97. ALDIZKARIA - 2020ko maiatzaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

63/2020 FORU AGINDUA, maiatzaren 5ekoa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, aldi baterako berrantolatzen duena Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko bulegoetarako babes itxituren hornidura kontratuak sinatzeko eskumena.

Alarma egoera deklaratu ondoren eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren lokal gehienetan jarduera presentziala eten ondoren, beharrezkoa da behar diren jarduketak egitea jarduera presentzialera itzultzeko, Gobernuak –egoera epidemiologikoaren bilakaera ikusita– zehazten duen heinean. Itzulera hori langileen segurtasun baldintzak betez egin behar da. Ezarri beharreko neurrien artean, babes itxiturak instalatzea dago, bai jendeari arreta emateko tokietan, bai pertsonen artean uzteko gomendatu den distantzia (2 metro) mantentzea ezinezkoa den tokietan, besteak beste.

Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 16ko 2/2018 Foru Legearen zortzigarren xedapen gehigarriarekin bat, Foru Komunitateko Administrazioko zuzendaritza nagusiek, idazkaritza tekniko nagusiek eta zerbitzu-zuzendaritzek kasuan kasuko administrazio unitatearen funtzionamendurako beharrezko gertatzen diren gastu txikiak baimentzen ahalko dituzte, baldin eta, aurrekontuetan dirua izanik, gastuen zenbatekoa ez bada 15.000 euro baino handiagoa, BEZa kenduta, zuzendaritza nagusien eta idazkaritza tekniko nagusien kasuan, eta 5.000 euro baino handiagoa, BEZa kenduta, zerbitzu-zuzendaritzen kasuan, eta eskuratu beharreko hornidurak ez badira modu zentralizatuan antolatzen.

Itxiturak erostea ez da modu zentralizatuan egin beharreko horniduratzat hartu. Beraz, unitate bakoitzak eskuratzen ahalko ditu behar dituen produktuak, betiere ezarritako muga gainditu gabe.

Dena dela, ikusirik departamentu batzuen langile bolumena eta kontuan harturik bulegoak nola dauden banatuak, litekeena da diru-muga hori nahikoa ez izatea. Kasu horretan, eskumena aipatutako zortzigarren xedapen gehigarriaren 3. apartatuan ezarritako araubide orokorrari jarraikiz erabiliko da. Horren arabera, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eremuan (erakunde autonomoak alde batera utzita) hornidura kontratuak sinatzeko eskumena kontratazio publikoaren arloan eskudun den departamentuari dagokio, aurreko apartatuan aipatutako hornidurak salbu.

Horniduren erosketa zentralizatzeko arrazoiak eraginkortasunari eta efizientziari lotuta daude, eremu publikoan erosketa prozedurak daukan garrantzi berezia dela eta. Dena dela, oraingo egoera kontuan harturik, non presako tramitazioa onartzen baita dauden beharrei erantzuteko prozedura arrunta erabili ezin den kontratuetarako, ez da uste bezain eraginkorra Ondare Zerbitzuak esku hartzea zenbait produkturen erosketa prozesuan (itxitura hauena, esate baterako). Izan ere, unitate bakoitzaren beharrak hain dira ezberdinak (itxituraren neurriak, ainguratzeko modua, zenbat denborarako behar diren, erabilera, etab.), non ez den segurua eskaerak bateratzeak ekarriko duenik produktuaren prezioa nabarmen jaistea. Aitzitik, informazioa bateratu beharrak, itxiturak eman nahi zaien erabilerarako egokiak ote diren aztertu beharrak eta erosketa prozesua bera artikulatzeak berekin ekarriko dute jarduerara itzuli ahal izateko produktu horiek eskuratzeko prozesua moteltzea. Kontu honek, gainera, garrantzi handia du; izan ere, aurreikusten da enpresek produktu gutxiago izanen dutela eskuragarri, demanda handituko baita, eta, hala, zailagoa edo garestiagoa izanen da materiala eskuratzea.

Hortaz, egokia da zortzigarren xedapen gehigarriaren 5. Apartatuan, bigarren paragrafoan, jasotako ahalmena erabiltzea, zeinaren bidez kontratazio publikoaren arloan eskumena duen departamentuko kontseilariak berrantolatzen ahal duen hornidurak kontratatzeko eskumena, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharreko foru agindu baten bidez, horren ondorioz, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren bulegoetan jarduera presentzialera itzuli ahal izateko babes itxiturak larrialdiko prozeduraren bidez erosteko eskumena geldi dadin itxitura horien hartzaile izanen den departamentu bakoitzaren esku, erosketaren prezioa kontuan hartu gabe.

Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 16ko 2/2018 Foru Legearen zortzigarren xedapen gehigarriak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Babes itxituren hornidura-kontratuak sinatzeko eskumena itxitura horien hartzaile izanen den departamentu bakoitzaren esku uztea, aldi baterako, erosketaren prezioa kontuan hartu gabe, harik eta erosketa hori COVID-19aren ondoriozko larrialditzat hartzen ahal den arte.

2. Foru agindu hau igortzea idazkaritza tekniko nagusi guztietara eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko departamentuetako kontu-hartzailetza delegatuetara.

3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2020ko maiatzaren 5ean.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Elma Saiz Delgado.

Iragarkiaren kodea: F2004759