58. ALDIZKARIA - 2020ko martxoaren 19a - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

1/2020 FORU LEGE-DEKRETUA, martxoaren 18koa, premiazko neurriak onesten dituena koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko.

2020ko martxoaren 11n, Osasunaren Mundu Erakundeak nazioarteko pandemiaren izaera eman zion COVID-19 gaixotasunak eragindako osasun publikoko larrialdiari, gaitza nazioartean zabaltzeak herrialde guztietako osasun publikorako arriskua dakarrelako eta nazioarteko erantzun koordinatua eskatzen duelako. Testuinguru horretan, martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren bidez alarma egoera deklaratu zen COVID-19k eragindako osasun krisia kudeatzeko.

463/2020 Errege Dekretu horrek 4. artikuluan ezartzen duenez, alarma egoeraren ondorioetarako eskumena duen agintaritza Gobernua izanen da, bai eta, zein bere ardura eremuan, ministerio hauetako titularrak ere: Osasuna, Defentsa, Barne arazoak, Garraioak, Mugikortasuna eta Agenda Urbanoa. Hala eta guztiz ere, errege dekretu horren 6. artikuluarekin bat, administrazio bakoitzak eskumenak ditu, indarreko legeriak bere zerbitzuen ohiko kudeaketarako emandakoak, beharrezkotzat jotzen dituen neurriak hartzeko, betiere kasuan kasuko agintaritzaren zuzeneko aginduen esparruan.

Horrela, COVID-19 koronabirusaren bilakaerak sortu duen egoera bereziaren ondorioz, zeharo ohiz kanpokoa baita, aparteko eta presako zenbait neurri hartu dira, osasun publikoko arrazoietan oinarrituta.

Nafarroan, osasunaren arloan, Osasuneko kontseilariak martxoaren 13ko 3/2020 Foru Agindua eta martxoaren 14ko 4/2020 Foru Agindua onetsi ditu. Hezkuntzaren arloan, Hezkuntzako kontseilariak martxoaren 13ko 26/2020 Foru Agindua eta martxoaren 15eko 27/2020 Foru Agindua onetsi ditu. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako lantokietako prebentzioaren arloan, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak martxoaren 15eko 48/2020 Foru Agindua onetsi du. Azkenik, garraioen arloan, Garraioetako zuzendari nagusiak martxoaren 15eko 19/2020 Ebazpena onetsi du.

Foru Lege-dekretu honetan jasotzen diren neurriak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan ezartzea eragin duten inguruabarrak, presako premia berezikoak, birusari eusteko eta haren prebentziorako egoera honen ondorio dira, eta COVID-19 gaitzak hedatzen jarrai dezan eragotz dezakeen neurri gisa ezartzen dira; horrenbestez, ez da, arrazoien aldetik, ahalegin gehiagorik egin behar justifikatzeko betetzen direla kasu honetan foru lege-dekretuaren figura erabiltzeko baldintzak, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 21 bis artikuluan ezartzen direnak alegia; izan ere, badira oraingo egoeran ezaugarri horiek, salbuespenezko izaera, larritasuna eta garrantzia, beharrezkoa egiten dutenak arau ekintza bat berehala gauzatzea, Parlamentuan lege bat prozedura arruntean nahiz presakoan tramitatzeko aurreikusita dagoena baino epe laburragoan.

Sortutako ohiz kanpoko egoera honen aurrean eta funtsezko zerbitzu publikoak ematea bermatzeko, langileen arloko zenbait neurri hartu behar dira, ahalbidetuko dutenak, batetik, langileen kontratazioak berehala egitea, eta, bestetik, sisteman ahalik eta profesional gehien sartzea, ezinbestekoak diren lanpostuetan langile falta gertatuz gero zerbitzuak eman ditzaten, baldin eta funtsezko zerbitzu publiko horiei datxezkien lanpostuak badira eta izaera guztiz ezohikoa eta salbuespenezkoa emanez.

