112. ALDIZKARIA - 2021eko maiatzaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

15E/2021 EBAZPENA, apirilaren 26koa, Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez dirulaguntzen deialdi bat onesten baita Pirinioetako lurralde-eremuan inskribatuta dauden toki entitateendako, inbertsioak egin ditzaten lurralde garapen jasangarriko proiektuetan 2021ean, 2022an eta 2023an. DDBN identifikazioa: 559744.

Hala ezartzen baitu bere 28. artikuluan urriaren 30eko 262/2019 Foru Dekretuak, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duenak, Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiaren eskumena da “lurralde garapen jasangarria lortzeko estrategiarako politika publikoak gauzatzea” eta “lurraldea ardazten duten, aurrerapena ekartzen duten, erreferente moduan jartzen duten eta haren baliabideen kudeaketa jasangarria egiten duten proiektu estrategikoak” sustatu, lagundu, eta haien jarraipena egitea, “zeharkakotasunez eta beste departamentu eta erakunde batzuekin koordinatuz”.

2017ko maiatzean eratu zen “Pirinioetako Mahaia”, eskualde horretako toki entitateek (Nafarroako Toki Administrazioaren Erreformarako otsailaren 4ko 4/2019 Foru Legean jaso bezala) eta Artzibarko eta Orotz-Beteluko udalerriek osatua; mahai horren antolakuntzan tokia dute, halaber, inguru horietako erakunde sozialek eta herritarrek. Mahai horretatik sortu zen Pirinioetako egoerari buruzko ponentzia bat eratzeko proposamena, zeina begi onez hartu baitzuen Foru Parlamentuak.

Parlamentuko Ponentziak egindako txostenean jasota daude Nafarroako Pirinioaldeko diagnostikoaren elementu kritikoak: biztanle gutxi eta sakabanatuak, populazio zahartua eta gehienbat gizonezkoek osatua, dinamika demografiko negatiboa, oinarrizko zerbitzuen gutxitzea, mugikortasunerako oztopoak, azpiegitura aurreratuen falta, egun dauden jarduera ekonomikoetan aritzeko enplegu falta eta belaunaldi berririk eza, etxebizitza lortzeko zailtasunak... Horren aurrean, aldiz, bizimolde berriak ditugu, hirikoa eta herrietakoa parekatzen dituztenak, landa eremuari sustatu beharreko balioa ematen dion ikuspegia agertzen hasi da, bertako ondare eta ingurumen aberastasuna, jarduera sektore berriak eta herritar taldeen bizitasuna ere hor daude... Horiek guztiak Pirinioetako Lurralde Garapen Jasangarriaren pizgarri izan daitezkeen aukerak dira.

Parlamentuak emandako gomendioetako bat “Pirinioetako Plan Estrategikoa egin eta inplementatzea” da.

Parlamentuaren gomendio horiek aplikatuz, Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiak zenbait ekimen gauzatu ditu Pirinioetako Plana inplementatzeko, ekintzei nahiz antolaketari dagokienez Pirinioetako Mahaiaren jarraibideetan eta erakunde kualifikatuekiko elkarlanean oinarritu den estrategia bat erabiliz.

Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuak Pirinioetako Planari dagozkion ekimenetan duen interes publikoaren erakusgarri, Nafarroako Lurralde Estrategiara jotzea besterik ez dago (Nafarroako Parlamentuak 2005eko uztailaren 4an onetsia). Bertan presentzia berariazkoa eta nabarmena dute Pirinioek, bai Nafarroako Lurralde Ereduaren definizioan (3.3.7. kapitulua, Pirinioak eta beste landa eta natura eremu batzuk), bai lurraldearen kultura berrirako estrategian (4.5.2. kapitulua, Pirinioak).

Pirinioetako Plana aplikatzean sortutako ezagutzak Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiari iradoki dio inbertsioetarako deialdi bat egin beharra dagoela. Hori, noski, Pirinioetako Mahaiarekin eta Batzarrarekin bat etorriz. Gastuaren izaera dela-eta, beharrezkotzat jo da urte anitzeko deialdi bat egitea, guztira 1.800.000,00 eurokoa, ahalbidetuko duena hainbat zenbateko eta helburuko proiektuak gauzatzea; proiektu horiek, betiere, Planaren lurralde-eremuan dauden toki entitateek sustatuko dituzte, eta horien helburuek bat etorri beharko dute planean jasotakoekin.

Abenduaren 29ko 20/2020 Foru Legearen bidez onetsi ziren 2021eko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan, 600.000,00 euroko kreditu bat dago, “Suspertu plana: Pirinioetan inbertsio proiektuak gauzatzeko dirulaguntzak (toki entitateak)” izeneko 330000 33100 7609 921104 partidari aplikatua.

Horrenbestez, Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzuaren txostena ikusita, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak ematen dizkidan ahalmenak,

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Dirulaguntzen deialdi bat onestea Pirinioetako lurralde-eremuan inskribatuta dauden toki entitateendako, inbertsioak egin ditzaten lurralde garapen jasangarriko proiektuetan 2021ean, 2022an eta 2023an.

Bigarrena.–Deialdiko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean ageri dira.

Hirugarrena.–Urte anitzeko gastua baimentzea, guztira 1,800.000,00 euro, aurrekontuko partida hauen kargura, betiere kreditu erabilgarria egonez gero:

• 600.000 euro, 2021eko ekitaldiko gastu-aurrekontuko partida honen kargura: 330000 33100 7609 921104 partida, “Suspertu plana: Pirinioetan inbertsio proiektuak gauzatzeko dirulaguntzak (toki entitateak)” izenekoa.

• 600.000 euro, 2022ko aurrekontuan honako partida honen baliokide gisa gaitzen den partidaren kargura: Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiaren 2021eko gastu-aurrekontuko 330000 33100 7609 921104 partida, “Suspertu plana: Pirinioetan inbertsio proiektuak gauzatzeko dirulaguntzak (toki entitateak)” izenekoa.

