93. ALDIZKARIA - 2020ko maiatzaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

61/2020 FORU AGINDUA, apirilaren 30ekoa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana. Honen bidez, 2019. urteari dagozkion pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren eta ondarearen gaineko zergaren autolikidazioaren ereduak onesten dira, aurkezteko arauak ematen dira eta bide elektronikoz aurkezteko baldintzak eta prozedura zehazten dira.

Ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 82.1. artikuluaren arabera, zerga horri atxikiriko errentak eskuratzen dituzten subjektu pasiboek zerga horri dagokion aitorpena aurkeztu eta sinatzeko betebeharra izanen dute; gainera, aitorpenik aurkeztu beharrik ez duten subjektu pasiboek ere aurkezten ahalko dute, baldin eta kuota likidoa gainditzen duten atxikipenak eta konturako sarrerak jasan badituzte edo zatikako ordainketak egin, dagokien zenbatekoa itzul dakien.

Aipatu testu bateginaren 82.2 artikuluan ezartzen denaren arabera, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak onesten ahalko du aitorpena egiteko modalitate erraztu edo berezien erabilera, aitorpenak aurkezteko modua, epeak, tokia eta inprimakiak ezartzen ahalko ditu, eta aitorpenarekin batera aurkeztu behar diren agiri eta frogagiriak zehazten ahal ditu.

Bestalde, testu bategin horren 83. artikuluak (maiatzaren 24ko 174/1999 Foru Dekretuak onesten duen zergaren Erregelamenduaren 57. artikuluaren bidez garatua) xedatzen duenaren arabera, zerga horren aitorpena egitera behartuta dauden subjektu pasiboek, beren aitorpena aurkezten dutenean, dagokien zerga zorra zehaztu eta tributuen gaietan eskumena duen departamentuko titularrak finkatutako tokian, moduan eta epeetan ordaindu behar dute. Gainera, aukera ematen da dirua zatitan sartzeko, interesik eta errekargurik gabe, erregelamendu bidez ezartzen den moduan.

Testu bategin horren 84. artikuluak ahalmena ematen dio Ekonomia eta Ogasun Departamentuari subjektu pasiboei autolikidazioaren proposamen bat bidaltzeko, departamentu horretako kontseilariak ezartzen dituen baldintzetan. Zergadunek zerga betebeharrak errazago bete ditzaten, bereziki autolikidaziorako proposamenetatik ateratzen den emaitzaren diru-sarrera egin beharra denean, eta Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 51. artikuluan eta uztailaren 2ko 177/2001 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Foru Komunitateko Diru-bilketari buruzko Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritakoarekin bat, proposamen positiboen ondoriozko zorra bi zatitan helbideratuko da, horietako bakoitza zorraren %50ekoa, proposamenean berean ageri den banku-kontuan eta foru agindu honetan ezarritako egunetan. Dena dela, zergadunak proposamenaren ordainketa helbideratu nahi ez badu edo helbideratzeko kontua aldatu nahi badu, foru agindu honetan ezartzen dira ordainketaren helbideratzea deuseztatu edo aldatzeko beharrezkoak diren bideak.

Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren zazpigarren xedapen gehigarrian baimena ematen zaio zerga arloko eskumena duen departamentuaren titularrari foru agindu bidez arautu dezan zergadunek eta entitateek zein kasu eta baldintzatan aurkezten ahal dituzten baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen bitartez aitorpenak, jakinarazpenak, aitorpen-likidazioak, autolikidazioak edo tributuen arloko araudiak eskatutako beste agiri guztiak.

Hori horrela, Nafarroako Foru Ogasunaren esparruan baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen erabilera arautzen duen uztailaren 17ko 50/2006 Foru Dekretuaren azken xedapenetako lehenak Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariari baimena ematen dio, bere eskumenen barruan, foru dekretua garatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.

Gaikuntza horretaz baliaturik, foru agindu honen bidez onesten da 2019ko ekitaldiari dagokion pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpen eredua. Eredu hori egokituta dago, besteak beste, lege hauetan eginiko aldaketetara: Zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeari buruzko abenduaren 27ko 30/2018 Foru Legeak Zergaren Foru Legearen testu bategina eta Zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeari buruzko abenduaren 23ko 29/2019 Foru Legea.

Ondarearen gaineko zergari dagokionez, tributu hori arautzen duen azaroaren 19ko 13/1992 Foru Legearen 36. artikuluaren arabera, subjektu pasiboek honako kasu hauetan aurkeztu behar dute aitorpena: haien zerga-kuota, zergari buruzko arauei jarraikiz zehaztua eta bidezkoak diren kenkariak eta hobariak aplikatu ondoren, ordaintzekoa dela ateratzen denean, edo, halaber, egoera hori ez izan arren, haien ondasun edo eskubideen balioa, zergari buruzko arauei jarraikiz zehaztua, 1.000.000 eurotik gorakoa denean. Azkenik, lege testu horren 37. eta 38. artikuluen arabera, aitorpena aurkezten dutenek, alde batetik, autolikidazioa egin eta dagokion zenbatekoa sartu behar dute Ekonomia eta Ogasun Departamentuak finkatzen dituen tokian, moduan, epeetan eta inprimakietan, eta, bestetik, agindutako agiri eta frogagiriak aurkeztu eta aitorpena sinatu behar dute.

