73. ALDIZKARIA - 2020ko apirilaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

145/2020 FORU AGINDUA, apirilaren 2koa, Fiteron behin-behineko zentro bat abian jartzea baimentzen duena eta behin-behineko zentro horretako zuzendaria izendatzen duena.

Eskubide Sozialetako kontseilariaren martxoaren 30eko 141/2020 Foru Aginduaren bidez ezarri ziren martxoaren 23ko SND/275/2020 Aginduan aurreikusitako egoera gertatzean hartzen ahalko diren neurriak. Aipatu aginduan hainbat neurri osagarri ezarri ziren gizarte zerbitzuetako egoitzen esparrua antolatzeko eta haietan informazioa banatzeko COVID-19ak eragindako osasun krisiaren kudeaketari buruz, betiere egoitza bakoitzaren egoera epidemiologikoa eta asistentziala kontuan hartuz.

Gainera, koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko premiazko neurriak onesten dituen martxoaren 25eko 2/2020 Foru Lege-dekretuaren 4. artikuluak ezartzen duenez, alde batetik, Eskubide Sozialetako Departamentuak zentro soziosanitario berriak abian jartzen ahalko ditu, horien bidez indartzeko edo modu alternatiboan emateko sektore kalteberek edo COVID-19aren ondoriozko osasun krisiak nahiz krisi horren kariaz harturiko neurriek ukitutako kolektiboek behar duten arreta, eta, bestetik, Eskubide Sozialetako Departamentuak abian jartzen dituen behin-behineko zentro soziosanitario horietako zuzendaritza postuak izendapen librearen bidez beteko dira, Nafarroako Administrazio Publikoetako bateko edo horietako bati atxikitako funtzionarioen artetik, Eskubide Sozialetako kontseilariaren foru agindu baten bidez.

Baños de Fitero SA sozietateak, Fiteroko bainuetxea dagoen tokiko eraikinaren jabea baita, “Establecimiento Virrey Palafox” izeneko eraikinaren erabileraren lagapena eskaini dio departamentuari, instalazio horietan artatuak izan daitezen aipatu martxoaren 23ko SND/275/2020 Aginduak aurreikusten duen egoeran dauden pertsonak, edo, sektore kalteberetakoak izanik, alarma egoerak dirauen bitartean COVID-19ak ukitzen edo ukituko dituenak.

Ikuskapen Atalak behin-behineko baimenaren aldeko txostena eman du “Baños de Fitero behin behineko zahar-etxea” zerbitzurako.

Espedientean daude Fiteroko zahar etxeari buruzko txostenak eta aipatu martxoaren 23ko SND/275/2020 Aginduak aurreikusitako egoeran dauden eskualde bereko beste zahar etxe batzuei buruzkoak ere.

Bidezkoa da Fiteron kokatzekoa den behin-behineko zentroko zuzendaria izendatzea.

Horregatik guztiagatik, martxoaren 23ko SND/275/2020 Aginduan, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren Estatutuak onesten dituen azaroaren 6ko 301/2019 Foru Dekretuan, eta koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko premiazko neurriak onesten dituen martxoaren 25eko 2/2020 Foru Lege-dekretuan ezarritakoarekin bat,

AGINTZEN DUT:

1. Baimentzea behin-behineko zentro bat abian jartzea Fiteroko bainuetxean dagoen “Establecimiento Virrey Palafox” eraikinean, horren bidez indartzeko edo modu alternatiboan emateko sektore kalteberek edo COVID-19aren ondoriozko osasun krisiak ukitutako kolektiboek behar duten arreta.

2. Izendatzea Olga Cuairán Yeregui andrea Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako behin-behineko zentro horretako zuzendari (50 toki baino gehiagoko behin-behineko zentro batekoa).

3. Foru agindu hau jakinaraztea Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Kudeaketaren eta Baliabidearen Zuzendariordetzari, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko Langileriaren Gastuaren Kontrolaren eta Nominen Zerbitzuari eta Langileriaren Kudeaketako Zerbitzuari, eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2020ko apirilaren 2an.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, M.ª Carmen Maeztu Villafranca.

Iragarkiaren kodea: F2004398