11. ALDIZKARIA - 2021eko urtarrilaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

1/2021 FORU LEGE-DEKRETUA, urtarrilaren 13koa, zerga arloko zenbait neurri onesten dituena koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko.

COVID-19ak eragindako osasun publikoaren larrialdi egoera gertatu zenetik, zeinaren ondorioz Osasunaren Mundu Erakundeak nazioarteko pandemia egoera deklaratu baitu eta Espainiako lurralde osoan alarma egoera deklaratu baita martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren bidez, Nafarroako Gobernua arlo bateko eta besteko neurriak hartuz eta onetsiz joan da, osasun larrialdiak eragindako ondorio larriak arindu nahian.

Neurri horien artean nabarmendu beharrekoak dira zerga arlokoak, Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren bidez esleituriko eskumenak erabiliz hartu direnak.

Besteak beste, 7/2020 Foru Legearen bidez, 4/2020 Foru Lege-dekretuaren bidez eta 5/2020 Foru Lege-dekretuaren bidez, neurri fiskalak onetsi dira koronabirusaren osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko.

Deskonfinamendu prozesua eta alarma egoera bukaturik, Espainia normaltasun berriaren etapan sartu zen. Fase horretan, botere publikoek eta osasun arloko agintariek neurriak hartzen jarraitu zuten, agerraldiak kontrolatzeko eta kutsadurak murrizteko asmoz.

Hala ere, udazkenarekin batera, kasuen kopuruak gora egin du Nafarroan, Espainiako gainerako lekuetan eta Europako herrialde gehienetan bezala, eta horrek berekin ekarri du neurri sorta berri bat abian jartzea, oinarri harturik alarma egoera berria, zeina urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren bidez deklaratu baitzen SARS-CoV-2 birusak eragindako infekzioen hedapenari aurre egiteko.

Foru lege-dekretu honen bidez, zerga arloko zenbait neurri berri ezartzen dira COVID-19ak jarduera ekonomikoen esparruan izandako eraginari aurre egiteko. Izan ere, jarduera murriztearekin batera, sarrerak murriztu dira, eta horren ondorioz oso zaila gertatzen ari da sortzen diren gastuei eta ordainketei erregulartasunez erantzutea.

Hori kontuan harturik, eta enpresa txiki eta ertainen eta autonomoen finantza arazoak neurri batean apaltzeko asmoz, zerga arloko zorren ohiz kanpoko beste geroratze bat ezartzen da, apirilaren 6ko 7/2020 Foru Legearen bidez araututakoaren baldintza beretan. Geroratzen ahalko diren zorrak autolikidazio hauei dagozkienak dira: 2020ko laugarren hiruhilekoak, 2021eko lehengo hiruhilekoak, 2021eko urtarrilekoak, otsailekoak eta martxokoak, eta 2020ko abendukoak.

Era berean, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zergadunen kasuan, jarduera ekonomikoak gauzatzen dituztenak ez dira beharturik egonen 2020ko laugarren hiruhilekoari dagokion ordainketa zatikatua egitera.

Bestalde, zerga-oinarria sozietateen gaineko zergaren arabera zehazten diren zerga pertsonaletan, aldatu egiten da galerengatiko kenkariak egiteko eskatzen den antzinatasuna, baldin eta galera horiek gertatu badira kredituek balioa galtzeagatik zordunen balizko kaudimengabeziaren ondorioz. Hala, enpresa txikien eta autonomoen kasuan, eskatuko da hiru hilabete igaro izana obligazioaren muga-egunetik zergaren sortzapenera arte (orain arte sei hilabete ziren), hori guztia galera horiek azkarrago sartu ahal izan ditzaten zerga-oinarrian 2020an eta 2021ean hasten diren zergaldietan. Aldi berean, aurreikuspen hori pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan ere jasoko da, zor diren diru kopuruak lehenago hartu ahal izan daitezen gastu kengarri gisa kapital higiezinaren etekina kalkulatzen denean.

