8. ALDIZKARIA - 2020ko urtarrilaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

198/2019 FORU AGINDUA, abenduaren 23koa, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak emana, Nafarroan herritarren parte-hartzearen arloko jardunbide egokien aitortza egiteko deialdia egiten duena.

Herritarren parte-hartzea garatzea da Nafarroako Gobernuak hartutako konpromisoetako bat, demokratizatzeko eta jendartera irekitzeko eta hurbiltzeko bitartekoa izan dadin, baita lan metodologia bezala ere, elkarrizketa eta deliberazio publikoa sustatzeko gobernantza publikoaren funtsezko baliabide gisa.

Nafarroan Herritarren Parte-hartzea Sustatzeko lehen Planak (2017-2019) neurriak jasotzen ditu plana garatu dezaten Gobernuko departamentuek, toki entitateek eta bestelako erakunde publiko eta pribatuek. Zeharkako izaera duten beste zenbait neurri ere jaso dira, hainbat alorri dagozkienak: hezkuntzari, prestakuntzari, sentsibilizazioari, ikerketa sozialari, legediaren garapenari, etab.

Aipatutako plan horretan aurreikusitako neurrietako bat da aitortza egitea herritarren parte-hartzearen arloko jardunbide egokiei.

Horrela, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariaren urriaren 20ko 44/2017 Foru Aginduaren bidez, Nafarroan herritarren parte-hartzearen arloko jardunbide egokien aitortza egiteko deialdia egin zen, 2016an eta 2017an herritarrek parte hartzeko egindako ekimenentzat.

Orain dagokigu aitortza egitea 2018. eta 2019. urteetan herritarren parte-hartzearen arloan egindako ekimenei.

Parte-hartze Demokratikoari buruzko martxoaren 22ko 12/2019 Foru Legearen 45.e) artikuluan xedatuarekin bat, herritarren parte-hartze kontuetarako unitate espezializatuari dagokio sustatzea herritarren parte-hartzearen arloko prestakuntzako, sentsibilizazioko, informazioko, aitortzako eta sustapeneko ekintzak.

Horretarako, Nafarroako Gobernuko Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusiak aurreikusi du deialdi publikoa egitea, aitortza hori eskuratu nahi dutenek hautagaitzak aurkez ditzaten.

Ondorioz, ikusita espedientean dagoen Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusiaren proposamen txostena, eta Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 30eko 259/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz.

AGINTZEN DUT:

1. Nafarroan herritarren parte-hartzearen jardunbide egokien aitortzarako deialdia egitea, honako hauei zuzendua: Nafarroako Gobernuko departamentuak, Nafarroako toki entitateak –banaka edo mankomunatuta–, tokiko ekintza taldeak, enpresa publiko nahiz pribatuak irabazi asmoa dutenak edo asmorik gabeak, unibertsitateak eta ikerketa taldeak, ikastetxeak, fundazioak, GKEak, herritarren erakunde eta elkarteak, lanbide elkargoak, sindikatuak eta hedabideak, betiere 2018. eta 2019. urteetan herritarrek parte-hartzeko ekimenen bat egin badute.

2. Aitortzarako deialdia arautzen duten oinarriak onestea. Foru agindu honen eranskinean daude.

3. Foru agindu hau eta haren eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Aitortzarako deialdi honen oinarrien eta deialdia aplikatzeko egintzen kontra zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2019ko abenduaren 23an.–Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria, Javier Remírez Apesteguía.

I. ERANSKINA

Oinarriak, Nafarroan herritarren parte-hartzearen
arloko jardunbide egokien aitortza egiteko deialdiarenak

Lehena.–Xedea.

1. Deialdi honen xedea da aitortza egitea Nafarroan 2018. eta 2019. urteetan herritarren parte-hartzearen arloan egindako jardunbide egokiei.

2. Deialdi honen ondorioetarako, herritarren parte-hartzearen arloko jardunbide egoki batek honako baldintza hauek bete behar ditu:

–Aipatutako urteetan bukatu da eta izan dituen emaitzak ebaluatu dira.

