93. ALDIZKARIA - 2020ko maiatzaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

28E/2020 EBAZPENA, apirilaren 22koa, Berrikuntzako zuzendari nagusiak emana, laguntza hauetarako deialdia onesten duena: “SAR-COV-2 birusari eta COVID-19 gaixotasunari buruzko ikerketa proiektuak”. DDBN identifikazioa: 503749.

2020ko martxoaren 19an, Carlos III Osasun Institutuak laguntza deialdi bat egin zuen SARS-COV-2ari eta COVID-19 gaixotasunari buruzko ikerketa proiektuak finantzatzeko, COVID-19 Funtsaren kargura, hori guztia COVID-19aren inpaktu ekonomiko eta sozialari aurre egiteko premiazko neurri bereziei buruzko martxoaren 17ko 8/2020 Errege Lege-dekretuaren esparruan. COVID-19 Funtsak 24 milioi euro ditu, eta laguntzak emanen dira horretarako aurrekontu-kontsignazioa dagoen bitartean.

Nafarroako Gobernuak ongi daki zientziak eta berrikuntzak sekulako garrantzia dutela epidemiari aurre egiteko, eta beharrezkoa dela esku hartzen duten erakunde guztiek modu koordinatuan jardutea.

Apirilaren 15eko 3/2020 Foru Lege-dekretuaren bidez baimena eman zaio Berrikuntzako zuzendari nagusiari banakako ebaluazio araubidean laguntzak emateko Nafarroan dauden unibertsitateei, ikerketa zentroei, teknologia zentroei eta Nafarroako Osasun Ikerketarako Institutuari, baldin eta horiek, Carlos III Osasun Institutuaren aldeko balorazioa jasota ere, ez badute finantzaketarik hartu COVID-19 koronabirusak eragindako osasun larrialdiaren ondoriozko ikerketa zientifiko eta teknikorako deialdian, deialdi horretako funtsak agortu direlako, edo, finantzaketa partziala jaso badute eta hura ez bada nahikoa aurkeztutako aurrekontu osoa estaltzeko.

Deialdi honen tramitazioa 463/2020 Errege Dekretuaren 3. xedapen gehigarrian jasotako 4. salbuespenaren babesean egin da: “deusetan galarazi gabe aurreko ataletan ezarritakoa, errege dekretu honek indarra hartzen duen unetik sektore publikoko entitateek ahalmena izanen dute alarma egoera justifikatzen duten egitateei zuzen-zuzenean lotutako egoerei buruzko prozedura administratiboei jarraipena emateko, behar bezala arrazoituta, baita, interes orokorra babesteko edo zerbitzuen oinarrizko funtzionamenduari begira, ezinbestekoak diren prozedurei ere.”

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Laguntza hauetarako deialdia onestea: “SAR-COV-2 birusari eta COVID-19 gaixotasunari buruzko ikerketa proiektuak.”

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoak betetzeko, aurrekontuko kreditu hauek baimentzen dira:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

G20001-G2100-7819-467303: COVID-19 Ikerketarako laguntzak

2020

700.000

Kreditu horri 2.000.000 euro gehitzen ahalko zaizkio gehienez. Zenbateko hori dirulaguntzei aplikatzeko, ez da beste deialdi bat egin beharko. Gehigarri hori eraginkorra izateko, kreditu gehigarria baimendu eta justifikatu behar da.

Kreditu gehigarriaren onespena eta argitalpena deialdia ebatzi baino lehen eginen dira, eta onespenak ez du ekarriko eskaerak aurkezteko epe berri bat irekitzea, ez eta ebazpenak emateko eta jakinarazteko epe berri bat hastea ere.

