72. ALDIZKARIA - 2020ko apirilaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

64/2020 EBAZPENA, martxoaren 5ekoa, Aurrekontuen, Ondarearen eta Politika Ekonomikoaren zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitatea Luis Alberto Arrondo Galindoren abintestato jaraunsle deklaratzen duena eta jaraunspenaren ondasunak eta eskubideak esleitzen dizkiona (GP 2018/156).

Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren Konpilazioa edo Nafarroako Foru Berria onartzen duen martxoaren 1eko 1/1973 Legeko 300. Legearen arabera, legezko oinordetzara joko da baldin eta jaraunspen osoa edo zati bat xedatu ez bada testamentu bidez, oinordetza-itun baten bidez edo oinordetza gauzatzeko baliozko beste modu baten bidez, Konpilazio horrekin bat etorrita.

Konpilazio horren 304. Legeak legezko oinordetzarako hurrenkera ezartzen du tronkalak ez diren ondasunentzat: legearen 1. puntutik 6.era bitarteko puntuetan zehazten dira ondoz ondoko deiak, eta 7.enean agintzen da ezen, aurreko zenbakietan aipaturiko ahaiderik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitatea izanen dela oinordeko; horrek, jaraunspenaren ondasun eta eskubideen likidazioa egin ondotik, interes sozialeko xedeetarako erabiliko du jarauntsia, Nafarroako Aurrekontu Orokorretan xede horietarako aurreikusia dagoen aurrekontu zuzkidura handituz. Era berean, 307. Legean zehazten da zein ahaideri deituko zaien ondasun tronkalen oinordeko izateko, eta azken paragrafoan ezartzen denez, “halako ahaiderik izan ezean, oinordetza gauzatuko da 304. Legearekin bat etorriz”.

Nafarroako Ondareari buruzko apirilaren 4ko 14/2007 Foru Legeak 24.5 artikuluan xedatzen du Nafarroako Foru Komunitatearen aldeko legezko oinordetza eginen dela lege horrexetan, Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren arauetan eta aplikatzekoak diren arau osagarri edo erregelamenduzkoetan ezarritakoari jarraikiz, eta 24.6 artikuluan arautzen du Nafarroako Foru Komunitatea abintestato jaraunsle deklaratzeko prozedura.

Tuterako 5. Lehen Auzialdiko eta Instrukzioko Epaitegiaren 2018ko urriaren 17ko autoaren bidez (hipoteka-betearazpeneko 166/2016, prozedura Caixabank SAk eskatutakoa), adierazi da frogatu dela zendutakoak nafar izaera zibila zuela, eta Nafarroako Gobernuko Aholkularitza Juridikoaren Zerbitzuari jakinarazi zaio, Nafarroako Foru Komunitatea abintestato jaraunsle deklaratu behar bada. Erabaki judizial horren ondorioz, Nafarroako Foru Komunitatea abintestato jaraunsle deklaratzeko jarduketak hasi ziren.

Luis Alberto Arrondo Galindo Fustiñanan (Nafarroa) jaio zen 1961eko abuztuaren 2an, eta Tuteran hil zen 2015eko urriaren 14an. Fustiñanako (Nafarroa) Bandera kaleko 9an izan zuen azken helbide ezaguna.

Egindako ikerketen arabera, hauxe da jaraunspenaren inbentario ezaguna:

–Familia bakarreko etxebizitza atxikia, Fustiñanako (Nafarroa) Bandera kaleko 9 zenbakian, hipoteka zeukana Caixabank SAren alde. Hark hipoteka-betearazpenerako demanda aurkeztu du hildakoaren jaraunspen jasogabearen eta jaraunsle ezezagunen kontra. Ezartzen da 55.512,66 euro ordaintzeko daudela, 2016ko otsailaren 25ean.

–Banku-kontu bat Caixabank SA entitatean (IBAN ES12-2100-5031-18-2100125886); 2015eko abenduaren 31n, 22,84 euroko saldoa zuen.

–Banku-kontu bat Caja Rural de Navarra Sociedad Cooperativa Limitada de Crédito entitatean (IBAN ES49-3008-0051-82-0710963612); 2015eko abenduaren 31n, 2.479,14 euroko saldoa zuen.

–Bizitza-asegurua Bilbao Compañía Anónima de Seguros y Reaseguros SA entitatean (IFZ A48-001648), 9.470,66 eurokoa 2015eko abenduaren 31n.

Espedienteko informazioa aztertu ondoren, Aurrekontuaren zuzendari nagusiaren maiatzaren 9ko 199/2019 Ebazpen bidez erabaki zen Nafarroako Foru Komunitatea abintestato jaraunsle deklaratzeko prozedurari hasiera ematea.

Maiatzaren 9ko 199/2019 Ebazpena 2019ko 179. Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, uztailaren 27koan, jakinarazpenen gehigarrien atalean, bai eta 2019ko 156. Nafarroako Aldizkari Ofizialean ere, abuztuaren 12koan, 10154. orrian, eta Fustiñanako Udalaren iragarki-taulan, 2019ko maiatzaren 22tik ekainaren 22ra bitarte, eta Tuterako Udaleko iragarki-taulan, 2019ko maiatzaren 23tik ekainaren 24ra bitarte, eta ez da aurkeztu ezein interesdunek egokitzat jotako alegaziorik, agiri edo iritzi-elementurik ere.

