69. ALDIZKARIA - 2020ko apirilaren 1a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

AIEGI

Ordenantza fiskala, Hirigintzaren arloan lizentziak emateko eta kontrolerako jarduera administratiboak egiteko tasak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Aiegiko Udalak, 2019ko abenduaren 17an egin osoko bilkura arruntean, erabaki zuen hasiera batez onestea Hirigintzaren arloan lizentziak emateko eta kontrolerako jarduera administratiboak egiteko tasak arautzen dituen ordenantza fiskala.

Iragarki hori argitaratu zen 2020ko 7. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urtarrilaren 13an, eta biharamunetik hasita jendaurrean egon zen, hogeita hamar egun baliodunean. Alegaziorik aurkeztu ez zenez, ordenantza hori behin betiko onetsitzat jotzen da, eta haren testu osoa argitara ematen, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin (6/1990 Foru Legea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa).

Aiegin, 2020ko otsailaren 27an.–Alkatea, Leonardo Camaces Murillo.

ORDENANTZA FISKALA, HIRIGINTZAREN ARLOAN LIZENTZIAK EMATEKO ETA KONTROLERAKO JARDUERA ADMINISTRATIBOAK EGITEKO TASAK ARAUTZEN DITUENA

Oinarria

1. artikulua. Ordainarazpen hau ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Legearen lehenbiziko tituluko IV. kapituluko 7. atalean xedaturik dagoenaren arabera, eta lege beraren 12. artikuluan jasotzen den baimenari jarraikiz.

Zerga-egitatea

2. artikulua. Zerga-egitatea da hirigintzako jarduketei dagozkien zerbitzu tekniko eta administratiboak ematea, etxegintzaren eta lurzoruaren erabileraren arloko egintzak egokitu daitezen indarra duten hirigintza eta eraikuntza arauei.

3. artikulua. Tasa ordaindu beharra dakarten hirigintzako jarduketek xedea dute lurzoruari eta hiri antolamenduari buruzko legeriak eskatzen dituen hirigintzako lizentziak ematea edo kontrolerako administrazio jarduerak egitea, lizentzia eskatu beharrean erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko komunikazioa aurkeztu behar denetan.

Tasaren beharra ezartzen duten hirigintzako jarduketak Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legean zehazturik daude. Honako hauek dira, hain zuzen:

a) Eraikin eta instalazio berriak altxatzeko obrak.

b) Eraikin eta instalazioak handitzeko obrak.

c) Eraikin eta instalazioen egitura edo kanpoko itxura aldatu edo berritzeko obrak.

d) Eraikinen barreneko egitura aldatzen duten obrak, edozein izanik ere haien erabilera.

e) Behin-behinekoz egin beharreko obra eta erabilerak.

f) Hirigintzako lurzatiketak eta landa-lurreko finkak banandu eta zatitzea.

g) Lur-mugimenduak, hala nola zelaitu, lurrerauzi, hondeatu eta betetzeko lanak, salbu eta lan horiek onetsitako urbanizazio edo eraikuntza proiektu baten barrenean zehaztuta eta programatuta badaude.

h) Eraikin eta instalazioen lehenbiziko erabilera edo okupazioa, oro har, eta haien erabileraren aldaketa.

i) Eraikinak botatzea, salbu eta erortzear direla deklaratuta daudenak.

j) Zorupeari eragiten dioten instalazioak.

k) Arbolak eta zuhaixkak botatzea, baldin eta zuhaitz-masa, basogune, arboladi edo parke badira, salbu eta nekazaritzaren arloko legeek baimendutako lanak direnean.

l) Eremu publikotik ikusten diren kartelak paratzea, lokal itxietan ez badaude.

m) Presa, baltsa eta defentsa-obrak egin eta ubide publikoak zuzentzea, interes orokorreko obra publikoak ez badira.

n) Agregakinak ateratzea eta harrobiak ustiatzea, jabari publikoko lurretan egin eta administrazio kontzesioa behar izanda ere.

o) Finkak ixtea.

Ordaindu beharra

4. artikulua. Zerga ordaindu beharra sortzen da lizentzia eskatzean edo, lizentzia eskatu behar ez denetan, erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko komunikazioa aurkeztean.

Ez da ordaindu beharrik izanen baldin Udalak lizentzia emateko erabakia hartu baino lehen interesdunak atzera egiten badu, edota adostasun-eginbidea izan baino lehen, lizentzia jakinaraziak direnean. Ez da ordaindu beharko, baldin obra osteko kontrolerako udal ebazpena eman aurretik adierazten bada jarduera hasteari uko egiten zaiola.

Hala ere, aurreko paragrafoan aipatutako kasuetan, interesdunak Udalari ordaindu beharko dio lizentzia emateko egindako kanpo txostenen zenbatekoa, Udalari kostu bat sorrarazi badiote.

