69. ALDIZKARIA - 2020ko apirilaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

10/2020 FORU AGINDUA, martxoaren 29koa, Osasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez baimentzen baita osasungintzarako gaitzea Iruñeko “Bed4you” eta “Maisonnave” hotelak.

Martxoaren 15eko SND/232/2020 Aginduaren bidez, giza baliabideen eta baliabide materialen arloko neurri batzuk hartu ziren COVID-19ak eragindako osasun krisiaren egoera kudeatzeko. Agindu horren 9. eta 10. artikuluetan aukera ematen zaie autonomia erkidegoetako osasun arloko agintariei espazio publiko edo pribatuak osasungintzarako gaitu ditzaten, eta behar diren neurriak har ditzaten pertsonak, ondasunak eta lekuak babesteko.

Halaber, agindu horren 12. artikuluan ezartzen denez, autonomia erkidego bakoitzean osasun arloko eskumenak dituzten agintariek emanen dituzte behar diren ebazpenak, xedapenak eta interpretazioko jarraibideak, beren jarduketa esparruaren barnean bermatze aldera agindu horretan ezarritakoa betetzen dela.

Martxoaren 19ko SND/257/2020 Aginduaren bidez, eten egin zen ostatu turistikoko establezimenduak jendearentzat irekitzeko aukera, martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren 10.6 artikuluarekin bat. Errege-dekretu horren bidez, COVID-19ak eragindako osasun krisia kudeatzeko alarma egoera deklaratu zen, eta martxoaren 27ko 476/2020 Errege Dekretuaren bidez haren indarraldia luzatu zen.

Halaber, etete horrek ez du eragozten autonomia erkidegoetako osasun arloko agintariek zenbait lokaletan osasungintzarako espazioak gaitu ahal izatea, martxoaren 15eko SND/232/2020 Aginduaren 9. apartatuan ezarritakoarekin bat, horixe xedatzen baita Osasun Ministerioak 2020ko martxoaren 23an emandako Instrukzioan, zeinaren bidez interpretazio irizpideak ezarri baitziren COVID-19ak eragindako osasun krisia kudeatzeko. Zehazki, martxoaren SND/257/2020 Aginduaren aplikazio eremuan sartutako lokalei aplikatzen zaie hori (paradoreak barne), betetzen badituzte osasun arreta emateko beharrezkoak diren baldintzak.

Osasun Departamentuak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren osasun sistema indartu beharra dauka, COVID-19an positibo eman duten pazienteak era egokian artatzeko, Osasunaren Mundu Erakundeak deklaraturiko pandemiaren ondoriozko premiei erantzute aldera.

Presako eta ezinbesteko premia horri erantzuteko, Osasun Departamentuak beharrezkoa du Iruñeko zenbait hotel-establezimendu beretzat erabiltzea.

Horrenbestez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren aldeko txosten teknikoa ikusirik.

Osasunari buruzko apirilaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 2.2 artikuluari jarraikiz,

AGINTZEN DUT:

1. Baimena ematea osasungintzarako gaitu daitezen Iruñeko “Bed4you” eta “Maisonnave” hotelak, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak erabil ditzan COVID-19an postibo eman duten pazienteak artatzeko.

2. Gaituriko establezimenduak itxita egonen dira jendearentzat, salbu eta pazienteei ostatua eta arreta emateko eta haiek artatzen dituzten profesionalen jarduera baimentzeko.

3. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak emanen die osasun arreta establezimendu horietan ingresaturiko edo ostataturiko pazienteei.

4. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak emanen ditu, halaber, establezimendu horietako berezko hotel-zerbitzuak; hots, ostatua, garbiketa eta funtsezko beste zerbitzu batzuk, segurtasuna barne.

5. Osasun Departamentuaren kargura izanen dira hotel-establezimenduak erabiltzetik heldu diren gastuak (ura, argindarra eta etxeko ur berorako erregaia, esaterako).

6. Osasun Departamentuak babeserako beharrezkoak diren osasun-ekipamendu guztiak emanen dizkie establezimendu horietan zerbitzuak emanen dituzten langileei.

7. Instalazioetan kalterik sortzen bada aldi baterako okupazioaren ondorioz, establezimenduaren titularrak dagokion kalte-ordaina jasotzeko eskubidea izanen du, aplikatzekoa den araudiarekin bat eta kaltetuak hala eskatuta.

8. Osasun Departamentuak jarraibideak emanen ditu, eta beharrezkoak diren materialak jarriko, zerbitzu horiek ematean bete daitezen Osasun Ministerioak emandako babes neurriak eta jarraibideak, COVID-19arekin kutsatzea eragozteko helburua dutenak.

9. Foru agindu honetan ezarritako osasungintzarako gaikuntzak alarma egoera indarrean dagoen bitartean iraunen du, eta zazpi egun natural gehiago luzatzen ahalko da, nolakoak diren osasun krisiaren bilakaera eta horren ondoriozko antolaketako eta laguntzako premiak.

10. Foru agindu hau jakinaraztea aipatu hoteletako kudeatzaileei, eta igortzea Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Kudeatzailetzara, Nafarroako Ospitaleguneko Kudeatzailetzara, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Laneko Arriskuen Prebentziorako Zerbitzura, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutura, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Profesionalen Zuzendaritzara, Osasun Zuzendaritza Nagusira eta Osasuneko Idazkaritza Tekniko Nagusira.

11. Foru agindu hau sinatzen den unetik hasita egonen da indarrean.

12. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2020ko martxoaren 29an.–Osasuneko kontseilaria, Santos Induráin Orduna.

Iragarkiaren kodea: F2004325