112. ALDIZKARIA - 2021eko maiatzaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

14E/2021 EBAZPENA, apirilaren 7koa, Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita deialdi hau eta zuzenduko duten oinarriak: “Dirulaguntzak ekintzailetzan inbertitzeko 2021ean, Pirinioetako Planaren lurraldearen eremuan”. DDBN identifikazioa: 556533.

Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 262/2019 Foru Dekretuaren 28. artikuluan ezartzen denez, Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiaren eskumena da “lurralde garapen jasangarria lortzeko estrategiarako politika publikoak gauzatzea” eta “lurraldea ardazten duten, aurrerapena ekartzen duten, erreferente moduan jartzen duten eta haren baliabideen kudeaketa jasangarria egiten duten proiektu estrategikoak” sustatu, lagundu, eta haien jarraipena egitea, “zeharkakotasunez eta beste departamentu eta erakunde batzuekin koordinatuz”.

2017ko maiatzean eratu zen “Pirinioetako mahaia”, eskualde horretako toki entitateek (Nafarroako Toki Administrazioaren Erreformarako otsailaren 4ko 4/2019 Foru Legean jaso bezala) eta Artzibarko eta Orotz-Beteluko udalerriek osatua; mahai horren antolakuntzan tokia dute, halaber, inguru horietako erakunde sozialek eta herritarrek. Mahai horretatik sortu zen Pirinioetako egoerari buruzko ponentzia bat eratzeko proposamena, zeina begi onez hartu baitzuen Foru Parlamentuak.

Parlamentuko ponentziak egindako txostenak Nafarroako Pirinioetako eremuari buruzko diagnostikoaren elementu kritikoak ezartzen ditu: biztanleriaren eskasia eta sakabanaketa, zahartzea eta maskulinitatea, dinamika demografiko negatiboa, oinarrizko zerbitzuen murrizketa, mugikortasun-zailtasunak, azpiegitura aurreratuen falta, egungo jarduera ekonomikoetan enplegu eta belaunaldi-aldaketa falta, etxebizitza eskuratzeko zailtasunak, etab. Horren aurrean, hiria eta landa-eremua hurbiltzen dituzten bizimodu berriak, herrian bizitzeko nahia sustatu beharreko balio gisa, ondare eta ingurumen aberastasuna, jarduera sektore berriak, herritarren kolektiboen bizitasuna eta abar, Pirinioetako lurralde garapen jasangarria eragin dezaketen aukerak dira.

Parlamentuak emandako gomendioetako bat “Pirinioetako Plan Estrategikoa egin eta inplementatzea” da.

Parlamentuaren gomendio horiek aplikatuz, Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiak zenbait ekimen gauzatu ditu Pirinioetako Plana inplementatzeko, ekintzei nahiz antolaketari dagokienez Pirinioetako Mahaiaren jarraibideetan eta erakunde kualifikatuekiko elkarlanean oinarritu den estrategia bat erabiliz.

Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuak Pirinioetako Planari dagozkion ekimenetan duen interes publikoaren erakusgarri, Nafarroako Lurralde Estrategiara jotzea besterik ez dago (Nafarroako Parlamentuak 2005eko uztailaren 4an onetsia). Bertan presentzia berariazkoa eta nabarmena dute Pirinioek, bai Nafarroako Lurralde Ereduaren definizioan (3.3.7. kapitulua, Pirinioak eta beste landa eta natura eremu batzuk), bai lurraldearen kultura berrirako estrategian (4.5.2. kapitulua, Pirinioak).

Abenduaren 29ko 20/2020 Foru Legearen bidez onetsi ziren 2021eko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan, 65.000,00 euroko kreditu bat dago, “Suspertu plana. Dirulaguntzak ekintzailetza-proiektu berritzaileentzat Pirinioetako Plana” izeneko 330000 33100 7709 921100 partidari aplikatua.

Horrenbestez, Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzuaren txostena ikusita, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Deialdi hau onestea: “Dirulaguntzak ekintzailetzan inbertitzeko 2021ean, Pirinioetako Planaren lurraldearen eremuan”.

Bigarrena.–Deialdiko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean ageri dira.

Hirugarrena.–65.000,00 euroko gastua baimentzea 2021. urteko gastu-aurrekontuko “Suspertu plana. Dirulaguntzak ekintzailetza-proiektu berritzaileentzat Pirinioetako Plana” izeneko 330000 33100 7709 921100 partidaren kargura.

Laugarrena.–Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Bosgarrena.–Ebazpen hau igortzea Ekonomia eta Aurrekontuak Kudeatzeko Atalera, Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzura eta departamentuan dagoen kontu-hartzailetza delegatura, behar diren ondorioak izan ditzan.

Seigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2021eko apirilaren 7an.–Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusia, Rubén Goñi Urroz.

DEIALDI HONEN OINARRI ARAUTZAILEAK: DIRULAGUNTZAK EKINTZAILETZAN INBERTITZEKO 2021EAN, PIRINIOETAKO PLANAREN LURRALDEAREN EREMUAN

1. Xedea eta helburua.

Oinarri hauetan araututako laguntzen helburua da Pirinioetako Planaren aplikazio eremuan pertsona fisikoek edo juridikoek inbertsio produktiboko proiektuak egin ditzaten sustatzea, helburu nagusi honekin: lurraldean jarduera ekonomikoa dinamizatzea eta enplegua mantentzea eta sortzea bultzatzea, bai eta berrikuntza bultzatzea ere, dauden enpresak garatuz eta hobetuz, edo ekimen ekintzaile berriak sortuz eta abian jarriz.

Laguntza hauen xedea da ondoko tipologietako bati lotutako inbertsio proiektuak diruz laguntzea:

1.1. Enpresa jarduera berri bat sortzea.

1.2. Dagoen jarduera baten gaitasuna handiagotzea.

1.3. Jarduera dibertsifikatzea, negozioan lehen egiten ez ziren beste jarduera batzuk jarriz.

1.4. Lehen egiten zen produkzio-jarduera erabat aldatzea.

2. Laguntzen hartzaileak.

Laguntzak eskatu ahal izanen dituzte Pirinioetako Plana aplikatzen den lurraldean inbertsio edo jarduera produktiboak egin nahi dituzten pertsona fisiko zein juridikoek.

Pirinioetako Planaren esparru geografikoa Pirinioetako Eskualdeak osatzen du, Nafarroako Toki Administrazioaren Erreformarako otsailaren 4ko 4/2019 Foru Legearen I. eranskinean definitzen den moduan, eta Artzibarko eta Orotz-Beteluko udal-mugarteek, baita ondoren Pirinioetako Planean sar litezkeen guztiek ere.

3. Onuradunek bete beharreko baldintzak.

Honako hauek behar dira laguntza eskuratzeko:

a) Pertsona fisikoen kasuan:

i) Adinez nagusia izatea.

ii) Pirinioetako Plana aplikatzeko eremuko edozein udalerritan erroldatuta egotea, baita 2. oinarrian daudenetako batean ere.

iii) Laguntza eskuratu ahal izateko erabilitako enpresa mikroenpresa edo enpresa txikia izatea:

1.–Mikroenpresa: 10 langile baino gutxiago dituena, 2 milioi euro baino gutxiago fakturatzen duena eta balantzean 2 milioi euro baino gutxiagoko aktiboa duena.

2.–Enpresa txikia: 10 milioi euro baino gutxiago fakturatzen duena, 50 langile baino gutxiago dituena eta balantzean 10 milioi euro baino gutxiagoko aktiboa duena.

b) Pertsona juridikoen kasuan:

–Mikroenpresa edo enpresa txikia izatea, lehenagoko apartatuan ezarritakoaren arabera.

–Egoitza soziala Nafarroan izatea.

–Jarduera egiten den edo eginen den udalean jarduera ekonomikoen gaineko zergan alta emanda egotea.

c) Kasu guztietan:

–Jarduera ekonomikoa, osorik edo partez, deialdian aipatzen den eremu geografikoan garatzea.

–Tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak eguneratuak izatea.

–Dagozkion udal lizentziak izatea edo horiek lortzeko prozedura hastea eskatuta izatea.

–Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan laguntzen onuradun izateko ezarritako debeku-egoeretan ez egotea.

–Ingurumen arloan neurri zuzentzaileak eskatzen dituen zehapen irmorik jaso ez izana aurreko bi urteetan, eskaerak aurkezteko epearen azken egunetik hasita, eta zehapen organoaren txosten batek ez agertzea neurri horiek gauzatu ez izana edo aplikatzeko egutegia bete ez izana.

–Unibertsitate publikoak, erakunde autonomoak eta sozietate eta fundazio publikoak ezin dira laguntza hauen onuradun izan.

