73. ALDIZKARIA - 2020ko apirilaren 6a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

DEIERRI

Premiazko neurriak, koronabirusaren osasun krisiak
eragindako inpaktuari aurre egiteko

2020ko martxoaren 25ean, Deierriko alkate udalburuak ebazpen hau eman zuen:

Lehenbizikoa.–2020/03/18an jadanik jakinarazita eta tramitean diren tributu-zorrak ordaintzeko epea luzatzen da 2020ko apirilaren 30era arte; zehazki hauek:

1. Tributu-zorra borondatezko epean eta epe exekutiboan ordaintzeko epeak, Tributuei buruzko abenduaren 17ko 58/2003 Lege Orokorraren 62. artikuluko 2. eta 5. apartatuetan ezarritakoak.

2. 2020/03/18a baino lehen onetsitako geroratze eta zatikatzeen erabakietako epe eta zatikien muga-egunak.

3. Enkanteekin eta ondasunen adjudikazioarekin ikustekorik duten epeak, Diru-bilketaren gaineko Erregelamendu Orokorra onesten duen uztailaren 29ko 939/2005 Errege Dekretuaren 104.2 eta 104 bis artikuluetan aipatzen direnak.

4. Errekerimenduei, enbargo-eginbideei eta zerga arloan garrantzitsua den informazioaren eskaerei erantzuteko epeak, bai eta alegazioak egiteko epeak ere, hain zuzen ere tramite hori edo entzunaldia irekitzeko egintzen aurka, egintza horiek eman direnean tributuak aplikatzeko prozeduretan, zehapen prozeduretan edo deuseztasuna deklaratzeko, sarrera bidegabeak itzultzeko, akats materialak zuzentzeko eta errebokazioko prozeduretan.

Bigarrena.–2020/03/18tik aurrera jakinarazten diren aurreko apartatuko jarduketei dagokienez, epea 2020ko maiatzaren 20raino luzatzen da, salbu eta zorra jakinarazten denean epea luzeagoa bada; kasu horretan, aplikatzen dena izanen da.

Hirugarrena.–2020/03/18tik 2020/04/30era arteko aldia ez da kontuan hartuko tributuak aplikatzeko prozeduren iraupenari dagokionez, ez eta espedientearen iraungipenari eta preskrizpioari dagokienez ere.

Laugarrena.–Udalak, antolaketa administratiboaren egoerak ahalbidetzen duen neurrian, ezinbesteko tramiteak bultzatu, agindu eta eginen ditu.

Bosgarrena.–Autolikidazioak aurkeztu eta ordaintzeko epeei eta aitorpen informatiboak aurkezteko epeei ez die eragiten martxoaren 17ko 8/2020 Errege Lege Dekretuan araututako epeen eteteak (Errege lege-dekretu horrek arautzen ditu COVID-19aren inpaktu ekonomiko eta sozialari aurre egiteko premiazko neurri bereziak).

Seigarrena.–2020/03/18aren eta 2020/04/30aren artean gertatzen diren geroratzeen eta ordainketa zatituen epeen muga-egunak azken data horretara aldatzen dira, haien zenbatekoa handitu gabe.

Zazpigarrena.–2020/03/18aren ondotik jakinarazitako geroratzeak eta ordainketa zatituak, haien muga-eguna 2020ko maiatzaren 20a baino lehenagokoa bada, azken data horretara aldatzen dira, haien zenbatekoa handitu gabe.

Zortzigarrena.–Premiamenduzko administrazio-prozeduren tramitazioan ez da ondasun higiezinen gaineko bermerik eratuko 2020/03/18tik 2020/04/30era.

Bederatzigarrena.–Tributu egintzen aurkako errekurtsoak aurkezteko epea ez da hasiko 2020/05/01era arte edo jakinarazpena egin arte Tributuei buruzko abenduaren 17ko 58/2003 Lege Orokorrean ezarri bezala, baldin eta jakinarazpen hori egin bada data horren ondotik.

Hamargarrena.–Ebazpen hau igortzea Geserlocal-era, eta Udalaren web-orrian argitaratzea, bai eta Herriko Etxeko iragarki-taulan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean ere.

Aritzalan (Deierri), 2020ko martxoaren 25ean.–Alkate udalburua, Eduardo Lezáun Echalar.

Iragarkiaren kodea: L2004282