4. Ebazpen hau honakoei jakinaraztea:

ENTITATEA

IFZ

NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOA

Q3150012G

NAFARROAKO UNIBERTSITATEA

R3168001J

MIGUEL SERVET FUNDAZIO PUBLIKOA

G31187420

IKERKETA MEDIKO APLIKATURAKO FUNDAZIOA

G82198524

ZIENTZIA IKERKETEN KONTSEILU NAGUSIA

Q2818002D

CENER-CIEMAT FUNDAZIOA

G31679889

L’UREDERRA. GARAPEN EKONOMIKO ETA SOZIALERAKO FUNDAZIOA

G31667850

ELIKAGAIEN ARLOKO TEKNOLOGIA ETA SEGURTASUNERAKO ZENTRO NAZIONALA-EBROKO LABORATEGIA

G31096928

NAFARROAKO INDUSTRIAREN ELKARTEA

G31024706

I+G AUTOMOZIOA ETA MEKATRONIKA FUNDAZIOA

G31704232

NEKAZARITZAKO ELIKAGAIEN TEKNOLOGIEN ETA AZPIEGITUREN INSTITUTUA SA

A31864572

NAFARROAKO IKERKETA SANITARIOKO INSTITUTUA FUNDAZIOA

G71056295

5. Ebazpen hau eta haren eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau Carlos III Osasun Institutura igortzea.

7. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa para daiteke, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Iruñean, 2020ko apirilaren 22an.–Berrikuntzako zuzendari nagusia, Rosario Martínez Ortigosa.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea.

Laguntza hauen helburua da finantzatzea edo finantzatzen laguntzea COVID-19ari eta SARS-CoV-2ari buruzko ikerketa proposamenak, Nafarroako ikerketa zentro eta erakundeek aurkeztu dituztenak Carlos III Osasun Institutuaren deialdira eta, haren batzorde zientifiko-teknikoaren aldeko balorazioa izanik ere, finantzaketarik jaso ez dutenak edo finantzaketa partziala jaso dutenak.

2. oinarria.–Helburua.

Deialdi honen babesean finantzatzen diren ikerketa proposamenen helburua da laguntzea, batetik, SARS-CoV-2ak kutsatuta dauden Osasun Sistema Nazionaleko pazienteen diagnostiko eta tratamendu kliniko hobeak egiten, eta, bestetik, osasun publikoaren arloko prestakuntza eta erantzuna hobetzen, gure artean dugun SARS-CoV-2 pandemiaren testuinguruan.

3. oinarria.–Esparrua eta irismena.

Finantzatu beharreko proposamenen esparrua eta irismena Carlos III Osasun Institutuaren deialdian aipatutako berberak dira. Horrela, proposamenen helburua izan behar da ezagutza sustatzea SARS-CoV-2ari eta COVID-19ari buruz eta kutsatuengan duen inpaktuari buruz, pazientearekin jokabide efizientea izaten laguntzeko, edo osasun publikoaren prestakuntza eta erantzuna hobetzen laguntzeko; proposamenek egokiak izan behar dute larrialdi egoerarako eta, beraz, aukera eman behar dute Osasun Sistema Nazionalean berehala inplementatu eta abian jartzeko, eta denbora laburrean emaitza zehatzak izan, egungo egoerarako egokiak. Proposamen hauen oinarrian, egun betetzen ari diren jarduerak egon daitezke.

Hau izan daiteke proposamenen irismena:

a) SARS-CoV-2aren diagnostiko birologiko azkarrerako teknikak, era industrialean eskalatzeko modukoak eta osasun laguntzan aplikagarriak, lehentasunez bideratuak gizaki kutsatuen hasierako infekzio estadioen diagnostikora, eta larritasuna igartzeko bide eman dezaketenak, osasun laguntzaren estratifikazioa egiteko xedeaz.

b) COVID-19 gaixotasunaren karakterizazio kliniko-biologiko-molekularra, estadioak, estratifikazio pronostikoa eta konplikazioak.

c) SARS-CoV-2ari aurre egiteko terapia berritzaileak, molekula antibiral berriak, antiseptikoak eta desinfektatzaileak garatzea. Birusaren kontrako erresistentziari buruzko ikerketak. Esku-hartze ez-farmakologikoen, profilaktikoen eta terapeutikoen eraginkortasuna.

