76. ALDIZKARIA - 2020ko apirilaren 9a - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

6/2020 FORU LEGEA, apirilaren 6koa, premiazko neurriak onesten dituena koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko.

NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK.

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako:

FORU LEGEA, PREMIAZKO NEURRIAK ONESTEN DITUENA KORONABIRUSAREN (COVID-19) OSASUN KRISIAK ERAGINDAKO INPAKTUARI AURRE EGITEKO.

2020ko martxoaren 11n, Osasunaren Mundu Erakundeak nazioarteko pandemiaren izaera eman zion COVID-19ak eragindako osasun publikoko larrialdiari, gaitza nazioartean zabaltzeak herrialde guztietako osasun publikorako arriskua dakarrelako eta nazioarteko erantzun koordinatua eskatzen duelako. Testuinguru horretan, martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren bidez alarma egoera deklaratu zen COVID-19ak eragindako osasun krisia kudeatzeko.

463/2020 Errege Dekretu horrek 4. artikuluan ezartzen duenez, alarma egoeraren ondorioetarako eskumena duen agintaritza Gobernua izanen da, bai eta, zein bere ardura eremuan, ministerio hauetako titularrak ere: Osasuna, Defentsa, Barne Arazoak, Garraioak, Mugikortasuna eta Hiri Agenda. Hala eta guztiz ere, errege dekretu horren 6. artikuluarekin bat, administrazio bakoitzak eskumenak ditu, indarreko legeriak bere zerbitzuen ohiko kudeaketarako emandakoak, beharrezkotzat jotzen dituen neurriak hartzeko, betiere kasuan kasuko agintaritzaren zuzeneko aginduen esparruan.

Horrela, COVID-19 koronabirusaren bilakaerak sortu duen egoera bereziaren ondorioz, zeharo ohiz kanpokoa baita, premiazko neurri bereziak hartu dira, osasun publikoko arrazoietan oinarrituta.

Nafarroan, osasunaren arloan, Osasuneko kontseilariak martxoaren 13ko 3/2020 Foru Agindua eta martxoaren 14ko 4/2020 Foru Agindua onetsi ditu. Hezkuntzaren arloan, Hezkuntzako kontseilariak martxoaren 13ko 26/2020 Foru Agindua eta martxoaren 15eko 27/2020 Foru Agindua onetsi ditu. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako lantokietako prebentzioaren arloan, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak martxoaren 15eko 48/2020 Foru Agindua onetsi du. Azkenik, garraioen arloan, Garraioetako zuzendari nagusiak martxoaren 15eko 19/2020 Ebazpena onetsi du.

Presako eta premia bereziko inguruabarrak direla-eta, martxoaren 18ko 1/2020 Foru Lege-dekretuan jasotako neurriak ezarri dira. Foru Lege-dekretu horrek presako neurriak onesten ditu koronabirusaren (COVID-19) osasun-krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen esparruan. Neurri horien bidez COVID-19aren hedatzea murrizten lagundu nahi da, eta birus horren aurkako egungo euste- eta prebentzio-agertokiaren barruan kokatzen dira.

Foru-lege dekretu hori Nafarroako Parlamentuak baliozkotu zuen 2020ko martxoaren 27an egindako Osoko Bilkuran, eta presako prozeduraz eta irakurketa bakarreko foru lege proiektu gisa izapidetzea erabaki zuen. Xede horretara bideratzen da foru lege hau.

ATARIKO TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Foru lege honen xedea da neurri bereziak hartzea koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari erantzuteko.

I. TITULUA

Neurri bereziak langileriaren arloan

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

2. artikulua. Aplikazio-eremua.

1. Foru lege honetan langilearen arloan xedatutakoa honako hauei aplikatuko zaie: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan diharduten langileei, baldin eta xedatutakoa aplikatzea ezinbestekoa bada funtsezko zerbitzu publikoak eman ahal izateko.

Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak emandako foru agindu baten bidez onetsiko da funtsezko zerbitzu publikoen definizioa.

2. Foru lege honek izaera gehigarria izanen du Nafarroako administrazio publikoetako langile diren baina aplikazio-eremuan sartuta ez dauden langileentzat.

3. Ezarritako neurriak gorabehera, langile guztiek egon behar dute zerbitzuko premiei erantzuteko moduan, eta prest egon behar dute, eskatzen zaienean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta haren erakunde autonomoei agindutako zerbitzu publikoak emateko.

3. artikulua. Organo eskudunak.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek hartzen ahalko dituzte foru lege honetan langileriaren arloan jasotako neurriak, eta haien zerbitzuko langileei eragiten ahalko diete, edozein dela ere haien araubide juridikoa. Dagozkion departamentu edo erakunde autonomoetan langileriaren arloan eskudunak diren organoek erabakiko dute neurrion maila, intentsitatea, maiztasuna eta mota.

2. Foru lege honetan jasotako neurrien gaineko ebazpenak ematen dituzten organoek Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi beharko dizkiote ebazpen horiek. Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak koordinatuko du neurri hauek indarrean dauden bitartean zerbitzuen funtzionamenduan izan duten eraginaren jarraipena.

II. KAPITULUA

Neurriak

4. artikulua. Zerbitzuak emateko araubidea.

1. Langileriaren arloan eskudunak diren organoek iraupenaren edo izaeraren aldetik apartekoak diren zerbitzuak egiteko agintzen ahalko diete enplegatu publikoei, edozein dela ere haien lanpostua eta araubide juridikoa, pertsonen, ondasunen eta tokien babesa eta osasun-laguntzaren prestazioa bermatzeko.

2. Neurri horien bidez agintzen ahalko da enplegatuaren egungo lanpostuari, kategoriari edo espezializazioari dagozkien zereginetatik bestelakoak diren lanak egitea, betiere agindutakoa aurrera eramateko nahikoa eskarmentua eta gaitasun teknikoa badu. Agindutako lanpostu berriari dagozkion ordainsariak ordura arte jaso dituenak baino handiagoak badira, beste lanpostu horretakoak ordainduko zaizkio.

3. Orobat, departamentuen artean edo udalerri desberdinetan dauden lantokien artean mugikortasun geografikoko neurriak hartzen ahalko dira. Nahitaezko mugikortasun-arrazoi hori dela-eta bidaiatu behar duen pertsonari kalte-ordaina emanen zaio, lantokitik lekualdatu duten lekuraino egindako bidaia-gastuengatik, betiere egin beharreko distantzia 5 kilometro baino gehiagokoa bada.

4. Osasun agintaritzak lan unitate edo zentro bat ixtea edo horien jarduera etetea agindu duenean, hari atxikitako langileei eskatzen ahalko zaie beste unitate organiko batean ematea errefortzuko zerbitzuak.

5. Halaber, lanaldiaren eta atsedenaldien gaineko neurriak hartzen ahalko dira. Hartara, baliogabetu edo bertan behera uzten ahalko dira onetsitako baimenak, lizentziak, oporrak eta lanaldi murrizketak, eta horiek guztiak eta egoera administratibo oro ukatu edo eten ahal izanen da. Orobat, martxoaren 14ko 39/2014 Foru Dekretua aplikatuta lana banatzeko emandako baimenak ukatzen edo eteten ahalko dira. Kasu horretan, dagokion erregularizazioa aplikatuko da ordainsarietan, eta langilea bere lanpostura itzultzeak ez du inolaz ere ekarriko aldi baterako sinatu diren ordezkapen kontratuak suntsiaraztea. Halaber, administrazio-kontratupeko langile horiei, lanaldi-murrizketak ordezte aldera, eskaini ahal izanen zaie lanaldia luzatzea, lanaldi osora iritsi arte, ordeztutako langileak lanaldi-murrizketari eusten badio ere.