Ikastetxe guztietan irakaskuntza presentziala bertan behera uzteak praktiketako funtzionarioei eragin diezazkiekeen kalteak direla eta, aurreikusi da irakaskuntza etenda dagoen aldia praktiketako alditzat hartzea, hautapen prozesuko praktikaldiaren ebaluazioaren ondorioetarako.

Eskubide sozialen arloan, giza baliabideei dagozkien zenbait neurri hartzen dira zentro eta zerbitzu soziosanitarioen funtzionamendu egokia bermatzeko. Zentro eta zerbitzu horietarako langileak kontratatzeko zailtasunak izan daitezkeela aurreikusirik, etxeko laguntzako laguntzaileak eta zaintzaileak kontratatzeko erraztasunak ematen dira, arlo horretan aplikatzekoa den araudian eskatzen diren baldintza batzuen dispentsaren bidez. Etxeko laguntzako laguntzaileen kontratazioetan, berriz, ahaideak kontratatzeko aukera errazten da, baldin eta kasuan kasuko titulazioa, egiaztapena edo gaikuntza badute, eta, horrez gain, zaintzaileen, gerokultoreen, etxeko laguntzako laguntzaileen edo laguntzaile pertsonalen kasuan, zentro eta zerbitzu soziosanitarioetarako kontrataziorako araubide berezia Nafarroako Foru Komunitate osoan baliatu ahal izanen da. Horrekin batera, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaileari gaikuntza ematen zaio dirulaguntza izendunen baldintzak aldatzeko eta, halatan, lanak noiznahi birbanatzeko, sortzen joan daitezkeen langile beharren arabera, funtsezko zerbitzu horiek ematea ziurtatuta egon dadin.

Foru lege-dekretu honetan jasotzen dira, orobat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren foru-sektore publiko instituzionalaren kudeaketa eraginkorrerako neurri batzuk; horien bitartez, kontrataziorako, kontabilizaziorako, aurrekontu kudeaketarako eta dirulaguntzetarako prozedurak egokituko dira behar berrietara, bereziki tresna malguak emanez, horiekin kutsatzeari aurre egiteko eta pertsonei laguntzeko baliabideak eskuratzeko.

Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legearen 140. artikuluan ezartzen da ezen, hondamen egoerak, arrisku larriko egoerak edo segurtasun publikoa arriskuan jartzen duten beharrizanak direla-eta administrazioak berehala jardun behar duenean, kontratazio espedienteak larrialdiko tramitazioa izanen duela. Kontratazio publikorako salbuespeneko tramitazio hori ezin egokiagoa da oraingo egoerarako, hots, COVID-19 gaitzari aurre egiteko. Neurri hori bera hartzen da ente instrumentalei egin beharreko mandatuetarako.

Halaber, egoera ahulean dauden haurren elikadurarako oinarrizko eskubidea bermatzeko neurriak hartzen dira, eta gizarte zerbitzuen eta ikastetxeen arteko koordinazioa ezartzen. Aurreikuspen horren berehalako aplikazioa ahalbidetzeko, beharrezkotzat jotzen da Hezkuntza Departamentuak Eskubide Sozialetako Departamentuaren esku uztea Hezkuntza Departamentuak gai honetarako erabiltzen dituen funtsak.

Neurri hori aurreikusita dago COVID-19 gaitzaren inpaktu ekonomikoari erantzuteko presako neurriak hartzeko martxoaren 12ko 7/2020 Errege Dekretu-legearen 8. artikuluan.

Beste neurri bat ente instrumentalen deklarazioari buruzkoa da. Ente instrumentalak arautzen dituen foru dekretua tramitazioan dagoenez, bidezkotzat jotzen da izaera instrumentala indarrean dutenen deklarazioa luzatzea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek egindako mandatuak betetzea ez paralizatzearren, indarraldi horiek 2020ko martxoan eta apirilean bukatuko baita, sozietateen arabera, eta Administrazioaren funtzionamendurako ezinbestekotzat jotzen delako izaera bereziaz luzatzea deklarazio horiek, egoera normala izanez gero hilabete hauetan tramitatu behar zirenak.