Azkenik, zerga pizgarri berri bat ezartzen da, bilatzen duena sektore turistikoari, ostalaritzari eta merkataritzari lotutako jarduera ekonomiko jakin batzuk egiteko lokalak errentan jartzen dituzten pertsona fisikoek borondatez murriztea 2021eko urtarrileko, otsaileko eta martxoko alokairu-errentak. Horrela, kapital higiezinaren etekina kalkulatzen denean, bidezkoa izanen da hilabete horietan adostutako errentaren murrizketa gastu kengarri gisa hartzea.

Foru lege-dekretu honen egitura hau da: bost artikulu, xedapen indargabetzaile bat eta lau azken xedapen.

Honaino azaldu diren arrazoiek justifikatzen dute foru lege-dekretu hau onestea, behar-beharrezkoa baita aipatu neurriak berehala hartzea.

Horregatik guztiagatik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 21.bis artikuluan jasotako baimena erabiliz, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita bateko urtarrilaren hamahiruan egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat etorriz,

DEKRETATZEN DUT:

1. artikulua. Zerga arloko zorrak salbuespenez geroratzea.

1. Jarduera ekonomikoak gauzatzen dituzten nortasun juridikorik gabeko pertsona eta erakundeen kasuan, 2020an eragiketen bolumena 6.010.121,24 euro baino handiagoa izan ez dutenen zerga zorrak –2021eko urtarrilaren 1etik apirilaren 30era bitarte borondatez aurkeztu eta ordaindu beharreko aitorpen-likidazioei edo autolikidazioei dagozkienak– borondatezko epean geroratzen ahalko dira, konturako ordainketarik egin gabe, bermerik eskatu gabe eta berandutze interesik sortu gabe, hori guztia artikulu honetan xedatutakoarekin bat, eta baldin eta eskatzaileak, gerorapena emanda ere, zerga arloko betebeharrak betetzen baditu gerorapenaren indarraldi guztian.

Delako enpresa sozietate talde bateko kidea bada (Merkataritza Kodearen 42. artikuluak definitzen duen bezala), alde batera utzita egoitza eta urteko kontu kontsolidatuak egiteko betebeharra, eragiketen bolumena kalkulatuko da talde horretako kide diren entitate guztiak aintzat hartuta, kontuan harturik kontabilitateko araudia aplikatuta egoki diren ezabaketak eta sarrera berriak. Irizpide hori bera aplikatuko da pertsona fisiko bat, bera bakarrik edo ezkontidearekin edo ahaide dituen beste pertsona fisiko batzuekin batera (ahaideak lerro zuzenekoak nahiz albokoak izan, odol bidezkoak nahiz ezkontza bidezkoak, bigarren graduraino, bigarrena barne), Merkataritza Kodearen 42. artikuluak aipatzen dituen kasuetako batean badago bazkide diren beste entitate batzuei dagokienez, alde batera utzita entitateen egoitza eta urteko kontu kontsolidatuak egiteko betebeharra.

2. Salbuespenezko geroratze hori aplikatzen ahalko zaie, orobat, Nafarroako Foru Komunitateko Diru-bilketari buruzko Erregelamenduaren 48.3 artikuluko b) eta d) letretan adierazitako zerga zorrei (erregelamendu hori uztailaren 2ko 177/2001 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).

3. Kopuru hau adinako edo hortik beherako zorrak ezin izanen dira geroratu:

a) Pertsona fisikoak diren zergadunak: 100 euro.

b) Pertsona fisikoak ez diren zergadunak: 300 euro.

4. Artikulu honetan aipatzen diren zor geroratuen ordainketa hiru hilabetez etengo da, aitorpenaren eta ordainketaren borondatezko epea amaitzen denetik zenbatzen hasita. Epe horretatik aurrera, zatikatuta ordainduko dira, zenbateko bereko hileko lau kuotatan.

