78. ALDIZKARIA - 2020ko apirilaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

24/2020 FORU DEKRETUA, martxoaren 18koa, urriaren 30eko 264/2019 Foru Dekretua aldatzen duena. Foru dekretu horren bidez, Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren egitura organikoa ezarri zen.

ZIOEN AZALPENA

Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezarri zen. Era berean, abuztuaren 14ko 88/2019 Foru Dekretuaren bidez, Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren oinarrizko egitura ezarri zen.

Urriaren 30eko 264/2019 Foru Dekretuaren bidez, Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren egitura organikoa ezarri zen.

Aurrekontuen, Ondarearen eta Politika Ekonomikoaren Zuzendaritza Nagusiak proposatu du Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren egituran aldaketa bat egitea; Ondare Zerbitzuan, hain zuzen.

Horrenbestez, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeiko martxoaren hemezortzian egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

Artikulu bakarra.–Aldatzea Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 264/2019 Foru Dekretua.

Aldatzen da urriaren 30eko 264/2019 Foru Dekretua, Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuena, honela:

Bat. 20. artikulua aldatzen da, eta testu hau izanen du:

“20. artikulua. Ondare Zerbitzuaren egitura.

Ondare Zerbitzuak honako atal hauek ditu bere egituran:

a) Ondarearen Kudeaketa Juridikoa.

b) Ondarearen Kudeaketa Teknikoa.

c) Kontratazioa eta Aseguruak.

d) Sozietate Publikoak, Abalak eta Afera Ekonomikoak”.

Bi. 21. artikulua aldatzen da, eta testu hau izanen du:

“21. artikulua. Ondarearen Kudeaketa Juridikoaren Atalaren eginkizunak.

Ondarearen Kudeaketa Juridikoaren Atalak, Ondare Zerbitzuaren berezko gaiei dagokienez, eginkizun hauek izanen ditu:

a) Ondasunak eskuratzea, errentan hartzea, besterentzea eta kargatzea, bai eta haien afektazioa, desafektazioa, atxikipena, desatxikipena eta destino aldaketa, Nafarroako Ondarea arautzen duen Foru Legean ezartzen den moduan.

b) Foru Komunitateko jabari pribatuko ondasun eta eskubideen kudeaketa eta administrazioa, haien erabilera edo ustiapena ez bazaie esleitu beste organo edo pertsona batzuei, bai eta eskubide eta ondasun horien erabilera edo ustiapena lagatzeko proposamena ere.

c) Foru Komunitateko Ondarearen partetzat hartzen diren ondasun eta eskubide ororen ikerketa, eta haien mugaketa eta zedarritzea; haien babesa, defentsa eta erreibindikazioa, bai eta haien inguruko zehapen ahalmenak eta erantzukizunak eskatzekoak ere.

d) Foru Komunitateko Ondasun eta Eskubideen Inbentarioa egin eta eguneratzea, eta ondasunak baloratzea, egoera fisiko eta juridikoa araztea eta kasuan kasuko erregistro publikoetan inskribatzea.

e) Nafarroako Foru Komunitateko Ondareko ondasun eta eskubideak ordezkatu edo gauzatzen dituzten dokumentu, eskritura eta balore-titulu guztiak edukitzea eta gordetzea.

f) Indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak”.

Hiru. 23. artikulua aldatzen da, eta testu hau izanen du:

“23. artikulua. Kontratazio eta Aseguruen Atalaren eginkizunak.

Kontratazio eta Aseguruen Atalak, Ondare Zerbitzuaren berezko gaiei dagokienez, eginkizun hauek izanen ditu:

a) Ondare Zerbitzuari dagozkion arloetako arauen proiektuak prestatzea, eta, beste departamentu batzuekin lankidetzan arituz, kontratazio publikoaren arlokoak ere bai.

b) Kontratuak kudeatu eta zentralizatzeko proposamenak egitea.

c) Proposamenak egitea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak kontratazio publikoa estrategikoki erabil dezan.

d) Kontratazio Publikorako Batzordeko Idazkaritzaren eginkizunak.

