97. ALDIZKARIA - 2020ko maiatzaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

233/2020 EBAZPENA, apirilaren 29koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, enplegurako lanbide prestakuntzaren arloko jarraibide bereziak onesten dituena, koronabirusa (COVID-19) dela-eta egun dugun egoeraren ondorioz.

Inoiz ezagutu gabeko osasun krisia da COVID-19ak eragin duen osasun publikoko larrialdi egoera. Espainiako Gobernuak eman zituen, alde batetik, martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretua, alarma egoera deklaratzen duena, eta, bestetik, martxoaren 17ko 8/2020 Errege Lege Dekretua, COVID-19aren inpaktu ekonomiko eta sozialari aurre egiteko premiazko neurri bereziei buruzkoa.

Martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretu horren 9. artikuluan, hezkuntzaren eta prestakuntzaren arloko zenbait euste neurri daude, eta horietako bat da prestakuntza jarduera presentziala etetea, enplegurako lanbide prestakuntzaren arloan. Nolanahi ere, artikulu horretan adierazten den moduan, etenaldiak dirauen bitartean hezkuntza jarduerak eginen dira, urrutiko eta “on line” modalitateen bidez, posible den guztietan.

Neurri horiek inpaktu ikaragarria izan dute enplegurako lanbide prestakuntzaren sisteman, alarma egoerak ez baitu aukerarik ematen, oro har, prestakuntza presentziala egiten jarraitzeko, eta horrek eragina du sistema honen kargura finantzatutako prestakuntza ekintza askoren gain.

Beharrezkotzat jo da, beraz, zenbait neurri ezartzea, enplegurako lanbide prestakuntza emateko baldintzak malgutzeko asmoz eta eraginkortasuna kaltetu gabe, azken hori beharrezkoa baita langileen enplegagarritasuna eta enpresen lehiakortasuna indartzeko.

Horrenbestez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuak onesten dituen azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuaren 12. artikuluan emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea enplegurako lanbide prestakuntzaren arloko jarraibide bereziak, koronabirusa (COVID-19) dela-eta egun dugun egoeraren ondorioz. Ebazpen honen I. eranskinean jaso dira.

2. COVID-19ak eragindako osasun krisiko egoera kudeatzeko xedez alarma egoera deklaratzen duen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriak aipatzen duen aukerarekin bat, aipatu jarraibideak onestea ezinbestekoa da interes orokorra babesteko. Izan ere, zenbait neurri ezartzen dituzte prestakuntza jarduera egungo egoerara egokitzeko, hura malgutzen eta haren jarraitutasuna bideratzen baitute enplegurako lanbide prestakuntzaren arloan.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122.1 artikuluari eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 57.1 artikuluari jarraikiz.

5. Aurrekoa gorabehera, etenda daude deialdiaren kontra jar daitezkeen gora jotzeko errekurtsoak aurkezteko epeak. Epeen zenbaketa berriz hasiko da martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak edo haren luzapenek indarra galtzen dutenetik.

Iruñean, 2020ko apirilaren 29an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Mirian Martón Pérez.

I. ERANSKINA

Enplegurako lanbide prestakuntzaren arloko jarraibide bereziak, koronabirusa (COVID-19) dela-eta egun dugun egoeraren ondorioz

1. Aplikazio-eremua.

Ebazpen hau aplikatuko zaie Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak kudeatutako enplegurako prestakuntza ekimen hauei:

–Dirulaguntza deialdia, langabeak direnei bereziki zuzendutako prestakuntza ekintzak gauzatzeko 2019an eta 2020an (deialdi hori Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 19ko 481E/2018 Ebazpenaren bidez onetsi zen).

–Dirulaguntza deialdia, landunak direnei bereziki zuzendutako prestakuntza programak gauzatzeko 2019an eta 2020an (deialdi hori Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen abuztuaren 27ko 278E/2018 Ebazpenaren bidez onetsi zen).

–Dirulaguntza deialdia, landunak direnei bereziki zuzendutako eta Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiari lotutako prestakuntza programak gauzatzeko 2020an (deialdi hori Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen abenduaren 26ko 4094E/2019 Ebazpenaren bidez onetsi zen).

–Dirulaguntza deialdia, kontratatzeko konpromisoa atxikita duten prestakuntza ekintzak egiteko 2020an (deialdi hori Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen abenduaren 24ko 4079E/2019 Ebazpenaren bidez onetsi zen).