Azaroaren 19ko Ondarearen gaineko Zergari buruzko 13/1992 Foru Legearen 38. artikuluan Ekonomia eta Ogasun Departamentuari ematen zaion gaikuntza erabiliz, foru agindu honek Internet bidezko aurkezpen elektronikoa ezartzen du, modu bakar bezala, ondarearen gaineko zergaren 2019ko ekitaldiko aitorpenak aurkezteko.

Kontuan harturik pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren eta ondarearen gaineko zergaren 2019ko sortzapena egin dela, beharrezkoa da xedapen batzuk ematea aitorpenen aurkezpena arautzeko, bai eta tributu-zorrak ordaintzeko aitorpen ereduak, moduak eta epeak ezartzeko eta zergadunen eskura jartzen diren autolikidaziorako proposamenen baldintzak xedatzeko ere.

Horrenbestez,

AGINTZEN DUT:

1. artikulua. Nor dagoen beharturik pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena aurkeztera.

1. Hitzarmen Ekonomikoaren 8. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ohiko bizilekua Nafarroan izan eta zerga honen menpeko errentak lortzen dituzten subjektu pasiboak behartuta daude 2019ko zergaldiko pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena aurkeztera.

2. Familia-unitatea osatzen duten subjektu pasiboek zerga batera ordaintzen eta baterako aitorpena aurkezten ahalko dute, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren VI. tituluan xedatutakoari jarraikiz (testu bategina ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen). Kasu horretan, honako lotura hauetako bat dagoela frogatu beharko dute: ezkontza bidezkoa, bikote egonkorra, Nafarroako Foru Komunitateko bikote egonkorren Erregistro Fiskalaren edukia eta funtzionamendua arautzen dituen Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren otsailaren 19ko 73/2014 Foru Aginduan ezarritakoari jarraikiz, edo, kasua bada, seme-alabak izatea (kasu honetan, aipatutako testu bateginean ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte).

Baterako tributazioaren aukerak familia-unitateko kide guztiak harrapatu behar ditu. Haietako batek banako aitorpena aurkezten badu, gainerakoek ere banaka egin beharko dute aitorpena.

Familia-unitate bateko kide diren subjektu pasibo guztiek ez badute Nafarroan beren ohiko bizilekua eta baterako aitorpena aukeratzen badute, behartuta egonen dira aitorpena Foru Komunitatean aurkeztera lurralde horretan bizi bada likidazio-oinarri handiena duen familia-unitateko kidea, likidazio-oinarria dagokion araudiari jarraituz kalkulatuta.

3. Familia-unitaterik osatzen ez duten subjektu pasiboak edo, osatu arren, baterako zergapetzea aukeratzen ez dutenak ez daude aitorpena egitera beharturik, errentak ondoko bideetatik soilik jaso badituzte:

a) Urtean 12.600 eurotik beherako lan etekin osoak.

b) Ondasun higigarrien kapitalaren etekinak eta ondare gehitzeak, atxikipenaren edo konturako diru-sarreraren menpe daudenak, baldin eta bien artean, urtean eta osorik, 1.600 eurotik beherakoak badira.

Letra honetan xedatutakoa ez da aplikatuko inbertsio kolektiboko erakundeen akzioen eta partaidetzen eskualdaketek edo diru-itzulketek eragindako ondare-gehikuntzetan, haien atxikipen-oinarria zerga-oinarrian sartu beharreko zenbatekoaren arabera zehazterik ez dagoenean, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Erregelamenduaren 80.2 artikuluan ezarritakoarekin bat (maiatzaren 24ko 174/1999 Foru Dekretuak onetsi zen erregelamendu hori).

4. Dena dela, aitorpena aurkezteko betebeharra ez izanik ere, ezinbestekoa da hura aurkeztea kuota likidoa gainditzen duten atxikipenak eta konturako sarrerak edo zatikako ordainketak itzultzeko eskaera egin gogo duten subjektu pasiboentzat.

2. artikulua. Nor dagoen beharturik ondarearen gaineko zergaren aitorpena aurkeztera.

Hitzarmen Ekonomikoaren 17. artikuluan xedatutakoaren arabera, betebehar pertsonala edo, bestela, betebehar erreala dutelako, zerga Foru Komunitatean ordaindu behar duten subjektu pasiboak behartuta daude ondarearen gaineko zergaren 2019ko aitorpena aurkeztera, baldin eta tributu-kuota, zergari buruzko arauei jarraikiz zehaztua eta bidezkoak diren kenkariak eta hobariak aplikatu ondoren, ordaintzeko dela ateratzen bada, edo, halaber, egoera hori ez izan arren, haien ondasun edo eskubideen balioa, zergari buruzko arauei jarraikiz zehaztua, 1.000.000 eurotik gorakoa bada, Ondarearen gaineko Zergari buruzko azaroaren 19ko 13/1992 Foru Legearen 36. artikuluan xedatutakoaren arabera.

3. artikulua. Onestea pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpen eredua eta ondarearen gaineko zergaren aitorpen eredua, 2019. urteari dagozkionak.