Baimenen araubideari dagokionez, salbuespeneko baimenak emateko aukera gehitzen da, egoera hauei erantzuteko, halakorik behar bada: hondakinen kudeaketa, ekoizpen jarduera baimentzea eta nekazaritza eta abeltzaintzako elikagaien hornidura.

100 milioi euro arteko funts bat sortzen da, beharrezkoa bada handitzen ahalko dena, COVID-19ren kudeaketaren ondorioz sortzen diren aparteko gastuak arintzen saiatzeko neurriak ezartzeko, batez ere sektore hauetan: osasuna, hezkuntza, politika sozialak, enplegua, familiak, enpresak, enpresa txiki eta ertainak, autonomoak, lana eta familia bateragarriak egiteko neurriak, babes soziala eta COVID-19k eragindako bestelako gastuak. Zenbateko hori gaurkotzen joaten ahal da, behar berriak sortu ahala eta horien arabera.

Nafarroako 2020rako Aurrekontu Orokorrei buruzko martxoaren 4ko 5/2020 Foru Legea aldatzen da, enpresa-entitate publikoek, fundazio publikoek eta sozietate publikoek premia duten enpresei laguntzeko xedeaz eman ditzaketen abal edo antzeko bermeen eta maileguen gehieneko zenbatekoei dagokienez, oso litekeena delako figura juridiko horien eskaera handitzea. Hortaz, 30.000.000 eurotik 40.000.000 eurora igotzen da entitate horiek abal edo antzeko bermeetarako eman dezaketen gehieneko zenbatekoa, eta 15.000.000 eurotik 30.000.000 eurora maileguei dagokiena; horrenbestez, handitzen da entitate horien gehieneko arrisku bizia, 97.000.000 eurotik 107.000.000 eurora, abal edo antzeko bermeetarako, eta 134.000.000 eurotik 149.000.000 eurora maileguetarako.

Azkenik, tributuen arloko neurriak hartzen dira, zerga betebeharrak mugatu, eten edo geroratzeko, zergadunen gaineko inpaktu kaltegarriari aurrea hartzeko.

Honaino azaldu diren arrazoiek justifikatzen dute foru lege-dekretu hau onestea, aipatu neurriak berehala hartzea behar-beharrezkoa baita.

Horregatik guztiagatik, abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 21 bis artikuluan jasotako baimena erabiliz, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2020ko martxoaren 18an egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat etorriz,

DEKRETATZEN DUT:

ATARIKO TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Foru Lege-dekretu honen xedea da neurri bereziak hartzea koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari erantzuteko.

I. TITULUA

Neurri bereziak langileriaren arloan

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

2. artikulua. Aplikazio eremua.

1. Foru lege-dekretu honetan langilearen arloan xedatutakoa honako hauei aplikatuko zaie: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan diharduten langileei, baldin eta xedatutakoa aplikatzea ezinbestekoa bada funtsezko zerbitzu publikoak eman ahal izateko.

Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak emandako foru agindu baten bidez onetsiko da funtsezko zerbitzu publikoen definizioa.

2. Foru lege-dekretu honek izaera gehigarria izango du Nafarroako administrazio publikoetako langile diren baina aplikazio eremuan sartuta ez dauden langileentzat.

3. Ezarritako neurriak gorabehera, langile guztiek egon behar dute zerbitzuko premiei erantzuteko moduan, eta prest egon behar dute, eskatzen zaienean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta haren erakunde autonomoei agindutako zerbitzu publikoak emateko.

3. artikulua. Organo eskudunak.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek hartzen ahalko dituzte foru lege-dekretu honetan langileriaren arloan jasotako neurriak, eta haien zerbitzuko langileei eragiten ahalko diete, edozein dela ere haien araubide juridikoa. Dagozkion departamentu edo erakunde autonomoetan langilearen arloan eskudunak diren organoek erabakiko dute neurrion maila, intentsitatea, maiztasuna eta mota.