Espedientean, jaiotza- eta heriotza-agiriez gain eta kausatzailearen Azken Nahietako Egintzen Erregistro Nagusiaz gain, non ondorioztatzen baita ez zuela testamenturik utzi, honako hauek daude jasota: Nafarroako Zerga Ogasuneko txostenak –zenduaren etxebizitzari, banku-kontuei eta bizitza-aseguruari buruzko datuekin–, Zerga Ogasunaren Nafarroako Ordezkaritza Bereziko txostenak –bere datu-baseetan ez dela ageri adierazten dutenak–, Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzatik bidalitako Nafarroako Poliziaren Buruzagitza Nagusiko txostenak –adierazten dutenak María Pilar eta Félix Arrondo Galindo zituela anai-arrebak–, eta Zaragozako, Alcalá de Henaresko eta Carabanchel Bajoko erregistro zibiletako ziurtagiriak, María Antoniaren, Rosa Maríaren eta María de la Peña López Galdindoren balizko jaraunspen eskubideak baztertzeko.

Espedientean jasota dago María Pilar eta Félix Arrondo Galdindok Luis Alberto Arrondo Galindo anaia zenaren testamenturik gabeko jaraunspenari uko egiteko eskrituraren kopia sinplea, zeina Juan Pedro García-Granero Márquez Tuterako notarioaren aurrean egin baitzen, 2017ko abenduaren 19an (protokoloko 1386. zenbakia).

Espedientean txosten juridiko bat ere jaso da, non adierazten baita Nafarroako Foru Komunitatea abintestato jaraunsle deklaratzeko egindako jarduketak egokiak eta nahikoak direla eta deklarazioa arautzen duten xedapenak bete direla.

Horrenbestez, Nafarroako Ondareari buruzko 14/2007 Foru Legearen 24. artikuluaren 5. eta 6. apartatuek emandako ahalmenak erabiliz eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 264/2019 Foru Dekretuaren 8. artikuluak esleitzen didan eskumena erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitatea deklaratzea Luis Alberto Arrondo Galindoren (NANa: 16****39D) jaraunsle bakar eta unibertsala, jaraunspena inbentario-emaitzaren arabera onartzen dela ulertuta.

2. Ebazpen honen aurrekarietan adierazitako jaraunspenaren inbentarioan azaldutako ondasun eta eskubideak eta ager litezkeen gainerakoak Nafarroako Foru Komunitateari esleitzea, Nafarroako Ondareari buruzko apirilaren 4ko 14/2007 Foru Legearen 24. artikuluan xedatutakoarekin bat.

3. Luis Alberto Arrondo Galindoren jaraunspeneko ondasunak eta eskubideak jasota dituzten merkataritza-sozietateei eta finantza-erakundeei eskatzea Nafarroako Foru Komunitatearen esku jar ditzaten, kausatzailearen abintestato jaraunsle denez.

4. Errekerimendua egitea Tuterako 1. Jabetza Erregistroari Nafarroako Foru Komunitatearen alde inskriba zezala kausatzailearen izenean jasota zegoen higiezina, ebazpen honen aurrekarietan jaraunspenaren inbentarioan deskribatu dena, Nafarroako Ondareari buruzko apirilaren 4ko 14/2007 Foru Legearen 24.7 artikuluan arreikusitakoarekin bat.

5. Ebazpen hau Estatuko Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, eta Fustiñanako eta Tuterako Udalera igortzea bertako iragarki-tauletan argitaratu eta agerian egon dadin hilabeteko epean, eta, hala badagokio, jaraunspenaren ondasunak kontrolatzeaz arduratzen den organo judizialari jakinaraztea.

6. Honako hauek izendatzea, Nafarroako Foru Komunitatearen izenean eta hura ordezkatuz, ebazpen honetan ezarritakoa betetzeko behar diren jarduketak egin ditzaten eta behar diren agiri publiko edo pribatuak sina ditzaten: Marta Echavarren Zozaya –Ondare Zerbitzuko zuzendaria–, María Iparraguirre Picabe –Ondarearen Kudeaketa Juridikoaren Ataleko burua–, eta Susana Montilla Larriqueta –Administrazio Laguntzako Bulegoko burua–.

7. Ebazpen hau igortzea Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Ondare Zerbitzuari (Ondarearen Kudeaketa Juridikoaren Atala, Administrazio Laguntzako Bulegoa, Inbentario Orokorraren Bulegoa eta Ekonomia Aferetarako Bulegoa) eta departamentu horretan dagoen Kontu-hartzailetza Delegatuari, eta Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko Aholkularitza Juridikoaren Zerbitzuari, dagozkion ondorioak izan ditzan.

Eskumenen eta prozeduraren gaineko arauak urratuz gero, ebazpen honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.1.b) artikuluan eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatuaren arabera, betiere administrazioarekiko auzi-errekurtso bat jarri baino lehen.

Eskumenen eta prozeduraren gaineko arauen urraketa kasuetatik aparte, Nafarroako Ondareari buruzko apirilaren 4ko 14/2007 Foru Legearen 24.6 artikuluak adierazten du abintestato jaraunslearen deklarazioagatik edo ondasunak Administrazioaren alde esleitzeagatik kaltetuak sentitzen direnek (ustez jaraunspenean eskubide hobea dutelako edo beste eskubide zibil bat dutelako) bidezko egintzak erabiltzen ahalko dituztela jurisdikzio zibileko organoen aurrean.

Iruñean, 2020ko martxoaren 5ean.–Aurrekontuen, Ondarearen eta Politika Ekonomikoaren zuzendari nagusia, Begoña Urrutia Juanicotena.

Iragarkiaren kodea: F2003678