1. 2019. urteko pertsona fisikoen errentaren gaineko zergarako F-90 aitorpenaren eredua onesten da. Foru agindu honen I. eranskinean ageri da.

Inprimakiak sortzeko zerbitzuaren bidez (https://hacienda.navarra.es helbidean eskura dago), ordainketa-gutunaren 710 eredua eskuratzen ahalko da, beharrezkoa izanen dena tributu-zorra ordaintzeko, baldin eta ez bada banku helbideratzea erabili ordainketa egiteko.

2. 2019ko ondarearen gaineko zergarako F-80 aitorpenaren eredua onesten da, foru agindu honen II. eranskinean ageri dena.

Inprimakiak sortzeko zerbitzuaren bidez (https://hacienda.navarra.es helbidean eskura dago), ordainketa-gutunaren 711 eredua eskuratzen ahalko da, beharrezkoa izanen dena tributu-zorra ordaintzeko, baldin eta ez bada banku helbideratzea erabili ordainketa egiteko.

4. artikulua. Nola egin pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena eta ondarearen gaineko zergaren aitorpena.

Aitorpena egitean, I. eta II. eranskinetan onetsitako aitorpen ereduek eskatzen dituzten datu guztiak, interesdunei dagozkienak, jarri beharko dira; hala, interesdunen egoera pertsonal eta ekonomikoaren, ondarearen eta informazioaren arabera bete beharreko lauki guztietan jarri beharko dira datuak.

5. artikulua. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena eta ondarearen gaineko zergaren aitorpena aurkezteko epea.

2019. urteari dagozkion pertsona fisikoen errentaren zergaren eta ondarearen gaineko zergaren aitorpenak 2020ko maiatzaren 6tik uztailaren 20ra bitarte aurkeztu beharko dira, biak barne.

Aurreko paragrafoan zehaztutako epea bukatuta, 6. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan aurreikusitako modalitateetan baino ezin izanen dira aurkeztu pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenak.

6. artikulua. Nola aurkeztu pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenak.

Modalitate hauetakoren bati jarraituz aurkeztuko dira pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenak:

1. Autolikidaziorako proposamena.

1. Modalitate honi heltzeko, Nafarroako Foru Ogasunak autolikidaziorako proposamen bat prestatu beharko dio zergadunari, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 84. artikuluan xedatutakoarekin bat.

2. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren autolikidaziorako proposamenean, subjektu pasiboak 2019. urtean izandako errentari buruzko datuak bildu beharko dira; proposamena zerga horren pean dauden subjektu pasiboetako edozeinen eskura jartzen ahalko da, familia-unitatea osatu edo ez.

3. Zergadun bati autolikidaziorako proposamena prestatu bazaio, Nafarroako Foru Ogasunaren web-orriaren bidez eskuratzen ahalko du (https://hacienda.navarra.es helbidean). Hortik, autolikidaziorako proposamenaren edukia ikusi eta inprimatzen ahalko da.

4. Subjektu pasiboak uste badu autolikidaziorako proposamenean zuzen islatu dela zerga horren ondorioetarako duen tributu egoera, artikulu honetako hurrengo apartatuetan adierazten den bezala berresten ahalko du. Kasu horretan, proposamenak aitorpen eta autolikidazio izaera izanen du, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen 82., 83. eta 84. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz.

5. Autolikidaziorako proposamenean diru kopuru bat zehazten bada ordaintzeko, aitorpena berretsitzat hartuko da zorra oso-osorik ordaindutakoan edo, ordainketa zatikatzen bada, haren lehenbiziko zatia 11. artikuluan adierazitako epean ordaindutakoan. 5. artikuluan ezarritako epean diru-sarrera egin ezean edo proposamenari berariaz uko eginez gero Interneten bidez, aurrez aurre edo telefono bidez eskainitako prozedurak erabiliz, subjektu pasiboak autolikidaziorako proposamena ez duela berretsi ulertuko da eta, horrenbestez, dagokion aitorpena aurkeztu beharko du, horretara behartua badago, artikulu honetan ezartzen diren beste modalitateetako baten arabera.

Proposamenaren arabera ordaindu behar den diru kopurua bi zatitan helbideratuko da, bakoitza %50ekoa, 11.2 artikuluan ezarritako egunetan, autolikidaziorako proposamenean adierazitako banku-kontuan.

Subjektu pasiboak ordainketa modua aldatu eta bi zatitan ordaindu beharrean zati bakarrean ordaindu nahi baldin badu, helbideratzeko kontua aldatu nahi badu edo zorraren ordainketa helbideratu nahi ez badu, honako baliabide hauek izanen ditu aldaketa horiek egiteko eta helbideratze hori deuseztatzeko: https://hacienda.navarra.es webgunea; telefonoz deitzea Nafarroako Foru Ogasunak kanpaina bitartean herritarrei kasu egiteko jartzen dituen zenbakietara (interesdunaren IFZ eta PIN zenbakiak adieraziz betiere); ziurtapen digitala, NAN digitala edo Nafarroako Foru Ogasunak egiaztapen digitalerako onartzen dituen gainerako prozedurak. Aldaketa horiek 2020ko uztailaren 10a baino lehen egin beharko dira.

