80. ALDIZKARIA - 2020ko apirilaren 17a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

OTEITZA

Aldaketa, Herriko jabari publikoaren aprobetxamendu bereziaren tasa arautzen duen ordenantza fiskalean. Behin betiko onespena

Oteitzako Udalak, 2020ko urtarrilaren 16an egin bilkura arruntean, hasiera batez onetsi zuen Herriko jabari publikoaren aprobetxamendu bereziaren tasa arautzen duen ordenantza fiskaleko aldaketa.

Hasierako onespenaren erabakia 2020ko 26. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 7an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluan xedatuari jarraikiz.

Oteitzan, 2020ko martxoaren 25ean.–Alkatea, Rubén Darío Martínez Landa.

ORDENANTZA FISKALA, HERRIKO JABARI PUBLIKOAREN APROBETXAMENDU BEREZIAREN TASA ARAUTZEN DUENA

1. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 100. artikuluaren eta hurrengoen babespean, ordenantza honen helburua da tasa ezartzea Oteitzako Udalaren bide publikoko eta ondasun publikoetako lurzoru, zorupe eta hegalkinaren erabilera pribatiboa edo aprobetxamendu berezia egiteagatik.

2. artikulua. Tasa honen zerga-egitatea da udal eremu publikoko zoru, zorupe edo hegalkinetan erabilera pribatibo edo aprobetxamendu bereziak egitea, gisa honetako aprobetxamendu edo erabilerak eginez:

1) Erabilera publikoko lurrak salgai, material edo antzeko instalazioekin okupatzea.

2) Eremu publikoan aldamioak eta horrelatsukoak, salmenta automatikorako aparatuak eta gisakoak jartzea.

3) Erabilera publikoko lurretan kokatutako postu, barraka, saltoki, ikuskizun eta jolaskizunak, kalez kaleko industriak jartzea eta zinemako filmaketak egitea.

4) Zoru, zorupe eta hegalkinean hornidura zerbitzuen enpresa edo entitateek egiten dituzten erabilera pribatibo edo aprobetxamendu bereziak, zerbitzu horiek interes orokorrekoak direnean edo herritar guztiei edo frankori eragiten dietenean.

Bereziki, zerbitzu horien barrenean ur, gas, argindar, telefonia finko eta mugikor eta beste komunikabide moten hornidurak egonen dira, Udalaren jabari publikoa okupatzen duten sare edo antena finkoen bitartez, osorik nahiz partez, ematen badira.

3. artikulua. Tasa honen subjektu pasiboak:

a) Udal lizentzien edo kontzesioen titularrak eta aprobetxamenduaren mozkinak jasotzen dituzten pertsona natural edo juridikoak.

b) Lizentzia edo kontzesiorik gabe, ordenantza honen xede diren aprobetxamenduak jasotzen dituztenak.

c) Aprobetxamenduaz gehiago baliatu gabe toki entitatean haren baja aurkezten ez dutenak.

d) Eremu publikoan ezartzen diren edukiontzi, garabi, aldamio eta abarren kasutan, lizentziaren titularrak edo aprobetxamenduaz baliatzen direnak. Zergadunaren ordezkotzat edukiontzien jabeak eta etxegileak hartuko dira.

e) Tasa horren subjektu pasiboak dira aurreko artikuluko hornidura zerbitzuak ustiatzen dituzten enpresak, bai hornidurak egiteko erabiltzen diren sareen titularrak badira, bai, sare horien titularrak izan gabe, sareak erabiltzeko, haietara iristeko edo elkar lotzeko eskubideen titularrak badira. Horri dagokionez, zerbitzu horiek ustiatzen dituzten enpresen artean sartzen dira banaketarako eta merkaturatzeko enpresak.

4. artikulua. Eremu publikoa okupatzeko tasaren zenbatekoa finkatzeko, aprobetxamenduaren iraupena eta ordenantza honetako xede diren aprobetxamendu bereziek okupatutako eremu publikoaren azalera hartuko da kontuan, ordenantzaren eranskinean xedatzen denari jarraikiz.

