110. ALDIZKARIA - 2021eko maiatzaren 12a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ZIZUR NAGUSIA

Aldaketa, hiri kanpalekuen zerbitzua emateagatik prezio publikoaren eta jardueraren gaineko arauan. Behin betiko onespena

Zizur Nagusiko Udalak, 2021eko urtarrilaren 28an egin osoko bilkuran, erabaki zuen onestea hasiera batean eta ondotik tramitatzea hiri kanpalekuen zerbitzua emateagatik prezio publikoaren eta jardueraren gaineko araua aldatzeko espedientea.

Arauaren aldaketaren espedientea jendaurrean paratu zen iragarkia argitaratuta 2021eko 36. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, otsailaren 16an, eta Udalaren iragarki taulan. Jendaurreko epean ez zaio espedienteari inolako alegaziorik aurkeztu. Beraz, eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluan xedatuaren arabera, hasierako onespenaren erabakia behin betikoa bilakatu da.

Argitara ematen da, aipatu arauaren aldaketaren testu osoarekin batera, behar diren ondorio juridikoak sortzeko.

Zizur Nagusian, 2021eko apirilaren 9an.–Alkatea, Jon Gondán Cabrera.

ZIZUR NAGUSIAN HIRI KANPALEKUEN ZERBITZUA EMATEAGATIK PREZIO PUBLIKOAREN ETA JARDUERAREN GAINEKO ARAUA ALDATZEA

ZIOEN AZALPENA

Udalak Lana eta familiako eginkizunak kontziliatzeko tokian tokiko itunen lehendabiziko bilerara deitu zuenez geroztik, bere xede nagusia izan da baliabideak, proposamenak, ahaleginak eta planteamendu berriak koordinatzea, hemengo ikuspuntutik bizitza pertsonala, lana eta familia kontziliatzearen aldeko ekimenak abian jar daitezen. Helburuak eta lan programa aztertzeko eta zehazteko prozesu hori 2008ko martxoaren 31n bukatu zen “Kontziliaziorako Herri Ituna” (KHI hemendik aurrera) sinatutakoan.

Lehendabiziko lan bilkuratik bertatik, oporretan haurrei zuzendutako zerbitzu falta izan zen antzemandako arazo nagusietako bat. Behar hori, bestalde, herri honi buruzko zenbait ikerketatan agertu da berriro. Hori dela eta, Itunaren lehentasuna izan da “hiri kanpalekua” kontziliazio zerbitzua 2008ko udarako sortzea eta, emaitzak baloratu ondoan haiek onak izanez gero, hurrengo udako oporraldietan zerbitzua ematen jarraitzea. Horren ondorioz, Zizur Nagusiko Udalean finkatu egin da hiri kanpalekuen zerbitzua ematea, Zizur Nagusiko herritarrek bizitza pertsonala, lana eta familia kontzilia ditzaten.

Orain arte egin diren kanpalekuak (udakoa, Eguberrietakoa, aste zuri-inauterietakoa, Aste Santukoa) Berdintasunaren Zerbitzuak antolatu eta arautu ditu KHIko Lan Batzordearekin bat, “ad casum”. Osoko bilkuran zerbitzuaren arauak eta prezio publikoak onesten dira, Berdintasunaren Informazio Batzorde Iraunkorrak irizpena eman ondoren. Emaitza ona izanik ere, egia da arautze orokorrari ekiteko beharra azaleratu dela, hurrengoetan zerbitzua ematerakoan oinarria izan dadin.

