112. ALDIZKARIA - 2021eko maiatzaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

52/2021 EBAZPENA, apirilaren 23koa, Garraioetako zuzendari nagusiak emana, bizikleten konponketa eta mantentze-lanak egiteko 2021eko dirulaguntzen deialdia eta oinarri arautzaileak onesten dituena. DDBN identifikazioa: 559989.

Mugikortasun seguru eta jasangarriaren estrategiak funtsezkoak dira Nafarroako jarduera ekonomiko eta sozialaren funtzionamendurako; zer esanik ez koronabirusak sortu duen egungo ziurgabetasunezko egoera honetan. Beraz, administrazio publikoek jarduketak garatu behar dituzte herritarrek joan-etorriak era seguruan eta jasangarrian egin ditzaten, batez ere nahitaez egin beharrekoak direnean.

Bizikleta garraiobide ezin hobea da hirian zehar ibiltzeko –batzuetan hirien artean ibiltzeko ere bai–, sortzen dituen kutsadura eta zarata minimoak direlako eta espazio publiko txikia okupatzen duelako; gainera, onuragarria da ariketa fisikoaren eta ingurumenaren aldetik; azkenik, pertsonen artean gorde behar den tartea gordeko dela ziurtatzen du.

Horregatik guztiagatik, komenigarria da bizikleta ohiko garraiobide izan dadin sustatzeko jarduketak garatzea, Nafarroako Mugikortasun Jasangarriaren Plan Gidariaren zirriborroan biltzen den bezala. Jarduketek bi norabide edukiko dituzte: alde batetik, azpiegitura espezifikoak eta seguruak garatzea (ahal den guztietan gainerako ibilgailuen trafikotik berezita), eta beste alde batetik bizikleta erabiltzearen kultura bultzatzea.

Garraioen Ikuskapen, Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak adierazi duenez, 2020ko kanpainan lortutako emaitzak ikusita, egokitzat jotzen da bizikleten konponketak eta mantentze-lanak egiteko dirulaguntzen deialdi berri bat sustatzea (2021ekoa), bizikleta garraiobide seguru eta jasangarri gisa erabil dadin eguneroko eta nahitaezko joan-etorrietan, bereziki, hiri eremukoetan.

Nafarroan bizi den edozein pertsona izan daiteke laguntzen onuraduna. Hori norbera identifikatzeko dokumentuaren bidez edo erroldatze-ziurtagiri baten bidez frogatuko da. Asmoa da laguntzak ahalik eta jende gehienera iristea. Asmo hori eta onuradun eta bizikleta bakoitzeko emanen den gehieneko dirulaguntza kontuan hartuta (50 euro), eskaera espedienteak erregistratu ahala tramitatu eta ebatziko dira, horretarako aurrekontua dagoen artean. Dirulaguntza emateko prozedura banakako ebaluazioa izanen da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17. artikuluan jasotako moduan.

Aipatu foru legearen 17. artikuluan ezarritakoarekin bat, Nafarroako Gobernuak 2021eko martxoaren 17an hartutako erabakiaren bidez, Garraioetako zuzendari nagusiari baimena eman zitzaion bizikleten konponketetarako eta mantentze-lanetarako dirulaguntza banakako ebaluazioaren bidez emateko.

Garraioen Ikuskapen, Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak jakinarazi du, dirulaguntza prestatu denean, salbuespen batzuk ezarri direla, dirulaguntza jasotzen ahal duen bizikleta motari dagokionez, asmoa baita bizikleta eguneroko garraiobidea izatea. Hori horrela, ia erabat kirol jardueretarako erabiltzen diren bizikletak salbuetsi eginen dira, beren ezaugarri teknikoak kontuan hartuta.

Onuradunentzako laguntzak tramitatzea errazagoa izan dadin, komenigarritzat jo da oinarri arautzaileetan atxikipen prozedura bat ezartzea bizikleten konponketak eta mantentze-lanak egiten dituzten lantegientzako, entitate laguntzaileak izan daitezen eta dirulaguntza kudeatzen lagun dezaten, funtsak aldez aurretik eman eta zabaldu behar izan gabe. Oinarri arautzaileek ezartzen dute atxikipen prozedura hori.