• 600.000 euro, 2023ko aurrekontuan honako partida honen baliokide gisa gaitzen den partidaren kargura: Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiaren 2021eko gastu-aurrekontuko 330000 33100 7609 921104 partida, “Suspertu plana: Pirinioetan inbertsio proiektuak gauzatzeko dirulaguntzak (toki entitateak)” izenekoa.

Laugarrena.–Deialdi hau Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basera igortzea.

Bosgarrena.–Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Seigarrena.–Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Ekonomia eta Aurrekontuak Kudeatzeko Atalera, Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzura eta departamentuan dagoen kontu-hartzailetza delegatura.

Zazpigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2021eko apirilaren 26an.–Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusia, Rubén Goñi Urroz.

DEIALDIA, PIRINIOETAKO PLANAREN LURRALDE-EREMUAN INSKRIBATUTA DAUDEN TOKI ENTITATEEI DIRULAGUNTZAK EMATEKO, INBERTSIOAK EGIN DITZATEN LURRALDE GARAPEN JASANGARRIKO PROIEKTUETAN 2021EAN, 2022AN ETA 2023AN. OINARRI ARAUTZAILEAK

1. Xedea eta helburua.

Pirinioetako Planak jatorria du lurralde hartan sortu eta Nafarroako Parlamentuak babestu zuen ekimen batean, eta haren xedea da eremuari eragiten dioten zenbait elementu kritiko indargabetzea, honakoak alegia: biztanle gutxi eta sakabanatuak, populazio zahartua eta gehienbat gizonezkoek osatua, dinamika demografiko negatiboa, oinarrizko zerbitzuen gutxitzea, mugikortasunerako oztopoak, azpiegitura aurreratuen falta, egun dauden jarduera ekonomikoetan aritzeko enplegu falta eta belaunaldi berririk eza, eta etxebizitza lortzeko zailtasunak. Plana lehenetsitako eta gaika antolatutako proposamenetan egituratzen da: turismo jasangarria, hurbileko merkataritza eta zerbitzuak; industriak, ekintzailetza berdea eta LGJ (Lurralde Garapen Jasangarria); abeltzaintza, nekazaritza eta basogintza; etxebizitza, garraioa eta azpiegiturak.

Deialdi honen helburua da araubidea ezartzea Pirinioetako lurralde-eremuan inskribatuta dauden toki entitateei dirulaguntza batzuk emateko, haien bidez plan horretako helburuekin eta proposamenekin lotutako inbertsioak finantzatzeko. Pirinioetako Planaren esparru geografikoa Pirinioetako Eskualdeak osatzen du, Nafarroako Toki Administrazioaren Erreformarako otsailaren 4ko 4/2019 Foru Legearen I. eranskinean definitzen den moduan, eta Artzibarko eta Orotz-Beteluko udal-mugarteek, baita ondoren Pirinioetako Planean sar litezkeen guztiek ere.

2. Entitate onuradunak.

Deialdi honetan eskaera egiten ahalko dute uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 3. artikuluan zehazten diren toki entitateek, egoitza Pirinioetako Planaren esparru geografikoan dutenek, 1. oinarrian ageri direnak barne.

Toki entitate bakoitzak proiektu bat baino gehiago aurkezten ahalko du, bakarrik edo beste toki entitate batzuekin batera.

3. Entitate onuradunen betebeharrak.

Entitate onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

–Toki entitatea izatea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 2. eta 3. artikuluetan xedatutakoaren arabera.

–Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

–Dirulaguntzen onuraduna izateko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debekuetatik kanpo egotea.

4. Proiektu diruz lagungarriak.

Diruz lagunduko dira Pirinioetako Planean jasotako eskaerei eta beharrei erantzuten eta haren helburuak betetzen laguntzen duten inbertsioak, jarduketa ardatz hauetan sartzeko modukoak badira:

1.–Azpiegiturak eta jarduera ekonomikoa:

1. Zuzeneko enplegua sortzen duten inbertsioak.

2. Jarduera ekonomiko bati lotutako inbertsioak, hari zerbitzu ematen diotenak.

3. Premia biziko inbertsioak: konektagarritasuna eta estaldura.

4. Herritarrek zerbitzuak eta baliabideak eskuratu ahal izatea ahalbidetuko duten inbertsioak.

2.–Herritarrei zerbitzu emateko inbertsioak:

5. Zainketen erronkari (adinekoak eta haurrak) aurre egiteko inbertsioak.

6. Gazteei baliabideak eskaintzen dizkieten inbertsioak.

7. Herrietan aisialdirako eta elkartzeko aukerak sortzen dituzten zerbitzuak emateko inbertsioak.

3.–Harrera egiteko azpiegiturak:

8. Landa-ingurunean bisitariak hartzea ahalbidetuko duten zerbitzuak emateko inbertsioak.

9. Nafarroako Ekialdeko Pirinioetako lurraldea kokatzeko, egituratzeko eta sustatzeko inbertsioak: azpiegitura jasangarriak.

5. Deialdiaren zenbatekoa eta dirulaguntzen banaketa.

5.1. Deialdi honetarako aurreikusitako diru-zuzkidura, guztira, 1.800.000,00 eurokoa da, eta ordainduko da 2021eko, 2022ko eta 2023ko ekitaldietako aurrekontuen kargura, honela banatuta: 600.000,00 euro egotziko zaizkio ekitaldi bakoitzari. Gastua egotziko zaie 2021eko ekitaldiko aurrekontuko “Suspertu plana: Pirinioetan inbertsio proiektuak gauzatzeko dirulaguntzak (toki entitateak)” izeneko 330000 33100 7609 921104 partidari, eta 2022ko eta 2023ko ekitaldietako aurrekontuetan partida horren baliokide gisa gaitzen diren partidei.

