73. ALDIZKARIA - 2020ko apirilaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

131/2020 FORU AGINDUA, martxoaren 17koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, Biurrungo Alaiz zentroko egoitza-plazei 2020an aplikatuko zaien prezio publikoa finkatzen duena.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako tasa eta prezio publikoei buruzko martxoaren 27ko 7/2001 Foru Legearen 18.2 artikuluak ezartzen du prezio publikoak kobratu behar dituen organoa zer departamenturen mende dagoen, horrexek ezarri edo aldatuko duela prezio horien zenbatekoa, organo kobratzaileak berak proposatuta.

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen helburuen artean honako hauek daude: pertsona guztien bizi kalitatea hobetzea eta, gizartearen, ekonomiaren, politikaren, lan munduaren, kulturaren eta hezkuntzaren arloetan, haien normalizazio, partaidetza eta integrazioa sustatzea, pertsonen eta gizataldeen bizikidetzaren alde egitea, kohesio soziala eta elkartasuna sustatzea, eta pertsonen eta taldeen bazterketa egoerei aurrea hartu eta haietaz arduratzea.

Arauen garapen horren bukaera gisa, ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuaren bidez Gizarte Zerbitzuen Zorroa onetsi zen, non erabiltzaileek partez ordaindu beharreko prestazioak arautzen baitira. Horien artean egoitza zerbitzua agertzen da, gizarteratzearen arloan bermatuta dauden prestazioen atalean.

Otsailaren 19ko 24/2014 Foru Dekretuak ezartzen du Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zein zerbitzu eta jardueratan eska daitezkeen prezio publikoak. Haren arabera, honako hauek dira prezio publikoen bidez finantzatzen ahal diren zerbitzuak: mendekotasun egoeran daudenei, adinekoei, desgaitasuna dutenei, gaixotasun mentala dutenei, adingabeei eta bazterketa sozialean daudenei edo gelditzeko arriskuan daudenei arreta emateko zerbitzuak, Gizarte Zerbitzuen Zorroaren barruan sartuak.

Aipatu foru legearen 20. artikuluarekin bat, prezio publikoak, gutxienez, jarduerak egitearen edo zerbitzuak ematearen ondoriozko kostu ekonomikoak estaltzeko adinakoak izanen dira. Dena den, adierazitakoen azpitiko prezio publikoak finkatzen ahalko dira, baldin eta gizarte, ongintza edo kultur arloko edo interes publikoko arrazoiak baldin badaude.

Foru agindu honen xedea da Alaiz egoitzako erabiltzaileei aplikatu beharreko tarifa zehaztea 2020. urterako.

Ikusirik Babes Sozialaren eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiko Oinarrizko Laguntzaren eta Gizarte Inklusioaren Zerbitzuaren txostena, non proposatzen baita Biurrungo Alaiz egoitzako plazei aplikatu beharreko prezio publikoa (zentro hori Oinarrizko Laguntzaren eta Gizarte Inklusioaren Zerbitzuak kudeatzen du zeharka).

Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 268/2019 Foru Dekretuaren 1. artikuluarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluan esleituta ditudan eskumenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Biurrungo Alaiz zentroko egoiliar plaza baten hileko prezio publikoa zehaztea 2020. urterako: 665,33 euro hilean.

2. Tarifa hau 2020ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin aplikatuko zaie egoiliarrei.

3. Foru agindu hau igortzea Babes Sozialaren eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiko Oinarrizko Laguntzaren eta Gizarte Inklusioaren Zerbitzura, Aurrekontuen Kudeaketarako Ataleko Kontabilitate Zentrora eta departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Administrazio Aferetarako Bulegora, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2020ko martxoaren 17an.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, M.ª Carmen Maeztu Villafranca.

Iragarkiaren kodea: F2004100