–Dirulaguntza deialdia, enpresa txikiek eta ertainek beren langileentzat egindako prestakuntza ekintzak gauzatzeko 2020an (deialdi hori Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen abenduaren 30eko 4149E/2019 Ebazpenaren bidez onetsi zen).

2. Ikasgela birtuala erabiltzea prestakuntza presentzial modura.

1. Prestakuntza ekintza presentzialetan eta prestakuntza ekintza mistoko edo teleprestakuntzako zati presentzialetan ikasgela birtuala erabili ahal izanen da ekintzako prestakuntza presentziala emateko, eta hura prestakuntza presentzial moduan hartuko da.

Ondorio horretarako, honako hau hartzen da ikasgela birtualtzat: tutore-prestatzaileak eta ikasleak harremanetan egoteko ikaskuntza ingurune bat, non denbora errealean elkartzen diren, ezagutzak trukatzeko aukera ematen duen komunikazio sistema telematiko eta sinkrono baten bitartez, ikasgelan parte hartzen dutenei ikasteko aukera emanik.

2. Ikasgela birtualaren bitartez emanen den prestakuntza egituratzean eta antolatzean kontuan izan behar da une oro bermatu beharra dagoela prestatzaileak eta parte hartzen duten ikasleak konektatuta egonen direla modu sinkronizatuan, eta komunikazioak bi noranzkokoak izanen direla.

3. Prestakuntzaren iraupenaren ehuneko 50, gutxienez ere, ikasleek aldi berean parte hartuko duten taldeko saioak izanen dira.

Prestakuntza ekintzaren gainerako orduak taldeko edo banakako jarduerak egiteko erabiliko dira, baita ikasleek lanak aurkezteko edo irakaslearen tutoretzapean egiten den antzeko beste edozein prestakuntza jarduera egiteko ere, berdin modu sinkronoan zein asinkronoan. Tutorepeko jarduera horiek jaso beharko dira, hurrengo puntuan adierazten den eguneroko txostenean.

4. Prestakuntza presentziala ikasgela birtualean egiten denean, konexioen erregistro birtuala beharko da, ikasgela birtualaren aplikazioak berak sortutakoa. Erregistro horrek jaso beharko du, bitarteko horrekin egindako prestakuntza ekintza bakoitzari dagokionez, zer pertsonak hartu duten parte ikasgelan, zer egunetan eta zenbat denbora egon diren konektaturik. Horrez gain, kontrol organoei aukera emanen die, mekanismo baten bitartez, ikasgela martxan den bitartean konektatzeko, 7. puntuan adierazitako jarraipen eta kontrol jarduerak gauzatze aldera.

Irakasleek sinadura orria aurkeztu beharko dute egunero, prestakuntzan parte hartu dutenen izenak adierazita. Horrez gain, egun horretan egin dituzten jarduerei buruzko txosten labur bat idatziko du oharren eremuan. Prestakuntzaren frogak gorde beharko dira (taldeko saioen pantaila argazkiak edo grabazioak).

3. Profesionaltasun ziurtagiri bat lortzera bideratuta ez dauden prestakuntza ekintzak.

1. Prestakuntza jarduera presentziala eten ondotik eten diren prestakuntza ekintzak edo taldeak, berdin hasita egon edo ez, etenaldia bukatutakoan martxan jarri ahal izanen dira berriz ere, agintaritza eskudunak parte hartzaileen segurtasuna eta osasuna bermatzeko asmoz ematen dituen arauak beteta. Horretarako, dirulaguntzen onuradun diren entitateek jakinarazi beharko dute, prestakuntza jarduera presentzialaren etenaldia bukatzen denetik hilabeteko epean, zein diren etendako prestakuntza ekintzak emateko data, egutegi eta ordutegi berriak. Jakinarazitako prestakuntza ekintzaren ordu guztiak eman beharko dira.

2. Gerta daiteke, nolanahi ere, modalitate presentzialean edo mistoan emandako prestakuntza talde edo ekintza batzuk hasita egotea etenaldiaren aurretik. Jakinarazitako modalitatean gauzatzen jarraitu ahal izanen dira horiek, kontuan izanik saio presentzialak ikasgela birtualaren bitartez eman beharko direla, 2. puntuan adierazitakoa betez.

Kasu horretan, ikasgela birtuala edo urrutiko prestakuntza modalitate presentzialera aldatzeko baimena emanen da, baldin eta ikasleen ehuneko 70ek edo gehiagok egin badezake prestakuntza baldintza berrietan.