–Demokrazia parte-hartzailea hobetzeko ezagutzak eta bitartekoak ematen ditu.

–Oinarri hauen 3. atalean zehaztutako xedeetakoren bat du.

–Deialdi honen bigarren oinarrian zehaztutako kalitate irizpideen %60 behintzat betetzen du.

–70 puntu lortu ditu, gutxienez.

3. Aipatutako aitortzarekin herritarren parte-hartzearen arloko jardunbide egokiak saritu nahi dira, deialdi honetara aurkeztu eta helburu hauetako batzuk badituzte:

–Herritarrak indartzea Nafarroako gizartearen arazoei erantzun instituzionalak edo sozialak emateko, herritarrei eskubide gehiago emanda, baita demokrazian aritzeko askatasun eta ardura berriak ere.

–Proposamenak egitea, dinamizatzea eta/edo bermatzea Nafarroako administrazio publikoek esku hartu dezaten, hausnarketa eta ekintza guneak sor daitezen, herritarrak eta gizarte entitateak elkartu eta inplikatzeko ondasun amankomunen defentsan, tokiko eta herrialdeko garapen iraunkorrean eta gure Komunitatearen elkarbizitzaren hobekuntzan.

–Gobernantza eta kalitate demokratikoa hobetzea, baita botere publikoen zilegitasuna eta horiengan herritarrek duten konfiantza ere, parte-hartzea, deliberazio publikoa eta gardentasuna laguntzen duten ekintzak bultzatuta erabaki hauek hartzerakoan: planak, programak, araudiak, zerbitzu publikoen kudeaketa, eta politika publikoen ebaluazioa ere bai.

–Berdintasun maila handiagoak lortzea, inplikatutako eragile guztiak barne hartuta, beraien ahalmenak indartuta eta berdintasunari, justiziari eta pertsonak bere baitan hartzeari garrantzia handiagoa emanen dion gizartea sortuta.

–Berrikuntza soziala sustatzea, baita garapenera eta gizarte arazoak konpontzera bideratutako enpresa arloko I+G+b-a ere, interesa duten edo ukitutako eragile instituzionalekin eta gizarte eragileekin batera diseinatua eta garatua.

–Belaunaldiarteko elkarlana sustatzea.

–Parte-hartzearen mesedetan herritarrak heztea, sentsibilizatzea, gaitzea eta komunikazioa bultzatzea.

Bigarrena.–Kalitate eta hautagarritasun irizpideak eta puntuazioa.

Hautapen epaimahaiak aurkeztutako proiektuak baloratuko ditu irizpide eta puntuazio hauen arabera:

1. Berrikuntza: berrikuntzatzat jotzen ditugu herritarren parte-hartzea hobetzen duten esperientziak, ezohiko parte-hartze tresnen bidez eta normalean gutxi parte hartzen duten edo gizartean baztertuak gelditzeko arriskuan dauden biztanleria sektoreen parte-hartzea hobetuta (15 puntu).

2. Erabilitako metodologien gainean jardunbide parte-hartzaileak planifikatzea eta artikulatzea: plangintzatzat jotzen dugu arrazionalki ordenatutako eta euren artean erlazionatutako pausoen multzoa ezartzea, nahi diren emaitzak lortzeko, metodologiarik egokienak erabiliz esku hartze eremu batean (10 puntu).

3. Proiektuaren garapenean herritarren (elkarteen bidez antolatuak eta antolatu gabeak) parte-hartze aktiboa eta erantzunkidetasuna (10 puntu).

4. Aliantzak eta sareak sortzea inplikatutako eragile instituzionalen eta/edo gizarte eragileen artean (5 puntu).

5. Ingurunearen gaineko eragina eta ingurunearen aldaketa: aurretik ezarritako helburuen lorpena eta burututako jarduketa izan den eremuan lortutako eragin behagarria (10 puntu).

6. Transferitzeko modukoa izatea: ea esperientzia baten oinarrizko osagaiak beste testuinguru batean errepika daitezkeen, arrakasta izateko aukera handiarekin (10 puntu).

