9. ALDIZKARIA - 2020ko urtarrilaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

228E/2019 EBAZPENA, abenduaren 11koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Zugarramurdiko udal mugartean Zugarramurdiko hargune berriak eta biltegirako konexio hodia egiteko proiektuari ingurumen ukipenetarako baimena ematen diona. Sustatzailea Zugarramurdiko Udala da.

Goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaerari Biodibertsitatearen Zerbitzuan eman zitzaion sarrera. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko N) epigrafean sartua dago (Goi presioko ur horniduraren eta saneamenduaren garraiobideak, beste eranskinetan jaso ez direnak, lurzoru urbanizaezinean egiten badira). Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku Hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten du.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimen daitezkeen jardueretarako baimena ere, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektatutako jarduketaren helburua da Zugarramurdiko udalerriko edateko uraren hornidura hobetzea, udako hilabeteetako hornidura gabeziak eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak 2018ko analisietan antzemandako osasungarritasun arazoak konpontzeko, orduan hargune batzuetan ura kontsumorako egokia ez zela adierazi baitzen.

Jarduketa Zugarramurdiko herrigunetik hegoalderantz kilometro batera baino gutxiagora eginen da, eta bi hargune berri egitea aurreikusten da, beren hodiekin, bata ekialdera eta bestea mendebaldera udalerriko hegoaldetik, Zugarramurdiko ur biltegiraino. Bi hargune horiek guztira 1.394 metroko luzera izanen dute, eta lagungarri gisa erabiliko dira, oraingo harguneekin hornidurarako aski emari ez dagoenean. Gainerakoan ez dute urik bideratuko biltegirantz. Mendebaldeko tarterako hodiak 862 metroko luzera izanen du, eta Uraundiko errekatik hartuko du ura, lehendik baden hargunetik gora, espezie hostozabalak dituen baso inguru batean. Hargunearen ondoren hodia errekarekin paralelo doa eskuineko ertzetik, iraleku bat gurutzatzen du eta Uraundiko erreka bera zeharkatzen du, trazadura hasi eta 230 metrora. Hortik aurrera Ibainetako bidearen erditik doa aurrera, eta hiru gurutze egiten ditu bidea zeharkatzen duten errekekin: lehenengo Uraundiko errekarekin, gero Irakuzko errekarekin eta azkenik Mukurrustako errekarekin. Bidea gurutzatzeko hiru puntu horietan tutuak daude bide gainetik zeharkatzeko. Trazadura errepidera iristen da hegoaldean, udalerriko herrigunetik gertu, eta errepidearen eskuineko ertzetik doa; hilerriaren albotik pasatzen da, eta ondoren belarditik gora egiten du, biltegiraino. Ekialdeko tarterako hodiak 532 metro ditu eta hargunea Urbiako bidearen ezponda parean du: ustiatu gabeko iturburu iraunkor bat, bidearen eskuineko ertzean, espezie hostozabalak dituen inguru batean. Ertz horretatik doa, Mukurrustako erreka gurutzatzen du, Urbiako bidea gurutzatzen du, errepidea igaroz ezkerreko ertzerantz; ondoren belardi bat gurutzatzen du eta biltegian bukatzen du.

Bi tarteetako bi harguneak hormigoi armatuzko kutxatilekin eginen dira, eta atalka eratuko dira: batek hargune eta dekantazio funtzioak eginen ditu, eta bestean maniobra balbulak instalatuko dira. Hodiak dentsitate handiko polietilenozkoak izanen dira, PE-100, 75 mm-ko diametro nominalekoak eta 16 bareko presio nominalekoak. Tutua instalatzeko hondeaketak 2,91 metroko gehienezko sakonera izanen du. Gainerako elementu lagungarriak ere instalatuko dira. Errekak zein errepidea gurutzatzean 200 mm-ko diametro nominaleko PVCzko tutuan sartuko dira, hormigoi armatuz estalita.

Jarduketa eremu osoa Zugarramurdiko paisaia berezi gisa katalogatutako zonaren barruan dago. Uraundiko errekako hargunetik kilometro bat pasatxora, hego-mendebaldera, Orabideko erreka ES2200015 kontserbazio bereziko eremua eta Arxuriko zohikaztegia daude; obra egiteak ez du eraginik izanen bi toki horietan.

Lurraldearen Antolamenduaren Atalak txostena egin du, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Errege Dekretuaren 117. artikuluan ezarritakoarekin bat. Ingurumen Eraginaren Atalak proiektuaren aldeko txostena eman du.

Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenak emandako eskumenak baliatuz, zeinaren bidez, besteak beste, Ingurumeneko zuzendari nagusiari esleitutako zenbait eskumen Biodibertsitatearen Zerbitzuko Zuzendaritzako pertsona titularraren esku utzi diren,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Zugarramurdiko udal mugartean Zugarramurdiko hargune berriak eta biltegirako konexio hodia egiteko proiektuari. Sustatzailea Zugarramurdiko Udala da.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

Ingurumen arlokoak:

–Lanak hasi aurretik, argi mugatuko dira tokian bertan hargunearen trazadura eta materialak pilatzeko gunea. Lanerako eremuaren zabalera ahalik eta txikiena izanen da, eta eremu bakarrean eginen da lan. Tamaina txikiko makinak erabiliko dira, dumper motakoak. Hondeatzeko makinak sartu aurretik, lan eremuko eta ertzetako sastrakak kenduko dira; ahal dela, adarrak inausi eginen dira, zuhaitzak bota beharrean.