d) SARS-CoV-2 birusaren karakterizazioa, SARS-CoV-2aren bariazio genetikoari eta antigenikoari buruzko ezagutza, bai eta SARS-CoV-2 birusaren aurreko erantzun immunologikoari eta birusaren eta ostalariaren arteko interakzioari buruzkoa ere.

e) Txertoen garapena, eraginkortasuna eta aplikagarritasuna.

f) SARS-CoV-2aren zaintza epidemiologikoa eta epidemiologia molekularra: hilkortasunaren eta gaixotasun-tasaren intzidentzia. Hedapenerako ingurune-faktoreak eta faktore sozialak. SARS-CoV-2aren infekzioaren arrisku faktoreak eta populazio-dinamika.

g) COVID-19 gaixotasunaren inpaktu sozioekonomikoa. Oinarrizko laguntzako baliabideen, ospitaleetako baliabide orokorren eta zainketa kritikoen baliabideen erabilera.

h) Adimen artifiziala eta datu integratuen azterketa masiboa, COVID-19 gaixotasunaren kontrol epidemiologikora bideratuak.

4. oinarria.–Ikerketa proiektuek bete behar dituzten printzipioak.

1. Ikerketa proiektuek honakoetan ezarritako funtsezko printzipioak errespetatu beharko dituzte: Medikuen Mundu Elkarteak egindako Helsinkiko Adierazpenaren egungo testuan, Giza eskubideei eta biomedikuntzari buruzko Europako Kontseiluaren Hitzarmenean eta UNESCOren Giza genomari eta giza eskubideei buruzko Adierazpen Unibertsalean; horrez gain, bete beharko dituzte ikerketa biomedikoaren, datu pertsonalen babesaren eta bioetikaren arloko Espainiako legerian ezarritako betebeharrak ere.

2. Proiektuek bete beharko dituzte indarreko legezko eta arauzko xedapenak, bai eta horiek aldatzen edo garatzen dituztenak ere; zehazki hauek:

a) Gizakiekin ikertzea edo giza jatorria duten lagin biologikoak erabiltzea dakarten proiektuek bete beharko dute Ikerketa Biomedikoari buruzko uztailaren 3ko 14/2007 Legean ezarritakoa (aurrerantzean, uztailaren 3ko 14/2007 Legea), bai eta gai horiei buruzko indarreko legeria ere.

b) Animaliekin saiakuntzak egitea dakarten proiektuek indarreko lege araudian ezarritakoa bete beharko dute, eta, bereziki, azaroaren 7ko 32/2007 Legearen indarreko testua, ustiapenean, garraioan, saiakuntzetan eta hilketan animaliak nola zaindu arautzen duena, eta otsailaren 1eko 53/2013 Errege Dekretua, oinarrizko arau batzuk ezartzen dituena saiakuntzak egiteko eta beste helburu zientifiko batzuetarako, irakaskuntza barne, erabiltzen diren animaliak babesteko.

c) Genetikoki aldatutako organismoak erabiltzea dakarten proiektuek bete beharko dute arau hauetan xedatutakoa: apirilaren 25eko 9/2003 Legea, zeinak ezartzen baitu genetikoki aldatutako organismoen erabilera konfinatuaren, borondatezko askapenaren eta merkaturatzearen araubide juridikoa, eta lege horren erregelamendua onesten duen urtarrilaren 31ko 178/2004 Errege Dekretuaren testu indarduna. Era berean, aplikatzekoa izanen da martxoaren 17ko 8/2020 Errege Lege-dekretuaren zazpigarren xedapen gehigarriaren 3. puntua.

d) Agente biologikoak erabiltzea dakarten proiektuak lotu beharko zaizkio Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legearen testu indardunean eta hura garatzen duten errege dekretuetan ezarritakoari.

