79. ALDIZKARIA - 2020ko apirilaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

24/2020 EBAZPENA, martxoaren 24koa, Garraioetako zuzendari nagusiak emana, 2020ko maiatzaren 9rako aurreikusita zeuden probak atzeratzen dituena, hots, errepideko garraio publikoan aritzeko lanbide gaitasunaren ziurtagiria eskuratzekoak. Proba horien deialdia, Nafarroako Foru Komunitateari dagokionez, Garraioetako zuzendari nagusiaren urtarrilaren 15eko 2/2020 Ebazpenaren bidez egin zen.

Garraioetako zuzendari nagusiaren urtarrilaren 15eko 2/2020 Ebazpenaren bidez, errepideko garraio publikoan aritzeko lanbide gaitasunaren ziurtagiria eskuratzeko asmoz Nafarroako Foru Komunitatean 2020. urtean eginen diren proben deialdia egin zen. Ebazpen hori 2020ko 32. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 17koan. Ebazpen horretan, deialdiaren oinarriak eta prozeduraren epeak ezarri ziren, eta adierazi zen 2020ko maiatzaren 9an eginen zirela probak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren ikasgelategian.

Martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren bidez, alarma egoera deklaratu da COVID-19ak eragindako osasun krisia kudeatzeko. Errege dekretu horren hirugarren xedapen gehigarriak epe administratiboak eten egiten ditu. Gainera, COVID-19ak izan duen bilakaerak sortutako egoeraren ondorioz osasun publikoko agintariek ohiz kanpoko euste-neurri batzuk hartu dituzte, lanbide gaitasun hori lortzeko prestakuntza ekintzak egitea zaildu dutenak, eta, horren ondorioz, arazoak izan daitezke probak aurreikusitako egunetan egiteko.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.d) artikuluak esleitutako ahalmenak erabiliz, eta bat etorriz Garraioen Ikuskapen, Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak proposatutakoarekin,

EBAZTEN DUT:

1. Atzeratzea errepideko garraio publikoan aritzeko lanbide gaitasunaren ziurtagiria eskuratzeko probak, 2020ko maiatzaren 9rako aurreikusita zeudenak. Proba horien deialdia, Nafarroako Foru Komunitateari dagokionez, Garraioetako zuzendari nagusiaren urtarrilaren 15eko 2/2020 Ebazpenaren bidez egin zen.

Alarma egoera eta onetsitako euste-neurriak bertan behera utzi ondoren, Garraioetako zuzendari nagusiaren ebazpen bidez beste data bat finkatuko da probak egiteko, eta berriz irekiko dira eskaerak aurkezteko eta prozedura tramitatzeko epeak.

Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, baita Nafarroako Gobernuaren web-atarian ere, deialdiaren fitxan:

http://www.navarra.es/home_es/Servicios/ficha/8430/Examen-para-obtener-la-competencia-profesional-de-transportes-2020

2. Adieraztea ezen, deialdiaren hirugarren eta laugarren oinarrietan ezarritakoari jarraikiz, probetan parte hartzeko eskaera eta eskatutako dokumentazioa aurkeztu duten pertsonek ez dituztela berriz aurkeztu behar izanen epea berriz irekitzen denean, egin duten inskripzioa baliozkoa izanen baita.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila xedatzea.

Iruñean, 2020ko martxoaren 24an.–Garraioetako zuzendari nagusia, Berta Miranda Ordobás.

Iragarkiaren kodea: F2004242