102. ALDIZKARIA - 2021eko maiatzaren 4a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

SAIGOTS

Herriko bideen 1. ordenantza. Behin betiko onespena

Saigosko Kontzejuko Batzarrak, 2021eko urtarrilaren 7an egin bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Herriko bideen 1. ordenantza.

Hasierako onespenaren iragarkia argitaratu zen 2021eko 48. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, martxoaren 2an.

Jendaurrean egon bitartean inork ez du alegaziorik aurkeztu; beraz, Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraituz, behin betiko onetsitzat jotzen da, eta hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu behar da, behin betiko testuarekin batera.

Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluak ezartzen du ordenantzek ez dutela eragin juridikorik izanen harik eta beren testua Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu arte eta Estatuko Administrazioak edo Foru Komunitatekoak toki-erakundeei egin dituzten egintzak edo harturiko erabakiak deusezta ditzaten eskatzeko duten ahalmena erabiltzeko epea amaitu ez den artean.

Saigotsen, 2021eko apirilaren 18an.–Kontzejuko burua, David Urio Elcano.

HERRIKO BIDEEN 1. ORDENANTZA

LEGE-HITZAURREA

Nafarroako Toki Administraziori buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeak toki-erakundeei ahalmena ematen die ondasunak kontrolatu, kudeatu eta beren jabetzetan interes orokorreko jarduketak egiteko. 324. artikulutik 328. artikulura bitartean udal bandoen, erregelamenduen eta ordenantzen ezaugarriak azaltzen dira. 30. artikuluan toki-erakundeen artean eskumenak eskuordetzeko ahalmena azaltzen da.

Bestalde, Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamendua onesten duen urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuak, 6/1990 Foru Legea garatuz, jabari publikoko ondasunen erabilera zehazten du V. kapituluan. 93. artikuluan azaltzen da ondasun publikoen erabilera arautu daitekeela haien erabilera gehiegizkoa denean, eta horixe da bide eta bidexken kasua.

Saigosko herriko bide eta mendiko pisten erabilera arautzeko beharrari buruz, honako hau adierazten da:

–Toki-erakundeek emandako erregelamenduak toki administrazioaren antolaketa eta funtzionamendua arautzeko dira.

–Udal bandoek ez dute zehapen ahalmenik (besteak beste, Nafarroako Administrazio Auzitegiaren 16-00434 epaia).

–Ordenantzak dira xedapen egokiak herritarrak eta ordenantza eman duen toki-erakundea lotesteko.

Toki-erakundeen interesa eta helburua da zehapen-araubidea duten arauak izatea, erabilera okerrek sor ditzaketen kalteak arintzeko.

Zehapen ahalmenari dagokionez, 280/1990 Foru Dekretuaren III. kapituluak jasotzen ditu ordenantzetan bildu beharreko arau-hausteen eta zehapenen ezaugarriak.

Saigosko Kontzejuak, 1997ko ekainaren 20an egin bilkuran, behin betiko onetsi zuen Bide eta pista publikoetan ibilgailu motordunen zirkulazioa arautzen duen ordenantza, eta haren 4. puntuan debekatzen da ibilgailu motordunak mendian barna eta errepideetatik kanpo zirkulatzea, baita herri-lurretan edo bi metro baino gutxiagoko zabalera duten landabideetan barna ere. Bi metrotik gorako zabalera duten gainerako bide edo pistetan debekatua dago ibilgailu motordunak zirkulatzea, bide horiek agertzen badira aipatu ordenantzaren 1. eranskinean.

1. artikulua. Ordenantza honen helburua da Saigosko Kontzejuko herriko bide eta mendiko pisten erabilera arautzea.

2. artikulua. Saigosko pistetan debeku da ibilgailu motordunetan ibiltzea baimenik gabe, bai erabilera partikularrekoetan bai nekazaritzako, abeltzaintzako, basogintzako edo bestelako jarduera baimenduekin ikusteko dutenetan.

Kontzejuburuak emanen du Saigosko pistetan barna ibiltzeko baimena. Baimen hori Saigosko bizilagunek eskatzen ahalko dute, bai eta beren ibilgailuak erabiltzeko beharra arrazoitzen duten pertsonek ere, betiere Kontzejuko Batzarrak ezartzen dituen irizpideei jarraikiz.

