62. ALDIZKARIA - 2020ko martxoaren 23a - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

6/2020 FORU AGINDUA, martxoaren 21ekoa, Osasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez Nafarroako Foru Komunitateko zenbait enpresari obligazioak ezartzen baitzaizkie, osasun- eta laguntza-sistemaren beharrekin zerikusia dutenak, osasun krisiaren agertokian bere egitekoak gauzatzeko beharrezkoa den materiala eskura izan dezan.

Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrak 26.1 artikuluan ezartzen duenez, osasunerako berehalako arrisku ohiz kanpoko bat badago, edo susmatzen bada badagoela, osasun arloko agintariek egokitzat jotzen dituzten prebentzio neurriak hartuko dituzte, hala nola produktuak konfiskatu edo immobilizatzea, jarduerak bertan behera uztea, bitarteko materialen eta giza baliabideen interbentzioa, bai eta osasunaren ikuspuntutik justifikatutzat jotzen diren beste guztiak ere.

Osasun Publikoari buruzko urriaren 4ko 33/2011 Legeak, berriz, 54.1 artikuluan ezartzen duenez, Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoan aurreikusitako neurriak ezertan ukatu gabe, salbuespenez eta aparteko larritasunak edo presak aginduta behar denean, Estatuko Administrazio Orokorrak eta autonomia erkidegoetakoek beharrezkoak diren neurri guztiak hartzen ahalko dituzte, zeinek bere eskumenen esparruan, legea betetzen dela ziurtatzeko. Horrez gain, 2. artikuluan ezartzen du, zehazki, agintaritza eskudunak neurri batzuk hartzen ahalko dituela ebazpen arrazoituaren bidez, Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrean aurreikusitakoa ukatu gabe; neurri horien artean aipatzen du bitarteko materialen edo giza baliabideen interbentzioa (b letra) eta jarduerak bertan behera uztea (d letra).

2020ko martxoaren 11n, Osasunaren Mundu Erakundeak nazioarteko pandemiaren izaera eman zion COVID-19 gaixotasunak eragindako osasun publikoko larrialdiari, gaitza nazioartean zabaltzeak herrialde guztietako osasun publikorako arriskua dakarrelako eta nazioarteko erantzun koordinatua eskatzen duelako. Testuinguru horretan, martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren bidez alarma egoera deklaratu zen COVID-19k eragindako osasun krisia kudeatzeko.

463/2020 Errege Dekretu horrek 4. artikuluan ezartzen duenez, alarma egoeraren ondorioetarako eskumena duen agintaritza Gobernua izanen da, bai eta, zein bere ardura eremuan, ministerio hauetako titularrak ere: Osasuna, Defentsa, Barne Arazoak, Garraioak, Mugikortasuna eta Agenda Urbanoa. Hala eta guztiz ere, errege dekretu horren 6. artikuluarekin bat, administrazio bakoitzak eskumenak ditu, indarreko legeriak bere zerbitzuen ohiko kudeaketarako emandakoak, beharrezkotzat jotzen dituen neurriak hartzeko, betiere kasuan kasuko agintaritzaren zuzeneko aginduen esparruan.

COVID-19k eragindako osasun krisiaren aurrean, gaitzari eusteko eta Osasun Ministerioari informazioa igortzeko xedapenak eta neurriak hartzeari buruzko martxoaren 15eko SND/234/2020 Aginduak ezartzen du COVID-19 koronabirusari eusteko xedapen eta neurri guztiak, autonomia erkidegoen eskumen-esparrukoak izan eta agindu horren laugarren apartatuan ageri direnak, Osasuneko ministroak hartuko dituela, eskuordetzan ari den agintari eskudun moduan jarduten duen kasuetan. Xedapen eta neurri horiek ofizioz edo agintari autonomiko eskudunen eskaera arrazoituz hartuko dira.

Une honetan, Nafarroako eta gainerako autonomia erkidegoetako egoera kritikoa da, martxoaren 15eko 233/2020 Ministro-aginduaren hirugarren puntuan aipatzen den materiala –babeserako maskarak eta NBEtarako gainerako material sanitarioa– eskas baita, nazioartean pandemiak garraioan eta merkatuaren egoeran eragin dituen ondorioengatik ez baitira egindako eskaerak denboraz iristen ari Foru Komunitatera. Izan ere, hornitzeko zailtasunak sortzen ari dira eta horrek eragin diezaioke osasun eta laguntza arloetako profesionalen beharrezko babesari, horiexek baitira pandemiari aurre egiten ari diren lehentasunezko kolektiboak, eta egoera horrek, ondorioz, eragin baitiezaioke, halaber, osasun eta laguntza arloetan eman beharreko prestazioari, babestu beharrekoari.