Hortaz, arau horren xedea da zerbitzua ematearen alderdi komunak arautzea, nahiz eta kanpaleku bakoitzean banan-banan hartu eta zehaztu behar direla jakin. Araua bi titulutan egituratzen da. Lehenengoak zerbitzuaren deskribapena eta hura kudeatzeko arauak dauzka, aplikazio eremua mugatzen dutenak. Orobat, kanpaleku bakoitzaren funtsezko araudia sustatu behar duten printzipio sozialak biltzen ditu. Bigarrenak aldiro-aldiro sorraraziko diren prezio publikoak ezartzeko arauak dauzka, ordainarazpenari buruzkoak. Era berean, aurreikusten da berariaz aipatzea Osoko Bilkurak arau honen bidez Tokiko Gobernu Batzarrean egiten duen eskumen eskuordetzea, azkar, berehala erabaki dezan zerbitzuagatik ordaindu beharreko tarifen zenbatekoa. Eskuordetze horren arrazoia hau da: arau honen helburu nagusietako bat da kanpaleku guztien xehetasunak Osoko Bilkurak onetsi behar ez izatea, zio praktikoak edo egutegiak ezarritakoak direla eta. Horretarako, hauek aplikatu dira: apirilaren 2ko 7/1985 Legeak onetsitako Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legearen (TAOL hemendik aurrera) 23. artikuluaren 2. atalaren b letra, batetik, eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen (TOFL hemendik aurrera) 35. artikuluaren 1. atala, bestetik. Era berean, azken xedapen bat jaso da, testu honek indarra hartzea ezartzen duena, bai eta xedapen indargabetzaile bat ere, aurreko araudia indarrik gabe uzten duena. Azkenik, I. eta II. eranskinetan emanen diren zerbitzuak eta haiei buruzko beste xehetasun batzuk zerrendatzen dira, bai eta tarifak eta haien zehaztapena ere, hurrenez hurren.

I. TITULUA

Zerbitzua

1. KAPITULUA

Zerbitzuaren deskribapena

1. artikulua. Xedea.

1. Xedapen honen xedea da Zizur Nagusiko Udalak antolatzen dituen hiri kanpalekuen zerbitzuaren oinarrizko alderdiak arautzea, haiek ematerakoan kasu guztietan gorde behar diren printzipio sozialak zehaztuz, genero berdintasuna besteak beste, eta haien prezio publikoa ezartzeko arau orokorrak erregulatuz.

2. Kanpaleku bakoitzaren ezaugarri espezifikoak, arau honek agindutakoaren barruan, Tokiko Gobernu Batzarrak erabakiko ditu, Udaleko Berdintasun Zerbitzuak proposatuta, eta Berdintasunaren Informazio Batzorde Iraunkorrak irizpena eman ondoren, arau honetan gauzatzen den eskumen eskuordetzearekin bat.

2. artikulua. Hiri kanpalekuen zerbitzuaren edukia.

1. Zizur Nagusiko Udalak eskolako oporraldi bakoitzean eskainiko du hiri kanpalekuen programa bat. Hasiera batean aurreikusten da udan, Eguberrietan, aste zuri-inauterietan eta Aste Santuan eginen direla.

Hiri kanpaleku horiek eskaintzen dituzten zerbitzuak arau honen I. eranskinean zehazten dira.

2. Kanpaleku guztiek haurtzaindegi zerbitzua, jarduera zerbitzua eta jantoki zerbitzua izanen dituzte.

3. Zerbitzu bakoitzeko ordutegia honako hau izanen da:

a) Haurtzaindegia: 07:30etik 09:00etara.

b) Jarduerak: 09:00etatik 14:00etara.

c) Jangela: 14:00etatik 15:30era.

Ordutegi hori aldatzen ahalko da kanpaleku bakoitzean testuingurura egokituta, beti ere artikulu honetan ezartzen den egiturari eta zerbitzu motei eusten bazaie.

4. Kanpaleku bakoitza partaideen gutxieneko eta gehieneko ratioa kontuan hartuta programatuko da, eta ratio hori aurrez adieraziko da zerbitzu eta adin azpitalde bakoitzerako, inguruabarren arabera.

Ratio horiek irizpidetzat hartuko dira emandako zerbitzuen kalitatea eta bideragarritasun ekonomikoa bermatzeko.