–Obrak egitean, zuhaitz eta/edo zuhaixkak kendu behar badira, horren berri eman eta baimena eskatu behar zaio aldez aurretik Basoak Kudeatzeko Atalari, bat etorriz Nafarroako Oihan Ondarea Babestu eta Garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legean xedatutakoarekin (otsailaren 21eko 3/2007 Foru Legeak aldatu zuen lege hori) eta hura garatzen duen erregelamenduarekin. Lanek adarretan eta enborretan eragindako ebakiak eta urradurak errepasatu eginen dira lanak bukatutakoan eta, hala, mozketa garbiak eta inausketa ongi eginak geldituko dira, zuhaitzek ez dezaten osasun arazorik izan.

–Obrak hasten direnean, landare lurreko geruza kendu eta aparte pilatuko da, hondeaketaren gainerako materialetatik bereiz, bukaeran obrek ukitutako gainazalak lehengoratzeko lanetan erabili ahal izateko. Horietan, landare lurra barreiatu eta profilatuko da, inguruko lurrarekin doitze fisiografiko egokia izan arte.

–Ibainetako bidean, proiektatutako erreken gurutzaguneetan, Uraundiko, Irakuzko eta Mukurrustako erreketarako, dagoeneko hodiak baitituzte, hodi horiek erabiliko dira, ur-lasterra ukitu gabe.

–Eusteko sare bat jarriko da trazatik beherako hegalean, lurra ur-ibilgura erortzea saihesteko ibilgutik gertuen dauden obra eremuetan.

–Jarduketa bukatu ondoren, zanga egite aldera lurra berdintzeko sortutako ezpondak landareztatuko dira inguruko zuhaitz eta zuhaixka espezie autoktonoak landatuz.

–Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak eta hondeaketetan soberan geratutako lurrak kasuan kasuko izaeraren arabera zuzen kudeatu beharko dira, Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean eraikuntzako eta eraispenetako hondakinen sorrera eta kudeaketa arautzen dituen martxoaren 28ko 23/2011 Foru Dekretuarekin bat etorriz. Lanak bukatuta, garbitzeko kanpaina bat eginen da, proiektuaren jarduketa eremuan gelditzen diren hondar eta zabor guztiak kentzeko.

–Mehatxatutako anfibio espezieen eta Pirinioetako desmanaren (Galemys pyrenaicus) aldi kritikotik kanpo eginen dira lanak (uztail amaieratik otsail hasierara bitartean). Salbuespen gisa, lanak aldi horren barruan egin behar badira, fauna talde horietan aditua den teknikari baten txostena aurkeztuko da; txostenean azalduko da ez dagoela espezie horietako alerik eremu horretan.

–Sustatzaileak aldez aurretik aski denboraz jakinaraziko dio Ingurumena Zaintzeko Atalari (Bidasoko Koordinazio Unitatea) lanak hasiko direla, aurrean egon daitezen zuinketa unean, bi harguneak egitean, Uraundiko erreka lehen aldiz gurutzatzean eta ekialdeko tartean Mukurrustako erreka gurutzatzean. Horretarako, gmabidasoa@navarra.es helbidera mezu elektronikoa bidali beharko du edo 608245812 telefonora deitu.

Hirigintza arlokoak:

–Jarduketak ezinbestean bete beharko ditu ingurumen organoak ezartzen dituen neurri eta baldintzak, ingurune naturaleko kalteei, ibilguari lotutako ibai eremuko ingurumen balioak babesteari eta jarduketa paisaian eta ingurumenean integratzeari dagokienez.

–Bide publikoetan bermatuko da lehengoratzea eta arestian zegoen lur berdinketa berreskuratzea, eta kontuan izanen da lurraren sestraren gainean elementuak egonez gero, 3 m-ko zortasun eremua errespetatu beharko dutela bide publikoaren kanpoko ertzetik neurtuta (Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 111.2 artikulua).

–Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinaren gainean dauden edo horren gainean paratu gogo diren jarduerak hornidurako sarera lotzea.

–Egin gogo den jarduerak uki ditzakeen edo hartarako trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak egin baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik. Bereziki ibai arroko erakundearen baimena eskuratuko beharko da, uraren arloan indarrean den legediarekin bat etorriz.

–Obrak egitean, aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du horren berri eman behar zaiola lehenbailehen Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari, hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluetan). Hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaizkion ukipen guztiak arau-hauste astuntzat hartuko dira, aipatutako foru lege horren 101.h artikulua aplikatuz.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten diren jarduera edo jarduketak egin edo martxan jarri beharko dira baimena eman eta bi urteko epean. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginkortasunik izanen. Jarduera uzteak berarekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak lehengoratu beharra, gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsita eta/edo kenduta. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, Udalak sustatzaileari eskatuko dio aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, lurzorua lehengoratzeko bost urteko epean.

3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean eginen diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren Atalari, Ingurumena Zaintzeko Atalari (Bidasoko Koordinazio Unitateari) eta Zugarramurdiko Udalari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko abenduaren 11n.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F1916068