e) Saiakuntza klinikoak dakartzaten proiektuek bete beharko dute abenduaren 4ko 1090/2015 Errege Dekretuan ezarritakoa, haren bidez arautzen baitira botikekin egiten diren saiakuntza klinikoak, botikekiko ikerketaren etika batzordeak eta Azterlan Klinikoen Espainiako Erregistroa.

f) Giza enbrioien enbor-zelulak edo haietatik eratorritako zelula-lerroak erabiltzea dakarten proiektuak, bai eta giza jatorriko zelulak eta ehunak medikuntza birsortzailearen arloan erabiltzea dakarten ikerketa proiektuak lotu beharko zaizkio uztailaren 3ko 14/2007 Legean eta urriaren 29ko 2132/2004 Errege Dekretuan xedatutakoari, horren bidez ezartzen baitira soberakineko pre-enbrioietatik lortutako enbor-zelulekin ikerketa proiektuak garatzea eskatzeko baldintzak eta prozedura; halaber, gainerako lege araudi indarduna bete beharko dute.

g) Giza zelulekin eta ehunekin ikertzea dakarten proiektuak lotu beharko zaizkio uztailaren 4ko 9/2014 Errege Lege-dekretuaren testu indardunean ezarritakoari, haren bidez ezartzen baitira giza zelulak eta ehunak eman, lortu, ebaluatu, prozesatu, zaindu, gorde eta banatzeko kalitate eta segurtasun arauak, eta horiek gizakiengan erabiltzeko koordinazio eta funtzionamendu arauak onesten.

h) Zuzeneko titulartasun publikokoa ez den zentro bat partaide duten proiektu guztiek erantsi beharko dute haren legezko ordezkariaren idatzia, bermatzeko ez diela fakturatuko, zuzenean nahiz zeharka, parte hartuko luketen pazienteei ikerketa proiektuarekin lotutako ezein jarduera, barnean direla arreta urgenteak, programatu gabekoak edo aurreikusi gabekoak, edozein motatakoak izan arrean; konpromisoa hartuko du, halaber, parte hartuko luketen pazienteei aipatutakoaren berri emateko.

3. Jarduerarako baldintza gisa, eta proiektuen izaera kontuan hartuta, proiektuek legez ezarritako baimen edo txostenak izan beharko dituzte:

a) Ikerlari nagusia zein zentrotakoa den, zentro horretako ikerketa batzordeak edo organo baliokideak egindako txostena, proiektua alderdi guztietan bideragarria dela deklaratzen duena. Unibertsitateen eta osasun instituzioen arteko itun araubidea duten zentroen kasuan, hirugarren oinarrian aipatzen diren baldintzak ezartzen dituen 1987ko uztailaren 31ko Aginduaren bidez araututakoa izanen da. Ekainaren 28ko 1558/1986 Errege Dekretuaren 4. artikuluaren Bat puntua.

b) Beharrezkotzat jotzen diren txosten eta baimenak, Ikerketa Klinikoetarako Batzorde Etikoak eta kide anitzeko beste organo batzuek, ikerketa arloan dauden hitzarmen eta arauak betetzen direla zaintzeko arduradun direnek, emandakoak.

c) Saiakuntza klinikoak direnean, Osasun Ministerioko Botiken eta Osasun Produktuen Espainiako Agentziaren baimena.

d) Uztailaren 3ko 14/2007 Legearen 35. artikuluan aipatzen diren gaiei buruzko proiektuen kasuan, dagokion batzordeak emandako aldeko txostena.

4. 3. apartatuan aipatzen diren agiriak entitate onuradunek gordeko dituzte, baina horrek ez du ukatzen organo emaileak eginen dituen egiaztapenak eta kontrol organo eskudunek egin ditzaketen egiaztapen eta kontrol finantzarioak onartzea eta jarduketa horietan eskatzen zaizkien argibide guztiak ematea.

5. oinarria.–Onuradunak.