Aukeratu den prozedurak ezartzen du onuradunek aldez aurretik atxiki diren entitateetara joan beharko dutela, dirulaguntzak eta eskaerak kudeatzeko.

Deialdi honen helburuek guztiz bat egiten dute 2030erako Nafarroako Energia Planaren helburuekin, pizgarriak ematen baititu energiaren kontsumoa arrazionalizatzeko eta petrolioaren morrontza murrizteko pertsonen mugikortasunean, baita klima aldaketaren aurkako borrokaren ibilbide orria bultzatzeko ere, berotegi efektua sortzen duten gas emisioak murrizteko neurri gisa.

Horrenbestez, Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 263/2019 Foru Dekretuaren 48.e) artikuluan emandako ahalmenak erabiliz, eta Garraioen Ikuskapen, Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak egindako proposamenari jarraituz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Bizikleten konponketa eta mantentze-lanak egiteko 2021eko dirulaguntzen deialdia eta oinarri arautzaileak onestea. Oinarriak ebazpen honen eranskinean daude.

2. 100.000 euroko gastua baimentzea deialditik sortutako konpromisoetarako, 2021eko gastuen aurrekontuko 230002 23210 4809 441100 partidaren kargura (“Suspertze Plana. Bizikleten konponketa eta mantentze-lanak egiteko dirulaguntzak”).

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Nafarroako Gobernuko Dirulaguntzen Datu Basean erregistratzea.

4. Ebazpen hau Garraioen Ikuskapen, Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuari, Ekonomia eta Aurrekontu Kudeaketarako Zerbitzuari (Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoa) eta departamentuan dagoen kontu-hartzailetza delegatuari jakinaraztea.

5. Ebazpen honek ez du bide administratiboa amaitzen, eta bere aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Lurralde Kohesiorako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aitzina.

Iruñean, 2021eko apirilaren 23an.–Garraioetako zuzendari nagusi, Berta Miranda Ordobás.

ERANSKINA

Oinarriak

1.–Xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da dirulaguntzen deialdi baten oinarri arautzaileak ezartzea. Dirulaguntzen deialdia Nafarroan entitate laguntzaile moduan atxiki den lantegi batean egiten diren bizikleten konponketa eta mantentze-lanak egiteko da.

1.2. Dirulaguntzen onura publikoa mugikortasun jasangarria sustatzea da, kutsadura eta zarata gutxiagotzeko eta espazio publikoaren erabilerarako dituen onurak baliatzeko; halaber, ariketa fisikoaren eta ingurumenaren aldetik ere onurak ditu, eta pertsonen artean gorde behar den tartea gordeko dela ziurtatzen du.

2.–Dirulaguntza jaso dezaketen jarduketak eta laguntzaren zenbatekoa.

2.1. Diruz lagungarriak izanen dira konponketetarako, mantentze-lanetarako eta osagarriak jartzeko piezen eta eskulanaren kostua, ondoren adierazten den bezala:

a) Konponketa.

Elementu hauen konponketa eta ordezkapena sartuta daude:

–Balaztak: palankak, diskoak, pastillak eta pintzak.

–Aurreko urkila.

–Errodamenduak.

–Katea, piñoiak eta platerak.

–Martxa aldagailuak.

–Pneumatikoak eta ganberak.

–Zela.

–Bateria.

b) Mantentze-lanak.

–Garbiketa eta koipeztaketa.

–Gurpilak zentratzea eta erradioak doitzea edo ordezkatzea.

–Balazta-doitzea: zapatak aldatzea eta palankak doitzea, balazta-pastillak aldatzea eta balaztak purgatzea.

–Aldagailua doitzea: aurrekoa (desbideragailua) eta atzekoa.

–Torlojuteria doitzea: zela, potentzia eta direkzioa. Gurpilaren itxiturak aztertzea.

–Transmisioa: lubrifikazioa eta garbiketa. Behar diren elementuak ordezkatzea: katea, piñoiak, gurpilak eta/edo platerak.

–Zirgak eta zorroak: aldatzea, burugabetuak, hondatuak edo gaizki doituak daudenean.

c) Ekipamendu eta osagarriak jartzea:

–Argiak eta txirrina jartzea.

–Lohi-babesak jartzea.