5. Geroratze horien eskaera geroratze eredu ofiziala erabiliz eginen da, soilik Nafarroako Foru Ogasunaren zerbitzu telematikoen bidez aurkeztuta, eta Diru-bilketa Zerbitzuko titularrak ebatziko du.

6. Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren hogeita hamabosgarren xedapen gehigarriko 4. atalean xedatutakoaren ondorioetarako, xedapen honen babesean emandako geroratzeak ez dira inola ere zenbatuko, ez horiek emateko, ezta etorkizuneko geroratzeak emateko ere.

7. Emandako geroratzeak betetzen ez badira, berandutze-interesak likidatuko dira, aurkeztu eta ordaintzeko borondatezko epea bukatu eta biharamunetik hasita.

2. artikulua. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren konturako ordainketa zatikatuak.

Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zergadunen kasuan, jarduera ekonomikoak gauzatzen dituzten horiek ez dira beharturik egonen 2020ko laugarren hiruhilekoko ordainketa zatikatuak autolikidatzera eta ordaintzera.

3. artikulua. Kredituek balioa galtzearen ondoriozko galeren kengarria egitea 2020an eta 2021ean hasten diren zergaldietan, galera horiek zordunen balizko kaudimengabezia-egoeren ondorioz gertatzen direnean.

Sozietateen gaineko zergako, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergako edo ez-egoiliarren errentaren gaineko zergako zergadunek, errentak lortzen badituzte Espainian kokatutako establezimendu iraunkor baten bidez, eta Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legearen 12. artikuluko baldintzak betetzen badituzte, 2020an eta 2021ean hasten diren zergaldietan, kengarriak egiten ahalko dituzte kredituek balioa galtzearen ondoriozko galerengatik, galera horiek zordunen balizko kaudimengabezia-egoeren ondorioz gertatzen direnean, eta, betiere, baldin eta, zerga sortzen den unean, foru lege horren 20.1.1.a) artikuluan aipatzen den obligazioaren muga-egunetik hiru hilabete igaro badira.

4. artikulua. Errentarien zorrak kobrantza zalantzagarriko saldotzat hartzeko epea murriztea.

Maiatzaren 24ko 174/1999 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari buruzko Erregelamenduaren 12.1.e.b’) artikuluan sei hilabeteko epea finkatu bazen ere, 2020ko eta 2021eko ekitaldietan, epe hori hiru hilabetera murriztuko da.

Erregelamendu bidez, artikulu honetan adierazitako epea aldatzen ahalko da.

5. artikulua. Alokairu errentak jaistea sustatzeko zerga pizgarria.

Sektore turistikoari, ostalaritzari eta merkataritzari laguntzeko zerga arloko presako neurri batzuk onetsi zituen abenduaren 22ko 35/2020 Errege Lege-dekretuaren 1.1 artikuluan adierazitako errentatzaileak alde batera utzita, Hiri-errentamenduei buruzko azaroaren 24ko 29/1994 Legearen 3. artikuluaren arabera etxebizitzarako edo industriarako ez den beste erabilera baterako errentamendu kontratu bat sinatu duten errentatzaileek, baldin eta errentariak higiezin hori erabiltzen badu bertan jarduera ekonomiko bat gauzatzeko, zehazki, jarduera ekonomikoen gaineko zergako tarifen lehenengo ataleko 755., 969., 972. eta 973. taldeetan edo 6. sailean sailkatuak daudenetako bat (tarifa horiek maiatzaren 28ko 7/1996 Foru Legearen bidez onetsi ziren), kapital higiezinaren etekinak kalkulatzeko orduan, zilegi izanen dute 2021. urtean gastu kengarri gisa sartzea 2020ko martxoaren 14tik aurrera borondatez adostu duten alokairu errentaren murrizketa, hain zuzen, 2021eko urtarrilean, otsailean eta martxoan sortutako hilekoei dagokiena.