6. Autolikidaziorako proposamenean “zero” kuota zehazten bada, hura berretsitzat hartuko da subjektu pasiboak ez badio berariaz uko egiten Interneten horretarako prest dauden prozedurak baliatuz, edo aurrez aurre edo telefono bidez, 5. artikuluan adierazitako epean. Bestela, ulertuko da ez dagoela berretsita autolikidaziorako proposamena, eta kasuan kasuko aitorpena aurkeztu beharko da, horretara behartuta egonez gero, artikulu honetan aurreikusitako modalitateetako baten arabera.

7. Autolikidaziorako proposamenean diru kopuru bat itzuli behar dela, zehazten bada, hura berretsitzat hartuko da baldin eta, itzulketaren zenbatekoa jaso eta, 5. artikuluan adierazitako epean, subjektu pasiboak zerga honen aitorpena aurkezten ez badu edo Interneten bidez, aurrez aurre eta telefono bidez ezarrita dauden prozedurak erabiliz berariaz uko egiten ez badio. Proposamenari uko egin zaiola joko da subjektu pasiboak itzultzen duenean Nafarroako Foru Ogasunak itzulitako kopurua, 5. artikuluan ezartzen den epean. Proposamenari uko eginez gero, subjektu pasiboak berretsi gabe izanen du autolikidaziorako proposamena, eta dagokion aitorpena aurkeztu beharko du, horretara behartua badago, 1.4 artikuluan ezarritakoa galarazi gabe.

Horretarako zehaztutako kontuan ordainduko da itzulketa hori, non ez duen subjektu pasiboak kontrakoa adierazten itzulketa egin baino lehenago, dela aurrez aurre Nafarroako Foru Ogasuneko bulegoetan, dela baliabide elektronikoak erabiliz, horretarako zergadunen eskura jartzen diren aplikazioen bitartez.

8. Subjektu pasiboak, autolikidaziorako proposameneko itzulketaren zenbatekoa jaso ondoren, aitorpen bat aurkezten badu eta aitorpen horrek, aurreko apartatuan xedatutakoaren arabera, proposamena indarrik gabe uzten badu, honela jokatuko da:

a) Aurkeztutako autolikidazioaren zenbatekoa zergadunari itzultzekoa denean:

a´) Itzuli beharreko zenbatekoa jasotako itzulketa baino handiagoa bada, tributu arloko Administrazioak ofizioz itzuliko du aldea.

b´) Itzuli beharreko zenbatekoa jasotako itzulketa baino txikiagoa bada, subjektu pasiboak 710 ereduko ordainketa-gutunaren bidez ordaindu beharko du aldea, 2020ko uztailaren 20ra arteko epean, egun hori barne. Kasu horretan ezin da ordainketa helbideratu.

c´) Emaitza berbera bada, ez da inolako jarduketarik egin beharko.

b) Aurkeztutako autolikidazioaren zenbatekoa ordaintzekoa denean:

a´) Subjektu pasiboak epe bakarrean helbideratzen badu ordainketa, oker egindako itzulketaren zenbatekoa gehi aurkeztutako autolikidazioan ordaintzeko ateratzen den diru kopurua kobratuko ditu tributu arloko Administrazioak, 2020ko uztailaren 20an.

b´) Subjektu pasiboak bi epetan helbideratzen badu ordainketa, tributu arloko Administrazioak honela kobratuko du: 9. artikuluan adierazitako lehenengo epean, oker egindako itzulketaren zenbateko osoa gehi aurkeztutako autolikidazioan ordaintzeko ateratzen den zenbatekoaren %50. Bigarren epean, berriz, aurkeztutako autolikidazioan ordaintzeko ateratzen den zenbatekoaren gainerako %50a kobratuko du tributu arloko Administrazioak.

c´) Subjektu pasiboak zerga-zorra ordainketa-gutun baten bidez ordaintzea erabakitzen badu, a`) eta b´) letretan adierazi diren baldintzen arabera jokatuko da ordainketaren zatikatzeari, zenbatekoei eta epeei dagokienez.

2. “On line errenta” modalitatea, aurkezpen elektronikoa Internet bidez egitekoa.

Baliabide elektronikoen bitartez aurkeztuko dira modalitate horretako aitorpenak, “Nafarroako errenta” aplikazioa erabiliz, Nafarroako Foru Ogasunak zergaren subjektu pasiboen eskura jartzen duena https://hacienda.navarra.es helbidean. Kasu horretan, aitorpenaren F-93 frogagiria jasoko da.

3. Aurkezpena laguntza programaren bidez.

1. Aitortzaileek izenpeturiko aitorpenek balioa izanen dute, foru agindu honetan onesten den F-90 ereduaren edukiarekin bat datozen inprimakietan aurkeztuta; horiek sortzeko, Nafarroako Foru Ogasunak garatutako laguntza programa erabili behar da, https://hacienda.navarra.es web-orritik deskargatu ondoan. Kasu horretan, aitorpenaren F-93 frogagiria jasoko da.

