56. ALDIZKARIA - 2020ko martxoaren 17a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ALLO

Aldaketa, Desgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartelak ematea arautzen duen udal ordenantzaren 11. artikuluarena eta bigarren xedapen iragankorrarena. Behin betiko onespena

Alloko Udalak, 2019ko azaroaren 28an egin osoko bilkuran, legez behar den gehiengoa izanik, erabaki zuen hasiera batez onestea aldaketa Desgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartelak ematea arautzen duen ordenantzaren 11. artikuluan eta bigarren xedapen iragankorrean. Aldaketa hori jendaurrean egon zen, iragarkia 2020ko 8. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuta, urtarrilaren 14an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, urriaren 29ko 11/2004 Foru Legean idatzi bezala, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza horretan egin aldaketa behin betiko onetsi eta argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Hona hemen onetsitako ordenantzaren testu osoa:

11. artikulua. Arau-hauste eta zehapenak, txartela behar ez bezala erabiltzeagatik.

1.–Arau-hauste administratibo astunak dira honako hauek:

a) Txartela lortzeko aurkezten diren datuak faltsutzea eta txartela lortzea eragotziko luketenak gordetzea.

Faltsutzearen egileak izanen dira arau-haustearen erantzule.

b) Txartelak erabiltzea administrazioaren kontzesiorik gabe edo haren indarraldia amaituta.

Txartelaren erabiltzaileak izanen dira arau-haustearen erantzule.

c) Txartelak erabiltzea eskubidearen titularrak ez direnak eramateko.

Txartelaren titularrak eta hura oker erabiltzen dutenak izanen dira arau-haustearen erantzule.

2.–Zehapenak.

a) Iruzurra eginez erreproduzituz gero, txartela berehala deuseztatuko da; gainera, 150 euroko isuna ezarriko da Allon emandako txartelen kasuan eta betiko baliogabetzea beste udalerri batean eskuratu bada; kasu horretan, gertakariaren berri emanen zaio hura eman duen Udalari, kasu horretarako xedatuta dituen ondorioak izan ditzan.

b) Aparkatzeko txartela erabiltzen bada hura erabiltzeko ezarritako baldintzak bete gabe, 100 euroko isuna ezarriko da lehen aldian; bigarren aldian, 150 euroko isuna ezarri eta txartela hilabetez baliogabetuko da. Hirugarren aldian gaizki erabiliz gero, 150 euroko isunaz gain, behin betiko baliogabetuko da txartela eta ezin izanen da lortu berriro txartela eta aparkatzeko eskubiderik. Alloko Udalak emandako txartelak dira baliorik gabe edo berriz lortzeko eskubiderik gabe geldituko direnak; aldiz, Allon eman ez direnak Alloko udalerrian erabiltzeko baliogabetuko dira.

Arau-hausteak zehatzeko, aldez aurretik zehapen espedientea abiaraziko da eta, haren ebazpena eman aitzin, interesdunei entzunaldia emanen zaie, Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legean xedatzen denari jarraikiz.

Jokabideak delitu izan badaitezke, erruduntasun-testigantza aginte judizialari edo Fiskaltzari igorriko zaio, eta zehapen prozedura eten eginen da, harik eta agintari judizialak epai irmoa eman arte, edo bestelako moduan prozedura penala amaitzen duen ebazpena eman arte, edo harik eta Fiskaltzak erabaki arte ez dela bidezkoa jarduketak hastea edo jarduketei bide penalean segida ematea. Ordura arte, preskripzio epea eten eginen da.

Bigarren xedapen iragankorra.–Arau hau aplikatuko da desgaitasuna dutenei aparkatzeko txartela emateko prozeduretan, indarra hartu aurretik abiatu badira ere.

Azken xedapena.–Ordenantzako aldaketa honek indarra hartuko du, eta ondorio juridiko osoak sortuko, bere testua oso-osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutakoan eta Estatuko edo Foru Komunitateko Administrazioek toki entitateen egintza edo erabakiak indargabetzeko duten eskumena erabiltzeko epea iragandakoan.

Allon, 2020ko otsailaren 27an.–Alkatea, Susana Castanera Gómez.

Iragarkiaren kodea: L2003089