76. ALDIZKARIA - 2020ko apirilaren 9a - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

9/2020 FORU LEGEA, apirilaren 8koa, zeinaren bidez kreditu berezi bat ematen baita Covid-19ak eragindako osasun publikoko arrazoiak direla-eta hartutako neurri berezi eta urgenteek ekarritako behar bereziei erantzuteko

NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK.

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako:

FORU LEGEA, ZEINAREN BIDEZ KREDITU BEREZI BAT EMATEN BAITA COVID-19AK ERAGINDAKO OSASUN PUBLIKOKO ARRAZOIAK DIRELA-ETA HARTUTAKO NEURRI BEREZI ETA URGENTEEK EKARRITAKO BEHAR BEREZIEI ERANTZUTEKO.

ATARIKOA

2020ko martxoaren 11n, Osasunaren Mundu Erakundeak nazioarteko pandemiaren izaera eman zion COVID-19ak eragindako osasun publikoko larrialdiari, gaitza nazioartean zabaltzeak herrialde guztietako osasun publikorako arriskua dakarrelako eta nazioarteko erantzun koordinatua eskatzen duelako. Testuinguru horretan, martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren bidez alarma egoera deklaratu zen COVID-19ak eragindako osasun krisia kudeatzeko.

463/2020 Errege Dekretu horrek 4. artikuluan ezartzen duenez, alarma egoeraren ondorioetarako eskumena duen agintaritza Gobernua izanen da, bai eta, zein bere ardura eremuan, ministerio hauetako titularrak ere: Osasuna, Defentsa, Barne Arazoak, Garraioak, Mugikortasuna eta Hiri Agenda. Hala eta guztiz ere, errege dekretu horren 6. artikuluarekin bat, administrazio bakoitzak eskumenak ditu, indarreko legeriak bere zerbitzuen ohiko kudeaketarako emandakoak, beharrezkotzat jotzen dituen neurriak hartzeko, betiere kasuan kasuko agintaritzaren zuzeneko aginduen esparruan.

Horrela, COVID-19 koronabirusaren bilakaerak sortu duen aparteko egoeraren ondorioz, zenbait neurri berezi eta urgente hartu dira, osasun publikoko arrazoietan oinarrituta. Horregatik, martxoaren 18ko 1/2020 Foru Lege-dekretuaren bidez, neurri urgente batzuk onetsi ziren, osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko.

Behar berezi eta urgenteko inguruabarrak ikusita, bigarren neurri-sorta bat ezarri behar izan zen; hain zuzen ere, Koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko premiazko neurriak onetsi zituen martxoaren 25eko 2/2020 Foru Lege-dekretuaren bitartez.

2020ko martxoaren 27an, Nafarroako Parlamentuak bi foru lege-dekretuak baliozkotu zituen, eta erabaki zuen presako eta irakurketa bakarreko prozeduraz izapidetzea, foru lege proiektu gisa. 2020ko apirilaren 3an onetsi zituen.

Foru lege bidez, martxoaren 18ko 1/2020 Foru Lege-dekretuaren 19. artikuluan aurreikusitako funtsa 130 milioi egiteraino igo da COVID-19arekin lotutako gastuak arintzeko, eta horren xedeak aldatu dira. Zenbateko hori aplikatuko da kasuko aurrekontu-aldaketak Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legeak agintzen duenaren arabera izapidetuz.

Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 48. artikuluak lehen paragrafoan ezartzen du ezen, hurrengo ekitaldira arte berandutu ezin daitekeen gasturen bat aurrekontu indardunaren kargura egin behar bada eta krediturik ez badago edo kontsignatuta dagoena aski ez bada eta ezin bada handitu aipatutako foru legean jasotako xedapenen arabera, Nafarroako Gobernuak, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak proposaturik, foru lege proiektu bat bidaliko diola Nafarroako Parlamentuari, aparteko kreditu bat ematekoa, lehen kasuan, edo kreditu-gehigarri bat ematekoa, bigarrenean. Era berean, bigarren paragrafoan xedatzen du aparteko kreditua eta kreditu-gehigarria edozein gastu programatako beste kreditu erabilgarri batzuekin finantzatzen ahal direla, Parlamentuak zuzenketak direla-eta berariaz onetsitako kredituetatik datozenak barne.

1. artikulua. Aparteko kreditu bat ematea.

Aparteko kreditu bat ematen da, 23.192.552 eurokoa, 2020ko ekitaldirako, honela banatuta:

PROI.

ORGAN.

EKON.

FUNTZ.

IZENA

ZENBATEKOA

111000

11300

8401

931102

COVID-19 Betebehar finkatuak ez betetzeagatiko ordainketak

142.552,00

111002

11300

8500

923102

COVID-19 Sektore publikoko akzioak erostea

15.000.000,00

540000

52000

3509

311100

COVID-19 Finantza gastuak

50.000,00

810001

81100

4400

931102

COVID-19 Transferentzia arrunta SODENAri Elkargirekiko eta Sonagarrekiko hitzarmenak finantzatzeko

3.000.000,00

900002

91100

4809

231503

COVID-19 Errenta Bermatua

5.000.000,00

2. artikulua. Aparteko kredituaren finantzaketa.

Aparteko kreditua finantzatzeko, guztira 23.192.552 euro, “Gastu orokorretako diruzaintza gerakina” izeneko 113002-12100-8700-000002 partidan aurreikusten diren diru-sarrera handiagoak erabiliko dira.

Azken xedapen bakarra. Entrada en vigor.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2020ko apirilaren 8an.–Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria, María Chivite Navascués.

Iragarkiaren kodea: F2004470