Interes orokorreko hornidura zerbitzuak ustiatzen dituzten enpresendako, tasa honen zenbatekoa, hurrengo apartatuan jorratuko den telefonia mugikorreko kasuan izan ezik, udal-mugartearen barnean enpresek urtero lortzen duten fakturazioaren diru-sarrera gordinen %1,5ekoa izanen da, tasa horri lotuta badaude.

Ondorio horietarako, diru-sarrera gordinen artean ez dira sartuko egindako zerbitzuak kargatzen dituzten zeharkako zergak, ezta hirugarrenen kontura kobratutako partida edo zenbatekoak ere, baldin ez badira entitatearen diru-sarrera berekiak, alegia, tasaren zenbatekoa zehazteko araubide hau aplikatzen zaion entitatearen diru-sarrera berekiak. Orobat, Ekonomia Ministerioaren energia elektrikoa sortzeko instalazioen administrazio erregistroaren 1. edo 2. ataletan erabiltzen diren hornidura zerbitzuen zenbatekoak ez dira fakturazioaren diru-sarreren barnean hartuko, baldin eta araubide berezi horretan tributatu dezakeen energia sortzeko beharrezko lehengai gisa erabiltzen badira.

Hornidurak egiteko kanpoko sareak erabiltzen dituzten enpresek beren fakturazioko diru-sarrera gordinetatik kenduko dituzte beste enpresa batzuei ordaindu dizkieten zenbatekoak, haien sareak eskuratzeagatik edo haiei lotzeagatik. Sare horien titulartasuna duten enpresek kontzeptu horregatik eskuratzen dituzten zenbatekoak sartu beharko dituzte beren fakturazioko diru-sarrera gordinetan.

Telefonia mugikorreko enpresak araubide orokorrari lotuko zaizkio tasa zehazteko, jabari publikoaren erabilera pribatibo edo aprobetxamendu berezia dela eta. Horretarako, erabileratik edo aprobetxamendutik eratorritako onurak merkatuan izanen lukeen balioa hartuko da oinarri, ukitutako ondasunak jabari publikokoak ez balira.

Tasa zehazterakoan, gainera, ondoko irizpide hauek hartuko dira kontuan: aprobetxamenduaren iraupena eta operadore bakoitzari egotz dakiokeen berariazko koefizientea merkatu-kuotaren arabera. Hala, tasa lortuko da merkatuaren balioa iraupenarekin eta operadore bakoitzaren berariazko koefizientearekin biderkatuz.

5. artikulua. Erabilera pribatiboak edo aprobetxamendu bereziak berekin dakartenean toki erakundearen jabari publikoaren suntsiketa edo narriadura, onuraduna, behar den tasaren ordainketa ukatu gabe, aipatu horiek berreraiki edo konpontzeko gastuen kostu osoa ordaintzera beharturik dago, bai eta aurretik zenbateko horren gordailua egitera ere.

Kalteak konponezinak badira, suntsitutako ondasunek zenbat balio duten edo kaltetutakoen balio galera norainokoa den, horrenbeste emanen du ordainetan onuradunak.

6. artikulua. Zerga-egitatea nolakoa den, hona hemen tasaren sortzapena noiz gertatuko den:

a) Zerbitzu publikoak ustiatzen dituzten enpresendako, tasa urte guztietako urtarrilaren 1ean sorraraziko da, eta zergaldia urte naturalekoa izanen da erabilera pribatiboa hasteko edo uzteko kasuetan izan ezik, urte naturalaren zenbatekoa proportzionalki banatuko baita.

b) Aprobetxamendua onartzen denean edo hasten den une beretik, behar den baimenik gabe ekin bazitzaion.

7. artikulua. Zerbitzu publikoak ustiatzen dituzten enpresetan tasa ordaintzera beharturik daudenek hiru hilean behin aurkeztu beharko dute udal-mugartean erdietsi diru-sarrera gordinen aitorpena, aurreko hiruhilekoari dagokiona hain zuzen ere.

Aipatu aitorpen horretan tasaren zenbatekoa kalkulatu beharko da, arau honetan ezarritakoaren arabera.

Aitorpena aurkeztearekin batera, dagokien tasaren zenbatekoa ordaindu beharko dute enpresek.

8. artikulua. Udalak behar den lizentziarik edo kontzesiorik eman gabe aprobetxamendua hasten bada, behar den tasa pagatzeak ez ditu egindako aprobetxamenduak legeztatuko eta, beraz, kalte-ordainik eman gabe instalazioak kentzeko agindu daiteke.