4. Gastu diruz lagungarriak eta ez-lagungarriak.

Honako gastu hauek dira diruz lagungarriak:

a) Ondasun higiezinak erostea.

b) Ondasun higiezinak eraikitzea edo hobetzea: premia berrietara egokitzeko inbertsioak, ez konponketa hutsak edo mantentze lanak.

c) Ekipo-ondasunen zuzkidura: makina eta ekipo berriak, ekipo informatikoak, erremintak eta altzariak erostea eta instalatzea, eta garraiorako edo banaketarako egokitzapenak.

d) b) eta c) apartatuetako gastuei lotutako kostu orokorrak: proiektuaren erredakzioak, obra zuzendaritzak, analisiak, saiakuntzak, muntaketako eta eragiketako ingeniaritza, prestakuntza eta/edo informazio jarduerak, bideragarritasunari eta merkatuari buruzko azterketa eta planak, aholkularitza juridiko eta finantzarioa, peritu lanak, ingurumen aholkularitza eta ekonomiaren eta ingurumenaren arloko jasangarritasunari buruzko aholkularitza.

e) Inbertsio ukiezinak.

f) Proiektuaren sustapena eta zabalkundea.

Gainera, gastu diruz lagungarriek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Proiektua garatzeko funtsezkoak izatea.

b) Merkatuaren prezioei egokitzea. Gastu diruz lagungarrien eskuratze-kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

c) “Ondasun higiezinak erosteagatik” diruz laguntzen ahal den gastu guztia diruz laguntzen ahal diren gastu guztien %25 izanen da, gehienez.

d) “Kostu orokorretarako” diruz lagun daitekeen gastua “ondasun higiezinak eraiki edo hobetzeko” eta “ekipamendu-ondasunak hornitzeko” diruz lagun daitezkeen gastu guztien baturaren %12ra mugatzen da.

Honako gastu hauek ez dira diruz lagungarriak:

a) Lurrak erostea eta lurrak eskuratzearekin lotutako gastuak.

b) Ordezpen huts diren inbertsioak, salbu eta erosten diren makinak edo ekipamendua aurrekoak ez bezalakoak badira, erabiltzen duten teknologiagatik, haien errendimenduagatik edo 10 urtetik gorako antzinatasuna izateagatik.

c) Makinak eta ekipamenduak erosteko finantza errentamendua.

d) Ibilgailuak, salbu eta proiektuaren helburua lortzeko egokitzapenen bat egina dutenak, dauzkaten ezaugarriengatik helburu horretarako bakarrik erabil badaitezke.

e) Material suntsikorra eta jostailuak, apaingarriak eta etxetresna txikiak eta sukaldeko tresneria.

f) Enpresa baten ohiko funtzionamenduaren ondorio direnak: hornidurak, interesak eta horien birfinantzaketa, langileria-gastua, dietak eta kilometrajea, aseguruak eta beste gastu orokor batzuk.

g) Gastu orokorrak eta industria mozkina.

h) BEZa eta/edo pertsona edo entitate onuradunak berreskura ditzakeen zergak ordaintzearen gastuak, interes zordunak eta eragiketa finantzarioen gastuak.

i) Ezkontideen edo lehen mailako ahaideen artean ondasunak eta zerbitzuak eskualdatzea, baita pertsona fisiko eta juridikoen arteko eskualdaketak ere, baldin horiek bazkide baldin badira.

j) Eskura egindako ordainketak.

k) Deialdiko hautagarritasun eguna baino lehen hasitako inbertsioak edo gastuak.

l) Diruz lagundutako proiektuaren jarduerarekin bat ez datozenak.

Bigarren eskuko ekipamendu-ondasunak eskuratzeko kostuak diruz lagun daitezke, betiere baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Saltzailearen adierazpen bat izatea, ondasunen jatorria zehaztu eta Espainiako edo Europar Batasuneko dirulaguntzarik jaso ez dutela adierazteko.

b) Prezioa ez izatea erreferentziako merkatu balioa eta antzeko ondasun berrien kostua baino handiagoa; tasazio independente batek egiaztatuko du hori.

Diruz lagungarriak izanen dira ondasun horiek desmuntatzeko, lekualdatzeko, muntatzeko eta egokitzeko kostuak, baldin inbertsioaren kostu handien gisa kontabilizatzen badira.