2. Foru lege-dekretu honetan jasotako neurrien gaineko ebazpenak ematen dituzten organoek Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi beharko dizkiote ebazpen horiek. Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak koordinatuko du neurri hauek indarrean dauden bitartean zerbitzuen funtzionamenduan izan duten eraginaren jarraipena.

II. KAPITULUA

Neurriak

4. artikulua. Zerbitzuak emateko araubidea.

1. Langileriaren arloan eskudunak diren organoek iraupenaren edo izaeraren aldetik apartekoak diren zerbitzuak egiteko agintzen ahalko diete enplegatu publikoei, edozein dela ere haien lanpostua eta araubide juridikoa, pertsonen, ondasunen eta tokien babesa eta osasun-laguntzaren prestazioa bermatzeko.

2. Enplegatuaren egungo lanpostuari, kategoriari edo espezializazioari dagozkien zereginetatik bestelakoak diren lanak egitea agintzen ahalko zaio, betiere agindutakoa aurrera eramateko nahikoa eskarmentua eta gaitasun teknikoa badu. Bete beharreko lanpostuari dagozkion ordainsariak orain arteko jaso dituenak baino handiagoak badira, beste lanpostu horretakoak ordainduko zaizkio.

3. Orobat, departamentuen artean edo udalerri desberdinetan dauden lantokien artean mugitzeko neurriak hartzen ahalko dira.

4. Agintari sanitarioek lan unitate edo zentro bat ixtea edo horien jarduera etetea agindu duenean, haiei atxikitako langileei eskatzen ahalko zaie beste unitate organiko batean ematea errefortzuko zerbitzuak.

5. Halaber, lanaldiaren eta atsedenaldien gaineko neurriak hartzen ahalko dira. Hartara, baliogabetu edo bertan behera uzten ahalko dira onetsitako baimenak, lizentziak, oporrak eta lanaldi murrizketak, eta horiek guztiak eta egoera administratibo oro ukatu edo eten ahal izango da. Orobat, martxoaren 14ko 39/2014 Foru Dekretua aplikatuta lana banatzeko emandako baimenak ukatzen edo eteten ahalko dira. Kasu horretan, dagokion erregularizazioa aplikatuko da ordainsarietan, eta langilea bere lanpostura itzultzeak ez du inolaz ere ekarriko aldi baterako sinatu diren ordezkapen kontratuak suntsiaraztea.

6. Nolanahi ere, bermatu beharko da astebetean egin behar diren atsedenen batura ez dela hirurogeita hamar ordutik beherakoa izango, lanaldien artean batez beste hamar orduko atsedenaldia utziz.

7. Neurrien helburuak izan behar du behar bezalako arreta ematea eta laguntzea prebentzio, kontrol eta jarraipenerako baliabideei. Neurriok gradualki hartuko dira, eta eskura dauden giza baliabideak modu arrazionalean erabili beharko dira. Neurriok ez zaizkie aplikatuko haurdunei.

5. artikulua. Malgutasuna bateraezintasunen gaineko araubidean.

Kasu bakoitzean eskudun den organoak bateragarritasuna baimentzen ahal die sistema publikotik at diharduten profesionalei, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan jardun daitezen kontratazio administratiboaren araubidean.

6. artikulua. Langileak aldi baterako kontratatzeko zerrendak.

1. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendetan daudenak kontratatzen ahalko dira administrazio araubidean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen edozein kontratazio esparrutan. Ahal dela, lehentasuna emango zaio indarrean dauden kontratazio zerrendetako izangaien ordena errespetatzeari.

2. Nafarroako Foru Komunitateko eta haren erakunde autonomoetako organo eskudunek, salbuespenez, kontratua eskaintzen ahalko diete, administrazio araubidean, bete beharreko lanpostura egokitzeko gaitasunaren eta haran gaineko ezagutzaren aldetik egokienak diren pertsonei.

7. artikulua. Funtzio sindikalak betetzeagatik salbuetsitako langileak itzultzea.