Laguntza horien onuradunak izaten ahalko dira Nafarroako I+G+b Sistemako exekuzioko eragile hauek, Zientziari eta Teknologiari buruzko ekainaren 27ko 15/2018 Foru Legearen 7. artikuluan zehazten direnak: unibertsitateak, ikerketa zentroak, zentro teknologikoak eta Nafarroako Osasun Ikerketarako Institutua.

ENTITATEA

IFZ

NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOA

Q3150012G

NAFARROAKO UNIBERTSITATEA

R3168001J

MIGUEL SERVET FUNDAZIO PUBLIKOA

G31187420

IKERKETA MEDIKO APLIKATURAKO FUNDAZIOA

G82198524

ZIENTZIA IKERKETEN KONTSEILU NAGUSIA

Q2818002D

CENER-CIEMAT FUNDAZIOA

G31679889

L’UREDERRA. GARAPEN EKONOMIKO ETA SOZIALERAKO FUNDAZIOA

G31667850

ELIKAGAIEN ARLOKO TEKNOLOGIA ETA SEGURTASUNERAKO ZENTRO NAZIONALA-EBROKO LABORATEGIA

G31096928

NAFARROAKO INDUSTRIAREN ELKARTEA

G31024706

I+G AUTOMOZIOA ETA MEKATRONIKA FUNDAZIOA

G31704232

NEKAZARITZAKO ELIKAGAIEN TEKNOLOGIEN ETA AZPIEGITUREN INSTITUTUA SA

A31864572

NAFARROAKO IKERKETA SANITARIOKO INSTITUTUA FUNDAZIOA

G71056295

6. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak.

1. Honako gastu hauek ordainduko dira dirulaguntzekin:

a) Kontratazio gastuak: teknikariak edo proiektua egiteko behar den gradua duten langileak, zentro onuradunekin funtzionario, estatutupeko edo lan-kontratudun gisako loturarik ez dutenak, kontratatzekoak; proiektua gauzatzeko aurreikusitako denbora osoan edo zati batean aritzen ahalko dira.

Ondorio horietarako, ulertzen da estatutupeko lotura dela, soilik, abenduaren 16ko 55/2003 Legean eta hura garatzeko arau autonomikoetan aurreikusitakoa.

Dirulaguntzari egozten ahal zaizkion gehieneko kontratazio kostuak lansari gordinen ordainketari dagozkionak izanen dira soilik, eta bat etorriko dira horretarako emandako jarraipenetan dauden lansari taulekin (Carlos III Osasun Institutuaren web orrian argitaratuko dira).

b) Exekuzio gastuak, zeinen barnean baitaude honakoak: proiektua gauzatzeko ezinbestekoa den material inbentariagarria eta ekipamendu zientifikoa; erosten den material suntsikorra eta gainerako gastu osagarriak, zuzeneko lotura dutenak proiektuaren exekuzioarekin, hala nola entitate onuradunaren ikerketari laguntzeko zerbitzu zentral eta orokor batzuen erabilera kostuak, kanpoko lankidetzak, laguntza teknikoa, kanpo kontsulten gastuak eta proiektuekin lotutako zerbitzuak: denak behar bezala justifikatuak eta proiektua ongi burutzeko beharrezkoak.

c) Emaitzak argitaratu eta zabaltzeko gastuak. Gastu hauek sartzen dira: eskuz idatzitakoak berrikustekoak; aldizkari zientifikoetan argitaratzekoak, sarbide irekia duten aldizkarietan argitaratzearekin lotutakoak barne; eta sarbide libreko gordailuetan sartzeak dakartzan gastuak.

d) Proiektua gauzatzeko eta emaitzak zabaltzeko beharrezkoak diren bidaien gastuak. Gastu horiek eta biltzarretan izena emateak dakartzanak ikerketa taldeko kide diren langileenak eta oinarri honen a) letran aipatzen diren teknikarienak izanen dira. Bidaia eta dieta gastuen kontzeptuan sar daitezkeen mantenu gastuak ukatu gabe, ez dira lagungarriak izanen protokolo izaerako otordu eta kortesia gastuak.

