90. ALDIZKARIA - 2020ko apirilaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

60/2020 EBAZPENA, apirilaren 17koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez baimena ematen baitzaie ehiza lizentzia duten nekazari eta abeltzainei, alarma egoeran ehizarako espezieen kontrola egiteko, nekazaritzan eta abeltzaintzan eragindako kalteak direla eta.

Martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren bidez, alarma egoera deklaratu da COVID-19ak eragindako osasun krisia kudeatzeko.

Martxoaren 27ko 476/2020 Errege Dekreturen bidez, luzatu zen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren bidez deklaratutako alarma egoera, 2020ko apirilaren 12ko 00:00ak arte, eta ezarri zen luzapena beteko dela martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuan ezarritako baldintza berdinekin. Martxoaren 17ko 465/2020 Errege Dekretuak aldatu zuen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretua.

Apirilaren 10eko 487/2020 Errege Dekretuaren bidez luzatu zen berriz alarma egoera 2020ko apirilaren 26ko 00:00ak arte, eta ezarri zen aurrekoen baldintzak berberak bete behar zirela, alegia, honakoetan ezarritakoak: martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuan, martxoaren 17ko 465/2020 Errege Dekretuak aldatutakoan, eta martxoaren 27ko 476/2020 Errege Dekretuan, zeinak luzatu baitzuen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak deklaratutako alarma egoera COVID-19ak eragindako osasun krisia kudeatzeko.

COVID-19ak eragindako osasun krisia kudeatzeko alarma egoera deklaratu zuen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak ezartzen duenez 7. artikuluan, alarma egoerak dirauen bitartean erabilera publikoko bideetatik zirkulatzen ahalko da honako jarduera hauek egiteko soilik eta banaka, non ez den desgaitasuna dutenei, adingabeei edo adinekoei laguntzeko, edo justifikatutako beste arrazoi batengatik:

a) Elikagaiak, farmaziako produktuak eta oinarrizko beharretarako produktuak erostea.

b) Osasun zentro, zerbitzu eta establezimenduetara joatea.

c) Lantokira joatea lanaldia betetzeko edo enpresa edo lanbide jarduerak egiteko.

d) Ohiko bizilekura itzultzea.

e) Adinekoei, adingabeei, mendekotasuna dutenei, desgaitasuna dutenei edo bereziki kalteberak direnei arreta ematea eta haiek zaintzea.

f) Finantza eta aseguru entitateetara joatea.

g) Ezinbesteko edo premiazko kasuetan.

h) Antzeko beste edozein jarduera.

Arrantza, Nekazaritza eta Elikadura Ministerioak ohar bat argitaratu zuen errege dekretua nekazaritzan, abeltzaintzan eta arrantzan aplikatzeko moduari buruz; hauxe da testua:

“Elikagaien hornidura katea osatzeagatik, alarma egoeran bermatu beharreko jarduerak dira hauek: nekazaritza, abeltzaintza eta akuikultura, baita arrantza ere, nekazaritzako eta arrantzako produktuen eraldaketa, albaitaritzako zentro eta klinikak, elikagaien garraioa eta banaketa eta horiek merkaturatzea kontsumitzailearentzako txikizkako salmentaren bidez. Horrek esan nahi du nekazaritzako elikagaien arloko enpresen jarduera orokorra mantentzeaz gain, nekazaritzako, abeltzaintzako, akuikulturako ustiategiak eta arrantza barne, horien funtzionamendurako beharrezkoak diren intsumoez hornitzen dituzten enpresena ere mantendu behar dela.

Nekazariek, abeltzainek, akuikultoreek eta arrantzaleek aukera izan behar dute lanean segitzeko, jarduera mantentzea bermatzeko beharrezkoa dena egiten.

Nolanahi ere, birusaren hedapenari aurrea hartu eta eustearren, alarma egoerak irauten duen bitartean mugatu edo bertan behera utzi behar dira nahitaezkoak ez diren lanak, esate baterako, mantentze-lan osagarriak”.