5. Hautatzeko eta baloratzeko irizpideak.

Ekintzak diruz lagunduko dira balorazio irizpide hauen arabera lortzen duten puntuazioak ezarritako ordenan:

IRIZPIDEA

GEHIENEKO PUNTUAZIOA 115 PUNTU

1.–Ekintzailetzaren izaera

a) Ekonomia soziala

5 PUNTU

Ekonomia Sozialaren gaineko martxoaren 29ko 5/2011 Legearen arabera, ekonomia soziala hauxe da: • sektore publikokoak ez diren entitateak, funtzionamendu eta kudeaketa demokratikoarekin eta bazkideen eskubide eta betebeharren berdintasunarekin, irabazien jabetza eta banaketa araubide berezia gauzatzen dutenak, ekitaldiko soberakinak erabiliz erakundea hazteko eta komunitatearentzako zerbitzuak hobetzeko • eta barnean hartzen ditu kooperatibak, lan elkartuko enpresak, lan-sozietateak, irabazi-asmorik gabeko erakundeak, karitatezko elkarteak, laneratzeko enpresak, mutuak edo mutualitatea eta elkarteetako mikroekintzailetzak

b) Arlo hauei loturiko ekintzailetzak: lehen sektorea (nekazaritza, abeltzaintza, nekazaritzako elikagaien sektorea, baso-sektorea), zaintza, teknologia berriak eta digitalizazioa, energia berriztagarriak, turismoa, merkataritza, ostalaritza, zerbitzuak...

5 PUNTU

c) Jarduera berria

5 PUNTU

d) Dagoen jarduera bat handiagotzea / dibertsifikatzea / eraldatzea

2 PUNTU

2.–Eskatzailearen izaera

a) Tipologia

Pertsona fisikoa edo mikroenpresa bada

10 PUNTU

b) Generoa

10 PUNTU

Pertsona fisikoetan: emakumea bada, IFZn esaten denaren arabera

Pertsona juridikoetan: kapital sozialaren %50, gutxienez, emakumeena bada eta gobernu organoen %50, gutxienez, emakumeek osatzen badute, enpresaren estatutuetan eta eskrituretan ezartzen denaren arabera, eskaera egiten den unean

c) Gaztetasuna

10 PUNTU

Pertsona fisikoetan: laguntza eskaeran puntuak eskatzen badira irizpide honengatik, eta adina 35 urte edo gutxiago bada, laguntza eskatzen denean eta IFZn dagoen jaiotegunaren arabera

Pertsona juridikoetan: laguntza eskaeran puntuak eskatzen badira irizpide honengatik, eta kapital sozialaren %50, gutxienez, 35 urte edo gutxiago dutenena bada eta gobernu organoen %50, gutxienez, 35 urte edo gutxiago dutenek osatzen badute, enpresaren eskrituretan eta estatutuetan eta aurkeztutako IFZetan esaten denaren arabera

d) Desgaitasuna

5 PUNTU

Pertsona fisikoetan: laguntza eskaeran puntuak eskatzen badira irizpide honengatik, eta Nafarroako Gobernuaren Eskubide Sozialetako Departamentuak desgaitasuna berresten badu.

Pertsona juridikoetan: laguntza eskaeran puntuak eskatzen badira irizpide honengatik, eta kapital sozialaren %50, gutxienez, desgaitasuna dutenena bada eta gobernu organoen %50, gutxienez, desgaitasuna dutenek osatzen badute, eta Nafarroako Gobernuaren Eskubide Sozialetako Departamentuak desgaitasuna berresten badu

3.–Sortutako enpleguen ezaugarriak

a) Kontratu motak

Kontratuen % 50 iraupen mugagabekoak dira

5 PUNTU

35 urtetik beherakoen kontratu mugagabeak

10 PUNTU

Bi puntu kontratu bakoitzeko, eta gehienez ere 10 puntu

Kontratu mugagabeak emakumeentzat

10 PUNTU

Bi puntu kontratu bakoitzeko, eta gehienez ere 10 puntu

Kontratu mugagabeak dibertsitate funtzionala dutenentzat

10 PUNTU

Bi puntu kontratu bakoitzeko, eta gehienez ere 10 puntu

Enplegu sozial babestuko kontratua

10 PUNTU

Bi puntu kontratu bakoitzeko, eta gehienez ere 10 puntu

4.–Inbertsio mota

a) Higiezin mota

Jarduera eginen den eraikina dagoeneko badago, hau da, ez da eraiki behar

3 PUNTU

b) Ekipo ondasunak

Proiektua gauzatzeko ekipamendu-ondasunak bigarren eskukoak badira

3 PUNTU

5.–Kalitate izendapenei eta/edo sektoreko elkarteei atxikitzea

a) Kalitatearen ziurtagiriak

3 PUNTU

1 puntu espezialitate bakoitzeko, eta gehienez ere 3 puntu

b) Asoziazionismo maila

Sortu beharreko jardueraren sektoreko elkarte espezifikoen bazkidea izatea.

3 PUNTU

1 puntu, gehienez ere 3 puntu

6.–Ingurumenari buruzko alderdiak

a) Klima aldaketa arintzea

3 PUNTU

Berogailuko edo etxeko ur beroko instalazioak eta elektrizitatea energia berriztagarriaren bidez sortzea, material birziklatua, zura erabiltzea...

