69. ALDIZKARIA - 2020ko apirilaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

141/2020 FORU AGINDUA, martxoaren 30ekoa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, aurreikusten duena neurri batzuk ezartzea COVID-19ak ukitutako zentro sozio-sanitarioetan, martxoaren 23ko SND/275/2020 Agindua aplikatuz, Zangozako eta Miranda Argako zahar-etxeetako antolaketa aldatzen duena eta behin-behineko zentroko zuzendari bat izendatzen duena zahar-etxe horien jarduera asistentziala zuzendu eta koordinatzeko, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren menpe.

Martxoaren 23ko SND/275/2020 Aginduaren bidez hainbat neurri osagarri ezarri ziren gizarte zerbitzuetako egoitzen esparrua antolatzeko eta haietan informazioa banatzeko COVID-19ak eragindako osasun krisiaren kudeaketari buruz. Agindu horren hirugarren apartatuan ahalmena ematen zaio kasuan kasuko autonomia erkidegoko agintaritza eskudunari agindu horren xedeko egoitzetan esku hartzeko, egoitza bakoitzean dagoen egoera epidemiologiko eta asistentzialaren arabera, betiere behar eta proportzionaltasun irizpideei jarraikiz.

Apartatu horrekin bat, beste jarduketa batzuen artean, esku-hartze horren ondorioz, behar diren neurriak ezartzen ahalko dira, batetik, egoitza berriak abian jartzeko eta daudenen edukiera edo antolaketa aldatzeko, eta, bestetik, Administrazio publiko horretako langile bat izendatzeko, zentroan martxoaren 19ko SND/265/2020 Aginduaren 2.1 apartatuko b), c) eta d) multzoetan sailkatutako erabiltzaileak dauden kasuetan, bertako jarduera asistentziala zuzendu eta koordina dezan.

Koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko premiazko neurriak onesten dituen martxoaren 25eko 2/2020 Foru Lege-dekretuaren 4. artikuluak ezartzen duenez, Eskubide Sozialetako Departamentuak zentro soziosanitario berriak abian jartzen ahalko ditu, horien bidez indartzeko edo modu alternatiboan emateko sektore kalteberek edo COVID-19aren ondoriozko osasun krisiak nahiz krisi horren kariaz harturiko neurriek ukitutako kolektiboek behar duten arreta, eta ezartzen du, halaber, zentro soziosanitario horietako zuzendaritza postuak izendapen librearen bidez beteko direla, Nafarroako Administrazio Publikoetako bateko edo horietako bati atxikitako funtzionarioen artetik, Eskubide Sozialetako kontseilariaren foru agindu baten bidez.

Zahar-etxe eta bestelako zentro soziosanitario batzuetan, COVID-19a baieztatua duten eta COVID-19arekin bateragarriak diren sintomak dituzten egoiliarrak daude, bai eta osasun krisi honen ondorioz bajan dauden langileak ere.

Hori dela eta, bidezkoa da aurreikustea kasu horietan oro har hartzen ahal diren neurriak eta, horrekin batera, zehaztea horietako batzuk hartuko direla Zangozako eta Miranda de Argako zahar-etxeetan, egoera horretan daudelako, espedientean jasotako txostenetan adierazten denez.

Horregatik guztiagatik, martxoaren 23ko SND/275/2020 Aginduan, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren Estatutuak onesten dituen azaroaren 6ko 301/2019 Foru Dekretuan, eta koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko premiazko neurriak onesten dituen martxoaren 25eko 2/2020 Foru Lege-dekretuan ezarritakoarekin bat,

AGINTZEN DUT:

1. Zahar-etxe edo zentro soziosanitarioen antolaketa aldatzea COVID-19a baieztatua duten eta birus horrekin bateragarriak diren sintomak dituzten egoiliarrak dauden kasuetan, baldin eta hala erabakitzen bada Eskubide Sozialetako kontseilariaren foru aginduaren bidez edo Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzailearen ebazpenaren bidez, hori guztia COVID-19ak eragindako osasun krisiaren kudeaketa dela-eta gizarte zerbitzuetako egoitzen esparrua antolatzeko eta haietan informazioa banatzeko hainbat neurri osagarri ezarri zituen martxoaren 23ko SND/275/2020 Aginduaren hirugarren apartatuaren babesean; aldaketa hori honela gauzatuko da:

1.–Zuzendaria ez dagoenean eta beharrezkoa denean hura ordeztea aldi baterako, edo, bertan badago ere, beharrezkoa denean hari laguntzea eta haren lana indartzea, Eskubide Sozialetako Departamentuak hau egiten ahalko du:

–Behin-behineko zentroko zuzendari bat izendatu, zentro soziosanitario horietako zuzendaritza bere gain har dezan behin-behinekoz.

–Behin-behineko zentroko zuzendari izendatutako pertsona baten esku utzi zentro horietako jarduera asistentzialaren koordinazioa.

Bi kasuetan, zuzendaritzako edo zuzendariari laguntzeko behin-behineko zerbitzua ere kontratatzen ahalko da, Koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko premiazko neurriak onesten dituen martxoaren 18ko 1/2020 Foru Lege-dekretuaren 15. artikuluari jarraikiz.

2.–Zerbitzua kalitate egokiarekin mantentzeko beharrezkoa den plantilla osatzea ezinezkoa denean, Eskubide Sozialetako Departamentuak kontratazioak egiten ahalko ditu. Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziari gaikuntza ematen zaio kontratazioak egiteko aurreko apartatuko kasuetan, horien bidez zerbitzuak emateko egoitza edo zentro soziosanitario horietan, beharrei erantzunez eta langileen artean gertatzen diren bajen arabera.

2. Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaileari ahalmena ematea identifikatzeko zer zentrotan aplikatu behar diren foru agindu honen 1. apartatuan aurreikusten diren neurri bat edo batzuk, eta zehazteko haietako bakoitzean zer neurri hartu behar den.

3. Identifikatzea Zangozako eta Miranda Argako zahar-etxeak foru agindu honen 1. eta 2. apartatuetan aurreikusten diren neurriak aplikatu beharreko zentro soziosanitario gisa, eta Ana Isabel Chocarro Resano andrea izendatzea Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako behin-behineko zentroko zuzendari, bietako zuzendaritza eta koordinazio asistentziala bete dezan, hura 50 toki baino gehiagoko behin-behineko zentrotzat hartuta.

4. Foru agindu hau jakinaraztea Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Kudeaketaren eta Baliabidearen Zuzendariordetzari, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko Langileriaren Gastuaren Kontrolaren eta Nominen Zerbitzuari eta Langileriaren Kudeaketako Zerbitzuari, eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2020ko martxoaren 30ean.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, M.ª Carmen Maeztu Villafranca.

Iragarkiaren kodea: F2004315