Martxoaren 29ko 10/2020 Errege Lege-dekretuak I. eranskinean ezarri zituen funtsezkotzat jotzen diren sektoreak, besteak beste:

“2. Merkatuaren hornidura katean parte hartzen duten zereginetan aritzen direnak, bai eta premiazko ondasun eta zerbitzuak ekoizteko zentroetako zerbitzuen funtzionamenduan parte hartzen dutenak, elikagaiak, edariak, animalientzako elikagaiak, produktu higienikoak, botikak, osasun produktuak edo osasunaren babeserako beharrezkoa den edozein produktu barne; horrekin batera, horien banaketa ere baimentzen da, jatorritik hasi eta azken destinoraino”.

Martxoaren 29ko 10/2020 Errege Lege-dekretuan xedatutakoarekin bat, Arrantza, Nekazaritza eta Elikadura Ministerioak ohar informatibo bat argitaratu zuen martxoaren 30ean, honakoa berariaz adierazteko:

“Eranskinean jasota dagoenez, arau hau ez zaie aplikatuko nekazaritzan, abeltzaintzan, akuikulturan, arrantzan eta elikagaien industrian aritzen diren langileei, ez eta horien funtzionamendua ziurtatzeko ezinbestekoak diren jarduerei ere.

(...) Bestalde, 463/2020 Errege Dekretuak, COVID-19ak eragindako egoera kudeatzeko, martxoaren 14an alarma egoera deklaratu zuenak, eta Estatuko Aldizkari Ofizialean ondoren argitaratu diren arauek ezartzen dute agintaritza eskudun delegatuek behar diren neurriak hartuko dituztela elikagaien hornidura bermatzeko.

Elikagaien hornidura katea osatzeagatik, alarma egoeran bermatu beharreko jarduerak dira hauek: nekazaritza, abeltzaintza eta akuikultura, baita arrantza ere, nekazaritzako eta arrantzako produktuen eraldaketa, albaitaritzako zentro eta klinikak, elikagaien garraioa eta banaketa, eta horiek merkaturatzea kontsumitzailearentzako txikizkako salmentaren bidez.

Horrek esan nahi du nekazaritzako elikagaien arloko enpresen jarduera orokorra mantentzeaz gain, nekazaritzako, abeltzaintzako, akuikulturako ustiategiak eta arrantza barne, horien funtzionamendurako beharrezkoak diren intsumoez eta zerbitzuez hornitzen dituzten enpresena ere mantendu behar dela, egoera honetan ezinbestekoak badira.

Alde horretatik, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiaren iritziz beharrezkoa da ehiza espezieak kontrolatzea, alarma egoeran nekazaritza eta abeltzaintzaren kudeaketa egokia ahalbidetzeko.

Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22koa 17/2005 Foru Legearen 20. artikuluan ezartzen da ehiza barrutiko titularraren betebeharra dela, besteak beste, ehiza aprobetxamenduaren titularren eta nekazarien arteko koordinazio bideak ezartzea, nekazaritzari eragindako kalteak ahalik eta txikienak izan daitezen.

Gainera, aprobetxamenduaren titularrak ehiza barrutia kudeatzeko ardura duen kasuan, ehiza barrutian zaintza sistema bat jartzeko betebeharra dauka, foru lege horren 51. artikuluan aurreikusitako lanak egiteko eta kalteen prebentziorako behar diren neurriak hartzeko.

Ehiza espezieek nekazaritzan eragin ditzaketen kalteak arintzeko eta/edo horiei aurrea hartzeko xedez, Ingurumeneko zuzendari nagusiak martxoaren 24ko 37/2020 Ebazpena eman zuen, zeinaren bidez baimena ematen baitzaie, batetik, ehiza barrutietako zaindariei, banaka, ehiza espezien kontrola egiteko alarma egoeran, eta, bestetik, untxien kalteen prebentziorako planean sartuta dauden ehiza barrutietako zaindariei, kontrol hori ibilgailutik egiteko, argiak piztuta, betiere beste zaindari bat edo ehiza barrutiaren titularra den toki entitateko langile bat gidaria dela.