5. Hiri kanpalekuen zerbitzua bai gaztelaniaz bai euskaraz eskainiko da.

Oro har, haurtzaindegi eta jantoki zerbitzuak elebidunak izanen dira. Nolanahi ere, zerbitzu horietarako ezarritako ratioak kontuan hartuta eskaera nahikoa bada, euskaraz eta gaztelaniaz emanen dira.

Jardueren zerbitzua talde independenteetan eskainiko da hizkuntzaren arabera (gaztelania eta euskara), beti ere, kasu honetan, azpitalde bakoitzerako ezarritako gutxieneko ratio baldintzak betetzen badira.

3. artikulua. Zerbitzuaren xedeak.

1. Zerbitzua antolatu eta ematean, zerbitzuaren kalitatea bilatu beharko da.

2. Zerbitzuaren xedeak hauek dira:

Helburu orokorrak:

a) Jolas, hezkuntza eta gozamen gune bat sortzea Zizur Nagusiko haurrendako hezkidetzaren ikuspegitik.

b) Zizur Nagusiko gurasoek eskola oporraldietan laneko bizitza, familia eta bizitza pertsonala kontziliatzeko gune bat eskaintzea.

Helburu zehatzak:

a) Seme-alabei kasu egitean denbora falta dela-eta emozioen arloan gurasoek daukaten ezegonkortasuna gutxitzea.

b) Seme-alabei kasu egiteak eta zaintzeak familiari dakarkioten gehiegizko esfortzua arintzea, aisialdiaz gozatzea sustatuz.

c) Udal instalazioen erabilpena hobetzea.

d) Jolasteko eta hezteko zerbitzuen eskaintza handitzea 3 eta 12 urte bitartekoentzat.

e) Gizonen eta emakumeen artean aukera berdintasuna eta erantzunkidetasuna bultzatzea.

f) Haurren artean genero estereotipoak eta rolak hauts ditzaten sustatzea, jardueretan berdintasun printzipioa zeharka sartuz, eta zainketen eta lanaren arteko kontzeptualizazio integralagorantz aurrera egitea.

g) Genero ikuspegia txertatzea proiektu osoan, eta astero programatzen diren jardueren artean hezkidetzarekin zerikusi espezifikoa duten batzuk egitea.

h) Esparru bat sortzea haurrak pertsona moduan haz daitezen, jolas eta prestakuntza jardueretan parte hartuz eta jolasaren bidez.

i) Ingurumena babestearen eta kontsumo arduratsuaren aldeko balioak eta jarrerak bultzatzea umeen artean.

j) Hezkuntza programak sustatzea ohitura osasungarriei buruz (elikadura, higienea, eguzkiaren kontrako babesa, etab.).

2. KAPITULUA

Zerbitzua kudeatzeko arauak

4. artikulua. Eremu subjektiboa.

1. Haur hezkuntzako 1. maila eta lehen hezkuntzako 6. maila bitarteko umeei zuzenduko zaie hiri kanpalekuen zerbitzua. Lehentasuna Zizur Nagusian erroldaturik dauden umeek izanen dute, bigarrenik herriko ikastetxeetan eskolatuta daudenek, eta erreserba zerrendan egonen dira baldintza horiek betetzen ez dituzten gainerakoak.

2. Hurrengo ataletan ezarritakoa gorabehera, kanpaleku bakoitzeko plaza kopurua ez da aldez aurretik murriztuko, eta izena emateko epean dagoen eskaria onartuko da, beti ere zerbitzuak kalitatez emateko behar adina instalazio eta bitarteko izanez gero.

3. Izena emateko epea bukatu ondoren aurkezten diren eskaerak, Zizur Nagusian erroldaturik eta/edo herriko ikastetxeetan eskolaturik dauden umeenak badira, onartu eginen dira, beti ere kanpaleku bakoitzaren antolakuntzaren ahalmenen barruan eta Udaleko Berdintasun Zerbitzuaren iritziz finkatutako ratioen arabera.