1. Sindikatuetan lan egiteagatik lanpostura joatetik erabat salbuetsirik dauden langileek beren borondatez eskatzen ahalko dute lanera itzultzea, COVID-19ari erantzuteko arretari lotutako laguntza-zereginak aurrera eramateko.

2. Langile horiek beren lanpostura itzultzeak ez du ekarriko egon litezkeen ordezko langileak kentzea.

8. artikulua. Bertan behera uztea zerbitzu aktiboa luzatzeko aukeraren etetea.

Bertan behera uzten da abenduaren 23ko 29/2019 Foru Legearen hirugarren xedapen gehigarrian jasotako etetea, aukera emateko foru lege-dekretu honetako aplikazio eremuan sartuta dauden langileei zerbitzu aktiboa luzatzeko; hori guztia, bat etorriz Nafarroako Administrazio Publikoen montepioetako funtzionarioen eskubide pasiboen araubide iragankorrari buruzko martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen 32. artikuluarekin.

Edonola ere, artikulu honetan xedatutakoaren babespean luzatzen diren zerbitzu aktiboak indarrean egongo dira foru lege-dekretu honetan aurreikusitako neurriak aplikatzen diren bitartean.

9. artikulua. Erretiro egoeran dauden osasun arloko profesionalak lanera itzultzeko neurriak.

Erretiro egoeran dauden osasun arloko profesionalak, hirurogeita hamar urte baino gutxiago badituzte, zerbitzu aktibora itzultzen ahalko dira, martxoaren 15eko SND/232/2020 Aginduaren 4. apartatuan xedatutako baldintzetan. Agindu horren bidez, giza baliabideen arloko neurriak eta baliabideak onetsi ziren COVID-19ak eragindako osasun larrialdi egoera kudeatzeko.

10. artikulua. Erretiro egoeran dauden Montepioko funtzionarioak lanera itzultzeko neurriak.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Montepiora atxikita dauden osasun arloko profesional erretirodunak, hirurogeita hamar urtetik beherakoak, baldin eta foru lege-dekretu honen aplikazio eremuan badaude, zerbitzu aktibora itzultzen ahalko dira, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak hala erabakita, eta aurreko artikuluan adierazitako baldintza berberetan.

11. artikulua. Guardia txandak egitetik salbuetsita dauden fakultatiboak.

1. Langileriaren arloan eskudunak diren Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko organoek, herritarrei etengabeko osasun arreta egokia ematen zaiela bermatzeko, indarrik gabe uzten ahalko dituzte, izaera orokorrarekin edo beharrezko jotzen dituzten banakako kasuetan, 2004ko maiatzaren 6eko Erabakiaren bigarren eta hirugarren apartatuak, guardia txandetatik salbuesteari buruzkoak. Erabaki horren bidez onetsi zen Osasun Administrazioak eta sindikatuek sinatutako hitzarmena.

2. Halaber, salbuespenez eta aldi batez, indarrik gabe uzten ahalko dituzte, izaera orokorrarekin edo beharrezko jotzen dituzten banakako kasuetan, egun indarrean dauden erabakiak zaintza txandetatik salbuesteari buruz.

12. artikulua. Irakaskuntza presentziala etenda egonen den aldia 2019-2020 ikasturteko praktiketarako kontuan hartzea.

COVID-19ak eragindako osasun krisia kudeatzeko alarma egoera deklaratzen duen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak irakaskuntza presentzialean ezartzen duen etenaldia kontuan hartuko da 2019-2020 ikasturteko praktikaldirako, zeina Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen zuzendariaren irailaren 4ko 3057/22019 Ebazpenean bidez ezarri baitzen, hau da, Maisu-maistren kidegoko hautapen prozedurako praktiken fasea arautu zuen ebazpenean.

II. TITULUA

Neurri bereziak gizarte zerbitzuen arloan

13. artikulua. Etxeko laguntzako laguntzaileen kontratazioaren arloko neurriak.