5. artikulua. Tasa hauek direla medio Telefónica de España SAU enpresari egokitu lekiokeen ordainketa dirutan egin beharreko urteko ordainaz ordezkatzen da, Nafarroako Foru Erkidegoan Espainiako Telefono Konpainia Nazionalak behar duen tributu araubidea ezarri zuen abenduaren 29ko 11/1987 Foru Legeak xedatutakoarekin bat.

Subjektu pasiboa

6. artikulua. Ordenantza honetan ezarritako tasen subjektu pasiboak dira pertsona fisiko eta juridikoak eta nortasun juridikorik izan ez baina unitate ekonomiko edo ondare banandua diren entitateak, baldin egindako hirigintzako jarduketengatik edo emandako lizentziengatik eragina edo onura hartzen badute.

Eraikitzaileak eta obra kontratistak zergadunaren ordezkoak izanen dira, lurzoruari eta hiri antolamenduari buruzko araudian jasotako hirigintzako lizentziak emateko ezarri diren tasetan.

Zerga-oinarria

7. artikulua. Kargaren zerga-oinarria kalkulatzeko, tarifen eranskinean ezartzen denaren arabera, honako hauek hartuko dira kontuan:

a) Eraikuntza, instalazio edo obraren kostu erreal eta egiazkoa, halakotzat harturik ordenantza fiskalaren 6. artikuluak zehazten duena, Eraikuntza, instalazio edo obren gaineko zerga arautzen baitu.

b) Azalera, halakotzat harturik, eraikin edo lokalen kasuan, azalera eraikia.

c) Zenbateko finko bat.

Tasa

8. artikulua. Karga-tasa izanen da ordenantza honen eranskinean agertzen dena.

Kuota

9. artikulua. Kuota izanen da ordenantza honetako eranskinean agertzen den karga-tasa zerga-oinarriari aplikatzearen ondoriozkoa edo, bestela, horretarako ezartzen den zenbateko finkoa.

Lizentzien tramitazioa eta haien ondorioak

10. artikulua. Hirigintza jarduketari buruzko edozein eskabide bete beharko da Hirigintza prozedurari buruzko ordenantzan eta aplikatzekoak diren bestelako arauetan ezarritako moduan.

11. artikulua. Lizentziak iraungitzeaz den bezainbatean, indarra duen hirigintzako planeamenduetan eta aplikatzen ahal den gainerako araudietan zer xedatzen den, huraxe eginen da.

Kudeaketa arauak

12. artikulua.

1. Aginduzko lizentzia ematen denean, erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko komunikazioa aurkezten denean, edo, lizentzia eskatu, eman edo ukatu edota erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko komunikazioa aurkeztu baino lehen, eraikuntza, instalazioa edo obra hasi bada, likidazio bat eginen da, edo hurrengo 2) eta 3) puntuetan adierazten diren kasuetan, autolikidazioa eginen.

Eraikuntza, instalazioa edo obra egiteko proiektua edo xedea aldatzen bada, eta horren aurrekontuak gora egiten badu, subjektu pasiboek tasaren likidazioa edo, hala behar denean, autolikidazio osagarria aurkeztu beharko dute, hasierako aurrekontuaren eta aldaketaren ondoriozkoaren artean dagoen aldearen gainean, ordenantza honetan ezarritako epe, betekizun eta ondorioei lotuta.

2. Tramitazio laburreko araubideari lotutako lizentzien kasuan edo lizentzia jakinarazien araubide bereziari lotutakoen kasuan, eskatzaileak, lizentzia-eskabidearekin batera, honako hauek aurkeztu beharko ditu: autolikidazio agiria, behar bezala beterik, eta ordainagiria. Autolikidazioa ordaintzeak ez dakar berekin lizentzia ematea, eta ordaindu izanaren gaineko ziurtagiria erretiratu beharra dago, behin bideratu eta gero, lizentzia kudeatzen duen bulegotik.

3. Erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko komunikazioa aurkeztea eskatzen den obretan, adierazpenarekin edo komunikazioarekin batean autolikidazioko agiria aurkeztuko da, behar bezala betea, baita ordainagiria ere.

4. Tasaren autolikidazioa eskatzen den kasuetan, subjektu pasiboek autolikidazioa egin beharko dute udal administrazioak eskura jartzen dituen inprimakietan. Betebehar hori ez betetzea tributu arloko arau-haustea da, Ordenantza fiskal orokorrean xedatzen denaren arabera zehatzen ahal dena.