5.2. Dirulaguntzak banatzeko, aurkeztutako proiektuak bi taldetan sailkatuko dira, egin beharreko inbertsioen arabera:

–A taldea: 60.000,00 euroko edo gehiagoko (BEZik gabe) aurrekontua duten proiektuak.

–B taldea: 60.000,00 eurotik beherako (BEZik gabe) aurrekontua duten proiektuak.

5.3. Ekitaldi bakoitzeko aurrekontuan erabilgarri dauden 600.000,00 euroetatik, 500.000,00 euro erabiliko dira A taldeko proiektuetarako, eta 100.000,00 euro B taldeko proiektuetarako.

5.4. Hona ekitaldi bakoitzean eman beharreko dirulaguntzen mugak:

–A taldea: justifikatutako gastu diruz lagungarrien %70, gehienez ere 200.000,00 euro, poltsa bakoitzerako ezarritako mugak galarazi gabe.

–B taldea: justifikatutako gastu diruz lagungarrien %80, gehienez ere 15.000,00 euro, poltsa bakoitzerako ezarritako mugak galarazi gabe.

5.5. Ekitaldi bakoitzeko aurrekontu-zuzkidura inbertsio motaren arabera banatuko da, laburpen taula honetan adierazten den moduan:

A TALDEA

B TALDEA

Inbertsioaren aurrekontua

Inbertsioak ≥ 60.000 euro

Inbertsioak < 60.000 euro

Urteko dirulaguntza poltsa

500.000,00 euro

100.000,00 euro

Diruz lagundutako portzentajea

Gastu diruz lagungarrien %70

Gastu diruz lagungarrien %80

Urteko gehieneko dirulaguntza proiektuko

200.000 euro

15.000 euro

Ekintza diruz lagungarriak (poltsa):

–Azpiegiturak eta jarduera ekonomikoa (A1-B1).

–Herritarrei zerbitzu emateko inbertsioak (A2-B2).

–Harrera egiteko azpiegiturak (A3-B3).

A1: 300.000,00 euro

A2: 100.000,00 euro

A3: 100.000,00 euro

B1: 25.000,00 euro

B2: 50.000,00 euro

B3: 25.000,00 euro

5.6. Hona hemen dirulaguntzak banatzeko prozedura:

–Proiektuak, hasteko, taldeka sailkatuko dira, beren aurrekontuaren arabera; eta, gero, azpitaldetan banatuko dira, erreferentziatzat dauzkaten jarduketa ardatzen arabera.

–Jarraian, 7. oinarriko balorazio irizpideen arabera lortutako puntuazioaren arabera ordenatuko dira. Funtsak hurrenkerari jarraikiz banatuko dira, talde, azpitalde eta ekitaldi bakoitzeko aurrekontuko partida agortu arte. Aurrekontuko krediturik ez egoteagatik dagokion dirulaguntzaren portzentajea osorik jasotzerik ez duen azken proiektuari aurrekontuan erabilgarri dagoen zenbatekoa emanen zaio.

–Azpitalde batentzat erreserbatutako zenbateko osoa agortzen ez bada, hori erabiltzen ahalko da beste talde edo azpitalde bateko proiektuak diruz laguntzeko. Kopuru horiek birbanatzeko, ahal dela, talde bakoitzaren barnean eginen da, 5.5 puntuko taulan zehaztutako poltsen zuzkiduraren arabera, ordena honi jarraikiz: A1 azpitaldeko soberakina A2 azpitalderako erabiliko da lehenik, eta A3 azpitalderako gero; A2 azpitaldeko soberakina A1 azpitalderako erabiliko da lehenik, eta A3 azpitalderako gero; A3 azpitaldeko soberakina A1 azpitalderako erabiliko da lehenik, eta A2 azpitalderako gero. Berdin-berdin eginen da B1, B2 eta B3 azpitaldeetako soberakinei dagokienez.

–Eman beharreko dirulaguntzak behin-behinekoz esleitu ondoren, 5.5 oinarrian adierazitako poltsetako batean esleitu gabeko soberakinik badago, soberakin horiek agortzeko, poltsak birprogramatzen ahalko dira, baldin eta poltsa horien barnean proiekturik badago legokiokeen dirulaguntza guztia eskuratu ez duena aurrekontuan dirurik ez izateagatik.

Birprogramazio hori Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzuak eskatuta eginen da, poltsa bakoitzean lortutako puntuazioaren hurrenkerari jarraikiz. Ofizioa igorriko zaio entitate eskatzaileari, eta hark, proposatzen zaion birprogramazioa onartzen badu, horretarako emandako epean erantzun beharko du. Epearen barnean erantzuten ez badu, proposamena ez duela onartu ulertuko da.

–Proiektuen eskabideak ezetsiko dira baldin eta, beren talde edo azpitalderako erreserbatutako kreditua aski ez izateagatik, ez badute dirulaguntzarik lortu ezein urtetarako; horrek ez du galaraziko erreserban geratzea, puntuazioaren hurrenkeran. Uko egiteengatik edo bestelako inguruabarrengatik aurrekontu kreditu gehiago sortzen bada, honela banatuko da: lehenik eta behin, puntuazioaren arabera, aurrekontuan behar adina diru ez izateagatik legokiekeen dirulaguntza osoa eskuratu ez zuten proiektuen dirulaguntza osatuko da. Aukera hori agortuta, erreserban dauden proiektuek jasotzen ahalko dute dirulaguntza, puntuazioaren hurrenkeran, Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiaren ebazpenaren bidez eta hartan adierazitako baldintzetan. Egoera hori deialdiaren indarraldiko hiru urteetan gerta daiteke.

–Entitateren batek proiektu bat baino gehiago aurkezten badu eta proiektu horiek azpitalde berean badaude, puntuazio altuena duena bakarrik hartuko da kontuan, eta gainerakoak ez dira kontuan hartuko beste entitateen proiektuei erantzun arte, erreserban geratu direnak barne.