e) Gonbidatutako nazioarteko ikerlarien eta adituen egonaldien gastuak eta horretarako koordinazio gastuak ere sartzen ahalko dira, arrazoituta hala justifikatzen duten proiektuetan, baldin eta aditu eta ikerlari horiek nahitaezkotzat jotzen badira proiektua behar bezala gauzatzeko.

f) Diruz lagungarria izanen da, halaber, auditoretza-txostenaren kostua, hura aurkeztea galdatzen den kasuan, gehienez ere 1.500 eurokoa.

2. Emandako zenbatekoa gastu diruz lagungarrietako edozein ordaintzeko erabiltzen ahalko da, proiektuaren beharrekin bat, f) letrako gastua izan ezik, zeina aipatutako helbururako baizik ez baita erabiliko.

7. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskaerak aurkezteko epea ebazpen hau 4. oinarrian adierazitako entitateei jakinarazi eta biharamunean hasiko da, eta aurrekontuko kreditu erabilgarria ahitzen denean bukatuko da; horren berri emanen da laguntza hauek tramiteen katalogoan duten fitxan.

2. Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa).

Eskabidean adierazi beharko da jakinarazpenak telematikoki jaso nahi direla, eta horretarako gaitutako helbide elektronikoa izan beharko da. Nolanahi ere, dirulaguntza eskatzeak berekin dakar Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuari baimena ematea jakinarazpenak eta entitate eskatzaileekin egiten diren komunikazio guztiak bitarteko telematiko hutsak erabiliz egiteko.

3. Entitate eskatzaile bakoitzak eskabide bana aurkeztuko du Carlos III Osasun Institutuaren deialdian aurkeztutako interes adierazpide bakoitzeko.

4. Eskabide-orriarekin batera honako agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Carlos III Osasun Institutuari aurkeztutako interes adierazpidearen proposamena.

b) Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean dituela frogatzen duten ziurtagiriak.

c) Entitate pribatuen kasuan, laguntza publikoen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena.

d) Aurkeztutako interes adierazpideari buruz Carlos III Osasun Institututik jasotako komunikazio oro.

5. Aurkeztutako dokumentazioak betebehar horiek betetzen ez baditu, I+G+b Zerbitzuak entitate interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

8. oinarria.–Laguntzak emateko prozedura eta laguntzaren zenbatekoa.

1. Laguntza hauek emateko prozedura banakako ebaluaziokoa izanen da, Koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko premiazko neurriak onesten dituen apirilaren 15eko 3/2020 Foru Lege-dekretuaren 8.1 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

2. Proposamenak baloratzeko irizpidea izanen da Carlos III Osasun Institututik jasotako ebaluazio zientifiko teknikoa, proposamenaren bikaintasun zientifiko teknikoa kontuan hartuta.

3. Carlos III Osasun Institutuari aurkeztutako proposamenak aldeko balorazioa jaso bai, baina finantzaketarik lortzen ez badu COVID-19 funtsa agortu delako, eman beharreko laguntzak gastu diruz lagungarrien %100 eginen du.

Carlos III Osasun Institutuak %100etik beherako laguntza ematen badu, proiektua kofinantzatzen ahalko da portzentaje horretara iritsi arte.

4. Espedienteak 2. puntuko balorazio irizpidearen arabera tramitatu eta ebatziko dira, aurrekontuan horretarako kreditua dagoen bitartean. Aurrekontuetan behar adina diru ez egoteagatik kontuan hartzen ez diren eskaerak ezetsitzat joko dira.

9. oinarria.–Dirulaguntza ematea.

1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak, hau da, Osasunaren arloko I+G+b Atalak, organo eskudunari igorriko dio banakako ebazpen proposamena, eta horretan adieraziko du onuradunak dirulaguntza eskuratzeko baldintza guztiak betetzen dituela.

