69. ALDIZKARIA - 2020ko apirilaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

54/2020 FORU AGINDUA, martxoaren 30ekoa, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak emana, zeinaren bidez bertan behera uzten baita lantokietako jarduera presentziala Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileentzat, funtsezko zerbitzu publikoentzat izan ezik, koronabirusaren (COVID-19) bilakaera epidemiologikoaren ondorioz.

ATARIKOA

COVID-19 koronabirusaren pandemiak ekarri duen osasun krisiak sortutako egoera berezia dela eta, hainbat neurri hartu behar izan dira, batez ere martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren bidez alarma egoera deklaratu zenetik. Testuinguru horretan onetsi da martxoaren 29ko 10/2020 Errege Lege-dekretua, ordaindutako baimen berreskuragarri bat arautzen duena funtsezko zerbitzuak betetzen ez dituzten besteren konturako langileentzat, COVID-19aren kontrako borrokaren baitan herritarren joan-etorriak murrizteko xedez. Arau horren lehen xedapen gehigarrian administrazio publikoko langileez xedatzen denez, autonomia erkidegoetako organo eskudunek ematen ahal dituzte administrazio publikoetako langileen zerbitzuak arautzeko beharrezkoak diren jarraibideak eta ebazpenak, funtsezkotzat jotzen diren zerbitzu publikoen funtzionamendua mantentzearren.

Horiek horrela, kontuan harturik aparteko egoera honetan komeni dela ahalik eta gehien murriztea pertsonen joan-etorriak, bidezkoa da onestea foru agindu hau, zeinaren bidez erabakitzen baita bertan behera uztea lan presentziala Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako lantokietan, salbu eta funtsezko zerbitzu publikoak emateko eskumena duten unitateen kasuan. Unitate horiek saiatuko dira lan ez-presentziala egiten ahal den neurrian, baina lan presentziala egiteko gaituta egonen dira eman beharreko zerbitzuen izaerak hala eskatzen duenean edo beharrezkoa denean zerbitzu publikoa modu egokian emateko.

Horrez gain, foru agindu honetan zehazten da zein diren funtsezko zerbitzu publikoak martxoaren 18ko 51/2020 Foru Aginduan aurreikusitakoari jarraikiz, arau horretan zerbitzu horiek ezarri baitziren, koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko premiazko neurriak onesten dituen martxoaren 18ko Foru Lege-dekretuan langileriaren arloan xedatzen diren neurriak aplikatzearen ondorioetarako.

Horrenbestez, indarreko araudiak eman dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Bertan behera uztea lantokietako jarduera presentziala Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileentzat, salbu eta funtsezko zerbitzu publikoen kasuan.

Horretarako, langileek modalitate ez-presentzialeko zerbitzuak eman beharko dituzte, telelaneko edo urrutiko laneko formulak erabiliz, ahal den neurrian posible izan dadin zerbitzu publikoa ematen jarraitzea.

2. Foru agindu honetan araututako ondorioetarako, funtsezko zerbitzu publikoak kolektibo eta unitate hauek ematen dituztenak direla ulertzen da:

a) Nafarroako Foruzaingoa.

b) Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko langileak.

c) Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuko langileak.

d) Zerbitzu informatikoetako langileak.

e) Osasun eta laguntza arloko langileak.

f) Gizarte zerbitzuetako langileak.

g) Aurreko ataletan aipatzen ez diren langileak, ezinbestekoak badira aurreko langile-talde horiek ematen dituzten funtsezko zerbitzu publikoak mantentzen eta ematen direla bermatzeko.

h) Edozein kasutan eman beharrekoa den eta erabat ezinbestekoa den Administrazioaren jarduera bermatzeko gutxieneko zerbitzuak, ezartzen direnak, mantentzea bermatzeko beharrezkoak diren langileak.

Edozein kasutan, gutxieneko zerbitzuak unitate edo kolektibo hauek ematen dituztenak direla ulertuko da:

1.–Enplegu erregulazioko espedienteak (EEE eta AEEE) tramitatu eta baimentzeko prozeduretan esku hartzen duten unitateak.

2.–Laneko Arriskuen Prebentziorako Zerbitzuak diren unitateak.

3.–Langileen nominak eta Gizarte Segurantzako kotizazio agiriak egin eta tramitatzeko ardura duten unitateak.

4.–Langileen kontratazioaz, kudeaketaz eta erregistroaz arduratzen diren unitateak.

5.–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako funtzionamendu ekonomikoa eta aurrekontuetakoa bermatzeko beharrezkoak diren unitateak.

6.–Mota guztietako prestazio edo laguntzak tramitatu eta baimentzeaz arduratzen diren unitateak.

7.–Unibertsitatez kanpoko ikastetxeetako langileak, ikasleentzako urrutiko arreta bermatzeko.

8.–Komunikazio eta argitalpen ofizialak antolatu eta egiteko ardura duten unitateak.

3. Ahalegina eginen da funtsezko zerbitzu publikoaren kalifikazioa duten unitateetan zerbitzuan ari diren langileek beren lana modu ez-presentzialean bete dezaten, posible den neurrian, baina lan presentziala ere egiten ahalko dute eman beharreko zerbitzuen izaerak hala eskatzen duenean edo ezinbestekoa denean zerbitzu publikoa modu egokian emateko, behar-beharrezkoa den denboran soilik.

Beharrezkoak diren prebentzio eta antolaketa neurriak ezarriko dira funtsezko zerbitzu publikoak mantentzeko izendatzen diren eta lana modu presentzialean egin behar duten langileen osasuna babesteko, lanaren ezaugarriak kontuan hartuta.

4. Foru agindu honek sinatzen den unetik hasita izanen ditu ondorioak.

5. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko martxoaren 30ean.–Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2004333