3 PUNTU

115 PUNTU

6. Deialdiaren zenbatekoa eta dirulaguntzen banaketa.

6.1. Deialdi honek, guztira, 65.000,00 euroko zuzkidura izanen du, 2021eko gastu-aurrekontuko “Suspertu plana. Dirulaguntzak ekintzailetza-proiektu berritzaileentzat Pirinioetako Plana” izeneko 330000 33100 7709 921100 partidaren kargura.

6.2. Dirulaguntza emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz eginen da.

6.3. Proiektu bakoitzeko emanen den gehieneko zenbatekoa, kontuan hartu gabe aurkeztutako proiektuaren kostu osoa, %80 izanen da, 10.000 euroko mugarekin.

6.4. Proiektuak puntuazio hurrenkeraren arabera ordenatuko dira, 5. oinarriko balorazio irizpideei jarraikiz. Funtsak ordena horretan banatuko dira aurrekontuko partida ahitu arte. Aurrekontuko krediturik ez egoteagatik dagokion dirulaguntza osorik jasotzerik ez duen azken proiektuari aurrekontuan erabilgarri dagoen zenbatekoa emanen zaio behin-behinekoz.

6.5. Onuradunak uko egiten badio dirulaguntzari, zenbateko erabilgarria aurrekontuko diru faltagatik laguntzarik jaso ez duten proiektuei emanen zaie, lortutako puntuazioaren araberako ordenari jarraikiz. Bestela, halakorik ez badago, gainerako proiektuei emandako dirulaguntzari gehituko zaio, dirulaguntza horren zenbatekoaren proportzioan. Dirulaguntzari uko egiten bazaio Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzuari jakinaraziko zaio.

7. Exekuzio-epea.

Proiektuak gauzatzeko epea 2020ko irailaren 1etik 2021eko irailaren 1era artekoa izanen da.

8. Toki entitateek aurkeztu beharreko hasierako dokumentazioa.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluan xadatutakoaren kalterik gabe, laguntzak eskatzeko honako dokumentazio hau aurkeztu behar da:

–Eskaera egiteko inprimakia, behar bezala beteta, I. eranskinaren arabera. Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariko (www.nafarroa.eus) zerbitzuen katalogoan eskura daiteke, laguntzen fitxan. Helbide elektroniko bat adierazi beharko da, Administrazioarekiko harremanetarako lehenetsitako bide gisa.

–Jarduera eratu duten pertsona fisikoen edo legezko ordezkarien NANak eta enpresaren IFK.

–Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eguneratuak izatearen ziurtagiria.

–Ogasun Publikoarekiko zerga eta tributu betebeharrak eguneratuak daudela dioen ziurtagiria, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak luzatua.

–Erantzukizunpeko aitorpena, ebazpen honen II. eranskinean azaltzen den ereduaren araberakoa.

–Beste erakunde publiko edo pribatu batzuei xede bererako eskatutako dirulaguntzen zerrenda. Eskatutako diru kopurua, entitateen izenak eta emandako diru kopurua zehaztu behar dira. Halaber, aditzera emanen dira, deialdi honetan parte hartzeko garaian, beste erakunde batzuen ebazpenaren zain dauden laguntza eskaerak (II. eranskina).

–Transferentzia bidez kobratzeko eskaera, Nafarroako Gobernuaren ereduaren araberakoa.

–Enpresa proiektua azaltzen duen memoria, eta bideragarritasun txosten teknikoa eta ekonomiko-finantzarioa.

–Pertsona juridikoen kasuan eraketaren eskritura publikoa.

–Enpresa-jarduera garatzen den merkataritzako lokalen edo nabe industrialen alokairu kontratuaren kopia, edo salerosketa eskriturarena.

–Pertsona juridikoen kasuan, sozietatearen eskriturak eta estatutuak, baita 35 urte edo gutxiago duten langile gazteen IFZ ere, baldin eta 5. oinarriaren 2.c) irizpidearen araberako puntuak eskatzen badira.

9. Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

9.1. Eskabideak eta erantsitako agiriak telematika bidez aurkeztuko dira, dirulaguntza kudeatzen duen unitate administratiboari zuzenduta, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez, 2 hilabeteko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita. Dokumentazioa eskaneaturik aurkeztuko da, dokumentu bereizitan, bakoitzak bere izena behar bezala dakarrela.