6. Gastu diruz lagungarriak.

6.1. Diruz lagungarriak izanen dira inbertsiotzat hartzen diren jarduketetan egindako gastuak, hau da, bideratuak daudenak honako hauek sortu edo eskuratzera: kapital- edo zerbitzu-ondasun inbentariagarriak eta izaera amortizagarria duten ondasun immaterialak.

Inbertsio bati lotutako azterlanak edo proiektuak sartzen ahal dira.

Horrenbestez, kanpoan geldituko dira langileria gastuak eta gastu arruntak.

6.2. Nolanahi ere, toki entitateen kontura izanen da aurreko apartatuan aipatu inbertsioen ondorioz sortu edo eskuratutako kapital- edo zerbitzu-ondasunak zaindu eta mantentzeko gastua.

7. Hautatzeko eta baloratzeko irizpideak.

Ekintzak diruz lagunduko dira balorazio irizpide hauen arabera lortzen duten puntuazioak ezarritako ordenan:

a) Entitate eskatzailearen kudeatzeko gaitasunari dagokionez.

IRIZPIDEAK

GEHIENEKO PUNTUAZIOA

(10 puntu)

1.–ENTITATEAK ANTZEKO PROIEKTUETAN IZANDAKO ESPERIENTZIA.

Inbertsioetara zuzendutako proiektuak eta horietariko bakoitzaren zenbatekoa.

Entitateak kudeatutako proiektu ezberdinak eta proiektu horietan kudeatutako zenbatekoa.

4 puntu

2.–ENTITATEAREN GAITASUNA ANTOLAKETA ETA KUDEAKETARAKO.

Langileak (proiektua kudeatzen duen pertsona kopurua, horien gaitasun profesionala...).

Lantaldearen egitura.

Entitateaz kanpoko beste profesional batzuk, proiektuari lotuak daudenak.

6 puntu

b) Deialdira aurkeztu den inbertsio proiektuari dagokionez.

IRIZPIDEAK

GEHIENEKO PUNTUAZIOA

(90 puntu)

1.–INBERTSIOAREN JUSTIFIKAZIOA.

1.1. TESTUINGURUA ETA JUSTIFIKAZIOA.

Proposatutako jarduketaren testuingurua eta justifikazioa baloratuko dira.

1.2. INBERTSIOAREN KOKAPENA.

Inbertsioa zer herritan eta tokitan kokatzen den, azpiegitura bat bada, eta kokapen horren justifikazioa, zer beharri edo erronkari erantzuten dion adieraziz.

Proiektuaren bideragarritasuna errazten duten alderdiak baloratuko dira: komunikazio sarea, zerbitzuak, despopulazioa.

1.3. ZER INTERES ETA ERRONKARI ERANTZUTEN DION PROIEKTUAK.

Baloratuko da proiektuaren interes maila, zer erronkari erantzuten dion, eta deialdiaren xedeari eta helburuei egokitzen ote zaien, lurralde garapen jasangarriari eta despopulazioaren aurkako borrokari dagokienez.

1.4. JARDUKETAREN HARTZAILEAK (BIZTANLERIA EDO KOLEKTIBOAK).

Jarduketaren hartzaileen identifikazioa eta deskribapena.

Positiboki baloratuko dira gazteei (35 urtetik beherakoak) edo emakumezkoei zuzendutako proiektuak.

10 puntu

2.–MEMORIA TEKNIKOAREN KALITATEA.

2.1. PROIEKTUAREN HELBURUAK.

Koherentzia eta argitasuna berariazko helburuak ezartzean, espero diren emaitzetan eta ezarritako adierazle kuantitatibo eta kualitatiboetan.

2.2. PROPOSAMENAREN IZAERA BERRITZAILEA.

Jarduketa berritzailea, taktikoa eta sortzailea izatea, bai proiektuaren kontzepzioan edo ideian, bai haren edukian, exekuzioan edo aurreikusitako emaitzetan.

Alde horretatik, baloratuko dira:

–Proiektuaren ideia: ikuspegi berriak ematea irtenbide tradizionalen aurrean, bai eta jarduketak herrian duen eragina ere.

–Proiektuaren zehaztapena: berritzailea izatea zenbait alderdiri dagokienez, hala nola kontzepzioa, kudeaketa-eredua edo helburua, eta gaitasuna izatea eraldaketa sozial eta ekonomikorako, garapen pertsonal eta kolektiborako, eta Pirinioetako biztanleriaren bizi-kalitatea eta haien ingurune ekonomikoa, soziala, kulturala edo naturala hobetzeko funtsezkoak diren elementuak sortzeko.

–Azpiegituraren erabilera eta mantentze-lanak: Gizartea dinamizatzea eta inplikatzea dirulaguntzaren xede den azpiegitura erabiltzeko eta mantentzeko, lurraldearekiko lotura indibidualaren eta sozialaren bidez.

2.3. METODOLOGIA ETA ZEREGINEN DEFINIZIOA.

–Proiektuaren esparruan aurreikusitako jarduketa bakoitzaren identifikazioa eta deskribapena.

–Aurretiazko baimenak / obrak egiteko baimenak, beharrezkoak badira, edo bestela, baimen horien eskaerak.

2.4. GAUZATZEKO KRONOGRAMA.

–Hasiera eta amaiera datak eta iraupen osoa, hilabetetan emana.

–Fase edo jarduketa ezberdinen egutegia.

Baloratuko da proiektatu denaren eta egin daitekeenaren arteko koherentzia.

2.5. BALIABIDEAK ESLEITZEA.

Proiektuan aurreikusitako jarduketa bakoitzari baliabideak esleitzeko zehaztasuna eta koherentzia baloratuko dira.

2.6. EBALUAZIOA ETA JARRAIPENA.

Eginen den ebaluazio prozesuaren deskribapena, planteatzen diren adierazleak, koherentzia proiektuaren helburuekiko, gogobetetasun inkestak, beharrezkoa bada.