3. Gerta daiteke ebazpen honek indarra hartzen duen unean prestakuntza talde edo ekintza batzuk hasita ez egotea, eta alarma egoeran edo prestakuntza jarduera presentzialaren etenaldia bukatu ondoren martxan jartzea. Horiek ikasgela birtuala erabili ahal izanen dute prestakuntza presentziala egiteko, 2. puntuan adierazitakoa betez.

Kasu horretan, ikasgela birtuala edo urrutiko prestakuntza modalitate presentzialera aldatzeko baimena emanen da, baldin eta ikasle guztiek egin badezakete prestakuntza baldintza berrietan.

4. Teleprestakuntza modalitatera alda daitezke, batetik, ebazpen honek indarra hartzean hasita ez dauden prestakuntza taldeak edo ekintzak, baldin modalitate presentzialekoak badira, eta, bestetik, modalitate mistoko ikastaroen zati presentziala. Horrelakoetan, teleprestakuntza modalitate berrira egokituko zaio prestakuntza ekintzaren hasierako modalitatearen moduluaren kostua.

Kasu horretan, entitateak parte hartzaileen kopurua handitu dezake, baina, likidazioaren ondorioetarako, ezin izanen da gainditu eman zaion dirulaguntzaren zenbatekoa.

Teleprestakuntza modalitatera aldatzeak ez dakar berekin deialdiaren edo dagokion neurriaren balorazio teknikoan lortutako puntuazioa aldatzea.

Teleprestakuntza modalitatera aldatzea posible izanen da baldin eta Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren Prestakuntza Espezialitateen Katalogoan edo dagokion deialdiaren eranskinean jasota badago modalitate horren bidez eman daitekeela dagokion prestakuntza espezialitatea. Aukera hori aplikatu ahal izanen da baldin eta finantzaketa araubidean edo deialdian ezartzen bada prestakuntza jarduerak Prestakuntza Espezialitateen Katalogo horretan edo dagokion eranskinean jasotako espezialitate batekoa izan behar duela.

Gainera, prestakuntza ematen duen entitateak inskribaturik egon behar du, aldez aurretik, dagokion espezialitatea teleprestakuntza modalitatean emateko. Inskribaturik ez badago, prestakuntza entitateak dagokion erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko du teleprestakuntza modalitatean inskripzioa egiteko.

Hori egin ahal izateko, entitateek teleprestakuntzarako plataforma bat izan beharko dute, uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretuaren 4. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen dituena (errege dekretu horrek irailaren 9ko 30/2015 Legea garatzen du, lan arloko Enplegurako Lanbide Heziketaren sistema arautzen duena).

5. Prestakuntza ekintzaren eduki presentzial batzuetan esparruak, instalazioak edota ekipamenduak erabili behar dira, trebetasun praktikoak lantzeko. Eduki horiek ezin izanen dira ikasgela birtualen edo teleformazioaren bitartez eman. Prestakuntza jarduera presentzialaren etenaldia bukatu ondoren eman beharko dira, prestakuntza ekintza edo programa gauzatzeko epearen barruan.

6. Prestakuntza emateko modalitatea ikasgela birtuala edo teleprestakuntza modalitateetara aldatuz gero, entitateak data eta ordutegi berrietara egokituko ditu planifikazioa eta programazio didaktikoa, baita prestakuntza ekintzaren ikaskuntza ebaluatzeko planifikazioa ere. Prestakuntza ekintzaren ordu guztiak bete beharko dira.

4. Profesionaltasun ziurtagiri bat lortzera bideratuta dauden prestakuntza ekintzak.

1. Profesionaltasun ziurtagiriak lortzera bideratuta dauden prestakuntza ekintzak modalitate presentzialean emateko, 2. eta 3. puntuetan adierazitako neurriak aplikatuko dira.

2. Prestakuntza ekintzak emateko modalitatea alda daiteke, presentzialetik teleprestakuntzara, hasi ez diren prestakuntza taldeetan edo ekintzetan, baldin eta prestakuntza modulu osoa aldatzen bada, eta entitate onuraduna dagokion erregistroan inskribaturik baldin badago ziurtagiri bera teleprestakuntza modalitatean emateko. Prestakuntza ekintzak teleprestakuntza modalitatean emateko, aplikatu beharreko arauetan dagokion ziurtagiriari buruz ezarritako zehaztapenak bete beharko dira.

Nolanahi ere, prestakuntza modulu bakoitzaren tutoretza presentzialak eta amaierako ebaluazio probak modu presentzialean egin beharko dira, prestakuntza jardueraren etenaldia bukatu ondoren eta prestakuntza ekintza edo programa gauzatzeko epearen barruan.