Dirulaguntzen deialdi honi dagozkion komunikazioak entitate interesdunaren gaitutako helbide elektronikoaren (GEH) bitartez eginen dira. Interesdunak Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen elektronikoen prozeduran harpidetua egon beharko du. Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskura daiteke gaitutako helbide elektronikoa, eta jakinarazpen elektronikorako prozeduretan izena eman. Horretarako, ziurtagiri digitala beharko da.

Deialdi honi dagokionez, harremanak eta komunikazioak gaitutako helbide elektronikoaren (GEH) bitartez egiteko betebeharra aplikatzekoa izanen zaie, baita ere, pertsona fisikoei ere.

9.2. Aurkeztutako dokumentazioa aski ez bada edo akatsak baditu, eskatzaileari errekerituko zaio dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzan 10 egun balioduneko epean; halaber, ohartaraziko zaio, hala egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela. Akatsak zuzentzeko errekerimendua Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako moduan egingo da eta, horrez gain, ohartarazpena bidaliko da eskaera ereduan Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzuarekin harremanetan egoteko lehenetsi den helbide elektronikoaren bitartez.

10. Dirulaguntza emateko prozedura eta dirulaguntzaren balorazioa.

10.1. Deialdi honetan aipatzen diren dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubidearen bidez tramitatuko da, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutakoarekin bat.

Dirulaguntzak emateko prozeduraren instrukzioa Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzuari dagokio.

10.2. Proiektuei ematen zaien puntuazioan berdinketarik badago, hau deseginen da 5. oinarriaren 1. apartatuan lortutako puntuazioaren arabera. Berdinketak irauten badu, 5. oinarriaren 2. apartatuan lortutakoa hartuko da aintzat, eta horrela segituko da, hurrenez hurren.

10.3. Eskaerak 5. oinarrian ezarritakoari jarraikiz baloratuko dira, eta, horretarako, instrukzio organoak beste departamentu batzuetako pertsona batzuen laguntza izan dezake, eta egoki iruditzen zaizkion jarduketak egin ditzake ebazpen proposamenaren oinarri izanen diren datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko.

10.4. Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzuak ebazpen proposamena igorriko dio Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiari. Proposamenari txosten bat gehituko zaio, non adieraziko baita onuradunek dirulaguntzak jasotzeko beharkizun guztiak betetzen dituztela.

11. Dirulaguntzak emateko ebazpena.

11.1. Dirulaguntzak emateko ebazpena eta deialdi honetako gainerako ebazpenak ere, 3 hilabeteko gehieneko epean eman eta jakinaraziko dira, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak emanen ditu.

Epe hori bukatuta esanbidezko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, behar den errekurtsoa aurkeztu ahal izateko. Hori guztia Administrazioaren ebazpena eman beharraren obligazioaren kalterik gabe.

11.2. Dirulaguntzak ematen dituen ebazpenean honako hauek adieraziko dira: eskatzaileen zerrenda, diruz laguntzen diren proiektuak, proiektu bakoitzerako dirulaguntzaren zenbatekoa, dirulaguntza ordaintzeko modua eta, kasua bada, zein eskaerari esan zaion ezetz (arrazoia zehaztuta).

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan eta Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 26. artikuluan xedatutakoarekin bat, Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu, jakinarazi ondoko hilabetean, emandako dirulaguntzak, Gobernu Irekiaren Atarian, honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntzak zer programaren eta aurrekontu-kredituren kontura ordainduko diren, onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzaren helburua.

11.3. Ekitaldi ekonomiko jakin baten kargura dirulaguntza bat emateak ez du eskubiderik sortzen hurrengo ekitaldi ekonomikoen kargura ere dirulaguntzarik eskuratzeko.

11.4. Dirulaguntzak emateko ebazpen honen aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean jakinarazten denetik.

12. Bitarteko elektronikoen bidezko komunikazioak.

Laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak eta administrazio egintzen jakinarazpenak telematikoki eginen dira eskatzaileen gaitutako helbide elektronikoaren bidez (GEH).

13. Justifikazio-agiriak.

13.1. Dirulaguntzaren xedeko jarduketa guztiak egin ondoren, onuradunek justifikatu beharko dituzte emandako dirulaguntza kalkulatzeko oinarritzat hartzeko onartu diren gastu guztiak. Hala, 2021eko urriaren 1ean amaitzen da epea gastuen justifikazioa eta jardueraren ordainketak aurkezteko (egun hori barnean dela). Zehazki, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

–Proiektua egin dela justifikatzeko memoria, oinarri hauen III. eranskinaren ereduari jarraikiz.