6. Nolanahi ere, bermatu beharko da astebetean egin behar diren atsedenen batura ez dela hirurogeita hamar ordutik beherakoa izanen. Lanaldien arteko gutxieneko atsedenaldia hamar ordukoa izanen da. Salbuespen moduan, txandaren errotazio-aldaketan, zazpi ordukoa izaten ahalko da, baldin eta astekako kontaketan bermatu egiten badira eguneko batez besteko hamar orduko atsedenaldi gutxienekoa eta asteko hirurogei eta hamar orduko atsedenaldi gutxienekoa.

7. Neurrien helburuak izan behar du behar bezalako arreta ematea eta laguntzea prebentzio, kontrol eta jarraipenerako baliabideei. Neurriok gradualki hartuko dira, eta eskura dauden giza baliabideak modu arrazionalean erabili beharko dira. Neurriok ez zaizkie aplikatuko haurdunei.

5. artikulua. Malgutasuna bateraezintasunen gaineko araubidean.

Kasu bakoitzean eskudun den organoak bateragarritasuna baimentzen ahalko die sistema publikotik at diharduten profesionalei, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan jardun daitezen kontratazio administratiboaren araubidean.

6. artikulua. Langileak aldi baterako kontratatzeko zerrendak.

1. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendetan daudenak kontratatzen ahalko dira administrazio araubidean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen edozein kontratazio esparrutan. Ahal dela, lehentasuna emanen zaio indarrean dauden kontratazio zerrendetako izangaien ordena errespetatzeari.

2. Nafarroako Foru Komunitateko eta haren erakunde autonomoetako organo eskudunek, salbuespenez, kontratua eskaintzen ahalko diete, administrazio araubidean, bete beharreko lanpostura egokitzeko gaitasunaren eta haran gaineko ezagutzaren aldetik egokienak diren pertsonei.

7. artikulua. Funtzio sindikalak betetzeagatik salbuetsitako langileak itzultzea.

1. Sindikatuetan lan egiteagatik lanpostura joatetik erabat salbuetsirik dauden langileek beren borondatez eskatzen ahalko dute lanera itzultzea, COVID-19ari erantzuteko arretari lotutako laguntza-zereginak aurrera eramateko.

2. Langile horiek beren lanpostura itzultzeak ez du ekarriko egon litezkeen ordezko langileak kentzea.

8. artikulua. Bertan behera uztea zerbitzu aktiboa luzatzeko aukeraren etetea.

Bertan behera uzten da abenduaren 23ko 29/2019 Foru Legearen hirugarren xedapen gehigarrian jasotako etetea, aukera emateko foru lege honetako aplikazio eremuan sartuta dauden langileei zerbitzu aktiboa luzatzeko; hori guztia, bat etorriz Nafarroako administrazio publikoen montepioetako funtzionarioen eskubide pasiboen araubide iragankorrari buruzko martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen 32. artikuluarekin. Horretarako baldintza izanen da luzapen hori beharrezkoa izan dadila koronabirusaren (COVID-19) osasun-krisiak eragindako premiazko beharrizanei erantzuteko.

Edonola ere, artikulu honetan xedatutakoaren babespean luzatzen diren zerbitzu aktiboak indarrean egonen dira foru lege honetan aurreikusitako neurriak aplikatzen diren bitartean.

9. artikulua. Erretiro egoeran dauden osasun arloko profesionalak lanera itzultzeko neurriak.

Erretiro egoeran dauden osasun arloko profesionalak, hirurogeita hamar urte baino gutxiago badituzte, zerbitzu aktibora itzultzen ahalko dira, martxoaren 15eko SND/232/2020 Aginduaren 4. apartatuan xedatutako baldintzetan. Agindu horren bidez, giza baliabideen eta baliabide materialen arloko neurriak hartu ziren COVID-19ak eragindako osasun larrialdiko egoera kudeatzeko.

10. artikulua. Erretiro egoeran dauden Montepioko funtzionarioak lanera itzultzeko neurriak.