3. Modalitate presentzialetik ikasgela birtualera aldatzeko baimena emanen da, baldin eta ikasleek harrera prestakuntza jasotzen badute, bidea emanen baitie metodologia hori erabiltzeko beharrezkoak diren trebetasunak lantzeko eta hartan erabiltzen diren tresnak erabiltzeko. Jarduera horrek bi saioko iraupena izan beharko du: lehen saioan sarrera eta prestakuntza emanen dira; bigarrenean, berriz, trebetasunak probatuko dira. Jarduera hori ez da kontuan hartuko profesionaltasun ziurtagiriaren orduak zenbatzean, baina ikastaroaren birprogramazioan jaso beharko da.

4. Lantokiko Prestakuntza Praktikoa modulua eten baldin bada alarma egoerak iraun bitartean, edo egiteko baldin badago, prestakuntza jarduera presentzialaren etenaldia bukatu eta jarduera presentzialak egiteko baimena ematen denean egin ahal izanen da. Horretarako, bete beharko dira parte hartzaileen segurtasuna eta osasuna bermatzeko asmoz agintaritza eskudunak ematen dituen arauak.

5. Prestakuntza ekintzak gauzatzea eta justifikatzea.

1. Prestakuntza programak eta ekintzak gauzatzeko epea luzatzen da, prestakuntza jarduera presentzialaren etenaldia zenbatekoa den, hainbatez, gehi beste sei hilabete, 2021eko ekainaren 30era arte gehienez ere.

2. Dirulaguntza justifikatzeko epea, gehienez, hilabetekoa izanen da, prestakuntza programa bukatu eta biharamunetik zenbatzen hasita (2021eko uztailaren 31 baino lehen).

6. Kostuak.

Prestakuntza ekintza presentzialaren modalitatea aldatu eta ikasgela birtualaren bitartez ematen bada ere, aplika dakiokeen moduluaren kostua ez da aldatuko, ekintza horren guztizko ordu kopurua zein den ere.

Baldin modalitate presentzialean ematekoa zen prestakuntza ekintza bat ematen hasi ez, eta hura emateko modalitatea aldatzen bada teleprestakuntza modalitatera, aplika dakiokeen moduluaren kostua aldatuko da, ekintza horren guztizko ordu kopurua zein den ere, 3.4 puntuan ezarritakoarekin bat.

7. Prestakuntza modalitatea aldatzeko baimena ematea.

Prestakuntza ekintzen hasierako prestakuntza modalitatea aldatu nahi duten entitateek eskaera bat bidali beharko dute, posta elektronikoz, sgestionf@navarra.es helbidera, informazio hau zehaztuta:

–Prestakuntza jarduera ukituak.

–Hasiera eta amaiera datak.

–Erabiliko diren baliabideak eta tresnak.

–Programa.

–Lan metodologia.

–Jardueren kronograma.

–Gaitutako ikasgela birtualetarako gonbidapena edo erabiltzen dituzten plataformetan sartzeko URLa (gonbidapena seguimiento@navarra.es helbidera bidali behar da).

–Ebaluazio sistema (profesionaltasun ziurtagiria lortzeko prestakuntzan, presentzialki egin beharko da ebaluazioa, isolamendu aldia bukatzen denean).

–Taldeko parte hartzaileen adostasuna (profesionaltasun ziurtagiria lortzera bideratuta dauden prestakuntza ekintzen kasuan, 4.3 puntuan adierazitako harrera prestakuntza egin ondoren lortu beharko da adostasun hori).

Dokumentazioa jaso ondoren, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak txostena emanen du, prestakuntza modalitatea aldatzeko baimena emateko edo hura ukatzeko.

8. Jarraipena eta kontrola.

Prestakuntzaren ikaskuntza prozesua ikasgela birtualaren bitartez gauzatzen denean, prestakuntza jardueraren jarraipen eta kontrol jarduketak denbora errealean nahiz ex post egiteko beharrezkoak diren informazioa eta tresna teknikoak emanen dira, kontrol organoek eskatuta.

Horretarako, prestakuntza eman bitartean konexioa egiteko beharrezkoak diren baliabideak jarri beharko dira hala eskatzen duten kontrol organoen eskura, egiazta dezaten prestakuntza jarduera gauzatzen ari dela eta legeetan aurreikusitako baldintzak betetzen ari direla. Era berean, erabiltzen den sistema teknikoak prest egon beharko du jardueraren erregistroak sortzeko kontrol organoentzako. Behin prestakuntza bukatuta, erregistro horiek bide eman behar dute parte hartzaile bakoitzaren konexio denborak egiaztatzeko eta parte hartzaileak identifikatzeko.