–Justifikazio kontu baten bidez justifikatuko dira izandako gastuak eta ordainketak (IV. eranskinaren arabera). Kontuak diruz lagundutako jardueren eta haien kostuaren aitorpena bildu beharko du gutxienez ere, jarduerak egiteko gastu guztiak banan-banan zehazturik. Jatorrizko fakturak aurkeztu beharko dira, baita horiek benetan ordaindu direla frogatzen duten agiriak ere. Frogatzeko balio bera duten beste agiri batzuk eta faktura elektronikoak onartuko dira, baldin eta betetzen badituzte zerga arloan onartuak izateko behar diren baldintzak.

–Dokumentu bidezko froga bat, erakusteko bete dela Nafarroako Gobernuak diruz lagundutako jarduketetan parte hartu duela adierazteko betebeharra, hau da, Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala txertatzea egiten den publizitatean eta zabalkundean, eta diruz lagundutako proiektuari buruzko dokumentazio guztian, baita honako hau idaztea ere: “Nafarroako Gobernuak diruz laguntzen du”. Testu horrek bete beharko ditu Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuan jasotako ezaugarri teknikoak.

–Egindako jarduketen frogagiriak eta haien ondoriozko produktuen edo hedapen eta publizitate materialen erakusgarriak aurkeztuko dira.

–Proiektuak bestelako laguntzarik edo dirulaguntzarik jaso duen azaltzen duen berariazko adierazpena. Hala bada, zehatz-mehatz adieraziko da zenbat diru jaso duen eta nondik, guztia II. eranskineko ereduari jarraikiz.

13.2. Instrukzio organoaren iritziz, gastuen justifikazioa eta haiek frogatzeko egindako ordainketena nahikoa ez bada, errekerimendua eginen dio eskatzaileari, beharrezko frogagiriak erants ditzan 10 egun balioduneko epean. Errekerimendu hori Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoaren arabera egingo da eta, horrez gain, ohartarazpena bidaliko da eskabidean adierazitako posta elektronikora.

13.3. Egindako gastutzat joko da, oro har, ekintzak egiteko epea bukatu baino lehen benetan ordaindu dena, hots, 2021eko irailaren 1a baino lehen.

14. Dirulaguntza ordaintzeko modua eta epea.

Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez erabakiko da dirulaguntza ordaintzea, diruz laguntzen den jarduera egin ondoren, eta onuradunak aldez aurretik aurkeztuta 13. oinarrian adierazitako frogagiriak; 2021eko abenduaren 31 baino lehen ordainduko da.

15. Bateragarritasuna.

Dirulaguntzaren zenbatekoak, administrazio publiko honen eta beste batzuen laguntza eta dirulaguntzekin batera, edo estatuko nahiz nazioarteko barruko laguntza pribatu eta publikoekin batera, ezin izanen du inoiz gainditu onuradunak garatu beharreko jardueraren kostua.

Dirulaguntzarako eskaerarekin batera konpromiso hau aurkeztu behar da: diruz laguntzen den kontratuaren indarraldian muga hori inoiz gainditzen bada, horren berri emanen da (II. eranskina).

16. Jarraipena eta kontrola.

Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzuak izanen du, Proiektu Estrategikoen Kudeaketa eta Koordinaziorako Ataleko teknikarien bitartez, proiektuen jarraipena egiteko eta gauzatutako alderdi guztiak eta finkatutako helburuak noraino bete diren ikuskatzeko eta ebaluatzeko ardura.

17. Betebeharrak.

Deialdi honen babesean dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako baldintza hauek bete beharko dituzte, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrez gain:

a) Diruz lagundutako proiektua gauzatzea, deialdiaren helburua betez.

b) Dirulaguntzaren xede den proiektua dela-eta sortzen den edozein gorabeheraren berri ematea Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzuari, eta aurkeztutako proiektuaren kudeaketa nahiz garapena aldatzeko baimena eskatzea idatziz, bestelako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak lortzea barne.

c) Frogatzea betebeharrak eta baldintzak bete direla, diruz lagundutako proiektua egin dela eta dirulaguntza emateko arrazoi izan den helburua bete dela.

d) Emandako dirulaguntzei buruz, egiaztatze lana eta kontrol teknikoa egiten uztea Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzuari, baita horretarako eskumena duen edozein organori ere; jarduketa horietan eskatzen zaion informazio eta dokumentazio guztia aurkeztuko du.

e) Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzuari. Informazio hori jakin bezain laster emanen da, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

f) Kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak behar bezala auditatuak izatea, onuradunari aplikatzen zaion araudian eskatzen den bezala, bermatzeko egiaztapen eta kontrol ahalmenak behar bezala betetzen direla.

g) Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztapen eta kontrol lanen xede diren bitartean.

h) Dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi ondoren egiten diren idatzizko eta ahozko publizitate eta zabalkunde ekintzetan, bai eta diruz lagundutako proiektuari buruzko agiri guztietan ere, Nafarroako Gobernuaren parte hartzearen berri ematea. Nafarroako Gobernuaren logotipo ofizialak eta testu hau agertu beharko dira: “Nafarroako Gobernuak diruz laguntzen du”. Testu horrek bete beharko ditu Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuan jasotako ezaugarri teknikoak.