Montepiora atxikita dauden Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren osasun arloko profesional erretirodunak, hirurogeita hamar urtetik beherakoak, baldin eta foru lege honen aplikazio eremuan badaude, zerbitzu aktibora itzultzen ahalko dira, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak hala erabakita, eta aurreko artikuluan adierazitako baldintza berberetan.

11. artikulua. Guardia txandak egitetik salbuetsita dauden fakultatiboak.

1. Langileriaren arloan eskudunak diren Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko organoek, herritarrei etengabeko osasun arreta egokia ematen zaiela bermatzeko, indarrik gabe uzten ahalko dituzte, izaera orokorrarekin edo beharrezko jotzen dituzten banakako kasuetan, 2004ko maiatzaren 6eko Erabakiaren bigarren eta hirugarren apartatuak, guardia txandetatik salbuesteari buruzkoak. Erabaki horren bidez onetsi zen Osasun Administrazioak eta sindikatuek sinatutako hitzarmena.

2. Halaber, salbuespenez eta aldi batez, indarrik gabe uzten ahalko dituzte, izaera orokorrarekin edo beharrezko jotzen dituzten banakako kasuetan, egun indarrean dauden erabakiak zaintza txandetatik salbuesteari buruz.

12. artikulua. Irakaskuntza presentziala etenda egonen den aldia 2019-2020 ikasturteko praktiketarako kontuan hartzea.

COVID-19ak eragindako osasun krisia kudeatzeko alarma egoera deklaratzen duen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak irakaskuntza presentzialean ezartzen duen etenaldia kontuan hartuko da 2019-2020 ikasturteko praktikaldirako, zeina Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen zuzendariaren irailaren 4ko 3057/2019 Ebazpenean bidez ezarri baitzen, hau da, Maisu-maistren kidegoko hautapen prozedurako praktiken fasea arautu zuen ebazpenean.

II. TITULUA

Neurri bereziak gizarte zerbitzuen arloan

13. artikulua. Etxeko zaintzaile profesionalen kontratazioaren arloko neurriak.

Dispentsa ezartzen da ahaidetasunari eta lanbide kualifikazioari dagozkion betebeharretarako, hain zuzen ere etxeko zaintzaile profesionalen kontrataziorako Eskubide Sozialetako kontseilariaren abenduaren 19ko 476/2018 Foru Aginduaren 5. artikuluko 2.1 atalean eskatzen direnetarako; foru agindu horren bidez dirulaguntzak arautzen dira, mendekotasuna duten pertsonak etxean gelditzeko, zerbitzu bat kontratatzeko; zaintzaile profesionalari 18 urte edo gehiago izatea eta indarreko araudiarekin bat Gizarte Segurantzan afiliatu, alta eman eta kotizatzeko dagozkion baldintzak betetzea baizik ez zaio eskatuko.

14. artikulua. Landa eremuetarako kontratazio araubidea zabaltzea.

Nafarroako Foru Komunitate osora zabaltzen da landa eremuetarako kontratazio araubide berezia, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren zuzendari kudeatzailearen martxoaren 16ko 1880/2020 Ebazpenak, araubide hori Nafarroako Foru Komunitatean garatzen duenak, araututakoa.

III. TITULUA

Neurri bereziak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren foru-sektore publiko instituzionalaren kudeaketa eraginkorra egiteko

15. artikulua. Kontratazio publikoaren eta mandatuen arloko neurriak.

1. Nafarroako administrazio publikoek nolanahiko neurriak hartzen dituztenean, zuzenekoak zein zeharkakoak, COVID-19ari aurre egiteko, berehala jarduteko beharra justifikatuko da Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legearen 140. artikuluan xedaturik dagoenaren babesean.