9. Finantzaketa.

Gerta daiteke prestakuntza jarduera presentziala etetea eta, horren ondorioz, geldiarazita geratzea zenbait prestakuntza talde edo ekintza. Horrelakoetan, prestakuntza jarduerari berriz ekiten bazaio aurreikusitako modalitateetatik edozeinetan, ehuneko 100 finantzagarritzat joko dira prestakuntza jarduerari berriro ekiten zaionean hartan parte hartzen ez duten ikasleak, baldin prestakuntza jardueraren ehuneko 25 egin badute, gutxienez ere.

Gerta daiteke, era berean, berriro ez ekitea prestakuntza jarduera presentziala etetearen ondorioz geldiarazitako prestakuntza talde edo ekintzei. Horrelakoetan, dagokion dirulaguntza ordainduko da, prestakuntzaren zer portzentaje gauzatu den, hainbatekoa, baldin eta prestakuntza jardueraren ehuneko 70 baino gehiago gauzatu bada (honela neurtuko da: prestakuntza orduak pertsonako). Portzentajea hortik beherakoa baldin bada, egindako prestakuntza jardueraren %50 ordainduko da (honela neurtuta: prestakuntza orduak pertsonako).

Desbideratzea onartuta egon daiteke prestakuntza talde edo ekintzen araubidean edo finantzaketa araubidean, zenbait ikaslek prestakuntza uzten baldin badute, gutxienez ere, ekintzen iraupenaren ehuneko 25 eman ondoren. Horrelakoetan, prestakuntza ekintzetan hasi diren parte hartzaileen kopuruaren ehuneko 30era arteko desbideratzeak onartuko dira.

10. Bekak eta laguntzak.

Desgaitasuna duten pertsonentzako eta genero indarkeriaren biktimentzako bekak eta martxoaren 28ko TMS/368/2019 Aginduan adierazitako familia eta lana bateratzeko laguntzak kudeatzean, modalitate presentzialean emandakotzat hartuko da ikasgela birtuala modalitate presentzialean ematen den prestakuntza. Hortaz, eskatzaileek bekak edo laguntzak jasotzeko eskubidea izaten jarraituko dute, prestakuntza jardueran parte hartzen duten egunen arabera. Horrelakoetan, eskatzaileek ez dute eskubiderik izanen aipatu agindu horretan adierazitako garraio, mantenu eta ostatatze laguntzak jasotzeko.

11. Landunak direnei bereziki zuzendutako prestakuntza programetan parte hartzea.

1. Langabeen parte hartzea handituko da, enplegu zerbitzu publikoetan lan eskatzaile gisa inskribaturik daudenena, programa bakoitzaren parte hartzaileen kopuruaren ehuneko 40ra arte. Entitateek beren prestakuntza planak birformulatu ahal izanen dituzte irizpide hori kontuan izanik. Horrelakoetan, eskaeran baloratutako landunen ehunekoak behera egiteak ez du eraginik izan behar deialdiaren edo dagokion neurriaren balorazio teknikoaren puntuazioan.

2. Desgaitasuna duten pertsonentzako prestakuntza programetan izan ezik, edozein prestakuntza programatan parte har dezakete talde hauek, programa edozein motatakoa dela ere:

a) Langileak, baldin eta haien lan harremana enplegu erregulazioko espediente baten ondorioz azkendu bada, Langileen Estatutuaren testu bateginaren 51. eta 52. artikuluetan ezarritakoari jarraituta (urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuak onetsi zuen testu bategin hori).

b) Langileak, baldin eta haien kontratuak etenda badaude aldi baterako enplegu erregulazioko espediente baten ondorioz, Langileen Estatutuaren 47. artikuluan ezarritakoarekin bat. Langileen Estatutu horren 47.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, langileek, kontratua etenda duten bitartean, prestakuntza ekintzetan parte hartu ahal izanen dute, berdin etenaldiaren arrazoiak ekonomikoak diren, teknikoak, antolakuntzakoak, ekoizpenarekin lotutakoak edo ezinbesteko arrazoiak diren. Horrelakoetan, langileak landuntzat hartuko dira, aurreko paragrafoan adierazitakoaren ondorioetarako, etenda izan arren indarrean baita enpresarekin duten lan harremana.

c) Langile autonomoak.

d) Ekonomia sozialeko langileak.

Iragarkiaren kodea: F2004705