Martxoaren 15eko SND/234/2020 Agindu horretan ezarritakoaren arabera, Osasun Departamentuak Osasun Ministerioari adierazi dio osasun eta laguntza arloetako sistemen eskura jarri behar dela Foru Komunitateko enpresa pribatuetan legokeen materiala, hots, II eta IIR motako babeserako maskara kirurgikoak, FFP2 motako babes-maskarak eta FFP3 motako babes-maskarak.

Martxoaren 15eko SND/233/2020 Aginduak zenbait informazio-betebehar ezartzen ditu, COVID-19k eragindako osasun krisia kudeatzeko alarma egoera deklaratzen duen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuan aurreikusitakoaren arabera. Hartara, zehazten du lurralde nazionalean kokatutako pertsona juridikoen betebeharra dela, nazionalak zein atzerritarrak izan, baldin eta jarduera gisa agindu horren hirugarren apartatuan jasotako produkturen bat fabrikatzea edo/eta inportatzea badute, bai eta aurreikusitako produktu horietako bat garatzeko gaitasuna duten pertsona juridikoen betebeharra ere, produktu horiei buruzko informazioa osasun-agintariei ematea; horrekin batera ezartzen dute osasun publikoaren arloko arau-haustetzat joko dela eskatutako informazioa ez aurkeztea eta informazio hori faltsutzea, Osasun Publikoari buruzko urriaren 4ko 33/2011 Lege Orokorraren VI. tituluan ezarritakoari jarraikiz.

Osasun Ministerioak departamentu honi eskatu dio beharrezko jarduketak egin ditzan Nafarroan Osasuneko eta Gizarte Laguntzako Sistema Nazionalaren eskura uzteko bere zerbitzuak emateko beharrezkoa den materiala.

Bestalde, Koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko premiazko neurriak onesten dituen martxoaren 18ko 1/2020 Foru Lege-dekretuak ezartzen ditu, bestelako neurri berezien artean, 15. artikuluan ageri direnak, hots, kontratazio publikoaren eta mandatuen arlokoak.

Horiek horrela, Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 2.2 artikuluaren arabera, Nafarroako Gobernuko Osasuneko kontseilaria osasun arloko agintaria denez, besteak beste,

AGINTZEN DUT:

Lehenbizikoa.–Nafarroako Foru Komunitatean kokatutako pertsona juridikoen betebeharra da, nazionalak zein atzerritarrak izan, baldin eta jarduera gisa badute II eta IIR motako babeserako maskara kirurgikoak, FFP2 motako babes-maskarak eta FFP3 motako babes-maskarak eta Osasun Ministerioak martxoaren 15ean emandako SND/233/2020 Aginduan aipatutako edozein osasun-material eta -produktu (salbu eta nitrilo eskularruak, hautsarekin edo gabe; soluzio hidroalkoholikoa, biozida eta kosmetikoa; eta haren lehengaiak eta osasun-alkoholak) fabrikatzea eta/edo, inportatzea, eta/edo merkaturatzea eta izatea, bai eta aurreikusitako produkturen bat garatzeko gaitasuna izatea ere, Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuari adieraztea, ahalik eta eperik laburrenean eta, betiere, foru agindu hau argitaratu eta gehienez ere hiru egun naturaleko epean, stockean produktu horietako zenbat dituzten, zein motatakoak diren, horiek erosi edo/eta produzitzeko kostua eta, orobat, haiek merkaturatzean zer industria-mozkin aurreikusi duten. Horren guztiaren berri eman beharko da 848 42 10 55 telefonora deituz edo Covid19GE@navarra.es helbidera idatziz.

Bigarrena.–Foru agindu honen lehen paragrafoan aipatzen diren pertsonak beharturik daude produktu horiek ez merkaturatzera, ezta inolaz ere eskualdatzera ere. Bai, ordea, haiek gordetzera eta zaintzera beren instalazioetan eta, orobat, Osasun Departamentuaren eskuetan jartzera Estatuaren Segurtasuneko Indar eta Kidegoek edo Foruzaingoak eskatuz gero.

Hirugarrena.–Foru agindu honetan ezarritako xedapenak ez zaizkie aplikatuko farmazia establezimenduei, horiek berariazko araudia edukiko dute-eta.

Laugarrena.–Kolektibo hartzaileen osasuna babesteko zehazten dira neurri hauek, eta proportzionaltasunez eta ukitutako pertsonen eskubideak errespetatuz aplikatuko dira, legozkiekeen eskubide ekonomikoei kalterik egin gabe.

Bosgarrena.–Foru-agindu hau igortzea Osasun Ministerioari, eta Eskubide Sozialetako, Garapen Ekonomikoko, Justiziako eta Migrazio Politiketako, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko eta Osasun departamentuetako idazkaritza nagusi teknikoei.

Seigarrena.–Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2020ko martxoaren 21ean.–Osasuneko kontseilaria, Santos Induráin Orduna.

Iragarkiaren kodea: F2004151