2. Aurreko apartatuan ezarritakoarekin bat, larrialdiko izapidetzea aplikatuko zaie Nafarroako administrazio publikoek edo haien erakunde publikoek, entitate instrumentalek eta zuzenbide publikoko entitateek egin beharreko kontratu eta mandatu guztiei, halakoak egiten dituztenean pertsonak babesteko premiez eta COVID-19ari aurre egiteko Nafarroako Gobernuak harturiko beste neurri batzuez arduratzeko.

3. Pertsonen osasuna COVID-19 gaitzetik babesteko neurriak hartzen direnean, sorturiko gastuei aurre egiteko, justifikatzeke eginen da funtsen ordainketa-agindua.

4. Gaikuntza ematen zaie kontratazio organoei berek sinatu dituzten kontratuak aldatzeko, pertsonak babesteko premiez eta COVID-19ari aurre egiteko Nafarroako Gobernuak harturiko beste neurri batzuez arduratzeko. Kasu horietan larrialdiko izapidetzea erabiliko da.

5. COVID-19aren ondorioz, horniduretarako eta ekipamendu-erosketetarako kontratazio espedienteak larrialdiko prozeduraren bidez izapidetu behar direnean, Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legearen 140. artikuluan ezarritakoaren arabera, halakoak salbuetsirik egonen dira aurretiazko kontu-hartzea egitetik fase guztietan, azken horietan barne hartzen direla justifikatzeke ematen diren ordainketa-aginduak, horrek galarazi gabe aipatu artikuluaren bigarren paragrafoko b) letran xedaturik dagoena.

Apartatu honetan ezarritakoa aplikatuko zaio COVID-19aren ondorioz egiten den eta aurreko paragrafoan sartu ez den beste kontratazio espediente orori, baldin larrialdiko prozeduraren bidez izapidetu behar bada.

16. artikulua. Aurrekontua kontabilizatzeko eta kudeatzeko neurriak.

1. COVID-19aren ondoriozko gastuei aurre egiteko behar diren aurrekontu-zuzkiduren intsuldaketak funts-mugimendutzat joko dira, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 43. artikuluan xedatuari jarraikiz. Departamentu bakoitzaren gastuen aurrekontuko edozein partida erabiltzen ahalko da.

2. Erakunde autonomoetako titularrek izanen dute eskumena mugimendu horiek egiteko, beren programei dagokienez.

3. Hezkuntza Departamentuak dagokion zenbatekoa jarriko du Eskubide Sozialetako Departamentuaren esku, egoera ekonomiko ahulean dauden familietako ikasleentzako jantoki-dirulaguntzaren modulua aplikatu ondoren departamentu horrek eskola-jantokien jarduera-etenaldian benetan arreta emaniko ikasleei.

17. artikulua. Dirulaguntzen arloko neurriak.

Gaikuntza ematen zaio Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaileari dirulaguntza izendunen baldintzak aldatzeko, bermatzeko estaltzen direla funtsezkoak diren zerbitzuak pertsonak babesteko premiez eta COVID-19ari aurre egiteko Nafarroako Gobernuak harturiko beste neurri batzuez arduratzeko.

18. artikulua. Salbuespen gisa emandako baimenak.

Koordinatuz COVID-19aren ondoriozko osasun krisiko egoera kudeatzeko xedez alarma egoera deklaratzen duen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuan zehazturiko agintaritza eskudunarekin, ingurumena, animalia osasuna eta landare osasuna babesteko eta kudeatzeko arloetan baimen-araubidea duen administrazio jarduerak salbuespenezko baimenak izaten ahalko ditu, era egokian arduratu ahal izateko COVID-19 koronabirusak eragindako larrialdi egoeraz.

IV. TITULUA

Neurri ekonomiko eta fiskal bereziak

19. artikulua. Funts bat sortzea COVID-19ari lotutako gastuei aurre egiteko.