4. Zizur Nagusian erroldaturik edo herriko ikastetxeetan eskolaturik ez dauden eskatzaileen inskripzioak aurkeztean, erreserba zerrenda bat osatuko da, aurrekoaren ondoren kontuan hartuko dena.

5. Aurreko bi ataletan aurreikusitako kasuetan, eskaria antolakuntzaren behar horiek baino handiagoa bada, zozketa bidez esleituko dira plazak.

5. artikulua. Haurtzaindegia.

KHI eta araudi hau osatu dituzten printzipioei jarraikiz, haurtzaindegi zerbitzua beti emanen da, salbu eta inolako eskaririk ez badago. II. tituluan xedatutakoaren arabera finkatuko da haren zenbatekoa.

6. artikulua. Familiak.

Laguntza ekonomikoa emanen zaie Jarduera Zerbitzuan kanpaleku bererako inskripzio bat baino gehiago egiten dituzten familia unitateei, II. tituluan eta II. eranskinean aurreikusitako hobari baten bidez.

7. artikulua. Elkarlana beste udal zerbitzuekin.

Udalaren beste atalek eskaintzen dituzten beste zerbitzuekin koordinatuta, hiri kanpalekuak zenbait zerbitzu (haurtzaindegia eta/edo jantokia) ematen ahalko ditu, horretarako Berdintasun Zerbitzuak ordutegiei, langileei eta kuotei dagozkien baldintzak ezarri ondoren.

8. artikulua. Udalaren baliabideak.

1. Udalak baliatzen ahal diren instalazio guztiak eta jarduera hobeki gauzatzeko behar diren gainerako bitartekoak emanen dizkio zerbitzuari.

9. artikulua. Kontratazioa.

1. Hiri kanpalekuen kontratazioak Kontratu Publikoei buruzko Foru Legearen xedapenak beteko ditu.

2. Balorazio irizpenen eta exekuzio eskakizunen artean genero ikuspuntua sartuko da.

3. Berdintasun Zerbitzuak exekuzio baldintzak betetzen direla jakiteko jarraipena eginen du, eta arreta berezia jarriko du genero berdintasunarekin zerikusia dutenetan.

II. TITULUA

Prezio publikoa

1. KAPITULUA

Ordainarazpenaren kudeaketa

10. artikulua. Oinarria.

Ordainarazpen hau TOFLaren lehen tituluko III. kapituluaren 2. ataleko 2. azpiatalean xedatuari jarraituz ezarri da, eta haren 28. artikuluko baimenaren babesean.

11. artikulua. Zenbatekoa eta ordaintzeko beharra.

Tokiko Gobernu Batzordeari eskuordetzen zaio prezio publikoaren tarifak zehaztea, arau honen 1. artikuluko 2. atalean aurreikusitako prozedura izapidetu ondoren, arau honen II. eranskinean aurreikusitako erreferentzien arabera.

2. Kanpalekuaren zerbitzu bakoitzak zenbateko jakin bat izanen du.

Zenbateko hori zerbitzu bakoitzaren kostu osoa langileak kontratatzeko aldez aurretik finkatu den gehieneko ratioaren ondoriozko haur kopuruaz zatitzearen emaitza izanen da.

3. Egin asmo diren kanpalekuetako batean, aurreko arauak aplikatzearen ondorioz, zerbitzuaren kostu osoa estaltzen ez bada, TOFLaren 32. artikuluaren 2. atalean xedatutakoaren arabera jokatuko da, hala aritzea komenigarria izateko arrazoi sozialak, ongintzazkoak, kulturalak eta interes publikokoak izanez gero.

4. Horrelakoetan, ateratzen den aldea estaltzeko kasuan kasuko diru zuzkidurak idatzi beharko dira entitatearen aurrekontuetan.

12. artikulua. Hobariak.