25 puntu

3.–MEMORIA EKONOMIKOA ETA AURREKONTUAREN JUSTIFIKAZIOA.

FINANTZAKETA ETA AURREKONTUA.

–Kostuen taula: gastuen urteko banakatzea (2021eko, 2022ko eta 2023ko ekitaldiei egotzitako gastuak).

–Proiektua finantzatzeko plana.

–Egutegia, arlo teknikoari eta aurrekontuei dagokienez.

–Kudeaketa plana eta bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa.

KOHERENTZIA PROIEKTUKO ELEMENTUEN ARTEAN.

–Kostu ekonomikoak lortu nahi diren helburuekin duen erlazioa.

Xehetasuna eta koherentzia aurrekontuaren banakatzean. Proiektuaren finantzaketa orokorraren egitura eta proiektuaren aurrekontuaren banakatze-maila.

25 puntu

4.–LURRALDEKO EKONOMIAN, GIZARTEAN ETA INGURUMENEAN DUEN ERAGINA.

Baloratuko da proiektuak lurraldean eragin positiboa izatea, ekonomiaren, gizartearen edo ingurumenaren aldetik. Eragina gerta daiteke inbertsioa gauzatu bitartean edo abian jarri ondoren.

ONURADUNAK.

Onuradunen deskribapena eta horien kuantifikazioa.

Baloratuko dira onuradun izan daitezkeenen kopurua eta jarduketaren xede diren kolektiboen tipologia (gazteak, emakumezkoak, adinekoak, kolektibo kalteberak...).

SORTUTAKO ENPLEGUA.

15 puntu

Proiektuak sortu duen enplegu kopurua (zuzenekoak eta zeharkakoak), bai proiektua gauzatzean bai azpiegitura abian jartzean.

ENTITATE BATEN BAINO GEHIAGOREN ARTEAN ELKARLANEAN EGINDAKO PROIEKTUAK.

Positiboki baloratuko da eskaerak entitate baten baino gehiagoren artean aurkeztea, eta horrek izan dezakeen eragin handiagoa.

INGURUMEN ARLOKO IRIZPIDEAK ETA ERAGINA TOKI EKONOMIAN.

Inbertsioak toki ekonomian duen eragina baloratuko da, bai gauzatu bitartean, bai gauzatu ondoren: toki hornitzaileak, 0 km-ko hornikuntza eta produktuak, bioeraikuntzako materialak erabiltzea...

PROIEKTUAREN TRANSFERIGARRITASUNA.

Proiektua beste lurralde batzuetara transferitzeko edo errepikatzeko aukerak.

JASANGARRITASUNA.

–Proiektuaren jasangarritasun maila (ekonomikoa, soziala, ingurumenekoa...)

5.–BIZTANLERIAREN PARTE-HARTZEA PROIEKTUAN.

Honako hauek sustatzen dituzten neurriak hartzea baloratuko da:

–BIZTANLERIAREN EDO KOLEKTIBOEN PARTE-HARTZEA proiektuaren fase ezberdinetan: beharrak hautematean, proiektuaren diseinuan, proiektuaren garapenean edo obrak gauzatzean autoeraikuntzako proiektuen bidez, azpiegituraren kudeaketa... Tokiko boluntariotza ekintzak ere baloratuko dira, lankidetza, belaunaldien arteko parte-hartzea, kolektibo ezberdinen inklusioa...

–BESTE ENTITATE BATZUEN INPLIKAZIOA proiektua gauzatzeko. Herriko edo kanpoko beste entitate batzuekin sarean lan egitea.

5 puntu

6.–GENERO-IKUSPEGIA.

Genero ikuspegia txertatzea proiektuan.

5 puntu

7.–ZABALKUNDEA ETA KOMUNIKAZIOA.

Jarduerak sartzea proiektuaren zabalkunderako, komunikaziorako eta sentsibilizaziorako.

–Komunikazio plan bat edukitzea.

–Proiektua aurkezteko ekitaldi publikoak.

–Komunikabideetan eta sare sozialetan agertzea.

5 puntu

8. Exekuzio-epea.

8.1. Proiektuak exekutatzeko epea 2021eko urtarrilaren 1ean hasiko da eta, beranduenez, 2023ko azaroaren 5ean bukatuko da.

8.2. Nolanahi ere, proiektuak amaitzeko konpromisoa zer urtetarako hartu den (hasierako eskabidean edo proposatutako eta onartutako birprogramazioan), urte horretako azaroaren 5a baino lehen bukatu beharko dira.

9. Toki entitateek aurkeztu beharreko hasierako dokumentazioa.

9.1. Dirulaguntza eskatzen duten entitateek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Behar bezala betetako eskabidea, I. eranskinaren araberakoa.

Elkarlanean aurkezten diren proiektuen eskaeretan, entitate eskatzaileetako bat arituko da gainerakoen ordezkari ondorio guztietarako, eta hark ordainduko ditu gastu guztiak eta dirulaguntza osorik jasoko.

Dirulaguntzen eskaerak I. eranskineko eskabide ereduaren arabera aurkeztuko dira nahitaez; Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariaren (www.nafarroa.eus) zerbitzuen katalogoko laguntzen fitxan eskura daiteke eskabide eredua. Helbide elektroniko bat adierazi beharko da, Administrazioarekiko harremanetarako lehenetsitako bide gisa.

b) Erantzukizunpeko adierazpena, entitatearen ordezkaritza duenak II. eranskineko ereduaren arabera emana, honako hau adierazten duena:

–Ez duela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako debekurik.

–Entitate eskatzaileak beste edozein administrazio publikoren edo entitate pribatu baten laguntzak edo dirulaguntzak jaso edota eskatu dituen edo ez, xede eta helburu bererako, emanak nahiz ebatzi gabe egon.