Laguntza programaren bidez sortutako inprimakia elektronikoki igorriko da. Salbuespenez, igorpen elektronikorik egin ezin denean, F-93 frogagiria, inprimatu ondoan, 10. artikuluan zehazturiko bulegoetako edozeinetan aurkezten ahalko da, grabazio automatikoa egin dakion barra-kodea irakurriz. Dena dela, aitorpenak ordezkari baten bitartez aurkeztuz gero, bide elektronikoz bakarrik aurkezten ahalko dira.

2. Halaber, aitorpenak egin eta aurkezteko beste programa batzuk erabiliz aurkezten diren aitorpenek ere balioa izanen dute, soilik prozedura elektronikoak erabiliz gero, baldin eta inprimakiek honako datu hauek jasotzen badituzte gutxienez: datu pertsonal, ekonomiko eta informatiboak, beharrezkoak direnak etekinak, ondare gehikuntzak eta gutxitzeak, zerga-oinarriaren murrizketak, kenkariak eta zerga zehazteko beharrezkoak diren guztiak kalkulatzeko, foru agindu honen I. eranskinean onesten den aitorpen ereduan deskribatutako laukietan eskatzen baitira. Aipatu diren beharrezko datu horietako batzuk aitorpenetan agertzen ez badira, Nafarroako Foru Ogasunak zilegi izanen du okerra zuzentzeko eskatzea. Eskatutakoa ematen den epean ongi betetzen bada, aurkeztutako aitorpena berretsiko da. Bestela, ez aurkeztutzat jotzen ahalko da, indarra duen araudian ezarritako legezko ondorioekin.

4. Aurkezpena Nafarroako Foru Ogasunak aitorpenak egiteko ematen duen “Errenta gidatua” laguntza zerbitzuaren bidez.

1. Zergadunek erabili nahi badute “Errenta gidatua” laguntza zerbitzuaren bidezko aurkezpen modalitatea, hura eskatzeko, Nafarroako Foru Ogasunak zerbitzu horretarako ezarritako jarraibideak bete beharko dituzte, eta kasuan-kasuan aitorpenak egiteko eskatzen zaien dokumentazioa aurkeztu, jakinarazten zaizkien moduan eta epeetan. Jarraibide horien gaineko kontsultak https://hacienda.navarra.es web-orrian egin daitezke, edo kanpainan gaitzen diren telefonoetan.

Zergadunak dokumentazioa aurkezten ez badu horretarako eskatu zaion epean, ulertuko da atzera egin duela aitorpena modalitate horretan aurkezteko eskaeran.

2. Zergadun bat kasu hauetakoren batean dagoenean 2019an jasotako errenten izaerari eta zenbatekoei dagokienez, ezin izanen dio modalitate honi heldu pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenak aurkezteko:

a) Urtean 65.000 eurotik gorako lan etekin osoak.

b) Enpresa edo lanbide jardueraren ondoriozko diru-sarrerak, zuzeneko zenbatespen erraztu edo arruntaren araubidean tributatzen dutenak.

c) Errentan izandako bi higiezin edo gehiago, edo guztira 24.000 eurotik gorako diru-sarrerak aurreko urtean aitortutako kapital higiezinaren etekinarengatik.

d) 2019an bi eskualdaketa edo gehiago egin izana notario-protokolo bidez 10.000 eurotik gorako zenbatekoarekin.

e) 2019an akzioen edo beste balore higigarri batzuen bi eskualdaketa edo gehiago egin izana 10.000 eurotik gorako balioarekin.

f) Errentak eratxikitzeko araubideko entitate bateko partaide izatea, baldin entitate horrek parte hartzen badu zuzeneko zenbatespenaren araubideko tributazioa duen enpresa jarduera batean.

Baterako tributazioaren kasuan, egiaztatzen bada ezkontide bat edo bikote egonkorreko kide bat egoera honetan dagoela, bikote ezkondua edo egonkorra eratzen duten bi kideetako batek ere ezin izanen du zerbitzu hori eskuratu.

3. Zergadun batek aitorpena aurkeztua duenean 2., 3. edo 5. apartatuetan aurreikusitako modalitateetan, orobat, ezin dio modalitate honi heldu aitorpenak aurkezteko.

5. Aurkezpena entitate laguntzaileek aitorpenak egiteko ematen dituzten laguntza zerbitzuen bidez.

Aitorpenak aurkez daitezke Nafarroako Foru Ogasunaren entitate laguntzaileen bidez, entitate horiek aitorpenak egiteko laguntza zerbitzua ematen badute. Nafarroako Foru Ogasunaren web-orrian (https://hacienda.navarra.es) begiratu daiteke zer entitate laguntzailek ematen duten zerbitzu hori eta zer epe eta baldintza bete behar den emateko.

7. artikulua. Nola aurkeztu ondarearen gaineko zergaren aitorpenak.

1. Ondarearen gaineko zergaren aitorpenak Interneteko bide elektronikoa erabiliz aurkeztu behar dira nahitaez.

2. Aitorpenek balioa izateko, elektronikoki aurkeztu eta foru agindu honen bidez onesten den F-80 ereduaren edukiarekin bat etorri behar dute; horiek sortzeko, Nafarroako Foru Ogasunak garatutako laguntza programa erabili behar da (https://hacienda.navarra.es web-orrian deskargatzen ahal da programa hori). Orobat, helbide berean eskuratzen ahalko da ordainketa-gutunaren 711 eredua, eta gutun hori beharrezkoa izanen da tributu-zorra ordaintzeko, baldin eta ez bada banku helbideratzea erabili ordainketa egiteko.