9. artikulua. Tasa hau kudeatzeko, toki entitate honek beste entitate batzuekin bat egiten ahalko du hitzarmenen bidez, kudeaketa eta likidazioa errazagoak eta arinagoak izan daitezen.

10. artikulua. Udalak saltoki finkoak ezar ditzake azokan. Aprobetxamendu etengabea eskatu nahi dutenek, betiere EJZean alta emanak badira eta saltoki librerik bada, horretarako Udalean bertan emanen zaien eskabidea aurkeztu dezakete, eta horretaz gain 20 euro ordaindu beharko dute, eskabidea tramitatzeko tasa gisa.

Saltoki zehatz baterako merkatari bat baino gehiago izan daiteke eskatzaile, baina ez egun bererako.

Saltoki finko baterako eskabideak urtebeteko iraunaldia izanen du, besterik gabe beste urte baterako luzatuko dena eskatzaileak hura uzteko asmoa agertzen ez badu. Udalak baliorik gabe utz dezake saltoki finkorako eskabidea, eskatzaileak ordenantza hau betetzen ez duela uste badu.

Goizeko 8:30etik aurrera saltoki finkoak baldin badaude dagozkien merkatariek okupatu gabe, libre geldituko dira eta Udala arduratuko da horiek interesdunei esleitzeaz, betiere okupatu nahi diren metroen arabera eta eskaeren ordenari jarraikiz.

Saltoki finkoa esleitua duten merkatariek aldian behin agertu beharko dute, erran nahi baita, gehienez ere seihileko batean 4 aldiz egin dezakete huts, bestenaz, saltoki finkoa galduko dute.

Saltoki finkoaren aprobetxamenduaren tasa egunero sortuko da.

11. artikulua. 1. Iruzurtzat hartuko da behar den baimenik gabe aprobetxamendua edo erabilera hastea.

2. Bestelako arau-hausteei dagokienez, eta zehapenekin ikusteko duten afera orotan, ordenantza fiskal orokorrak xedatutakoari jarraituko zaio. Toki entitateak, agindu bidez, lizentzia edo baimenik gabeko instalazioak eremu publikotik ken ditzake udal biltegietara eramateko, eta instalazio hori desmuntatu, garraiatu, biltegira eraman eta egin behar den beste edozergatik sortutako gastuak jabearen kargu geldituko dira.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.–Xedatzen ez den orotan, honako hauek aplikatuko dira: Ordenantza fiskal orokorra; Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea; martxoaren 2ko 4/1999 Foru Legea, martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea aldatzen duena, eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea, tasei, prezio publikoei eta enbargaezintasunari buruzko gaiei dagokienez.

Bigarrena.–Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu, testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan.

TARIFEN ERANSKINA, EREMU PUBLIKOKO ETA HERRI-LURRETAKO LURZORUAREN APROBETXAMENDU BEREZIEN TASAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZARENA

1.–Azoka txikiak:

  • 5 m² bitarte, horiek barne 2,10 euro egunean, saltoki bakoitzeko.
  • 5etik 10 m² bitarte, horiek barne 4,20 euro egunean, saltoki bakoitzeko.
  • 10 m²-tik goiti 6,30 euro egunean, saltoki bakoitzeko.

2.–Postuak, barrrakak, jolaskizunak eta horrelatsukoak.

  • 0,30 euro metro karratu eta egun bakoitzagatik.

3.–Txurro dendak eta gisakoak.

  • 0,60 euro metro karratu eta egun bakoitzeko.

4.–Galtzada obretarako okupatzea.

a) Trafikoa galarazten ez denean:

  • Aurrekontua gehienez ere 12.000 eurokoa: 0,60 euro egunean.
  • 12.000,01 eurotik 60.100 eurora bitarte: 0,75 euro egunean.
  • 60.100,01 eurotik goiti 0,90 euro egunean.

b) Trafikoa galarazten denean:

  • Ehuneko ehun gainkargatuko da aurreko tarifetatik.

5.–Salmenta automatikorako gailuak eta antzekoak:

  • 30 euro urtean.

Iragarkiaren kodea: L2004243