Hiri kanpalekuetan eskainitako hiru zerbitzuetako bakoitzari lotutako tarifak II. eranskinean jasotako moduan murriztuko dira.

13. artikulua. Ordaintzera behartuta daudenak.

1. Arau honetako prezio publikoa ordaintzeko betebeharra zerbitzua egiten hastetik sortzen da. Hala ere, zerbitzua hasi aurretik zenbateko osoa ordaintzeko eskatuko da, TOFLaren 34. artikuluan xedatuari jarraikiz.

2. Haur bakoitzeko inskripzioa 4 astekoa edo gehiagokoa denean, ordainketa zatitu eginen da. Orduan, inskripzioaren unean %50 ordainduko da, eta beste erdia zerbitzua hasi baino lehen.

3. Prezio publikoa onuradun guztiek ordaindu beharko dute, edo, bestela, gurasoek edo zerbitzuez eta jarduerez baliatu diren adin txikikoen gaineko tutoretza daukatenek edo haien legezko ordezkariek, Udalak zehaztutako finantza entitateen bidez.

4. Prezioa ordaintzera behartuta dagoenari leporatu ezin zaizkion arrazoiak direla eta, ikastaroa edo jarduera egiten ez bada, dagokion zenbatekoa itzuliko zaio.

5. Kanpalekuaren edozein zerbitzutarako izena eman eta onartu ondoren, edozein arrazoi dela-eta erabiltzaileak hura utzi nahi izanez gero, horren eskaera Berdintasun Zerbitzuan tramitatuko da, eta justifikazio egokia aurkeztuko da, Udaleko langile eskudunek azter dezaten.

6. Aipatu epeetan ordaintzen ez diren zorrak premiamendu bidez galdatuko dira, indarreko araudian xedatuari jarraikiz.

2. KAPITULUA

Organo eskudunak

14. artikulua. Tokiko Gobernu Batzarraren eskumenak.

Hemendik aurrera eginen diren kanpalekuetako bakoitzaren ezaugarriak eta zerbitzuaren ondoriozko prezio publikoak aldez aurretik zehaztea ezinezkoa denez, Tokiko Gobernu Batzarrak onetsiko ditu kasu guztietan zerbitzua eraginkorra izateko behar diren aginduak arau hau betearazi eta garatuz, bereziki prestazioaren zenbatekoaren gaineko erabakia, TAOLaren 23. artikuluaren 2. atalaren b letran eta TOFLaren 35. artikuluan xedatuari jarraikiz.

AZKEN XEDAPENA

Azken xedapenetako lehena. Arau honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Arau honek baliorik eta indarrik gabe uzten du Zizur Nagusian hiri kanpamentuen zerbitzua emateari dagokionez jarduera eta prezioa publikoa arautzeko orain arte indarrean egon dena.

I. ERANSKINA

Hiri kanpalekuen zerbitzua

1.–Hiri kanpalekuak eskaintzen dituen zerbitzuak.

–Haurtzaindegia (aukeran).

–Jarduera (beharrezkoa).

–Jantokia (aukeran).

2.–Eskaintzen den plaza kopurua.

Eskaintzen diren zerbitzuetan ez dago plaza kopuru itxirik. Kanpaleku bakoitzerako aztertuko da puntu hau eskura dauden instalazioen arabera.

3.–Zerbitzuak emateko gutxieneko plaza kopurua.

–Haurtzaindegia. Ratioa: 1.

–Jarduera:

• Haur Hezkuntza. Ratioa: 9.

• Lehen Hezkuntza. Ratioa: 10.

Izena emateko epea bukatutakoan zehaztuko dira behin betiko taldeak, inskripzio kopuruaren arabera eta izena eman dutenek izan litzaketen behar bereziak kontuan hartuta. Taldeak egiteko irizpide nagusia eskari osoa betetzea izanen da, beti ere kanpalekurako ezarritako kalitatezko mailei eutsita.