3. Halaber, aitorpenak egin eta aurkezteko beste programa batzuk erabiliz aurkezten diren aitorpenek ere balioa izanen dute, soilik prozedura elektronikoak erabiliz gero, baldin eta inprimakiek honako datu hauek jasotzen badituzte gutxienez: datu pertsonal, ekonomiko eta informatiboak, beharrezkoak direnak zerga-oinarriak, kenkariak eta zerga zehazteko beharrezkoak diren guztiak kalkulatzeko, foru agindu honen II. eranskinean onesten den aitorpen ereduan deskribatutako laukietan eskatzen baitira. Aipatu diren beharrezko datu horietako batzuk aitorpenetan agertzen ez badira, Nafarroako Foru Ogasunak zilegi izanen du okerra zuzentzeko eskatzea. Eskatutakoa ematen den epean ongi betetzen bada, aurkeztutako aitorpena berretsiko da. Bestela, ez aurkeztutzat jotzen ahalko da, indarra duen araudian ezarritako legezko ondorioekin.

8. artikulua. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenari dagozkion agiriak.

1. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren subjektu pasiboak behartuta egonen dira beren aitorpenetan sartu beharreko mota guztietako eragiketa, errenta, gastu, sarrera, murriztapen eta kenkarien agiri eta frogagiriak gordetzera, zergaren preskripzio epeak dirauen bitartean.

2. Artikulu honetan ezarritakoa galarazi gabe, kuotako kenkariak eta gastuak justifikatzerakoan jarraibide izanen dira fakturazio betebeharrak arautzen dituen Erregelamendua, apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuaren bidez onetsia; ekainaren 12ko 228/2007 Foru Agindua, fakturazio telematikoari eta fakturak baliabide elektronikoetan gordetzeari buruzko zenbait xedapen garatzen dituena; eta Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren abuztuaren 20ko 3/2019 Foru Agindua, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren erregistro liburuak eraman eta eginbidetzeko modua arautzen duena.

3. Oro har, subjektu pasiboak ez daude behartuta 1. apartatuan aipatutako agiri eta frogagiriak Nafarroako Foru Ogasunaren esku uztera, erakunde horrek berariaz eskatzen duenean izan ezik; hori hala izanen da, aitorpena berrikusi, likidatu eta ikuskatzeko edo diru-bilketa egiteko indarreko arauak betez eta instruitu edo ebatzi dezakeen edozein administrazio prozedurari jarraikiz.

Bereziki, zergadunak dokumentazioa aurkeztu behar du frogatzeko inbertsioak egin dituela ibilgailu elektrikoetan edo hibrido entxufagarrietan.

Gainera, aitorpenak arinago berrikusi ahal izateko, aitortutako datuak bat ez datozenean aitorpena egiteko programak aitorpenean sartutako datuekin, zergadunek bidezkotzat jotzen duten dokumentazioa aurkezten ahalko dute diferentzia justifikatzeko. Horrek ez du galaraziko Nafarroako Foru Ogasunak dokumentazioa eskatu ahal izatea, 3. apartatuan ezarritakoarekin bat.

Interneten (http://hacienda.navarra.es) eskuragarri dagoen “Dokumentazioa erantsi” aplikazioaren bitartez aurkeztuko da 3. apartatuan aipatzen den dokumentazioa, lehentasunez.

9. artikulua. Ondarearen gaineko zergaren aitorpenari dagozkion agiriak.

Aitorpenetan, subjektu pasiboek beraiei dagozkien datu guztiak jarri beharko dituzte, eta aitorpenean azaltzen diren datu horiei buruzko agiriak eta frogagiriak gorde beharko dituzte zergaren preskripzio epean.

10. artikulua. Non aurkeztu pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena.

Subjektu pasiboak F-93 aitorpenaren egiaztagiria aurkezten ahalko du, salbuespenez igorpen elektronikorik egin ez denean, Nafarroako Foru Ogasuneko bulegoetako edozeinetan, edo posta ziurtatu bidez igorri Errenta Kanpainako Bulegora (Ezkirotz kalea 20 bis, Iruña).

11. artikulua. Nola ordaindu pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren eta ondarearen gaineko zergaren zorrak. Zerga-zorra zatitzea eta ordainketa helbideratzea.

1. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren eta ondarearen gaineko zergaren autolikidazio positiboetatik ateratzen den zenbatekoa, 710 eta 711 ereduko ordainketa-gutunak erabiliz, hurrenez hurren, ordaintzen ahalko da Nafarroako Foru Ogasunaren laguntzaile den edozein finantza entitatetan edo, 3. apartatuan zehazten diren inguruabarrak ematen direnean, bankuan helbideratuz. Ezin izanen da ordaindu banku transferentzia bidez.

2. Ordainketa hori bi zatitan egin daiteke, interes eta errekargurik gabe: lehenbizikoa, zorraren %50, 2020ko uztailaren 20a arte, eta bigarren zatia, gainerakoa, 2020ko azaroaren 20a arte, biak barne.