e) Kontratazio Publikorako Batzordeari laguntza teknikoa eta administratiboa ematea.

f) Kontratuen Erregistroaz arduratzea.

g) Kontratazioen legezkotasuna begiratu eta behar diren neurriak hartzea ahalik eta koordinazio, ekonomia eta eraginkortasunik handiena lortzeko Foru Komunitateko Administrazioak izenpetzen dituen kontratuetan, eta bereziki hornidurakoetan.

h) Ekonomia eta Ogasun Departamentuak esleitzen dituen hornidura kontratazioen espedienteak tramitatzea.

i) Plangintza, aholkularitza eta kontrola Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen elektrizitate horniduraren eta kontsumoaren arloan.

j) Energia zerbitzuen kontratazioa bultzatzea, bai eta energia aurreztera bideratutako jarduketak ere Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan.

k) Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen ondare-erantzukizuneko asegurua eta kalte asegurua kontratatzeko espedienteak tramitatzea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuarenak eta haren menpeko zentroenak izan ezik, goian aipatutako lehenengo aseguruari dagokionez.

l) Ekonomia eta Ogasun Departamentuak tramitatzen dituen kontratazio espedienteetan aholku juridikoak ematea.

m) Ondare erantzukizuneko espedienteak tramitatzea, horien ebazpena Ekonomia eta Ogasun Departamentuari badagokio.

n) Hornidura kontratu zentralizatuak izenpetzea, Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legearen zortzigarren xedapen gehigarriaren 3. apartatuan ezarritakoaren arabera.

ñ) Erosketa-zentralaren kontratuak tramitatzea.

o) Indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak”.

Lau. 23 bis artikulua gehitzen da. Testu hau izanen du:

“23 bis artikulua. Sozietate Publikoen, Abalen eta Afera Ekonomikoen Atalaren eginkizunak.

Sozietate Publikoen, Abalen eta Afera Ekonomikoen Atalak, Ondare Zerbitzuaren berezko gaiei dagokienez, eginkizun hauek izanen ditu:

a) Nafarroako Foru Komunitateak zuzenean parte hartzen duen sozietateen gaineko eskubideak kudeatu eta kontrolatzea, sozietate horiek publikoak izan ala ez.

b) Foru Komunitateak zeharka parte hartzen duen sozietate publikoen gaineko eskubideak kudeatu eta kontrolatzea.

c) Nafarroako Gobernuko sektore publikoko enpresen antolaketa eta kontrola, bai eta haietako zuzendaritza eta administrazio organoena ere, eta enpresa horien atxikipena.

d) Foru Komunitateak zuzenean edo zeharka parte hartzen duen sozietate publikoak sortu, elkartu eta desegiteko espedienteak eta estatutu aldaketak tramitatu eta kudeatzea.

e) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko enpresa-entitate publikoek, fundazio publikoek eta sozietate publikoek abalak eta maileguak emateko baimenen tramitazioa.

f) Ekonomia eta Ogasun Departamentuko gainerako zerbitzuekin lankidetzan aritzea sozietate publikoen ikuskapen jarraitua kontrolatzeko.

g) Foru Komunitateko Administrazioak eman eta formalizatutako abalak eta haien bermeak tramitatu eta kontrolatzea eta horien jarraipena egitea, bai eta komisioak ere, Foru Komunitateko Administrazioaren beste organo eta departamentu batzuen eskumenak galarazi gabe.

h) Ondare Zerbitzuaren aurrekontua egitea, kudeatzea eta kontrolatzea.

i) Ondarea osatzen duten ondasunen ustiapenetik datorren kudeaketa ekonomikoa.

j) Ondare Zerbitzuari aholkularitza ekonomikoa ematea.

k) Indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak”.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Xedapen gehigarri bakarra.–Izendapena berrestea.

Kontratazioaren, Aseguruen eta Afera Ekonomikoen Ataleko buruaren izendapena berresten da, baldintza berberetan; atal hori Kontratazio eta Aseguruen Atala izanen da aurrerantzean.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2020ko martxoaren 18an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Elma Saiz Delgado.

Iragarkiaren kodea: F2004137