Kanpalekua eginen da baldin eta gutxienez bi talde badaude.

–Jantokia: Ratioa: 8; catering enpresak ezarritakoaren mende geratuko bada ere.

4.–Taldeko gehieneko plaza kopurua.

–Haurtzaindegia: 15.

–Jarduera, taldeen arabera:

• Haur Hezkuntza. Ratioa: 11.

• Lehen Hezkuntza. Ratioa: 15.

–Jantokia: 15.

Taldeak Berdintasun Zerbitzuak osatuko ditu azkenean propio kanpaleku guztietarako, eta gehieneko ratioak aldatzen ahalko ditu azkenean dagoen inskripzio kopuruaren arabera.

5.–Langileen kontratazioa.

–Haurtzaindegia:

• Begirale bat, 15 haurreko gehieneko ratiorako.

• 2 begirale, 16-32 haurreko ratiorako.

• 3 begirale, ratioa 33 umetik gorakoa bada.

Zenbat langile beharko diren zehazteko, sartzeko eta ateratzeko orduak hartuko dira kontuan, bai eta izena eman dutenek izaten ahal dituzten behar bereziak ere.

–Jarduera:

• Azpitalde guztietarako ezarritako gehieneko ratioak kontuan hartuko dira.

• Begiraleez gain, koordinatzaile bat kontratatuko da, inskripzio kopuruaren arabera begirale/koordinatzaile lanak edo koordinatzailearena egiten ahalko duena.

–Jantokia:

• Sukalondorako pertsona bat kontratatuko da.

• Begirale eginkizuna betetzeko langileak kontratatuko dira ordutegi tarteka behar zehatzen arabera. Bazkaltiarren kopurua 15era artekoa bada, pertsona bat; 16 eta 32 artekoa bada, 2 pertsona; eta 33tik gora, 3 pertsona.

Kontratatuko diren langileen kopurua kanpaleku eta zerbitzu bakoitzerako zehaztuko da propio, eta azkenean egonen diren inskripzioen arabera ratioak aldatzen ahalko dira.

Jarduerak egiteko ardura dutenek prestakuntza izanen dute genero berdintasunean eta/edo hezkidetzan.

6.–Izen emateak.

Hiri kanpalekuan izena emateko betebeharra Zizur Nagusian erroldatuta eta/edo eskolatuta egotea izanen da. Baldintza horiek bete ezean, taldeak osatzeko erabiliko den erreserba zerrenda batean sartuko dira, Berdintasun Zerbitzuak ezarritako beharren eta irizpideen arabera (ikus 4. artikulua).

7.–Kanpalekuak noiz eskaintzen diren.

Hiri kanpalekuak herriko ikastetxeetako haurren oporraldiekin batera eskainiko dira, hau da Eguberrietan, aste zuri-inauterietan, Aste Santuan eta udan ziurrenik.

II. ERANSKINA

Tarifak

1.–Tarifak.

Zerbitzu guztietan ordainduko diren prezioak kanpaleku bakoitzerako kalkulatuko dira, arau honetako 11. artikuluko 2. atalean zehazten den bezala, beti ere haien iraupenaren arabera. Eskatutako aurrekontuak eta une horretara arte eskainitako kanpalekuetarako ezarritako prezioak izanen dira kalkulua egiteko oinarria.

–Haurtzaindegia;

Zerbitzua inskripzio bat oinarritzat hartuta eskainiko denez, begiraleak kontratatzeko gehienezko ratioa, eskatutako aurrekontuak eta aurreko kanpalekuetan ordaindutako tarifak izanen dira tarifaren erreferentzia.

Tokiko Gobernu Batzarrak erabakiko du.

–Jarduerak.

Prezioa eskatutako aurrekontuak eta aurreko kanpalekuetako prezioak kontuan hartuta ezarriko da.

Tokiko Gobernu Batzarrak erabakiko du.

–Jantokia.