Dispentsa ezartzen da ahaidetasunari eta lanbide kualifikazioari dagozkion betebeharretarako, hain zuzen ere etxeko zaintzaile profesionalen kontrataziorako Eskubide Sozialetako kontseilariaren abenduaren 19ko 476/2018 Foru Aginduaren 5. artikuluko 2.1 atalean eskatzen direnetarako; foru agindu horren bidez diru-laguntzak arautzen dira, mendekotasuna duten pertsonak etxean gelditzeko, zerbitzu bat kontratatzeko: zaintzaile profesional bat eta/edo zerbitzu enpresa bat. Dispentsaren ondorioz, zaintzaile profesionalari 18 urte edo gehiago izatea eta indarreko araudiarekin bat Gizarte Segurantzan afiliatu, alta eman eta kotizatzeko dagozkion baldintzak betetzea baizik ez zaio eskatuko.

14. artikulua. Landa eremuetarako kontratazio araubidea zabaltzea.

Nafarroako Foru Komunitate osora zabaltzen da landa eremuetarako kontratazio araubide berezia, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren zuzendari kudeatzailearen martxoaren 16ko 1880/2020 Ebazpenak, araubide hori Nafarroako Foru Komunitatean garatzen duenak, araututakoa.

III. TITULUA

Neurri bereziak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren foru-sektore publiko instituzionalaren kudeaketa eraginkorra egiteko

15. artikulua. Kontratazio publikoaren eta mandatuen arloko neurriak:

1. Nafarroako administrazio publikoek nolanahiko neurriak hartzen dituztenean, zuzenekoak zein zeharkakoak, COVID-19ari aurre egiteko, berehala jarduteko beharra justifikatuko da Kontratu Publikoei buruzko 2/2018 Foru Legearen 140. artikuluan xedaturik dagoenaren babesean.

2. Aurreko apartatuan ezarritakoarekin bat, larrialdiko tramitazioa aplikatuko zaie Nafarroako administrazio publikoek edo haien erakunde publikoek, entitate instrumentalek eta zuzenbide publikoko entitateek egin beharreko kontratu eta mandatu guztiei, halakoak egiten dituztenean pertsonak babesteko premiez eta COVID-19ari aurre egiteko Nafarroako Gobernuak harturiko beste neurri batzuez arduratzeko.

3. Pertsonen osasuna COVID-19 gaitzetik babesteko neurriak hartzen direnean, sorturiko gastuei aurre egiteko, justifikatzeke eginen da funtsen ordainketa-agindua.

4. Gaikuntza ematen zaie kontratazio organoei berek sinatu dituzten kontratuak aldatzeko, pertsonak babesteko premiez eta COVID-19ari aurre egiteko Nafarroako Gobernuak harturiko beste neurri batzuez arduratzeko. Kasu horietan larrialdiko tramitazioa erabiliko da.

5. COVID-19aren ondorioz, horniduretarako eta ekipamendu-erosketetarako kontratazio espedienteak larrialdiko prozeduraren bidez tramitatu behar direnean, Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legearen 140. artikuluan ezarritakoaren arabera, halakoak salbuetsirik egonen dira aurretiazko kontu-hartzea egitetik fase guztietan, azken horietan barne hartzen direla justifikatzeke ematen diren ordainketa-aginduak, horrek galarazi gabe aipatu artikuluaren bigarren paragrafoko b) letran xedaturik dagoena.

Apartatu honetan ezarritakoa aplikatuko zaio COVID-19aren ondorioz egiten den eta aurreko paragrafoan sartu ez den beste kontratazio espediente orori, baldin larrialdiko prozeduraren bidez tramitatu behar bada.

16. artikulua. Aurrekontua kontabilizatzeko eta kudeatzeko neurriak.

1. COVID-19aren ondoriozko gastuei aurre egiteko behar diren aurrekontu-zuzkiduren intsuldaketak funts-mugimendutzat joko dira, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 43. artikuluan xedatuari jarraikiz. Departamentu bakoitzaren gastuen aurrekontuko edozein partida erabiltzen ahalko da.