Errentatzaileak, zergaren aitorpena egiten duenean, bereizita jaso beharko du aurreko paragrafoan adierazitako gastu kengarriaren zenbatekoa, pizgarri horren konturakoa. Horrez gainera, errenta murriztu zaion errentariaren identifikazio fiskaleko zenbakia adierazi beharko du.

Artikulu honetan ezarritakoa ez da aplikatuko baldin eta errentariak alokairu errentaren murrizketa gero konpentsatzen badu hurrengo errentak edo beste prestazio batzuk igoz, edo errentaria errentatzailearekin lotua dagoen pertsona edo entitate bat baldin bada, Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legearen 28. artikuluan ezarritakoaren arabera, edo biak bigarren mailara arteko odol edo ezkontza ahaideak badira (bigarren mailakoak barne), lerro zuzenean edo albokoan, are ezkontideak ere.

Xedapen ingargabetzailea.

Indarrik gabe gelditzen da, 2021eko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, maiatzaren 28ko 7/1996 Foru Legearen bigarren atalean dauden guztientzako oharren 1. oharra (foru lege horren bidez, jarduera ekonomikoen gaineko zergaren edo lizentzia fiskalaren tarifak eta jarraibidea onetsi ziren).

Azken xedapenetako lehena.–Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren aldaketa.

2021eko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 51.11 artikuluak ondotik ematen den testua izanen du (testu bategin hori ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen):

“11. Artikulu honetan ezarritakoa ez da aplikatuko entitate ez-egoiliarra edo establezimendu iraunkorra Europar Batasuneko edo Europako Esparru Ekonomikoaren Akordioaren barruko beste estatu baten egoiliarra denean edo han kokatzen denean, betiere zergadunak egiaztatzen badu jarduera ekonomikoak gauzatzen dituela, edo inbertsio kolektiboko erakunde bat dela, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009ko uztailaren 13ko 2009/65 (EE) Zuzentarauan arautua (zuzentarau horren bidez balore higigarrietako inbertsio kolektiboko erakunde jakin batzuei buruzko lege-, erregelamendu- eta administrazio-xedapenak koordinatzen dira), foru lege honen 52.4 artikuluan azaltzen direnez bestelakoa, eta, Europar Batasuneko estatu batean eratua izanik, helbidea bertan duena.”

Azken xedapenetako bigarrena.–Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Legearen aldaketa.

2020ko urtarrilaren 1etik aurrera hasten diren zergaldietatik aurrerako ondorioekin, eta betiere Zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeko abenduaren 29ko 21/2020 Foru Legeak indarra hartzen duenean oraindik bukatu ez badira, honelako testua izanen du Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legearen 82.2 artikuluak:

“2. Kapitulu honetan ezarritakoa ez da aplikatuko entitate ez-egoiliarra edo establezimendu iraunkorra Europar Batasuneko edo Europako Esparru Ekonomikoaren Akordioaren barruko beste estatu baten egoiliarra denean edo han kokatzen denean, betiere zergadunak egiaztatzen badu jarduera ekonomikoak gauzatzen dituela, edo inbertsio kolektiboko erakunde bat dela, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009ko uztailaren 13ko 2009/65 (EE) Zuzentarauan arautua (zuzentarau horren bidez balore higigarrietako inbertsio kolektiboko erakunde jakin batzuei buruzko lege-, erregelamendu- eta administrazio-xedapenak koordinatzen dira), foru lege honen 97 artikuluan azaltzen direnez bestelakoa, eta, Europar Batasuneko estatu batean eratua izanik, helbidea bertan duena.”

Azken xedapenetako hirugarrena.–Nafarroako Parlamentura igortzea.

Foru lege-dekretu hau Nafarroako Parlamentura igorriko da, baliozkotu dezan, bat etorriz Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 21.bis artikuluaren 2. apartatuan ezarritakoarekin.

Azken xedapenetako laugarrena.–Indarrean jartzea.

Foru lege-dekretu honek indarra hartuko du, bertan aurreikusitako ondorioekin, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean.

Iruñean, 2021eko urtarrilaren 13an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués. –Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2100469