–Entitate eskatzaileak ez duela galdu dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera zigor edo administrazio arloko zehapen baten ondorioz, eta horretarako desgaikuntza ekartzen duen legezko debekurik ez duela jaso.

c) Nafarroako Zerga Ogasunarekin eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiarekin egunean dagoela frogatzen duten ziurtagiri eguneratuak aurkeztea.

d) Toki entitateko idazkariaren ziurtagiria, BEZaren gaineko aitorpenari buruzkoa, III. eranskineko ereduaren araberakoa.

e) Transferentzia bidez kobratzeko eskaera, Nafarroako Gobernuaren ereduaren araberakoa.

9.2. Betebehar horiek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organoek ziurtatu behar dituztenean edo datuak administrazio horren esku daudenean, ez da eskatuko dokumentazio hori aurkezteko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluan xedatu bezala.

10. Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

10.1. Eskabideak eta erantsitako agiriak telematika bidez aurkeztuko dira, dirulaguntza kudeatzen duen unitate administratiboari zuzenduta, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez, 30 egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita. Dokumentazioa eskaneaturik aurkeztuko da, dokumentu bereizitan, bakoitzak bere izena behar bezala dakarrela.

Dirulaguntzen deialdi honi dagozkion komunikazioak entitate interesdunaren gaitutako helbide elektronikoaren (GEH) bitartez eginen dira. Interesdunak Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen elektronikoen prozeduran harpidetua egon beharko du. Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren helbide honetan eskura daiteke gaitutako helbide elektronikoa eta jakinarazpen elektronikorako harpidetza: http://notificaciones.060.es.Horretarako, beharrezkoa da ziurtagiri digitala izatea.

10.2. Aurkeztutako dokumentazioa aski ez bada edo akatsak baditu, toki entitateari errekerituko zaio dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzan 10 egun balioduneko epean; halaber, ohartaraziko zaio, hala egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela. Akatsak zuzentzeko errekerimendua Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako moduan egingo da eta, horrez gain, ohartarazpena bidaliko da eskaera ereduan Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzuarekin harremanetan egoteko lehenetsi den helbide elektronikoaren bitartez.

11. Dirulaguntza emateko prozedura eta dirulaguntzaren balorazioa.

11.1. Dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da.

11.2. Dirulaguntzak emateko prozeduraren instrukzioa Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzuari dagokio.

11.3. Proiektuei ematen zaien puntuazioan berdinketarik badago, hau deseginen da 7. oinarriaren B.2 apartatuan lortutako puntuazioaren arabera. Berdinketak irauten badu, 7. oinarriaren B.3 apartatuan lortutakoa hartuko da aintzat, eta horrela segituko da, hurrenez hurren.

11.4. Proiektuak hautatzeko, instrukzio organoak txosten teknikoak eskatzen ahalko ditu, beharrezkotzat jotzen duenean, proiektu baten edo batzuen egokitasuna, komenigarritasuna edo bideragarritasuna baloratzeko, lurraldearen, sektorearen, ekonomiaren edo arauen ikuspuntutik.

11.5. Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzuak ebazpen proposamena igorriko dio Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiari. Proposamenari txosten bat gehituko zaio, non adieraziko baita entitate onuradunek dirulaguntzak jasotzeko beharkizun guztiak betetzen dituztela.

12. Ebazpena.

12.1. Dirulaguntzak emateko ebazpena Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak emanen du, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta bi hilabeteko epean, gehienez ere. Epe hori bukatuta esanbidezko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, behar den errekurtsoa aurkeztu ahal izateko.

12.2. Dirulaguntzak ematen dituen ebazpenean honako hauek adieraziko dira: entitate eskatzaileen zerrenda, diruz laguntzen diren proiektuak, proiektu bakoitzerako dirulaguntzaren zenbatekoa (deialdiaren ekitaldi bakoitzerako), eta, kasua bada, zein eskaerari esan zaion ezetz (arrazoia zehaztuta).

12.3. Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan eta Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 26. artikuluan xedatutakoarekin bat, Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu, jakinarazi ondoko hilabetean, emandako dirulaguntzak, Gobernu Irekiaren Atarian, honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntzak zer programaren eta aurrekontu-kredituren kontura ordainduko diren, onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzaren helburua.

12.4. Deialdiaren ebazpenak ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute toki entitate interesdunek, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta hilabeteko epean.

13. Emandako dirulaguntzari uko egitea.

Diruz lagundutako inbertsioren batek –edozein talde edo azpitaldetakoa izanik– uko egiten badio emandako dirulaguntzari, uko egite horren ondorioz eskuragarri dagoen kreditua hurrengo proiektuari ematen ahalko zaio, 5.6 oinarrian ezarritakoaren arabera.

14. Aldaketak diruz lagundutako proiektuan.

14.1. Proiektuak eskaeran aurkeztutako kronograman zehaztutako denboran eta moduan gauzatu beharko dira, edo bestela, onartutako birprogramazioan ezarri bezala. Nolanahi ere, laguntza emateko orduan kontuan hartutako funtsezko baldintza teknikoak edo ekonomikoak aldatzen dituzten inguruabarrak gertatzen direnean, baimena eskatu beharko zaio organo kudeatzaileari aldaketa egin aurretik.

14.2. Baimentzen ahal diren aldaketak dira diruz laguntzen ahal diren kontzeptuei buruzkoak. Eskaeran adierazitako zehaztasun berberarekin adierazi beharko dira egin beharreko aldaketak.

Ez da beharrezkoa izanen aldez aurreko baimena eskatzea diruz laguntzen diren gastuen %10 gainditzen ez duten igoeren kasuan, baldin eta beste batzuk jaitsiz konpentsatzen badira, urtero emandako laguntzaren guztirako zenbatekoa aldatu gabe.

Ez da inoiz aldaketa bat baino gehiago onartuko onuradun eta gauzatzeko urte bakoitzeko, ezta baremazioan lortutako puntuazioa aldatzen duten horiek ere.