Prezioa eskatutako aurrekontuak eta aurreko kanpalekuetako prezioak kontuan hartuta ezarriko da.

Tokiko Gobernu Batzarrak erabakiko du.

2.–Hobariak.

–Jarduerarako hobari bat ezartzen da, kanpaleku berean familia unitate berak egindako bigarren inskripziotik aurrera. Deskontu hori ez da metatuko.

Tokiko Gobernu Batzarrak erabakiko du kasu bakoitzean.

–Hobari bat ezartzen da, familien egoera ekonomikoaren eta premia sozialen arabera, irizpide hauek kontuan hartuta aplikatuko dena:

Kide kopuru bereko familia unitate batentzat indarrean dagoen errenta bermatuaren kopuru bereko edo txikiagoko diru sarrera duten familia unitateak

Kide kopuru bereko familia unitate batentzat indarrean dagoen errenta bermatuaren zenbatekoa halako 1 baino gehiagoko eta 1,5eko edo gutxiagoko diru sarrera duten familia unitateak

JARDUERARAKO ezarritako prezioaren hobaria

%90

%80

GOIZEKO GELARAKO ezarritako prezioaren hobaria

%90

%80

JANGELARAKO ezarritako prezioaren hobaria

%90

%80

Zizur Nagusian erroldatutako familiek bakarrik baliatzen ahalko dituzte hobari horiek.

Familia unitatean adinez nagusi diren guztiak lanean edo balorazioaren unean pareko egoera batean dituzten familiek bakarrik baliatzen ahalko dituzte hobari horiek.

Hobari hori baliatzen dutenek ez dute baliatzen ahalko zerbitzurako deskontuaren %10eko hobaria, familia unitate bereko bigarren inskripziotik aurrera.

Zizur Nagusiko Udaleko Gizarte Zerbitzuek aztertuko dute familiaren egoera ekonomikoa, eta txosten bat eginen dute, eta erabakiko hobaria eman behar zaion ala ez eskatzen duen familia bakoitzari, bai eta zein den aplikatu beharreko hobaria ere.

Azterketa hori hiri kanpalekuetan izena emateko aldiaren aurretik egiten ahalko da, edo aldi horretan zehar, baino inoiz ez ondoren, eta ateratzen den txostenaren balioa hiru hilekoa izanen da.

Txostena Zizur Nagusiko Udaleko Oinarriko Gizarte Zerbitzuan eskatu beharko da beti, hiri kanpalekurako izena emateko epea amaitu baino lehen.

Oinarriko Gizarte Zerbitzuan aipatu txosten eskaera inskripzio epearen barruan egin ezean, deuseztatuta geratuko da.

Balioespen horretarako, honako hauek eskatuko dira:

–Familia liburua.

–Errenta bermatua jasotzeko ebazpena.

–Erroldatze eta bizikidetza ziurtagiria.

–Familia unitateko adin nagusiko pertsona guztien lan bizitza.

–Familia unitateko kide aktibo guztien hondarreko hiru hilabeteetako nominak.

–Langabezia, sorospen, baja, ezgaitasun, pentsio prestazioak kobratu izanaren frogagiriak.

–Hitzarmen arautzailea banantze eta dibortzioetan.

–Sarreren eta gastuen balantzeak eta PFEZ eta BEZ aitorpenak, norberaren konturako langileen kasuan.

–Emandako datu guztiak egiazkoak direlako eta daturik ezkutatu ez delako zinpeko adierazpena.

Kontuan hartutako datuak sarrera garbiak izanen dira, eta, nominetan aparteko ordainsariak kobratu izana zehaztu ezean, zenbatekoa proportzionalki handituko da.

Gizarte zerbitzuek familiak sartzen ahalko dituzte hobari horietan, baldin eta, baldintzaren bat betetzen ez badute ere, eskaera egiten badute adingabeen premia larri batengatik.

Iragarkiaren kodea: L2105721