2. Erakunde autonomoetako titularrek izanen dute eskumena mugimendu horiek egiteko, beren programei dagokienez.

3. Hezkuntza Departamentuak dagokion zenbatekoa jarriko du Eskubide Sozialetako Departamentuaren esku, egoera ekonomiko ahulean dauden familietako ikasleentzako jantoki-dirulaguntzaren modulua aplikatu ondoren departamentu horrek eskola-jantokien jarduera-etenaldian benetan arreta emaniko ikasleei.

17. artikulua. Dirulaguntzen arloko neurriak.

Gaikuntza ematen zaio Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaileari dirulaguntza izendunen baldintzak aldatzeko, bermatzeko estaltzen direla funtsezkoak diren zerbitzuak pertsonak babesteko premiez eta COVID-19ari aurre egiteko Nafarroako Gobernuak harturiko beste neurri batzuez arduratzeko.

18. artikulua. Salbuespen gisa emandako baimenak.

Koordinatuz COVID-19aren ondoriozko osasun krisiko egoera kudeatzeko xedez alarma egoera deklaratzen duen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuan zehazturiko agintaritza eskudunarekin, ingurumena, animalia osasuna eta landare osasuna babesteko eta kudeatzeko arloetan baimen-araubidea duen administrazio jarduerak salbuespenezko baimenak izaten ahalko ditu, era egokian arduratu ahal izateko COVID-19 koronabirusak eragindako larrialdi egoeraz.

IV. TITULUA

Neurri ekonomiko eta fiskal bereziak

19. artikulua. Funts bat sortzea COVID-19ari lotutako gastuei aurre egiteko.

Funts bat sortzen da, 100 milioi euro artekoa eta, beharrezkoa bada, handitzen ahalko dena, beharren arabera aplika dadin, honako arlo hauetan egiten diren gastuei aurre egiteko: osasuna, hezkuntza, politika sozialak, enpresak, ETEak, langile autonomoak, laneko eta familiako bizitzen bateragarritasuna, babes soziala, eta COVID-19aren ondorioz eraginiko beste gastu batzuk. Horretarako, dagozkion aurrekontu-aldaketak tramitatuko dira, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legean xedaturik dagoenari jarraikiz.

Lehen xedapen gehigarria.–Epeak etetea tributu arloan.

1. Nafarroako Foru Komunitateko eskumenen esparruan, Hitzarmen Ekonomikoan aurreikusitakoarekin bat, foru lege-dekretu honek indarra hartzen duenetik 2020ko apirilaren 30era arteko aldia ez da kontuan hartuko zerga prozeduren gehieneko iraupenaren ondorioetarako, baina aldi horretan Administrazioak ezinbestekoak diren tramiteak sustatu, agindu eta betetzen ahalko ditu.

2. Aurrekoagatik ere, organo eskudunak erabaki ahalko du, ebazpen arrazoitu baten bidez, antolamendu eta instrukzioko neurriak hartzea, behar-beharrezkoak baino ez direnak, kalte larriak saihesteko prozedurako interesdunaren eskubide eta interesetan, baldin eta interesdunak adostasuna adierazten badu, edo interesdunak adostasuna adierazten duenean epea ez eteteko.

3. Zerga arloko araudian zerga zorra ordaintzeko aurreikusitako epeak, foru lege-dekretu honek indarra hartzean amaitu ez direnak, 2020ko apirilaren 30era arte luzatuko dira.

Foru lege-dekretu honek indarra hartzen duenetik egindako jakinarazpenei dagozkien zerga zorra ordaintzeko epeak 2020ko maiatzaren 30era arte luzatuko dira, salbu eta arau orokorrak emandakoa luzeagoa denean, kasu horretan hori aplikatuko baita.

Era berean, hilabetez atzeratzen da indarra duten geroratzeen martxoko mugaeguneko ordainketa, eta, horrenbestez, gainerako mugaegunak ere hilabetez atzeratuko dira.

4. 1. apartatuan aipatzen den aldia ez da kontuan hartuko Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 55. artikuluan ezarritako epeen ondorioetarako, ez eta iraungitze epeen ondorioetarako ere.