14.3. Aldaketa erregistro elektronikoaren bidez eskatu beharko da, Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzuari egindako eskaera baten bidez, eta betiere, aldaketa hori egin baino lehen, zerbitzu horrek baloratzeko eta, aukeran eta aurrekontuko mugen arabera, baimena emateko.

15. Bitarteko elektronikoen bidezko komunikazioak.

Laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak eta administrazio egintzen jakinarazpenak telematikoki eginen dira gaitutako helbide elektronikoaren bidez (GEH).

16. Dirulaguntza ordaintzeko beharrezkoak diren frogagiriak.

16.1. Entitate onuradunek justifikatu beharko dituzte emandako dirulaguntza kalkulatzeko oinarritzat hartzeko onartu diren gastu guztiak, bai eta proiektuaren exekuzio osoa ere. Horretarako, jarduketaren gastuak eta ordainketak eta proiektuaren exekuzio osoa justifikatzeko azken eguna izanen da ekitaldi bakoitzeko azaroaren 25a, egun hori barne (2021, 2022 eta 2023), segun eta zer urtetarako hartu den diruz lagundutako proiektua amaitzeko konpromisoa. Horretarako, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

1.–Gastuak eta diru-sarrerak justifikatzeko kontua, IV. eranskinaren arabera.

2.–Egindako inbertsioaren faktura edo fakturak eta, kasua bada, obra-ziurtagiriak (obraren tamainak eskatzen badu), zuzendaritza fakultatiboak (halakorik bada) eta enpresa adjudikaziodunak izenpetua.

3.–Egindako ordainketaren frogagiria.

4.–Egindako inbertsioaren argazkiak eta bestelako froga dokumentalak, jarduketa egin baino lehen, eta jarduketa egin eta gero.

5.–Udalaren idazkaritzaren ziurtagiria, eduki honekin:

a. Obrak funts berekien bidez (edo bestelako dirulaguntzen edo baliabideen bidez) finantzatu direla dioena, non agertuko baitira zenbatekoak eta funtsen jatorria eta nola aplikatu diren, eta hala badagokio, horien bateragarritasunari buruz eta kostua edo baimendutako gehieneko intentsitatea ez gainditzeari buruzko ondorioa. (Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 16.3 eta 27.4 artikuluak).

b. Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legean ezartzen diren legezko aginduak betetzeari buruzkoa, obra gauzatzeagatik izandako gastu diruz lagungarria 30.000 eurotik gorakoa bada, edo emandako aholkularitza 12.000 eurotik gorakoa bada (Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 14.1.ñ eta 28.3 artikuluak).

c. Obren amaiera, edo bestela, diruz lagundu den zatiaren amaiera, aurreikusita zegoena. Halaber, erantsi beharko da obra amaierako akta, zuzendaritza fakultatiboak –halakorik badago–, jabeak (udala edo kontzejua) eta enpresa adjudikaziodunak sinatuak.

Betiere, 60.000 eurotik gorako dirulaguntza jasotzen duten proiektuetan, Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzuak egiaztapen materiala eginen du dirulaguntza ordaindu aurretik.

6.–Adierazpena hauei buruz (II. eranskineko ereduaren arabera):

a. Onuradunak azpikontratazioa egin duen edo ez, deialdiaren 10.1 oinarriko 1. puntuaren arabera, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluak ezartzen duenarekin bat.

b. Publizitate betebeharrak bete izana, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta deialdi honen 10. oinarriko 1. puntuan ezarritakoaren arabera.

c. Gardentasun betebeharra betetzea, 11. artikuluan ezarritakoarekin bat, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 22. artikuluan araututako publizitate aktiboari dagokionez; jasoko da Interneteko zer helbidetan argitaratu den emandako dirulaguntzari dagokion dokumentazioa.

7.–Nafarroako Zerga Ogasunarekin eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiarekin egunean dagoela frogatzen duten ziurtagiri eguneratuak aurkeztea.

16.2. Instrukzio organoaren iritziz, gastuen justifikazioa eta haiek frogatzeko egindako ordainketena nahikoa ez bada, errekerimendua eginen dio entitate eskatzaileari, beharrezko frogagiriak erants ditzan 10 egun balioduneko epean. Errekerimendu hori Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoaren arabera eginen da eta, horrez gain, ohartarazpena bidaliko da eskabidean adierazitako helbide elektronikora.

Errekerimenduari erantzun ezean, benetan justifikatutako gastuen eta ordainketen arabera eginen da ordainketa.

16.3. Egindako gastutzat joko da, oro har, exekuzio epea bukatu baino lehen benetan ordaindu dena, hots, ekitaldi bakoitzeko azaroaren 5a baino lehen.

16.4. Toki entitate batek, ekitaldi bakoitzeko justifikazio epearen barruan, ekitaldi horretarako emandako dirulaguntzari dagokion zenbatekoa baino gastu handiagoak aurkezten baditu, gastu soberakina hurrengo ekitaldietan emandako dirulaguntzarekin finantzatu ahal izanen da.

17. Dirulaguntza ordaintzeko modua eta epea.

17.1. Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez erabakiko da dirulaguntzaren ordainketa. Oro har, diruz lagundutako inbertsioa egin ondoren ordainduko da dirulaguntza, entitate onuradunak 16. oinarrian adierazitako egiaztagiriak aurkeztu ondoren, eta transferentzia bidez ordainduko da, gehienez ere 3 hilabeteko epean, 16. oinarrian eskatutako agiriak aurkezten direnetik zenbatzen hasita.

17.2. Exekuzio epea ekitaldi batekoa baino luzeagoa duten inbertsioen kasuan, dirulaguntza zatika ordainduko da, egindako gastuak eta ordainketak justifikatu ondoren (horiek, beranduenez, ekitaldi bakoitzeko azaroaren 25a baino lehen aurkeztu beharko dira). Kasu horretan, urte bakoitzeko ordainketa ez da izanen urte horretarako emandako gehieneko kopurua baino handiagoa, eta jarduketa amaitzeko konpromisoa zer ekitalditarako hartu den, ekitaldi horrexetan aurkeztu beharko dira 16.1 oinarrian aurreikusitako agiriak.