2.2. Laguntza ez da izanen piezen eta eskulanaren kostua (BEZa barne) baino handiagoa.

2.3. Laguntza, gehienez, 50 eurokoa izanen da, onuraduneko eta bizikletako.

3.–Bizikleta diruz lagungarriak.

3.1. Bizikleta diruz lagungarriek bete beharko dute maiatzaren 9ko 339/2014 Errege Dekretuak ezartzen duena (dekretu horrek bizikletak eta beste ziklo batzuk, eta beren zatiak eta piezak merkaturatzeko eta zerbitzuan jartzeko betebeharrak ezartzen ditu).

3.2. Bizikleta mota hauek laguntzetatik kanpo daude:

a) Errepidekoak, MTB (mountain bike) edo hibridoak, honako elementu hauetako bat badaukate:

–Karbonozko koadroa.

–Aldagailu elektronikoa.

–Gama altuko plater bakarreko taldea.

b) BMX (bike motocross): guztiak.

4.–Onuradunak.

4.1. Onuradun izateko, eskatzaileek betebehar hauek bete beharko dituzte:

a) Pertsona fisikoa izatea eta Nafarroako Foru Komunitatean bizitzea.

b) Kontu bat edukitzea banku batean. Adingabeen kasuan, betebehar hori betetzeko, aski izanen da aitaren, amaren edo legezko tutorearen banku-kontua aurkeztea.

c) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak. Baldintza horiek betetzen direla frogatzeko, eskaera inprimakian jasotzen den erantzukizunpeko adierazpena eginen da, eranskinean ezarritako ereduaren arabera.

4.2. Onuradun bakoitzak laguntza bat baizik ezin izanen du jaso. Hau da, 2020ko deialdian onuradun izan zirenek ezin izanen dute onuradun izan deialdi honetan.

5.–Bizikleten erabilera.

5.1. Onuraduna bizikletaren erabileraren jarraipena errazteko behartuta egonen da, bi urteko epe batez, jarduketa egiten den unetik kontatuta.

5.2. Onuradunak ezin izanen du dirulaguntza jasotzen duen bizikleta inori saldu, bi urteko epe batez, jarduketa egiten den egunetik kontatuta.

5.3. Garraioen Ikuskapen, Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuari dagokio ezarritako bi urteetako epean erabileraren eta titulartasunaren jarraipena egitea. Horretarako, onuradunei beharrezkoa den informazio guztia eskatzen ahal diete.

6.–Aurrekontuko zuzkidura.

Deialdi honetarako bideratu den zuzkidura ekonomikoa 100.000 eurokoa da, eta 2021eko Nafarroako gastuen aurrekontuko “Suspertze Plana. Bizikleten konponketa eta mantentze-lanak egiteko dirulaguntzak” izeneko 230002 23210 4809 441100 aurrekontuko partidaren kargura ordainduko da.

7.–Entitate laguntzaileak.

7.1. Eskaeren kudeaketaren efizientzia hobetzeko asmoz, entitate laguntzaileek eginen dute kudeaketa hori, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 10. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

7.2. Bere jardueren artean bizikleten konponketak eta mantentze-lanak egiten dituen edozein entitatek, egoitza soziala edo lantokia Nafarroan edukiz gero, eska dezake atxikitzea entitate laguntzaile bezala.

7.3. Garraio Zuzendaritza Nagusiak eta entitate laguntzaileak izenpetu behar dute aipatu foru legearen 11. artikuluan ezarritako lankidetza-hitzarmena. Bertan entitate laguntzaileak bere egiten dituen baldintzak eta betebeharrak arautuko dira, eta ulertuko da formalizatu dela entitateak aurkezten duenean atxikipen eskaera. Eskaera horrek berekin dakar oinarri hauetan ezartzen diren betebehar guztiak onartzea, eta Garraio Zuzendaritza Nagusiak eman behar du aldeko ebazpena. Lankidetzak deialdi honek irauten duen beste iraunen du.

7.4. Deialdira atxiki nahi duten entitateek atxikipen eskaera bat aurkeztu beharko dute, Nafarroako Gobernuaren atarian (www.nafarroa.eus), dagokion fitxan, horretarako prestatutako inprimakiaren bidez. Inprimakiak erantzukizunpeko adierazpen hauek barne hartuko ditu:

a) Alta emanda egotea jarduera ekonomikoen erregistroan, bizikleten salmenta, konponketa eta mantentze-lana biltzen dituen epigrafean.

b) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan aurreikusitako egoera debekatu batean ere ez egotea.

c) Dirulaguntzaren onuradunek eskaera orrian emandako informazioa deialdiaren oinarrietan aurreikusita ez dagoen beste edozein erabileratarako ez emateko konpromisoa.