Baimenak izaten ahal dira bide orotarako edo denbora tarte eta alde jakin batzuetan ibiltzeko.

3. artikulua. Debeku da arras delako bide eta pista horietan eta udalerriko karriketan barna basoko gaiak herrestan eramatea, baita ibilgailu katedunen joan-etorria ere.

4. artikulua. Debeku da mendian barna ibiltzea, bide eta pistetatik kanpora. Debeku horrek ez du indarrik jabeek beren finketan sartu behar dutenean edo Kontzejuko nekazaritza eta abeltzaintzako jarduera eta erabileretan aritzen direnean ibilgailu motordunetan, ezta Kontzejuko herritarren etxerako egurren aprobetxamenduan aritzen direnean ere.

5. artikulua. Berariaz debeku dira lehiaketak eta ibilgailu motordunak taldeka ibiltzea, are antolaturik daudenean ere.

Taldeka ibiltzen direla ulertuko da ibilgailu motordunak hiru edo gehiago direnean, lehiaketa xederik gabe, ibilbide berari segika.

6. artikulua. Ordenantza honi dagokionez, arau-hauste administratiboak dira hauek:

a) Ordenantza honetako 4. artikuluan aipatzen diren kasuetan, ibilgailuak ibiltzea Kontzeju honen berariazko baimenik gabe.

b) Mendian barna sartzea, bide eta pistetatik kanpora, lege honetan aurreikusten diren salbuespenak salbu.

c) Aipatutako bide eta pista horietan eta Kontzejuko karriketan barna basoko eta eraikuntzako gaiak herrestan eramatea, baita ibilgailu katedunen joan-etorria ere.

d) Ibilgailu motordunean ibiltzea, berariazko baimenik gabe.

f) Ordenantza honetako aginduetako edozein urratzea.

7. artikulua. Zehapenak.

Aitzineko artikuluan aurreikusitako arau-hausteek ondoko isunak jasoko dituzte, eta horiei arau-hausleak eskuratutako irabazi osoaren zenbatekoa gehituko zaie, halako irabazirik eskuratu badu.

a) 13. artikuluko a), b), d) eta f) letretan aurreikusten diren arau-hausteek seiehun euroko zehapena izanen dute (600,00 euro).

b) 6. artikuluko c) letran aurreikusten diren arau-hausteek mila euroko zehapena izanen dute (1.000,00 euro).

8. artikulua. Zehapenak ezartzea eragindako kalte-galeren ordainetik aparte izanen da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 117. artikuluan ezarriari jarraituz.

9. artikulua. Isunen zenbatekoa eta eragindako kalte-galeren ordaina eskatzeko aukera gauzatu eta betearaziko da dagokion administrazio-espedientearen bidez, eta, hala badagokio, premiamendu-espedientea irekitzea ekar dezake horrek.

10. artikulua. Ordenantza honetan jasota ez dagoen orotan aplikatzekoak izanen dira Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea eta alor honetako legeria indarduna.

11. artikulua. Baimena emateko eskumena.

Kontzejuburuak emanen du Saigosko pistetan barna ibiltzeko baimena.

Baimen hori Saigosko bizilagunek eskatzen ahalko dute, bai eta beren ibilgailuak erabiltzeko beharra arrazoitzen duten pertsonek ere, betiere Kontzejuko Batzarrak ezartzen dituen irizpideei jarraikiz.

Baimenak izaten ahal dira bide orotarako edo denbora tarte baterako eta alde jakin batzuetan ibiltzeko.

12. artikulua. Salbuespenak.

Ordenantza honetako debekuetatik salbuesten dira zerbitzu publikoak egiteko ibilgailuen zirkulazioa (polizia, suhiltzaileak, zaintzaileak, etab.) edo nekazaritza, abeltzaintza edo basogintzako jarduerekin zerikusia duten ibilgailuen zirkulazioa, bai eta ikastetxeek sustatutako hezkuntza-jarduerak gauzatzekoa ere.

Iragarkiaren kodea: L2106364