Zatika ordaintzeko aukera horretaz baliatu ahal izateko, ezinbestekoa izanen da subjektu pasiboek aitorpena aurkeztea 5. artikuluan ezarritako epearen barrenean, eta lehenengo zatiari dagokion diru-sarrera aurreko lerroaldean aipatu epearen barrenean gauzatzea.

Nolanahi ere, Sozietateen gaineko Zergaren abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legearen hirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoarekin bat, indarrean den araudiaren arabera ekintzaile izaera duten enpresaburu eta profesionalek aukera izanen dute, aldez aurretik eskatuta, 2021eko uztailaren 20ra arte geroratzeko (egun hori barne) pertsona fisikoen errentaren gaineko 2019. urteko zergatik ordaindu beharreko kuotaren zatiaren diru-sarrera, jarduera ekintzailearen etekin garbiei proportzioan dagokiena, bermerik jarri behar izan gabe eta berandutze-interesen sortzapenik gabe. Kasu horretan, geroratzen den kuota zatiak gutxitu eginen du ordaindu beharreko kuota, apartatu honen lehen paragrafoak aipatzen duena.

3. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren edo ondarearen gaineko zergaren aitorpena borondatezko epean aurkezten denean (2020ko maiatzaren 6tik uztailaren 9ra arte, hori barne) Ekonomia eta Ogasun Departamentuak zergadunen eskura jarritako prozedura automatikoak eta elektronikoak erabiliz, zerga-zorra, osorik edo zatika, ordaintzen ahalko da Nafarroako Foru Ogasunaren diru-bilketan laguntzen duten finantza entitateetako edozeinetan irekitako kontu batean helbideratuz.

Uztailaren 10etik 20ra bitarte (biak barne) aurkezten bada, bide automatiko eta elektroniko horiek erabiliz, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena edo ondarearen gaineko zergarena, 710 ereduko ordainketa-gutuna erabiliz baino ezin da egin zatikapenaren lehenengo zatia, 2020ko uztailaren 20ra arte. Zatikapenaren bigarren zatia 2020ko azaroaren 20ra arte ordainduko da, hori barne, modu bera erabiliz edo bankuan helbideratuz.

Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena, salbuespenez, aitorpenaren F-93 frogagiria erabiliz aurkezten denean igorpen elektronikorik ez egiteagatik, honela egin beharko da diru-sarrera:

a) Bi zatitan egitea erabakitzen bada, bata 2020ko uztailaren 20ra arte, egun hori barne, ordainduko da ordainketa-gutuna (710 eredua) erabiliz, eta bestea, 2020ko azaroaren 20ra arte, egun hori ere barne, modu berean edo bankuan helbideratuz.

b) Zatitzen ez bada, ordainketa bakarra eginen da, 2020ko uztailaren 20ra arte, “710 eredua” ordainketa-gutunaren bidez bakarrik.

12. artikulua. Baldintzak eta prozedura modu elektronikoan aurkezteko pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena eta ondarearen gaineko zergarena.

1. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren eta ondarearen gaineko zergaren aitorpenak modu elektronikoan aurkezteko beharkizunak.

Aitorpenak modu elektronikoan aurkezteko baldintza hauek bete beharko dira:

a) Aitortzaileak identifikazio fiskaleko zenbakia eduki beharko du (IFZ). Ezkontideek edo bikote egonkorreko kideek baterako aitorpena egiten badute, bakoitzak bere identifikazio fiskaleko zenbakia (IFZ) eduki beharko du. Aurreko edo ondorengo ahaideen, desgaitasuna dutenen edo pertsona lagunduen kasuetan, murrizketarako eskubidea badute, zerga sorraraztean 14 urte baino gehiago dituztenek IFZ eduki eta adierazi behar dute, baita, adin horretatik beherakoak izanik, zergari lotuta dauden eta aitorpenean sartu beharrekoak diren errentak dituztenek ere.

b) Aplikazio informatikoan beharrezkoa bada Nafarroako Foru Ogasunaren esku dauden datu fiskalak ekartzea, bai aitortzaileak bai, behar denean, ezkontideak edo bikote egonkorreko kideak, beren nortasuna frogatu beharko dute, nork bere identifikazio pertsonalerako kodearen bidez (PINa) edo Nafarroako Foru Ogasunak ontzat emandako sinadura digitalaren ziurtagiri kualifikatuaren bidez.

Ziurtapen zerbitzuen emaileak eta baimenduta dauden ziurtagiri elektronikoak dagokien atalean aipatzen dira; Interneteko https://hacienda.navarra.es helbidetik abiatuta iristen ahal da atal horretara.

c) Aitorpenak bide elektronikoz aurkezteko bai laguntza programaren bitartez bai “Nafarroako Errenta” izeneko informatika aplikazioaren bidez, aitortzaileak nor den erakutsi beharko du sinadura digitalaren ziurtagiria edo identifikazio fiskaleko zenbakia (IFZ) eta dagokion identifikazio pertsonaleko zenbakia (PIN) baliatuz, Nafarroako Foru Ogasunean eskuratzen baita.