5. Gainerakoetan, tasak gehienez ere bi hilabeteko epean ordaindu beharko dira, honako hauetatik zenbatzen hasita:

a) Lizentzia jakinarazten den egunetik, edo hura oraindik eskatu, eman edo ukatu gabe egonda, eraikuntza, instalazioa edo obra hasia delarik; azken kasu horretan, egindako ordainketak ez dakar inolako presuntziorik ezta inolako eskubideen aldarrikapen egintzarik subjektu pasiboaren alde.

b) Proiektua aldatzeagatik likidazio osagarririk baldin bada, proiektu berria jakinarazten denetik aurrera, lizentziaren xede baldin bada.

13. artikulua.

1. Behin eraikuntzak, instalazioak eta obrak bururatu eta egiazki egin direnak ikusita, gehienez ere hiru hilabeteko epean haien amaiera edo behin-behineko onarpenetik aitzina, tributudunak deklarazio bat aurkeztuko du inguruabar hori azalduz eta eraikuntzaren, instalazioaren edo obraren benetako eta egiazko kostua adieraziz, eta, deklarazioarekin batera, obraren zuzendari eskudunak haren gainean emandako egiaztagiria, betiere dagokion elkargo profesionalak ikus-onetsia, eta, halakorik behar izatera, kostu hori egiaztatzeko fakturak edo bestelako agiriak. Irekitzeko lizentziarik, erabilera aldatzekorik, lehen erabilerakorik edo beste zenbait lizentzia bideratu behar izanez gero, agiri horiek kasuan kasuko lizentziarako eskaerarekin batera aurkezten ahalko dira.

2. Udalak erabiltzen ahalko ditu egiaztatzeko eta aztertzeko ahalmenak. Zehatz-mehatz, egiazki egindako lanak eta haien kostu erreal eta egiazkoa ikusirik, Udalak, bere zerbitzu teknikoek horiek aztertu eta txostena egin ondoan, lizentziaren baldintza tekniko eta ekonomikoen aldaketa onetsiko du, egiazki gauzatutako obrari egokitzeko, eta aldatutako baldintzen araberako likidazioa eginen du.

14. artikulua.

1. Udal administrazioak egiaztatuko du likidazioak eta autolikidazioak ordenantza honen arauak zuzen aplikatuz egin direla eta, beraz, kalkulatutako oinarri eta kuotak arau horien emaitza direla.

2. Udal administrazioa likidazioekin edo, hala behar badu, autolikidazioekin ados ez badago, likidazioak eginen ditu, gaizki aplikatutako kontzeptuak edo datuak eta akats aritmetikoak zuzenduta, berandutze-interesak kalkulatuko ditu eta behar diren zehapenak ezarriko ditu. Era berean, subjektu pasiboak deklaratzen ez dituen zerga-egitateen likidazioa eginen du.

Arau-hausteak eta zehapenak

15. artikulua. Arau-hausteei eta zehapenei dagokien orotan, Ordenantza fiskal orokorrean xedatuari jarraituko zaio.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.–Ordenantza honetan ezarri ez den orotan, aplikatuko da xedaturik dagoena ordenantza fiskal orokorrean eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean.

Bigarrena.–Ordenantza honek indarra hartuko du, eta ondorio juridiko osoak sortuko, testu osoa argitaratu ondoren Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

TARIFEN ERANSKINA

1. epigrafea.–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 190. artikuluaren babesean emandako lizentziak.

1.1. Lurzatiketarako lizentziak.

Lurzatiketarako-lizentzia bakoitza tramitatu eta ebazteko tasak azaleraren arabera likidatuko dira (euro/m²): 0,07 euro.

1.2. Lehen erabilerako lizentziak edo, oro har, eraikinak eta instalazioak okupatzekoak.

1.2.1. Lehen erabilerako lizentziak tramitatu eta ebazteagatik, gorakako etxebizitzen nahiz bikoitzen, atxikien eta gisakoen sustapenei dagozkienak, etxebizitza bakoitzagatik: 175,00 euro.

1.2.2. Familia bakarreko etxebizitza bakartu bat lehen aldiz erabiltzeko lizentzia bakoitza tramitatu eta ebazteagatik: 175,00 euro.

1.2.3. Jarduera sailkatuak ez diren bestelako eraikinak eta/edo lokalak lehen aldiz erabiltzeko lizentzia tramitatu eta ebazteagatik, eraikinaren eta/edo lokalaren azalerako metro koadro bakoitzeko. Ziurtagiria barne. Jarduera kaltegabea: 175,00 euro.

Zerga-egitateek, likidatu beharreko 300,00 euroko gehieneko muga izanen dute zerga-egitateengatik.

2. epigrafea.–Hirigintzako kontrola egiteagatik, lizentziaren ordez aurretiazko komunikazioa edo erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu behar denetan.

2.1. Obrak egiten badira, 1.2 epigrafeko tarifa aplikatuko da.

2.2. Jarduera hasitakoan kontrola egiteagatik (sailkatu gabea) 1.2.3. epigrafeko tarifa aplikatuko da.

Iragarkiaren kodea: L2003123