Halaber, baimena emanen diote dirulaguntza kudeatzen duen organoari, EJZn alta emanda daudela egiaztatzeko eta Nafarroako Foru Ogasunarekin egunean daudela ziurtatzen duen agiria eskuratzeko. Informazio hori lortzeko baimena eman ezean, aipatu dokumentazioa aurkeztu beharko dute atxikipen eskaerarekin batera, Gestam Transportes aplikazioaren bidez.

Hala badagokio, ordezkariaren egiaztagiria aurkeztu beharko dute.

Eskaerak aurkezteko epea 10 egun baliodunekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

7.5. Entitateek atxikitzeko eskaerak aurkezteko daukaten epea amaitu eta gero, aurkeztutako dokumentazioa eta ezarritako betebeharrak betetzen ote diren baieztatuko da. Atxikitzeko eskaeraren bat osorik ez bada, entitateari eskatuko zaio osatzeko. Eskaera orria osatzeko epea 10 egun baliodunekoa izanen da. Epea amaitzen bada, eta ez bada osatu, bertan behera geldituko da. Garraioetako zuzendari nagusiak ebazpen baten bidez onetsiko du entitate laguntzaileen zerrenda, eta www.nafarroa.eus webgunean argitaratuko da.

7.6. Entitate batek atxikipen eskaera aurkezteak berekin dakar oinarri hauek onartu eta bertan ezartzen dena betetzeko konpromisoa.

7.7. Entitate laguntzaileek konpromisoa hartzen dute beren izena eta kokapena erabiliak izan daitezen onartzeko, Garraio Zuzendaritza Nagusiak deialdi hau sustatzeko egiten dituen informazio eta komunikazio kanpainetan.

7.8. Garraio Zuzendaritza Nagusiak hala eskatzen badu, entitate laguntzaileek ekintza identifikatzen duen logoa jarriko dute lantegian, erraz ikusteko moduan.

7.9. Ez da izanen entitate laguntzaileen aldeko ordain ekonomikorik.

7.10. Entitate laguntzaileek posta elektronikoko helbide bat emanen dute, prozesuan leudekeen gorabeherak komunikatzeko. Entitate laguntzaile bakoitzaren erantzukizuna izanen da emandako posta elektronikoari kasu egitea eta ongi funtzionatzen duela ziurtatzea.

7.11. Entitate laguntzaileek konpromisoa hartzen dute dirulaguntzaren onuradunek eskaera orrian eman dituzten datuak eta informazioa inori ez emateko, oinarri hauetan aurreikusten ez den edozein erabileratarako. Bereziki, ez diote inori emanen dokumentuen edo datuen kopiarik. Debekatuta dago dokumentuen eta datuen erreprodukziorik egitea, eta osorik edo partez edozein pertsona fisikori edo juridikori ematea. Entitate laguntzaileek eta onuradunek jakinarazpenetan ematen duten informazioa datuak babesteari buruz indarra duen araudiaren mende egonen da.

8.–Dirulaguntza eskatzeko eta emateko prozedura.

8.1. Laguntzak banakako ebaluazioaren bidez emanen dira. Hortaz, eskaerak zein hurrenkeratan aurkezten diren, horren arabera ebatziko dira beti, funtsak agortu arte.

8.2. Dirulaguntza bi fasetan eskatuko da:

–Dirulaguntzaren eskaera orria aurkeztea.

–Dirulaguntzaren justifikazioa, xede den jarduketa egin ondoren.

8.3. Dirulaguntzaren eskaera orriak aurkezten ahal dira entitate laguntzaileen zerrenda Nafarroako Gobernuaren atarian (www.nafarroa.eus) argitaratzen den egunetik aitzina, 7.5 apartatuan ezarritakoaren arabera.

8.4. Entitate laguntzaileetan bakarrik aurkezten ahalko dira eskaera orriak, modu telematikoan, Gestam Transportes aplikazioaren bidez.