Ezkontideek edo bikote egonkorreko kideek baterako aitorpena egiten badute, biek eduki beharko dute sinadura digitalaren ziurtagiri kualifikatua, Nafarroako Foru Ogasunak ontzat emana, edo bestela, IFZren eta dagokion PINaren bidez beharko dira identifikatu.

Halaber, aurkezpena egiteko modalitate hori hautatzen duten aitortzaileek aurkezpen horretarako eskatzen diren arau teknikoak izan beharko dituzte kontuan. Arau horiek Nafarroako Foru Ogasunaren web-orrian daude argitaratuta Interneteko helbide honetan: https://hacienda.navarra.es.

2. Akats formalak dituzten aitorpenak aurkeztea.

Bide elektronikoa erabiliz igortzen diren aitorpenetan akats formalen bat atzematen denean, sistemak berak emanen dio horren berri aitortzaileari errore-mezuen bitartez, behar diren zuzenketak egin ditzan.

3. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren eta ondarearen gaineko zergaren aitorpenak bide elektronikoz aurkezteko prozedura.

–Aplikazioa ireki ondoren, programak datu fiskalak ematea nahi baldin bada, aitortzaileak eta, behar denean, ezkontideak edo bikote egonkorreko kideak 1. apartatuan adierazitako moduan frogatuko dute nor diren. Hori agertzea nahi ez bada, ez da beharrezkoa izanen, une horretan, aipaturiko autentifikazioa.

–Nortasuna frogatuta, eskatutako aitorpenari dagokion informazioa erakutsiko da. Erabiltzaileak nahi izanez gero, aldatzen ahalko du.

–Aitorpena bukatutakoan, bidaltzeari ekinen zaio, programak horretarako eskatzen dituen datuak bete eta gero. Une horretan, aitortzaileak eta, zein den kasua, bikotekidea edo bikote egonkorreko kideak, nor diren frogatu beharko dute, 1. apartatuan adierazitako moduan.

–Aitorpena onartzen bada, elektronikoki balidatutako igorpenaren F-93 egiaztagiria inprimatuko da, zein datatan aurkeztu den adierazita. Inprimakia zerga arloko Administrazioaren eskura gorde beharko da, zergaren preskripzio epean.

–Aurkezpena atzera botaz gero, atzemandako akatsen deskripzioa agertuko da pantailan. Kasu horretan akatsak zuzendu beharko dira eta berriz aurkeztu beharko da.

–Salbuespenez aurkezpen elektronikorik egin ez denean, posible izanen da pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena inprimatzea F93 frogagiriko barra-kodearekin. Dena dela, kasu honetan balioa eta eraginkortasuna izan dezan, paperez beharko da aurkeztu 10. artikuluan aipatu tokietako edozeinetan.

4. Aitorpenen aurkezpen elektronikoa ordezkari baten bitartez.

Aitortzaileek behar bezala baimendutako ordezkari baten bidez egiten ahalko da pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren eta ondarearen gaineko zergaren aitorpenen aurkezpen elektronikoa, baldin eta ordezkari horrek banakako atxikipen agiria sinatu badu, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak ekainaren 29an emandako 130/2009 Foru Aginduan adierazten dena, hain zuzen ere Kasu horretan, aitorpena bide elektronikoz aurkezteko beharrezkoa den sinadura digitala ordezkariarena izanen da, eta ez da beharrezkoa izanen ordezkatuena.

Alabaina, “Nafarroako Errenta” izeneko aplikazioa baliatuz pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenak bide elektronikoz aurkezten diren kasuan, ezinezkoa da aitorpenaren aurkezpen elektronikoa ordezkari baten bitartez egitea; betiere, nork bere izenean aurkeztu beharko du, IFZ eta PINa erabiliz edo, bestela, aitortzaileen sinadura digitalaren ziurtagiriaren bidez (Nafarroako Foru Ogasunak ontzat emana).

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetako lehena.–Nola kontsideratu Pertsona Fisikoen Errentaren eta Ondarearen gaineko Zergak Kudeatzeko Zerbitzuari atxikitako langileak 2020ko apirilaren 30etik uztailaren 20ra bitarte.

Pertsona Fisikoen Errentaren eta Ondarearen gaineko Zergak Kudeatzeko Zerbitzuari atxikitako langileak beharrezko langiletzat hartuko dira erabat ezinbestekoa den Administrazioaren jarduera bermatzeko, 2020ko apirilaren 30etik uztailaren 20ra bitarte, errentaren eta ondarearen kanpainako beharrezko zerbitzuak ematearren, bat etorriz Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren martxoaren 18ko 51/2020 Foru Aginduaren 1. apartatuko h) letran xedatutakoarekin (haren bidez, funtsezko zerbitzu publikoak zehaztu ziren koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko premiazko neurriak onesten dituen martxoaren 18ko Foru Lege-dekretuan langileriaren arloan xedatzen diren neurriak aplikatzeari dagokionez).

Azken xedapenetako bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2020ko apirilaren 30ean.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Elma Saiz Delgado.

I. ERANSKINA

Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren inprimakia(PDFa).

II. ERANSKINA

Ondarearen gaineko zergaren inprimakia (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2004710