Ukitutako eragileei kontsulta egin ondoren, neurri horiek indartu daitezkeela iritzita, Ingurumeneko zuzendari nagusiak martxoaren 31ko 47/2020 Ebazpena eman zuen, zeinaren bidez baimena ematen baitzaio Foruzaingoko Animaliei eusteko Taldeari ehiza populazioen kontrola egiteko alarma egoeran, betiere taldearen lehentasunak eta erabilgarri dituzten bitartekoak kontuan hartuta eta Ehiza Atalaren jarraibideekin bat.

Aurrekoa aintzat hartuz eta Basoen eta Ehizaren Zerbitzuak hala eskatu duenez, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Ingurumenaren Araubide Juridikoaren Atalak txosten juridikoa eman du, eta bertan ondorio hauek jaso:

Beraz, Basoen eta Ehizaren Zerbitzuaren iritziz beharrezkoa baldin bada, interes orokorra babestearren, pertsonen, nekazaritzaren edo basa faunaren espezieen osasuna edo segurtasuna kaltetzeko arriskua egoteagatik, salbuespeneko baimenak ematen ahalko dizkie ehiza barrutien arduradunei kalte horien kontrolerako; kontrol lanak ehiza barrutiko zaindariak soilik eginen ditu, bere lan zerbitzuan edo/eta zerbitzu profesionalean ari dela, baldin eta ezinbestekoak badira eta nahitaez alarma egoerak irauten duen bitartean egin beharrekoak.

Era berean, azaldutakoarekin bat, baimena ematen ahalko da kalteen kontrol hori ehiza lizentzia duten nekazariek eta abeltzainek egin ditzaten, lanean ari direla, beren nekazaritza edo abeltzaintza ustiategietan (ehiza barrutietan baldin badaude) kalteak gutxitzeko, baina zaindarien kontrola indartzeko helburuarekin, beharrezkoa izanez gero, eta Basoen eta Ehizaren Zerbitzuak hala erabakita.

Apirilaren 14ko ohar informatibo baten bidez, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak gomendioa eman zien autonomia erkidegoei basurdeen populazioen gaineko kontrola egiten segi dezaten, animalien gaixotasunak hedatzeko arriskua saihesteko eta basurdeek nekazaritza edo abeltzaintza ekoizpenetan eragin ditzaketen kalteei aurrea hartzeko.

Alarma egoera luzatu daitekeenez, eta laboreen fenologia ikusirik, Basoen eta Ehizaren Zerbitzuko Ehiza Atalak beharrezkotzat jotzen du beste neurri batzuk inplementatzea, dagoeneko baimenduta daudenen osagarri.

Alde horretatik, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiaren iritziz beharrezkoa da ebazpen honetan arautzen den jarduera, alarma egoeran nekazaritza eta abeltzaintzaren kudeaketa egokia ahalbidetzeko.

Basoen eta Ehizaren Zerbitzuaren txostena ikusirik, eta Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiak ere txostena eman duenez adierazteko ezen, alarma egoeran nekazaritza eta abeltzaintza kudeaketa egokia ahalbidetzeko, beharrezkotzat jotzen duela ebazpen honetan araututako jarduera.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

Horrenbestez, Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legeak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Baimena ematea indarreko ehiza lizentzia duten nekazari eta abeltzainei, alarma egoerak dirauen bitartean, untxien eta basurdeen kontrola egiteko beren nekazaritza eta abeltzaintza ustiategien esparruan eta lanean ari direla, espezie horiek beren ustiategietan egiten dituzten kalteak ahalik eta txikienak izan daitezen. Horretarako, baldintza hauek bete beharko dira:

1.1. Nekazari eta abeltzain horiek Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko erregistro ofizialetan sartutako nekazaritza eta abeltzaintzako ustiategien titularrak izan beharko dute, edo ustiategi horietako maizterrak edo langileak, eta lan eskumenak betetzen ari direla eginen dute kontrol lan hori.

1.2. Joan-etorrietan eta jarduera gauzatzean, ustiategiko titularrak ustiategiaren erregistro fitxa erabiliz frogatzen ahalko du bere izaera. Maizter eta langileen kasuan, haietako bakoitzak ustiategiko legezko ordezkariak emandako ziurtagiria eraman beharko du aldean.