Gainera, onuradunak konpromiso hauek hartzen ditu:

–Proiektua gauzatzen den bitartean.

–Diruz laguntzen den proiektua/jarduera ekonomikoa Pirinioetako Planaren eremu geografikoan egitea.

–Araudiaren arabera egitea.

–Pirinioetako Planaren esparruan abian jarritako ekintzailetza-ekimenekin lankidetzan aritzea, esaterako ekintzailetza poloarekin.

–Ezarritako epean amaitzea.

–Laguntza ordaindu aurretik.

–Oinarri arautzaile hauetan eta laguntzaren ebazpenean ezarritako moduan eta epeetan egitea eta justifikatzea dirulaguntzaren xedeko jarduerak.

–Departamentuari ematea adierazleetarako datuak.

–Jaso diren dirulaguntzen berri ematea.

–Laguntza ordaindu ondoren.

–Jarduera 12 hilabetez, gutxienez, garatzea, laguntza ordainduko dela adierazten duen ebazpenaren egunetik kontatuta.

–Laguntzak kudeatzen dituen organoari baimena eskatzea aurreko apartatuan adierazitako epean dirulaguntzaren xedeko ondasun higiezinen destinoa edo karga aldatzen bada edo ondasunak besterentzen badira.

–Kontrol eta egiaztapen organoekin lankidetzan aritzea.

18. Dirulaguntzak itzultzea.

18.1. Dirulaguntza emateko ebazpena baliorik gabe uzteko zioek (Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 34. artikuluan bildutakoak) eta foru lege horren 35. artikuluan aipatzen diren kasuek ekarriko dute jasotako zenbatekoa, osorik edo partez, itzuli behar izatea, baita berandutze-interesak pagatzeko eskatzea ere, dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli behar dela erabaki bitartean sortutakoak.

18.2. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan xedatutakoa betetze aldera, jarduerak ez badira betetzen aurkeztutako proiektu proposamenean zehaztu bezala, baldintzak hein batean bete ez direla joko da. Horrelakoetan, %20 itzuli beharko da, betetzen ez den jarduera bakoitzeko. Jarduera betetzen ez dela joko da ez denean gauzatzen entitateak berak aurkeztutako azalpenei jarraituz. Onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, ikusita zenbat eta noraino ez diren bete dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak.

18.3. Jasotako zenbatekoak itzuliko ditu onuradunak eta berandutze-interesagatik dirulaguntza eman zenetik hasita legeak agintzen duen zenbatekoa eskatuko zaio, espedientea tramitatu ondoren, honako kasu hauetan:

–Dirulaguntzari uko egitea.

–Dirulaguntza eskuratzea, behar diren baldintzak faltsututa edo bete gabe.

–Dirulaguntza zer xedetarako eman zen, helburu hura ez betetzea.

–Justifikatzeko betebeharra ez betetzea edo epetik kanpo egitea.

–Onuradunari ezarritako beste edozein baldintza ez betetzea.

–Onuradunak Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiaren kontrol jarduerei uko egitea.

Onuradunak noraino bete ez duen, horren proportziokoa, neurrikoa eta haztatua izanen da itzultzeko eskaera.

Itzulketak zuzenbide publikoko diru-sarreratzat hartuko dira. Hortaz, premiamendu bidez kobratzeari ekin dakioke, beste erantzukizun batzuk gorabehera, halakorik bada.

19. Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituko zaio.

20. Errekurtsoak.

Deialdi honen eta beronen oinarri arautzaileen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, bat etorriz Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluarekin eta hurrengoekin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluarekin.

21. Araudi osagarria.

Oinarriotan ezartzen ez den guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

I. eranskina.–Eskabidea.

II. eranskina.–Erantzukizunpeko adierazpena.

III. eranskina.–Proiektuaren amaierako memoria eta gastuen justifikazioa.

IV. eranskina.–Gastuen justifikazio kontua.

Deskargatu I. eranskinetik IV.era bitartekoak dituen agiria (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2105802