8.5. Dirulaguntzaren eskaera orriak eranskinean ezarritako ereduaren araberakoak izanen dira. Onuraduna adingabea bada, haren aitak, amak edo legezko tutoreak osatuko du eskaera orria haren ordez.

Dirulaguntzaren xede diren konponketak eta mantentze-lanak lantegia entitate laguntzaile gisa atxiki den egunaren ondoren eginda izanen dira, eta dirulaguntza Garraio Zuzendaritza Nagusiak duen prestasun ekonomikoaren mendekoa izanen da. Konponketa edo mantentze-lanak noiz egin diren ebazteko, faktura zer egunetan egin den begiratuko da.

8.6. Laguntzak kudeatzen dituen organoak, Datuak Egiaztatzeko eta Kontsultatzeko Sistemaren bidez, dirulaguntza eskatzen duen pertsonaren edo, hala badagokio, ordezkariaren nortasuna (NANa edo AIZ) eta bizilekua kontsultatuko ditu. Kontsultaren aurka dagoela adierazten badu, honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu eskabidearekin batera:

a) Norbera identifikatzeko dokumentua (NANa edo AIZ).

b) Nafarroan erroldatuta egotearen ziurtagiria.

Eskatzaileek modu arrazoituan adierazten ahalko dute aipatutako kontsulten aurka daudela, inprimaki bat beteta (https://www.aepd.es/sites/default/files/2019-09/formulario-derecho-de-oposicion.pdf) eta, hala badagokio, dagokion eskaerarekin batera aurkeztuta.

8.7. Dirulaguntzen eskaera orriak aurkezteko epea 2021eko urriaren 1era arte egonen da irekita.

8.8. Dirulaguntza eskaerak automatikoki onartuko dira izapidetzeko, seigarren klausulan ezarritako aurrekontu kreditua gainditzen ez den bitartean. Izapidetzeko onartzen direnean, eskatzaileei jakinaraziko zaie, eman duten helbide elektronikoaren bidez.

8.9. Aurkeztutako dirulaguntza eskaerak seigarren klausulan ezarritako aurrekontuko zuzkidurara heltzen direnean, entitate laguntzaileek eskaerak jasotzen jarraitzen ahalko dute, baina ez dira izapidetzeko onartuko, eta itxarote zerrenda bat osatuko dute. Aurkeztutako dirulaguntzak justifikatzeko fasean kreditu nahikoa geratzen bada, aurkeztutako eskaerei esleituko zaie, itxarote zerrendako hurrenkerari jarraikiz. Eskaerok izapidetzeko onartuko dira, eta horren berri emanen zaie eskatzaileei eta entitate laguntzaileari, emandako helbide elektronikoaren bidez.

8.10. Webgune bat gaituko da eskatzaileek euren eskaeren egoera kontsulta dezaten (izapidetzeko onartua, justifikatua, ikuskatua, ordaindua), edo eskaera itxarote zerrendako zer postutan dagoen begiratu dezaten. Halaber, seigarren klausulan ezarritako aurrekontu kreditua agortu dela jakinaraziko da.

8.11. Eskatzaileak dirulaguntzaren eskaera deuseztatzen ahalko du, eskaera izapidetu duen entitate laguntzailearen bidez.

9.–Dirulaguntzaren justifikazioa.

9.1. Jarduketa egin ondoren, entitate laguntzaileek telematikoki aurkeztu beharko dituzte eskaera bakoitzari dagozkion frogagiriak. Hauek izanen dira:

a) Faktura, non agertuko baitira eskatzailearen datuak eta egindako jarduketak. Dirulaguntza honen xede diren jarduketei dagozkien fakturak baizik ez dira onartuko, oinarri hauen 2.1 apartatuan ezartzen denaren arabera.

b) Egindako ordainketaren frogagiria.

c) Bizikletaren argazkia.

Entitate laguntzaileek formatu digitalean (PDF edo JPG formatuan) aurkeztuko dute adierazitako dokumentazio guztia, Gestam Transportes aplikazioaren bidez. Entitateek jatorrizko eskaera orriak gordeko dituzte paperean, besterik ez. Deialdia amaitu eta gero, eskaera orri horiek Garraioen Ikuskapen, Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzura bidaliko dituzte.

