72. ALDIZKARIA - 2020ko apirilaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

96/2020 FORU AGINDUA, otsailaren 26koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, larrialdiko familiei ordaintzeko zenbatekoak eguneratzen dituena.

Ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuak Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroa onetsi zuen. Zorro hori martxoaren 20ko 30/2019 Foru Dekretuaren bidez eguneratu zen.

Gizarte Zerbitzuen Zorroan arautzen dira, alde batetik, adingabeei harrera eta behaketa egiteko zerbitzua (haien babesgabetasun egoera baloratu bitartean), eta bestetik, larrialdiko familientzako ordainsariak; izan ere, haiei esker posible da adingabeak familia giro batean egotea babesgabetasun egoeraren balorazioa egiten den bitartean.

Gizarte Zerbitzuen Zorroa garatzen duen Gizarte Politiketako kontseilariaren uztailaren 2ko 541/2013 Foru Aginduak adierazten du larrialdiko familiei ordaintzeko aurreikusita dauden laguntzak berrikusi eta eguneratzen ahalko direla Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren barruan adingabeen babesaren arloan eskumena duen departamentuko titularraren foru agindu baten bidez.

Familiaren eta Adingabeen Zuzendariordetzak proposatu du larrialdiko familien ordainsariak berrikusi eta eguneratzea.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 268/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Larrialdiko familientzako ordainsariak eguneratzea. Horren ondorioz, honako ordainsari hauek ezarri dira:

a) Adingabe batekin: 25 euro eguneko, gehienez ere 750 euro hilabetean;

b) Bi adingaberekin: 50 euro eguneko, gehienez ere 1.500 euro hilabetean;

c) Hirurekin edo gehiagorekin: 75 euro eguneko, gehienez ere 2.250 euro hilabetean.

d) Prestazio ekonomikoa mantentzea harreran adingaberik ez dagoen dolu aldietan, gehienez ere bi hilabetez.

2. Foru agindu honek 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera sortuko ditu ondorioak.

3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

4. Foru agindu hau igortzea Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Familiaren eta Adingabeen Zuzendariordetzari eta Eskubide Sozialetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko otsailaren 26an.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, M.ª Carmen Maeztu Villafranca.

Iragarkiaren kodea: F2003785