Ebazpen proposamenak honako hau jasoko du, gutxienez:

a) Dirulaguntza jasoko duen onuraduna.

b) Laguntzaren zenbateko orokorra.

c) Exekuzio epea, urtebete alegia, luzatzeko aukera duena, baldin eta, eskaera arrazoitua eginda, laguntza ematen duen organoak horretarako baimena ematen badu; jarraipen memoriak eta amaierakoak aurkezteko epeak ere bai.

d) Haren aurka jartzen ahal diren errekurtsoak, aurkezteko epea eta horiek ebazteko eskudun den organoa.

e) Laguntzaren xede den jarduketaren ezaugarriak direla eta beharrezkoak diren alderdi guztiak.

Laguntza emateko ebazpen guztiak Carlos III Osasun Institutura igorriko dira.

2. Berrikuntzako zuzendari nagusiak izanen du dirulaguntza emateari buruz ebazteko eskumena. Eskaera aurkezten denetik hasita, gehienez ere sei hilabeteko epean emanen da ebazpena eta jakinaraziko da, modu telematikoan, gaitutako helbide elektronikora igorriz.

Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsi direla ulertzen ahalko da. Hala ere, organo eskuduna behartua dago laguntzak eman edo ukatzeko berariazko ebazpena eman eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.

3. Baldin eta dirulaguntza esleitu ondoren deklaratzen bada dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela edo onuradunen batek dirulaguntzari uko egiten badio eta, horren ondorioz, nahikoa kreditu askatzen bada, behar adina aurrekontu ez egoteagatik hasiera batean ezetsi ziren eskaerei erantzuteko erabiltzen ahalko da diru hori.

10. oinarria.–Laguntzen ordainketa.

1. Ordainketak aurreratuak izanen dira, laguntza emateko arrazoia den jarduera egin eta justifikatu aurretik emanen baitira, apirilaren 15eko 3/2020 Errege Lege-dekretuaren 8.3 artikuluarekin bat.

2. Laguntza osoa ordainketa bakar batean ordainduko zaio onuradun bakoitzari, emateko ebazpenaren ondorioz.

3. Ez da bermerik ezartzea eskatuko, 60.000 eurotik gorako zenbatekoa duten aurrerakinak izanik ere, 33.2 artikuluko a) eta c) letrekin bat, entitate onuradunen izaera kontuan hartuta.

11. oinarria.–Egindako jarduketa justifikatzeko epea eta modua.

1. Laguntzen onuradunek justifikazioa aurkeztu beharko dute jarduera bukatu eta 3 hilabeteko epean gehienez ere, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 27. artikuluan adierazitako moduan, berezitasun hauekin:

a) 25.000 euroko edo gehiagoko laguntzen kasuan, gastuen justifikazioa eginen da justifikazio kontu baten bidez, auditore baten txostena aurkeztuta, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 17ko 136/2013 Foru Aginduan xedatuarekin bat (2013ko 89. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 13koa).

b) 25.000 euro baino gutxiagoko laguntzen kasuan, gastuen justifikazioa eginen da justifikazio kontu baten bidez, gastuen ziurtagiriak aurkeztuz.

2. Benetan egindako gastutzat joko da benetan ordaindu dena exekuzio epea hasten denetik eta laguntza justifikatzeko epea bukatu aurretik.

3. Dokumentazioa modu telematikoan aurkeztu behar da beti, laguntzen fitxaren bidez, fitxa horretan eskura dauden ereduei jarraituz.

4. Onuraduna behartua dago organo kudeatzaileak eskatzen dion edozein agiri aurkeztera, jardueren finantzaketa justifikatzeko.

5. Aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondoren, espedientea ixteko ebazpena emanen da. Jarduketak egiten ez badira, edo behar baino gutxiago egiten badira, proportzioan murriztuko da dirulaguntza.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan, onuradunek hartutako dirulaguntzak itzuli beharko dituzte.

12. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Diruz lagundutako jarduketak egin eta justifikatzea oinarri arautzaile hauetan ezarritako moduan eta epeetan, eta laguntza emateko ebazpeen bakoitzean adierazten diren berezitasunekin.

b) Proiektuaren jarraipen txostenak aurkeztea, hilabete bakoitzeko 15ean eta 30ean igorriz Berrikuntza Zuzendaritza Nagusira eta Carlos III Osasun Institutura. Jarraipen txostenak ez aurkezteak aipatutako epeetan edo Carlos III Osasun Institutuko Batzorde Zientifiko Teknikoak horien gaineko ebaluazio negatiboa egiteak ekar dezake laguntza itzultzeko prozedurari hasiera ematea.

c) Diruz lagundutako jardueren argitalpen bat edo aipamen publiko bat eginez gero, adierazi beharko da Nafarroako Gobernuak finantzatua dela.

d) Entitate onuradunak aditzera eman beharko du Nafarroako Gobernuaren finantzaketa jaso duela oinarri arautzaile hauetan jasotako jarduketei dagokienez egiten diren ikerketako eta emaitzen zabalkundeko jarduera guztietan.

Laguntzak kudeatzen dituen organoak betebehar hori betetzen dela frogatzea eskatzen ahalko du. Ez betetzeak ekartzen ahalko du emandako funtsak itzultzeko eskatzea.

e) Oinarri hauetan eta laguntza emateko ebazpenean aurreikusitakoa modu egokian betetzen dela bermatzeko behar diren egiaztapeneko eta finantza kontroleko lanak onartzea, Kontu-hartzailetza Orokorrak egin ditzakeenen kontrola ere ukatu gabe.

f) Diruz lagundutako jardueraz sortzen den dokumentazio guztian hizkera inklusibo eta ez-sexista erabiliko da, eta begiratuko da berdintasunezko irudi bat transmititzen dela, genero-rolei lotu gabekoa eta aniztasun-irudia emanez, bai emakumeei bai gizonei dagokienez, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 21. artikuluan xedatuarekin bat.

g) Dirulaguntzei buruzko foru legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezik, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da edo diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, ordaindu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

13. oinarria.–Azpikontratazioa.

Entitate onuradunek guztiz edo partzialki azpikontratatzen ahalko dute laguntzaren xede den jarduera, dirulaguntza ematea eragin zuten helburuak betetzearren. Proiektuaren guztizko aurrekontuaren %60 azpikontratatu daiteke, gehienez ere, baldin eta Berrikuntzako zuzendari nagusiak horretarako baimena ematen badu.

14. oinarria.–Laguntzen araubidea.

Deialdi honen xede diren laguntzak jarduera ez ekonomiko bati dagozkio, halakotzat ulertuta Europako Batzordeak definitzen duena “Ikerketa eta garapenerako eta berrikuntzarako estatuko laguntzei buruzko esparrua” izeneko agirian, 2014ko ekainaren 27ko EBAOn argitaratutakoan.

15. oinarria.–Dirulaguntzen bateragarritasuna eta laguntzak pilatzea.

1. Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, nazionalek nahiz atzerrikoek, gastu beretarako emandako beste dirulaguntza batzuekin.

Betiere, jarduera bererako emandako dirulaguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

2. Entitate onuradunak komunikatu behar du diruz lagundutako jarduerak finantzatuko dituzten beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk eskatu dizkiotela Estatuko administrazioari edo beste administrazio publiko batzuei, edo horietatik jaso, eta haien zenbatekoak. Egoera hori jakin bezain laster emanen da horren berri eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den justifikatu baino lehen.

16. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

I+G+b Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (https://www.pap.hacienda.gob.es/bdnstrans/es/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

17. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete 5. oinarrian aipatzen diren entitateek, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iragarkiaren kodea: F2004644