105. ALDIZKARIA - 2021eko maiatzaren 6a - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO LEHENDAKARIAREN 31/2021 FORU DEKRETUA, maiatzaren 6koa, zeinaren bidez luzatzen baitira Etxarri Aranazko udalerrirako aparteko prebentzio neurriak, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan duen bilakaeraren ondorioz hartutakoak.

Urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren bidez, alarma-egoera deklaratu zen SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko.

Errege dekretu horren 2.2 artikuluak eskuordetutako agintari eskudunaren izaera ematen dio autonomia erkidegoetako lehendakaritza duenari. Hori horrela, gure Foru Komunitatean, Nafarroako Gobernuko lehendakariari dagokio, 2.3 artikuluarekin bat, xedapenak ematea 5. artikulutik 11.era bitartean ezarritakoa aplikatzeko.

Aipatutako errege dekretuaren 6.2 artikuluak ezartzen du ezen eskuordetutako agintari eskudunak, modu osagarrian, pertsonen sarrerak eta irteerak mugatzen ahalko dituela geografikoki autonomia erkidegoa baino txikiagoak diren lurralde eremuetan, urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren 6.1 artikuluan aurreikusitako salbuespenekin (errege dekretu horren bidez alarma-egoera deklaratu zen SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko).

Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren apirilaren 13ko 17/2021 Foru Dekretuaren bidez, aparteko prebentzio neurriak hartu ziren Etxarri Aranazko udalerrirako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz. Neurri horiek indarrean egon ziren apirilaren 29ra arte, egun hori barne.

Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren apirilaren 28ko 26/2021 Foru Dekretuaren bidez, erabaki zen neurri horiek maiatzaren 6ra arte luzatzea, egun hori barne.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren txostenaren arabera, azken bi asteetan, apirilaren 21etik maiatzaren 4ra, SARS-CoV-2aren bidezko infekzioaren 47 kasu diagnostikatu dira guztira (intzidentzia metatua: 1.914 kasu 100.000 biztanleko). Tasa hori Nafarroan epe horrexetan izandakoa baino 6,1 aldiz handiagoa da (314 kasu 100.000 biztanleko). Azken 7 egunetan, intzidentzia metatua 1.018 kasukoa izan da 100.000 biztanleko, eta egonkortzeko joera hartu du 14 egunetan metatutako intzidentziaren eta 7 egunetan metatutako intzidentziaren arteko ratioak, 1,9koa baita. Azken asteko tasa oso handia da oraindik ere Nafarroako tasa orokorrarekin alderatuta.

Horrenbestez, aintzat hartuta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren txostena, eta azaldutako arrazoiak direla eta, bidezkoa da hartutako neurriak maiatzaren 8ra arte luzatzea, eta jarraipen berezia egitea udalerri horretan kutsatzeek izanen duten bilakaerari.

Urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren 2. artikuluan ezarritakoaren babesean, errege dekretu horren bidez alarma-egoera deklaratu baitzen SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko,

DEKRETATZEN DUT:

Artikulu bakarra.–Luzatzea Etxarri Aranazko udalerrirako aparteko prebentzio neurriak, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan duen bilakaeraren ondorioz hartutakoak.

Maiatzaren 8ra arte luzatzen dira, egun hori barne, Etxarri Aranazko udalerrirako aparteko prebentzio neurriak, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan duen bilakaeraren ondorioz hartutakoak. Hori guztia Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren apirilaren 13ko 17/2021 Foru Dekretuari jarraikiz.

Neurri horiek luzatu, aldatu edo indarrik gabe uzten ahalko dira, unean uneko egoera epidemiologikoaren arabera.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek 2021eko maiatzaren 7an hartuko du indarra, 00:00etan.

Iruñean, 2021eko maiatzaren 6an.–Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria, María Chivite Navascués.

Iragarkiaren kodea: F2107351