7. Jasangarritasuna eta generoa: esperientzia bat jasangarria dela esan dezakegu bere diseinuan eta aplikazioan kontuan hartu badira bere ingurunearen alderdi ekonomikoa, soziala eta ingurumenekoa, baita emakume eta gizonen arteko berdintasun irizpideak ere. Era berean, beharrezkoa da geroan ere garapena izatea eta bere aplikazioan eraginkorra izaten jarraitzea (10 puntu).

8. Informazioa itzultzea: parte-hartze prozesuaren fase ezberdinen informazioa emateko ezarritako mekanismoa, eta, bereziki, lortutako azken emaitzen eta hartutako konpromisoen berri ematekoa (10 puntu).

9. Proiektuaren garapenean erabilitako baliabideen erabilera eraginkorra (giza baliabideak, ekonomikoak eta materialak) (10 puntu).

10. Ebaluazioa: burututako neurriak ebaluatzeko sistema eta jarduketa horiek aurreikusitako helburuekiko sortutako eraginen kontrola, desbideratzeez ohartzeko eta, noizean behin, helburuak eta neurriak berriz zehazteko (10 puntu).

Hirugarrena.–Hartzaileak.

Deialdi honetan parte har dezake nortasun juridiko propioa duen edozein entitatek edo erakundek, multzo hauetako kidea bada: Nafarroako Gobernuko departamentuak, Nafarroako toki entitateak banaka edo mankomunatuta, tokiko ekintza taldeak, enpresa publiko nahiz pribatuak irabazi asmoa dutenak edo asmorik gabeak, unibertsitateak eta ikerketa taldeak, ikastetxeak, fundazioak, GKEak, herritarren erakunde eta elkarteak, lanbide elkargoak, sindikatuak eta hedabideak.

Laugarrena.–Aitortzak ebazteko aurreikusitako kategoriak.

Deialdi honetan aurreikusitako aitortzak ebazteko aurreikusitako kategoriak honako hauek dira:

1. Aitortza publikoa herritarren parte-hartzearen arloan Nafarroako Gobernuko departamentuentzat eta/edo enpresa publikoentzat.

2. Aitortza publikoa herritarren parte-hartzearen arloan toki entitateentzat.

3. Aitortza publikoa herritarren parte-hartzearen arloan tokiko ekintza taldeentzat, unibertsitate eta ikerketa taldeentzat, ikastetxeentzat, fundazioentzat, GKE-entzat, herritarren erakunde eta elkarteentzat, lanbide elkargoentzat, sindikatuentzat eta hedabideentzat.

4. Aitortza publikoa herritarren parte-hartzearen arloan enpresa pribatuentzat, enpresa elkarteentzat eta kooperatibentzat.

Kategoria bakoitzean epaimahaiak egoki irizten dion adina aitortza eman ditzake, goienaz 3 kategoriako, baztertu gabe balorazio organoaren ahalmena bete gabe uzteko aitortzaren kategoriaren bat edo denak, arrazoitutako erabaki baten bidez, irizten duenean bakar batek ere ez duela hori merezi, deialdi honetan ezarritako irizpideen arabera.

Bosgarrena.–Aitortzaren edukia.

Epaimahaiak hautatutako ekimen edo esperientzia partehartzaileak egin dituzten entitateek honako ordain publikoak jasoko dituzte:

–Emandako aitortza egiaztatzen duen diploma jasotzea.

–Hautatutako jardunbide egokia aurkeztea Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuak antolatuko duen aitortza jardunaldian.

–Aitortza jasotzen duen jardunbide egokia Nafarroako Gobernuko Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzuak kudeatuko duen parte-hartzearen Jardunbide Egokien Bankuan sartuko da, eta Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratuko.

Seigarrena.–Administrazioaren konpromisoak.

1. Aitortza kudeatu eta baloratzeko prozesuan parte hartzen duten pertsonek isilik egon beharko dute aurkezten diren hautagaitzei egiten dizkieten ebaluazioen emaitzei buruz.

2. Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuak, Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzuaren bidez, deialdiaren oinarrien gaineko informazioa emanen du, telefonoz eta posta elektronikoz.

3. Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzuak itzuliko dizkie aurkeztutako dokumentuak hautatuak izan ez diren entitateei, hala eskatuz gero, dagokion aitortza erabakitzen denetik bi hilabeteko epean, salbu eta epaiaren kontra errekurtsorik paratzen bada. Hala gertatuz gero, dagokion administrazio prozedurak irauten duen bitartean bakarrik gordeko dira.

Zazpigarrena.–Epaimahaia.

1. Lanak ebaluatuko dituen epaimahaia honela osatuko da: burua Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko zuzendari nagusia izanen da; gainerako kideak, honakoak: NAPIko kudeatzailea, Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzuko zuzendaria, Nafarroako Udalen eta Kontzejuen Federazioko lehendakaria edo hark eskuordetzen duen pertsona, Nafarroako unibertsitateen ordezkari bat, horiek proposatua, eta Nafarroako Soziologoen eta Politologoen elkargoko ordezkari bat, horrek proposatua.

Idazkaritza izanen da Herritarren Partaidetzarako Atalaren ardura.

2. Epaimahaiaren funtzionamenduak jarraituko die Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen II. tituluko IV. kapituluaren arauei.

3. Ebaluazio prozesuan, epaimahaiak kontuan izanen ditu deialdi honen hirugarren oinarrian azaldutako kalitate eta hautagarritasun irizpideak.

4. Epaimahaiak proiektuak ebaluatzeko beharrezkotzat jotzen dituen argibideak eskatzen ahalko dizkie parte-hartzaileei. Horretarako, parte-hartzaile bakoitzak helbide elektroniko bat eman beharko du.

5. Epaimahaiak bere proposamena bidaliko dio Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko kontseilariari, aitortzaren kategoria ezberdinen gaineko erabakiarekin.

Zortzigarrena.–Hautagaitzen aurkezpena.

1. 2018. eta 2019. urteetan egindako herritarren parte-hartzearen arloko jardunbide egokien aitortza jasotzeko beraien esperientziak eta ekimenak aurkeztu nahi dituzten entitateek, deialdi honen II. eranskinean ezarritako formatuan egin beharko dute. Aipatutako eranskinarekin batera, eskabide orokor bat aurkeztu behar dute eta bertan adierazi hautagaiaren identifikazio datuak.

2. Proposamenak aurkeztuko dira Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorreko edozein bulegotan eta Nafarroako Gobernuko Erregistro Telematikoan, Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzuari zuzenduak (Amaia kalea 2-A, 2. solairua, 31002 Iruña), garbi adierazita “Herritarren Parte Hartzearen Jardunbide Egokien Aitortza 2018-2019”.

Posta ziurtatuaren bidez ere bidaltzen ahal dira proposamenak, gutun-azalean adierazita “Herritarren Parte Hartzearen Jardunbide Egokien Aitortza 2018-2019”. Kasu horretan mezu elektroniko bat bidali beharko da participacionciudadana@navarra.es helbidera, bidalketa egin dela jakinarazteko.

Mezularitza zerbitzu bidez aurkezten bada proposamena, kasu horretan ere mezu elektroniko bat bidali beharko da participacionciudadana@navarra.es helbidera.

Eskaerak posta elektronikoz igorriz gero, lehen aipatutako helbide horretara bidaliko dira.

Halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatzen diren edozein bide erabiliz aurkez daitezke.

3. Lanak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2020ko otsailaren 15ean bukatuko.

Bederatzigarrena.–Deialdia onartzea.

Deialdi honetan parte hartzeak berekin dakar oinarriak osorik onartzea eta beren lanak aurkezten dituzten lehiakide guztiak haien mende egotea.

Hamargarrena.–Gorabeherak eta ustekabeak.

Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzuak ebatziko du gerta litezkeen gorabeherez eta oinarriotan ezartzen ez diren kasuez.

II. ERANSKINA

Hautagaitzek jaso beharreko edukiak, 2018-2019 urtean Nafarroan herritarren parte-hartzearen arloan egindako jardunbide egokien aitortza jasotzeko aurkeztean (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F1916744