60. ALDIZKARIA - 2020ko martxoaren 20a - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

20/2020 EBAZPENA, martxoaren 18koa, Garraioetako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez neurriak hartzen baitira errepidez egiten den erabiltzaile guztientzako bidaiari-garraio publiko erregularraren zerbitzuetan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eskumenekoak diren horietan. Hori guztia, COVID-19ren ondoriozko osasun krisiko egoera kudeatzeko xedez alarma egoera deklaratzen duen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak ezarritakoarekin bat.

2020ko martxoaren 15ean, indarrean sartu da martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretua, zeinaren bidez alarma egoera deklaratzen baita COVID-19ren ondoriozko osasun krisiko egoera kudeatzeko xedez.

Garraioetako zuzendari nagusiaren martxoaren 15eko 19/2020 Ebazpenaren bidez neurriak hartu ziren errepidez egiten den erabiltzaile guztientzako bidaiari-garraio publiko erregularraren zerbitzuetan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eskumenekoak diren horietan. Hori guztia, COVID-19ren ondoriozko osasun krisiko egoera kudeatzeko xedez alarma egoera deklaratzen duen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak ezarritakoaren arabera.

Ebazpen hori onartu ondoren, egiaztatu da pertsonen zirkulazio-askatasuna mugatzeak eta 463/2020 Errege Dekretuan ezarritako hainbat arlotako euste-neurriek nabarmen murriztu dutela Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eskumeneko errepideko erabilera orokorreko bidaiarien garraio publiko erregularraren zerbitzuen erabilera.

Horregatik, beharrezkotzat jotzen da neurri berriak hartzea zerbitzu publikoen prestazioa benetako eskarira egokitzeko.

Hori guztia ikusita, eta martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren 14.2.c) artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, Garraioen Plangintzaren eta Araubide Juridikoaren Zerbitzuak proposatu du administrazio honen eskumeneko errepide bidezko erabilera orokorreko hiriarteko garraio erregularraren zerbitzuak % 75 murriztea alarma egoerak irauten duen bitartean. Nolanahi ere, egunero joan-etorriko bidaia bat eginen dela bermatu beharko da kontzesio bakoitzean eta kontzesio tituluan baimendutako trafiko guztietan.

Enpresa emakidadunek behar diren egokitzapenak egin beharko dituzte ebazpen honetan ezarritako ehunekoa betetzeko. Garraio zerbitzuak egokitzean, bermatu beharko da herritarrak beren lantokietara eta oinarrizko zerbitzuetara joan ahal izatea, eta betiere lehenetsiko da goizeko lehen orduetako bidaiak eskaintzea.

Enpresa emakidadunek Garraioetako Zuzendaritza Nagusira bidali beharko dute, 2020ko martxoaren 23a, astelehena, baino lehen, eginen diren zerbitzuen informazioa, % 75eko murrizketaren ondoren, emanen diren formatuaren eta jarraibideen arabera.

Enpresa emakidadunek % 75eko murrizketa-ehunekoa betetzeko egokitzapenak egin ondoan, behar den informazioa eman beharko diete zerbitzu horien erabiltzaileei.

14.2.g) artikuluan adierazitakoarekin bat, enpresa emakidadunek behar diren neurriak hartuko dituzte erabiltzaileak elkarrengandik ahalik eta urrunen egon daitezen, eta ezin izanen dira bete ibilgailuko eserlekuen % 25 baino gehiago.

Hartutako neurrien inpaktua ebaluatu ahal izateko eta beste neurri batzuk ezarri behar diren edo ez aztertzeko, enpresa emakidadunek honako hauen berri eman beharko diote egunero Garraioetako Zuzendaritza Nagusiari, martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuan adierazitakoari jarraikiz: egindako zerbitzuak, zerbitzu bakoitzeko erabiltzaile kopurua, gertatu diren gorabeherak, eta beste edozein inguruabar, uste badute horren berri eman beha dutela.

Autobus geltokietan, zerbitzu horiek emateko ezinbestekoak diren jarduerei eutsiko zaie.

Horrenbestez, Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 263/2019 Foru Dekretuaren bigarren xedapen gehigarriko 1. atalaren bidez emandako eskumenak erabiliz, eta Garraioen Plangintzaren eta Araubide Juridikoaren Zerbitzuak egindako proposamenari jarraituz.

EBAZTEN DUT:

1. % 75 murriztea erabiltzaile guztientzako hiriarteko garraio publiko erregularraren zerbitzua, Administrazio honen eskumenekoa, alarma egoerak irauten duen bitartean.

Gutxienez ere, kontzesio bakoitzean, joateko bidaia bat eta itzultzeko bidaia bat eginen da egunero. Kontzesio tituluan baimentzen diren zirkulazio guztiak hartuko dira kontuan.

Enpresa emakidadunek behar diren egokitzapenak egin beharko dituzte ebazpen honetan ezarritako ehunekoa betetzeko. Garraio zerbitzuak egokitzean, bermatu beharko da herritarrak beren lantokietara eta oinarrizko zerbitzuetara joan ahal izatea, eta betiere lehenetsiko da goizeko lehen orduetako bidaiak eskaintzea.

Enpresa emakidadunek Garraioetako Zuzendaritza Nagusira bidali beharko dute, 2020ko martxoaren 23a, astelehena, baino lehen, eginen diren zerbitzuen informazioa, % 75eko murrizketaren ondoren, emanen diren formatuaren eta jarraibideen arabera.

Enpresa emakidadunek, % 75eko murrizketa-ehunekoa betetzeko egokitzapenak egin ondoan, behar den informazioa eman beharko diete zerbitzu horien erabiltzaileei.

2. 14.2.g) artikuluan adierazitakoarekin bat, enpresa emakidadunek behar diren neurriak hartuko dituzte erabiltzaileak elkarrengandik ahalik eta urrunen egon daitezen, eta ezin izanen dira bete ibilgailuko eserlekuen % 25 baino gehiago.

3. Enpresa emakidadunek honako hauen berri eman beharko diote egunero Garraioetako Zuzendaritza Nagusiari, martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuan adierazitakoari jarraikiz: egindako zerbitzuak, zerbitzu bakoitzeko erabiltzaile kopurua, gertatu diren gorabeherak, eta beste edozein inguruabar, uste badute horren berri eman behar dutela.

4. Autobus geltokietan, zerbitzu horiek emateko ezinbestekoak diren jarduerei eutsiko zaie.

5. Garraioetako Zuzendaritza Nagusiko ikuskapen zerbitzuek gainbegiratzen ahalko dute nola ari diren betetzen ebazpen honetan ezarritako neurriak.

6. Garraioetako Zuzendaritza Nagusiak beste neurri batzuk hartzen ahalko ditu, ebazpen honetan jaso ez direnak, COVID-19ren ondoriozko egoeraren bilakaera zein den.

7. Indarrik gabe uztea Garraioetako zuzendari nagusiak martxoaren 15ean emandako 19/2020 Ebazpena. Ebazpen horren bidez neurriak hartu ziren errepidez egiten den erabiltzaile guztientzako bidaiari-garraio publiko erregularraren zerbitzuetan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eskumenekoak diren horietan. Hori guztia, COVID-19ren ondoriozko osasun krisiko egoera kudeatzeko xedez alarma egoera deklaratzen duen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak ezarritakoaren arabera.

8. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

9. Ebazpen honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean.

Iruñean, 2020ko martxoaren 18an.–Garraioetako zuzendari nagusia, Berta Miranda Ordobás.

Iragarkiaren kodea: F2004120