87. ALDIZKARIA - 2020ko apirilaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

16/2020 FORU AGINDUA, apirilaren 18koa, Osasuneko kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitateko adineko pertsonen egoitza publiko eta pribatuetan osasun laguntzaren ardura izanen duten koordinatzaile exekutiboak izendatzen dituena, COVID-19 izeneko gaixotasuna dela eta.

COVID-19 izeneko gaixotasuna dela eta, Osasunaren Mundu Erakundeak osasun publikoko larrialdi egoera deklaratu du, eta nazioarteko garrantzia eman dio. Gaur den egunean, ez dago txertoen bidezko babes tratamendu espezifikorik gaixotasun honetarako. Beraz, har daitezkeen neurriak hauek dira: infekzio iturria bakartzea eta mugak jartzea kutsapena errazten duten transmisio mekanismoei.

Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrak 26.1 artikuluan aurreikusten duenez, osasunerako berehalako arrisku ohiz kanpoko bat badago, edo susmatzen bada badagoela, osasun arloko agintariek egokitzat jotzen dituzten prebentzio neurriak hartuko dituzte, hala nola produktuak konfiskatu edo immobilizatzea, jarduerak bertan behera uztea, enpresak edo haien instalazioak ixtea, bitarteko materialen eta giza baliabideen interbentzioa, bai eta osasunaren ikuspuntutik justifikatutzat jotzen diren beste guztiak ere.

Osasun Publikoari buruzko urriaren 4ko 33/2011 Lege Orokorrak, berriz, 54.1 artikuluan ezartzen duenez, Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoan aurreikusitako neurriak ezertan ukatu gabe, salbuespenez eta aparteko larritasunak edo presak agindutako egoeretan, Estatuko Administrazio Orokorrak, autonomia erkidegoetakoek eta Ceuta eta Melilla hirietakoek beharrezkoak diren neurri guztiak hartzen ahalko dituzte, zeinek bere eskumenen esparruan, legea betetzen dela ziurtatzeko.

Osasunaren Mundu Erakundeak osasun publikoko larrialdia deklaratu duenetik, Nafarroan COVID-19aren ondoriozko krisia kudeatzeko neurriak hartu dira, Osasunari buruzko apirilaren 23ko 10/1990 Foru Legeak osasun arloan emandako agintaritza erabiliz.

Gaur egungo egoeran, pandemiaren bilakaera ikusita, eta kontuan hartuta Foru Komunitateko adineko pertsonen egoitzetan dagoen osasun egoera eta COVID-19a atzemateko proba diagnostikoak adineko pertsonen egoitza guztietara zabaltzeko aukera, beharrezkotzat jotzen da koordinazio asistentzial exekutiboaren arduradunaren postua sortzea, egoitzetako adinekoen osasun arreta antola dezan, betiere profil profesional egokia duten langileen laguntza teknikoarekin, bai Oinarrizko Osasun Laguntzako Taldeetako profesionalei dagokienez, bai zerbitzu medikoei dagokienez, bai asistentziaren arloko beste langile batzuei dagokienez.

Hori helburu, Koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko premiazko neurriak hartzen dituen apirilaren 15eko 3/2020 Foru Lege-dekretuaren bidez, gaikuntza eman zitzaion Osasuneko kontseilariari adineko pertsonen egoitzetan koordinazio asistentzial exekutiboaren arduradunak izendatzeko, zentro horietan osasun laguntza emateari dagokionez.

Horregatik guztiagatik, Osasuneko zuzendari nagusiak proposaturik, bidezkoa da adineko pertsonen egoitzetan koordinazio asistentzial exekutiboaren ardura izanen duten pertsonak izendatzea, Osasunari buruzko apirilaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 2.2 artikuluari jarraikiz,

AGINTZEN DUT:

Lehena.–2020ko apirilaren 18tik aurrerako ondorioekin, Manuel Carpintero Navarro jauna, Oinarrizko Osasun Laguntzako kudeatzailea, izendatzea Nafarroako Foru Komunitatean dauden adineko pertsonen egoitza publiko eta pribatu guztietako osasun laguntzaren koordinatzaile exekutibo arduraduna.

Bigarrena.–2020ko apirilaren 18tik aurrerako ondorioekin, Ana Ariztegui Echenique andrea, Zainketa Asistentzialetarako eta Etxeko Arretarako Zerbitzuko zuzendaria, izendatzea Nafarroako Foru Komunitatean dauden adineko pertsonen egoitza publiko eta pribatu guztietako osasun laguntzaren koordinatzaile exekutibo arduradunaren albokoa.

Hirugarrena.–Foru agindu hau jakinaraztea Manuel Carpintero Navarro jaunari eta Ana Ariztegui Echenique andreari, eta igortzea Eskubide Sozialetako Departamentuko Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziako Kudeatzailetzara, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Kudeatzailetzara, Osasun Zuzendaritza Nagusira eta Osasun Departamentuko eta Eskubide Sozialetako Departamentuko idazkaritza tekniko nagusietara.

Laugarrena.–Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko apirilaren 18an.–Osasuneko kontseilaria, Santos Induráin Orduna.

Iragarkiaren kodea: F2004593