5. 2020ko apirilaren 30ean bukatuko da epea otsail eta martxoko nahiz 2020ko lehen hiruhilekoko aitorpen-likidazio edo autolikidazioak eta aitorpen informatiboak aurkeztu eta haien sarrera egiteko.

6. Xedapen honetan xedatutakoa ez da aplikatuko foru lege-dekretu honek indarra hartu aurretik tramitazioa hasia duten prozeduretan.

Bigarren xedapen gehigarria.–Nafarroako 2020rako Aurrekontu Orokorrei buruzko martxoaren 4ko 5/2020 Foru Legea aldatzea.

Nafarroako 2020rako Aurrekontu Orokorrei buruzko martxoaren 4ko 5/2020 Foru Legearen14. artikuluko 2., 3., 4. eta 5. apartatuak aldatzen dira, eta honela geldituko dira idatzirik:

“2. Enpresa-entitate publikoek, fundazio publikoek eta sozietate publikoek abalak edo antzeko beste berme batzuk ematen ahalko dituzte, Nafarroako Gobernuak baimena eman ondoren eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuko titularrak proposatuta, eta gehienez ere 40.000.000 euro eginen dute.

3. Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 75.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak ematen dituen abalen edo antzeko beste bermeen gehieneko arrisku bizia 46.000.000 eurokoa izanen da. Enpresa-entitate publikoen, fundazio publikoen eta sozietate publikoen kasuan, berriz, gehieneko arrisku bizia 107.000.000 eurokoa izanen da.

4. Enpresa-entitate publikoek, fundazio publikoek eta sozietate publikoek maileguak ematen ahalko dituzte, Nafarroako Gobernuak baimena eman ondoren eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuko titularrak proposatuta, eta gehienez ere 30.000.000 euro eginen dute.

5. Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 82 ter artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak ematen dituen maileguen gehieneko arrisku bizia 64.000.000 eurokoa izanen da. Enpresa-entitate publikoen, fundazio publikoen eta sozietate publikoen kasuan, berriz, gehieneko arrisku bizia 149.000.000 eurokoa izanen da.”

Hirugarren xedapen gehigarria.–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren entitate instrumentalen deklarazioen indarra.

Luzatu egiten da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren entitate instrumentalen deklarazioen indarra, deklarazio horien epemuga arrunta hurrengo hilabetetan gertatzekoa den kasuetan, harik eta onesten den arte Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren entitate instrumentalak arautzeko foru dekretua, zeina egun tramitatzen ari baita.

Azken xedapenetako lehena.–Nafarroako Parlamentura igortzea.

Foru lege-dekretu hau Nafarroako Parlamentura igorriko da baliozkotu dezan, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 21.bis artikuluaren 2. apartatuan ezarritakoaren arabera.

Azken xedapenetako bigarrena.–Erregelamendu bidez garatzea eta betearaztea.

1. Gaikuntza ematen zaio Nafarroako Gobernuari, bai eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko departamentuetako titularrei ere, zeinek bere eskumenen eremuan, behar adina xedapen eman ditzaten, foru lege-dekretu honetan ezarrita dagoena garatzeko eta betearazteko.

2. Gaikuntza ematen zaio tributu arloan eskumena duen departamentuko titularrari foru agindu bidez aldatzeko aitorpen-likidazio edo autolikidazioak eta aitorpen informatiboak aurkezteko eta sartzeko epeak.

Azken xedapenetako hirugarrena.–Indarra hartzea eta indarraldia.

Foru lege-dekretu honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean, eta indarraldian egonen da Nafarroako Gobernuak ezartzen duen bitartean badirauela hura onestea ekarri duen egoera bereziak, salbu eta hirugarren eta laugarren xedapen gehigarrietan ezarritakoari dagokionez, Nafarroako Parlamentuak baliozkotu ondoren, indarrean segituko baitute.

Iruñean, 2020ko martxoaren 18an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2004102