1.3. Ehiza espezieen kontrol guztiak banaka eginen dira eta osasun agintariek ezarritako higiene eta osasungarritasun arauak betez. Kontrolerako baimena dutenek beti eraman beharko dituzte aldean ehiza lizentzia, armaren dokumentazioa eta ehizarako gainerako arauzko dokumentazioa.

1.4. Ebazpen hau eraginkorra izan dadin, barrutiko Nafarroako ehiza zaindari batek koordinatu beharko du betetzea, bere egiaztagiria aldean duela.

1.5. Untxien kasuan, baimena ematen da kontrola egiteko hudoak eta sareak erabiliz edo eskopetak erabiliz gordelekuetan itxoiten. Modalitate horietan parte hartzen dutenak elkarrengandik gutxienez 2 metroko tartea errespetatuz arituko dira. Harrapatutako untxiak unean bertan hilko dira.

1.6. Basurdeen kasuan, berriz, baimena ematen da kontrola egiteko iluntzean eta/edo gauean itxoiten, erriflea edo eskopeta erabiliz, eta argia ere bai, baina soilik tiro egiteko unean; halaber, baimena ematen da erakargarri usaintsuak erabiltzeko, gehienez ere 10 cm x 10 cm neurriko azaleran bustiak. Segurtasun arrazoiak tarteko, postuak lurretik gora jarri beharko dira, balaren ibilbidea lurrean bertan buka dadin. Kasu horretan, kontrola egin behar duenak jarduera bete baino 24 ordu lehenago jakinarazi beharko die barrutiko basozainei.

1.7. Nahitaez bete beharreko prozedura:

Barrutiko kudeaketaren arduradunak datu hauek jakinaraziko dizkio idatziz Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari, jarduera hasi baino 5 egun natural lehenago gutxienez, I. eranskineko agiriaren arabera (erantzukizunpeko adierazpenaren eredua):

a) Nekazaritza eta abeltzaintzako ustiategiaren nekazariaren eta/edo abeltzainaren, edo maizterraren edo langilearen datuak: izena, abizenak, NANa, ustiategi kodea, ehiza lizentziaren zenbakia eta ustiategiak joan-etorrietarako emandako ziurtagiria, maizterren edo langileen kasuan.

b) Kalteak izan dituen edo kalteak jasateko arriskua duen ustiategiaren datuak: ustiategi kodea, poligonoa, lurzatia, kaltetutako laboreak.

c) Kontrolatu beharreko espeziea(k).

d) Kontrolaren hasiera eta bukaera egunak.

e) Iluntzeko edo gaueko itxoinaldia eginen den tokiko koordenatuak (beharrezkoa bada).

Jakinarazpenak posta elektronikoz igorriko dira caza@navarra.es helbidera. Kontrola egiteko baimena dutenek beti eraman beharko dute aldean aurkeztutako jakinarazpenaren kopia, bidalketa eguna justifikatuta.

5 egun natural iraganik Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak ebazpenik eman gabe, ulertuko da jakinarazpena ongi dagoela eta jarduera baimenduta dagoela.

Ehiza barrutiko kudeaketa arduradunak, kontrola bukatu eta 15 egun naturaleko epean, fitxa-memoria bat aurkeztu beharko du Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, caza@navarra.es helbide elektronikora bidaliz. Horretan, lortutako emaitzak eta gorabehera interesgarri guztiak zehaztuko dira.

1.8. Baimen hau ingurumen ondorioetarako baizik ez da ematen.

2. Ebazpen hau igortzea Ehiza Atalera, Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzara, Ingurumena Zaintzeko Atalera, Foruzaingoko Ingurumena Babesteko Dibisiora eta Guardia Zibileko Natura Babesteko Zerbitzura, behar diren ondorioak izan ditzan.

3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da haren kontra, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, alarma egoeraren deklarazioa bukatu eta hurrengo egun baliodunetik hasita hilabeteko epean.

Iruñean, 2020ko apirilaren 17an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

I. ERANSKINA

Erantzukizunpeko adierazpena, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari zuzendua, alarma egoeran untxien eta basurdeen kontrol lanak egiteko, nekazaritza eta abeltzaintzaren gaineko kalteak direla eta (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2004642