9. ALDIZKARIA - 2020ko urtarrilaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

230E/2019 EBAZPENA, abenduaren 11koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana; honen bidez, ingurumen ukipenetarako baimena ematen zaio proiektu honi: zuntz optikoa jartzea Valtierrako eta Castejongo 66 kV-eko goi tentsioko aireko linean, Valtierrako eta Castejongo udal-mugarteetan. Sustatzailea Iberdrola Distribución Eléctrica SAU da.

Goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaerari Biodibertsitatearen Zerbitzuan eman zaio sarrera. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko M) epigrafean sartua dago (“Komunikaziorako instalazioak”). Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku Hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimen daitezkeen jardueretarako baimena ere, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektuan aurreikusitako jarduketaren helburua da zuntz optikozko kablearen tarte berri bat jartzea 66 kV-eko goi tentsioko lineak dagoeneko dituen euskarrietan; Valtierra BTAko irteeran dagoen 272. euskarrian izanen du abiapuntua, eta La Serna - Tafalla 3109-10 GTALko 288. euskarrian izanen du amaiera, La Serna BTArantz, hain zuzen ere Ebro ibaia zeharkatu ondoren. Hiru euskarri kendu eta ordeztu egin behar dira. Guztira 4.379 metroko luzera izanen du, eta 483 metroko tarte bat lur azpitik joanen da, AHTaren trazadurari jarraituz, 279. eta 280. euskarrien artean.

Linea elektriko osoa ureztalurretako alorretatik doa, eta azken zatian Ebro ibaia zeharkatzen du, izen bereko KBE barruan dagoena; hala, Goi tentsioko linea elektrikoetako hegaztien elektrokuzioaren eta talken ondoriozko heriotzak murrizteko neurriak ezartzen dituen abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuaren arabera babestutako zona ere bada.

Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak adierazi du deskribatutako jarduketa jarduera baimendua dela Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 110. artikuluaren arabera; hortaz, ez dago lurzoru urbanizaezineko jarduera baimendu beharrik. Ingurumen Eraginaren Atalak aldeko txostena eman du, baina baldintza batzuk ezarrita.

Espedienteko txostenak ikusirik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluan ezarritakoa betez; Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua betez eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretua betez,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea proiektu honi: zuntz optikoa jartzea Valtierrako eta Castejongo 66 kV-eko goi tentsioko aireko linean, Valtierrako eta Castejongo udal-mugarteetan. Sustatzailea Iberdrola Distribución Eléctrica SAU da.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

–Ebro ibaiaren inguruan zuntz optikozko linea txoriak babesteko balizekin seinaleztatuko da, 10 metrotik 10 metrora, 285. euskarritik 288. euskarriraino.

–Ebro ibaiko babes zonatik kanpo proiektatutako euskarri berrietarako, estekatzeko isolagailuetan, elementu eroalearen eta pausatze zonaren artean 70 cm-ko distantzia eta eroaleen artean 1,5 metrokoa errespetatuko duen modeloa erabili beharko da.

–Ordezten diren euskarri guztiak lurretik jasoko dira.

–Material soberakinak edo sortutako hondakinak beren izaeraren arabera behar bezala kudeatuko dira.

–Sustatzaileak obrak hasi aurretik horren berri eta edozein gorabeheraren berri emanen dio Ingurumena Zaintzeko Atalari (Tuterako Koordinazio Unitatea) gehienez 48 orduko aurrerapenez. Horretarako, mezu elektronikoa bidali beharko du gmatudela@tudela.es helbidera, edo 609904957 telefonora deitu.

3. Proiektuaren ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 3.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu horiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren Atalera, Valtierrako Udalera, Castejongo Udalera, Ingurumena Zaintzeko Atalera (Tuterako Koordinazio Unitatea), eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko abenduaren 11n.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F1916073