9.2. Dirulaguntzaren eskaera orria aurkeztu eta gero, lau hilabeteko epea dago jarduketak justifikatzeko, eta ezin izanen da gainditu laguntza programa ixteko data (2021eko urriaren 31).

9.3. Dirulaguntza justifikazioak eskuragarri dagoen aurrekontura iristen direnean, entitate laguntzaileei komunikatuko zaie, eta Nafarroako Gobernuaren atariaren bidez ere jakinaraziko da (www.nafarroa.eus), interesdunek horren berri izan dezaten.

9.4. Eskaeran zuzenketarik egin behar bada edo hari buruzko azalpenik behar bada, entitate laguntzaileari eskatuko zaio –edo eskatzaileari, entitate laguntzailearen bidez–, eta jakinarazpena egiten zaionetik, 10 egun baliodun izanen ditu errekerimendu horri erantzuteko. Epe amaitzen bada, bertan behera geldituko da eskaera.

10.–Dirulaguntza ematea eta ordaintzea.

10.1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak, hau da, Garraioen Ikuskapen, Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak, eskaerak aztertuko ditu, eta gero organo eskudunari igorriko dio dirulaguntzak eman eta ordaintzeko proposamena. Proposamen horretan adieraziko da onuradunek dirulaguntza eskuratzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.

10.2. Ezetsi eginen dira 9.2 puntuan adierazitako programaren itxiera datan justifikatu ez diren edo aurrekontu krediturik ez izateagatik izapidetzeko onartu ez diren dirulaguntza eskaerak.

10.3. Garraioetako zuzendari nagusiak izanen du dirulaguntza emateari eta ordaintzeari buruz ebazteko eskumena. Ebazpena arrazoitua izanen da, eta eman eta jakinarazteko epea 3 hilabetekoa izanen da, dirulaguntza eskaera aurkezten den egunetik hasita. Epe hori bukatuta, interesdunek eskaera ezetsi dela ulertzen ahalko dute. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 21. artikuluarekin bat, dirulaguntza emateari buruzko ebazpenean dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda azalduko da, gutxienez, eta eskaerarik ezetsiz gero, horiek ere espresuki agertuko dira, eta, horien artean, zein diren aurrekontuko baliabideen mugagatik ezetsiak. Jakinarazpena egiteko, ebazpena Nafarroako Gobernuaren atarian argitaratuko da (www.nafarroa.eus), deialdiaren laburpenean.

10.4. Dirulaguntza ordainduko da onuradunak dirulaguntzaren eskaera orrian eman duen banku-kontuan.

11.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

11.1. Garraioen Ikuskapen, Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako laguntzak Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basearen bitartez, honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

11.2. Halaber, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan eta Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 26. artikuluan xedatutakoarekin bat, Garraioen Ikuskapen, Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak ematen dituen dirulaguntzak jendaurrean jarriko ditu Nafarroako Gobernuaren atarian (www.nafarroa.eus), deialdiaren laburpenean, honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein aurrekontu programari eta kredituri egotzi zaion, onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzaren helburua.

12.–Onuradunen betebeharrak.

12.1. Dirulaguntzen onuradunek honako betebehar hauek bete beharko dituzte:

a) Diruz lagundutako jarduketa egin eta justifikatzea aurreko oinarrietan ezarritako moduan.

b) Garraio Zuzendaritza Nagusiak, laguntzen xedea ikuskatzeko eginkizunak betetzeko, eskatzen dien informazio guztia ematea.

c) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

12.2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, dirulaguntza itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

13.–Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Dirulaguntza hau bateragarria izanen da beste administrazio batzuek ematen dituzten beste dirulaguntza batzuekin. Hala ere, emandako diru kopuruak, bakarrik edo beste dirulaguntza batzuekin baturik, ez du behin ere gaindituko egin beharreko jardueraren kostua.

14.–Publizitatea.

Entitate laguntzaileek, deialdi honi buruz egiten duten edozein adierazpenetan, Garraio Zuzendaritza Nagusia aipatu behar dute.

15.–Aplikatu beharreko arauak.

Deialdi honetan ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

16.–Errekurtsoak.

Deialdi hau edo bere oinarri arautzaileak aplikatuz emandako egintzen kontra bidezko da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Lurralde Kohesiorako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita.

ERANSKINA

Deskargatu eskaera orria (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2106766