18. Bateragarritasuna.

Deialdi honetan araututako dirulaguntzen onuradunak diren entitateek Estatuko edo Europar Batasuneko edozein administrazio edo erakunde publikok zein pribatuk edo nazioarteko erakundeek helburu edo xede bererako emandako dirulaguntzak eta laguntzak jasotzen ahalko dituzte, haiek, guztira, proiektu bakoitzaren inbertsio edo gastuaren %100 gainditzen ez badute.

19. Jarraipena eta kontrola.

Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzuak izanen du, Proiektu Estrategikoen Kudeaketa eta Koordinaziorako Ataleko teknikarien bitartez, proiektuen jarraipena egiteko eta gauzatutako alderdi guztiak eta finkatutako helburuak noraino bete diren ikuskatzeko eta ebaluatzeko ardura.

20. Betebeharrak.

Deialdi honen babesean dirulaguntza jasotzen duten entitateek honako baldintza hauek bete beharko dituzte, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrez gain:

a) Diruz lagundutako proiektua gauzatzea, deialdiaren helburua betez.

b) Dirulaguntzaren xede den proiektua dela-eta sortzen den edozein gorabeheraren berri ematea Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzuari, eta aurkeztutako proiektuaren kudeaketa nahiz garapena aldatzeko baimena eskatzea idatziz, bestelako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak lortzea barne.

c) Frogatzea betebeharrak eta baldintzak bete direla, diruz lagundutako proiektua egin dela eta dirulaguntza emateko arrazoi izan den helburua bete dela.

d) Emandako dirulaguntzei buruz, egiaztatze lana eta kontrol teknikoa egiten uztea Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzuari, baita horretarako eskumena duen edozein organori ere; jarduketa horietan eskatzen zaion informazio eta dokumentazio guztia aurkeztuko du.

e) Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzuari. Informazio hori jakin bezain laster emanen da, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

f) Kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak behar bezala auditatuak izatea, entitate onuradunari aplikatzen zaion araudian eskatzen den bezala, bermatzeko egiaztapen eta kontrol ahalmenak behar bezala betetzen direla.

g) Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztapen eta kontrol lanen xede diren bitartean.

h) Dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi ondoren egiten diren idatzizko eta ahozko publizitate eta zabalkunde ekintzetan, bai eta diruz lagundutako proiektuari buruzko agiri guztietan ere, Nafarroako Gobernuaren parte hartzearen berri ematea. Nafarroako Gobernuaren logotipo ofizialak eta testu hau agertu beharko dira: “Nafarroako Gobernuak diruz laguntzen du”. Testu horrek bete beharko ditu Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuan jasotako ezaugarri teknikoak.

i) Entitate onuradunak jakinarazpena jasotzen duenetik zazpi eguneko epea du eman dioten dirulaguntzari uko egiteko, baldin hala egitea erabakitzen badu. Horretarako, komunikazio bat bidali beharko dio Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzuari.

j) Dirulaguntzen onuradun diren entitateek, baldin eta gardentasun betebeharra konplitu behar badute Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 2. artikulua aplikatu beharrez, 11. artikuluan ezarritako gardentasun betebeharrak konplitu beharko dituzte, foru lege horren 22. artikuluan araututako publizitate aktiboari dagokionez.

k) Hirugarrenekin itundutako jarduerak dirulaguntzaren zenbatekoaren 100eko 20 gainditzen badu eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa bada, idatzizko kontratuaren bidez egin beharko da azpikontratazioa.

l) Frogatzea, kasuan kasuko toki entitateko idazkariaren ziurtagiri baten bidez, kontratistak aukeratzean bete direla Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legearen eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 6ko 6/1990 Foru Legearen aginduak, baldin eta gastu diruz lagungarriaren zenbatekoa 30.000 euro baino handiagoa bada, obra exekuzioaren kostuaren kasuan, edo 12.000 euro baino handiagoa bada kontsulta edo laguntza enpresek emandako ekipo ondasunen horniduraren edo zerbitzuen kasuan.

21. Dirulaguntzak itzultzea.

21.1. Dirulaguntza emateko ebazpena baliorik gabe uzteko zioek (Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 34. artikuluan bildutakoak) eta foru lege horren 35. artikuluan aipatzen diren kasuek ekarriko dute jasotako zenbatekoa, osorik edo partez, itzuli behar izatea, baita berandutze-interesak pagatzeko eskatzea ere, dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli behar dela erabaki bitartean sortutakoak. Kasu horietan, itzulketa tramitatuko da toki entitatearen banaketa kontuan, dagokion espedientea instruitu ondoren.

21.2. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan xedatutakoa betetze aldera, jarduerak ez badira betetzen aurkeztutako proiektu proposamenean zehaztu bezala, baldintzak hein batean bete ez direla joko da. Horrelakoetan, %20 itzuli beharko da, betetzen ez den jarduera bakoitzeko. Jarduera betetzen ez dela joko da ez denean gauzatzen entitateak berak aurkeztutako azalpenei jarraituz. Onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzetatik zenbat eta noraino bete diren ikusita.

22. Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituko zaio.

23. Errekurtsoak.

Deialdi honen eta beronen oinarri arautzaileen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, bat etorriz Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluarekin eta hurrengoekin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluarekin.

24. Araudi osagarria.

Oinarriotan ezartzen ez den guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

I. eranskina.–Eskabidea.

II. eranskina.–Erantzukizunpeko adierazpena.

III. eranskina.–BEZaren gaineko aitorpenari buruzko ziurtagiria.

IV. eranskina.–Gastuen justifikazio kontua.

Bete beharreko eredu guztiak deskargatu (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2106731