz ez izatea 800 ppm-tik gorakoa.

e) Kartelak toki nabarmenean izatea, bezeroek birusaren transmisioa saihesteko bete behar dituzten neurri orokorrak (distantzia, eskuen higienea eta maskara) adierazteko.

f) Trazabilitatea bermatzeko neurri egokiak hartzea, behar denean bezeroekin harremanetan arin jartzeko, bazkarien eta afarien zerbitzuetan.

g) Mahaian eta eserita eginen da kontsumoa. Kontsumitzaileek barrak erabiltzen ahalko dituzte edariak eskatu eta jasotzeko.

h) Puntu honetan jasotako establezimenduek erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko dute baldintzak betetzen dituztela adierazteko, bai eta establezimenduaren fitxa teknikoa ere. Bi dokumentuak foru agindu honen eranskinetan daude. Izapidea sinplifikatzeko, nahikoa da formulario digital bateratu hau betetzea eta bidaltzea. Nafarroako Gobernuaren zerbitzu-katalogoko fitxa honetan ere eskuratu ahal izanen da: ostalaritzako barnealdeak irekitzeko erantzukizunpeko adierazpena.

Formularioa ez da paperean entregatuko Nafarroako Gobernuaren erregistro-bulegoetan; online bidali behar da. Behin inprimakia bidalita, establezimendua ireki ahal izanen da, administrazioaren baimena jaso beharrik izan gabe.

i) Barnealdeak 22:00etan itxiko dira beranduenez.

Bigarrena.–Aldatzea lehen puntuko 3.2.2 apartatuaren c) letra Osasuneko kontseilariaren maiatzaren 9ko 13/2021 Foru Aginduan, zeinaren bidez berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu baitziren Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz. Testu hau izanen du:

c) “Mahai bakoitzaren bueltan, gehienez ere, lau pertsona egonen dira. Salbuespen gisa, gehienez ere sei pertsona elkartzen ahalko dira, baldin eta mahaiaren edo mahai multzoen neurriek 70 zentimetroko distantzia bermatzen badute pertsonen artean. 70 cm baino gutxiagoko aldea edo diametroa duten mahaien eta/edo upelen bueltan gehienez ere bi pertsona egonen dira eta, kasu guztietan, eserita”.

Hirugarrena.–Aldatzea lehen puntuko 8.2 puntua Osasuneko kontseilariaren maiatzaren 9ko 13/2021 Foru Aginduan, zeinaren bidez berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu baitziren Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz. Testu hau izanen du:

“8.2. Ezkontza, bataio, jaunartze eta bestelako ospakizun sozial, familiar, erlijioso edo zibiletan, zeremoniaren ondotik ospakizunak egiten badira, muga hauek izanen dira:

8.2.1. Baldin eta 3.1.1 puntuan ezarritakoa aplikatu behar bazaie, establezimenduek 30 pertsonako muga izanen dute barnealdean eta 50 pertsonakoa kanpoaldean ospakizunerako, eta, nolanahi ere, foru agindu honen 3. puntuan jasotako neurriak errespetatu beharko dituzte. Ulertzen da muga hori establezimenduko ospakizun bakoitzari dagokiola, ongi bereizitako eremuetan baldin badaude.

8.2.2. Baldin eta 3.1.2 puntuan ezarritakoa aplikatu behar bazaie, establezimenduek 50 pertsonako muga izanen dute barnealdean eta 100 pertsonakoa kanpoaldean edo terrazetan ospakizunerako, eta, nolanahi ere, foru agindu honen 3. puntuan jasotako neurriak errespetatu beharko dituzte. Ulertzen da muga hori establezimenduko ospakizun bakoitzari dagokiola, ongi bereizitako eremuetan baldin badaude.

Ez dago baimenduta dantzatzeko pista edo horretarako prestatutako eremua erabiltzea”.

Laugarrena.–Neurriak maiatzaren 20ra arte egonen dira indarrean, Osasuneko kontseilariaren maiatzaren 9ko 13/2021 Foru Aginduaren indarraldiarekin batera. Foru Agindu horrek berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu zituen Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz.

Bosgarrena.–Foru agindu hau Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko Aholkularitza Juridikora igortzea, Nafarroako Justiziari jakinaraz diezaion; igortzea, halaber, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko kudeatzaileari, Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusira, Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzara, Barne Zuzendaritza Nagusira, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusira, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusira, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusira, Nafarroako Kirolaren Institutura, Osasun Zuzendaritza Nagusira eta Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira.

Seigarrena.–Foru agindu honek 2021eko maiatzaren 17an hartuko du indarra, 00:00etan.

Iruñean, 2021eko maiatzaren 14an.–Osasuneko kontseilaria, Santos Induráin Orduna.

ERANSKINAK

Erantzukizunpeko adierazpena, Nafarroan jatetxeak era ordenatu eta kontrolatuan irekitzeko baldintzak betetzeari buruz (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2108024