1. Funts bat sortzen da, 130 milioi euro artekoa, beharrezkoa bada handitzen ahalko dena, beharren arabera aplika dadin, honako arlo hauetan egiten diren gastuei aurre egiteko: osasuna, hezkuntza, politika sozialak, enplegua, familiak, enpresak, ETEak, langile autonomoak, lana eta familia bateragarri egitea, babes soziala, nekazaritzaren eta abeltzaintzaren sektorearentzako laguntzak eta COVID-19aren ondorioz eraginiko beste gastu batzuk. Horretarako, dagozkion aurrekontu-aldaketak izapidetuko dira, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legean xedaturik dagoenari jarraikiz.

2. Funts horren kargura, 6 milioi euroko izaera zabalgarriko partida bat emanen da, norbera babesteko ekipamenduak, material sanitarioa eta COVID-19aren baieztapen diagnostikoko probak presaz eskuratzekoa.

3. Funts horren kontura, 20 milioi euroko partida zabalgarri bat zuzkituko da, zeina bideratuko baita zuzeneko laguntza bat ematera. Laguntza horren zenbatekoa Gizarte Segurantzari hilero ordaindu beharreko kuotaren antzekoa izanen da, eta haren bidez gehienez 650 euro emanen zaizkie Foru Komunitatean EJZn alta emanda egon eta azken sei hilabeteetako batez bestekoaren aldean fakturazioa gutxienez % 30 murriztu zaien autonomoei, alarma-egoera hasi zenetik (463/2020 Errege Dekretuan deklaratua) hura amaitu arte edo jardunari berrekitea legez ahalbidetzen den arte. Laguntza hori jasotzeko, Gizarte Segurantzari 2020ko martxoko eta apirileko kuota ordaindu izanaren agiria aurkeztu beharko da.

20. artikulua. Funts berezi bat sortzea COVID-19a dela-eta toki entitateek dituzten gastuei aurre egiteko.

1. 25 milioi euroko funtsa sortzen da, zeina, hala badagokio, handitzen ahalko baita, beharren arabera, Nafarroako toki entitateek 2020. urtean jasan behar dituzten honako hauekin lotutako gastuak arintzeko: gastu fiskalak, osasuna, hezkuntza, politika sozialak, enplegua, familiak, enpresak, ETEak, langile autonomoak, lana eta familia bateragarri egitea, babes soziala, aparteko langileak eta COVID-19ak eragindako bestelako gastuak.

2. Foru lege honek indarra hartzen duenetik hilabeteko epean, Nafarroako Gobernuak zenbateko hori biltzen duen kreditu berezia emateko foru lege proiektu bat igorri beharko dio Parlamentuari, Nafarroako 2020rako Aurrekontu Orokorrei buruzko martxoaren 4ko 5/2020 Foru Legea aldatzeko, eta foru lege horren bidez arautuko dira funtsa berezi hori eta banaketa-baldintzak.

3. Kreditu berezi hori finantzatuko da “Toki Ogasunen Partaidetza Funtsari atxikitako diruzaintza-gerakina” izeneko 113002 12100 8700 000003 aurrekontu partidaren kargura.

21. artikulua. Kreditu-gehikuntza.

Nafarroako Gobernuak, Eskubide Sozialetako Ministeriotik eta Agenda 2030etik bai 7/2020 Errege Lege-dekretuaren 9. artikuluan araututako kreditu-gehigarriagatik dagokion banaketagatik (errege lege-dekretu horrek presako neurriak ezartzen ditu inpaktu ekonomikoari erantzuteko, eta autonomia erkidegoetako gizarte zerbitzuen programak finantzatzera bideratuta dago), bai martxoaren 17ko 8/2020 Errege Lege-dekretuaren 1. artikuluan araututakoagatik (errege lege-dekretu horrek presako neurriak ezartzen ditu COVID-19aren inpaktu ekonomiko eta sozialari aurre egiteko, eta bideratuta dago gizarte zerbitzuen oinarrizko prestazioak finantzatzera) jasotzen duen zenbatekoaren %15 bideratuko du gutxienez kreditu-gehigarri bat sortzera 2020rako indarrean dauden Nafarroako aurrekontu orokorretan, kasuko partidetan, toki entitateentzako larrialdi sozialeko laguntzak edo bestelako prestazio edo laguntza sozialak finantzatzeko.

