80. ALDIZKARIA - 2020ko apirilaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

32E/2020 EBAZPENA, martxoaren 24koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen diona Enerizko udal-mugartean La Calera haize parkeko energia ateratzeko linearen saihesbidea lur azpitik airera aldatzeko proiektuari. Sustatzailea MTorres Desarrollos Industriales SL da.

Ingurumen Eraginaren Atal honetan ingurumen ukipenetarako baimena eskatu da La Calera haize parkeko energia ateratzeko linearen saihesbidea aldatzeko, MTorres Desarrollos Industriales SLk sustaturik.

Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2.C eranskineko I) kategorian sartuta dago. Beraz, ingurumen ukipenetarako baimena behar du. Dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak barne hartuko duela lurzoru urbanizaezinean baimen daitezkeen jardueretarako baimena ere, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak abenduaren 21ean emandako 380E/2018 Ebazpenaren bidez, ingurumen ukipenetarako baimena eman zitzaion Enerizko udal-mugartean La Calera haize parkeko energia ateratzeko goi tentsioko lurpeko linearen saihesbiderako proiektuari.

Jarduketa horren funtsa zen La Calera haize parkeko energia ateratzeko lur azpiko linearen iparraldeko zatia ordeztea 1.500 metro inguruko aireko linea jartzeko. Izan ere, lur azpiko tarte hori Enerizko hego-mendebaldeko mendilerroaren mazeletan barna igarotzen da, lur ezegonkorretatik, alegia, eta horregatik linea maiz samar matxuratzen da.

Gero, sustatzaileak erabaki du La Calera haize parkearen 66 kV-ko aireko linea horren trazadura aldatzea, 145 metroko tartea, hain zuzen, 2. eta 3. euskarrien artean, Enerizko 26. eta 248. lurzatietan daudenak. Horrek berekin dakar beste euskarri gehigarri bat jartzea eta 3. euskarria aldatzea. Gainerako instalazioak ez du aldaketarik 380E/2018 Ebazpenaren bidez baimendutakoarekin alderatuta.

Espedientean Enerizko Udalak eman duen aldeko txostena jaso da. Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak txostena egin du, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Errege Dekretuaren 117. artikuluan ezarritakoarekin bat. Ingurumen Eraginaren Atalak aldeko txostena eman du, baina baldintza batzuk ezarrita.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Enerizko udal-mugartean La Calera haize parkeko energia ateratzeko linearen saihesbidea lur azpitik airera aldatzeko proiektuari. Sustatzailea MTorres Desarrollos Industriales SL da.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

–Ingurumen arlokoak:

  • Amarratzeko euskarri guztietan, dokumentazioan proposatutako isolagailu eredua erabili beharko da (U70YB66-AL+PECA--1000-A) eta gutxienez metro isolatu bateko distantzia errespetatu beharko du elementu eroalearen eta pausalekuaren artean.
  • Talka egiteko arriskua murrizteko, hegaztiak babesteko balizak jarriko dira linea osoan. Balizak hiru eroaleetan jarriko dira, 15 metro bakoitzeko, baina txandakatuz; horrela, baliza baten eta bestearen arteko ageriko distantzia 5 metrokoa izanen da.
  • Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak lehengoratuko dira.

–Hirigintza arlokoak:

  • Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 111.2 artikuluaren arabera, azpiegiturako elementu irtenek 3 metroko zortasun eremua errespetatu beharko dute, bide publikoaren kanpoko bazterretik neurtuta.
  • Egin gogo den jarduerak uki ditzakeen edo horren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.
  • Ezagutzen ez den aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du Arkeologia Atalari horren berri eman behar zaiola berehalakoan, hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluetan). Aditzera ematen da, hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaion edozein ukipen arau-hauste astuntzat joko dela, aipatu foru legearen 101.h artikulua aplikatuz.
  • Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten diren jarduera edo jarduketak egin edo martxan jarri beharko dira baimena eman eta bi urteko epean. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginkortasunik izanen. Jarduera uzteak berekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak leheneratu beharra, gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsita eta/edo kenduta. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, bost urteko epean, gehienez, lurzorua leheneratzeko.

3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean eginen diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren Atalari, Azpiegitura Energetikoen Atalari, Ingurumena Zaintzeko Atalari (Iruñeko Koordinazio Unitatea), Enerizko Udalari eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko martxoaren 24an.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2004321