Lehen xedapen gehigarria.–Nafarroako 2020rako Aurrekontu Orokorrei buruzko martxoaren 4ko 5/2020 Foru Legea aldatzea.

Nafarroako 2020rako Aurrekontu Orokorrei buruzko martxoaren 4ko 5/2020 Foru Legearen14. artikuluko 2., 3., 4. eta 5. apartatuak aldatzen dira, eta honela geldituko dira idatzirik:

“2. Enpresa-entitate publikoek, fundazio publikoek eta sozietate publikoek abalak edo antzeko beste berme batzuk ematen ahalko dituzte, Nafarroako Gobernuak baimena eman ondoren eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuko titularrak proposatuta, eta gehienez ere 40.000.000 euro eginen dute.

3. Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 75.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak ematen dituen abalen edo antzeko beste bermeen gehieneko arrisku bizia 46.000.000 eurokoa izanen da. Enpresa-entitate publikoen, fundazio publikoen eta sozietate publikoen kasuan, berriz, gehieneko arrisku bizia 107.000.000 eurokoa izanen da.

4. Enpresa-entitate publikoek, fundazio publikoek eta sozietate publikoek maileguak ematen ahalko dituzte, Nafarroako Gobernuak baimena eman ondoren eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuko titularrak proposatuta, eta gehienez ere 30.000.000 euro eginen dute.

5. Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 82 ter artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak ematen dituen maileguen gehieneko arrisku bizia 64.000.000 eurokoa izanen da. Enpresa-entitate publikoen, fundazio publikoen eta sozietate publikoen kasuan, gehieneko arrisku bizia 149.000.000 eurokoa izanen da.

6. Nafarroako Sektore Publikoa osatzen duten entitateek abalak edo antzeko beste berme batzuk ematea, bai eta COVID-19ak eragindako osasun-krisitik datozen eta artikulu honetan aurreikusita dauden maileguak ematea ere, pertsona fisiko edo juridiko onuradunak konpromiso batzuk betetzeari lotuta egonen dira; konpromiso horren arabera enplegua sei hilabeteko epean zehar mantendu beharko dute, martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren bidez ezarritako alarma-egoera amaitu denean jardunari berrekiten zaion egunetik aurrera”.

Bigarren xedapen gehigarria.–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren entitate instrumentalen deklarazioen indarra.

Luzatu egiten da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren entitate instrumentalen deklarazioen indarra, deklarazio horien epemuga arrunta hurrengo hilabetetan gertatzekoa den kasuetan, harik eta onesten den arte Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren entitate instrumentalak arautzeko foru dekretua, zeina egun izapidetzen ari baita.

Azken xedapenetako lehena.–Erregelamendu bidez garatzea eta betearaztea.

1. Gaikuntza ematen zaio Nafarroako Gobernuari, bai eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko departamentuen titulartasuna duten pertsonei ere, zeinek bere eskumenen eremuan, behar adina xedapen eman ditzaten, foru lege honetan ezarrita dagoena garatzeko eta betearazteko.

2. Gaikuntza ematen zaio tributu arloan eskumena duen departamentuko titularrari foru agindu bidez aldatzeko aitorpen-likidazio edo autolikidazioak eta aitorpen informatiboak aurkezteko eta sartzeko epeak.

Azken xedapenetako bigarrena.–Indarrean sartzea eta indarraldia.

Foru lege honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean, eta indarraldian egonen da foru legearen mailako arau batek xedatzen duen arte desagertu egin direla hura onestea eragin duten inguruabar bereziak. Horretan, bigarren xedapen gehigarrian xedatutakoa salbuespena izanen da, indarrean jarraituko baitu.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2020ko apirilaren 6an.–Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria, María Chivite Navascués.

Iragarkiaren kodea: F2004438