56. ALDIZKARIA - 2020ko martxoaren 17a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

EGUESIBAR

Deialdia, izangai zerrendak eratzeko, liburutegi-ludotekako laguntzaile izateko lanpostua aldi baterako kontratazio bidez betetzeko, sortzen diren beharrei erantzutearren

Tokiko Gobernu Batzarrak 2020ko otsailaren 11n egin bilkuran onetsi zuen deialdi hau, eta honako oinarri hauek izanen ditu:

OINARRIAK

1. oinarria.–Xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da liburutegi-ludotekako laguntzaile lanpostuan aritzeko bi izangai zerrenda eratzea hautaproba bidez, Eguesibarko Udalean sortzen diren beharrak aldi baterako betetzeko.

Zerrenda hauek eratuko dira:

–Euskarazko B2 mailako hizkuntza-eskakizuna izatea nahitaezkoa duen zerrenda bat.

–Euskaraz nahitaez jakin beharrik gabeko zerrenda bat.

Hautaproben deialdia egiten da Administrazio Publikoetan Sartzeko Erregelamenduaren 42.2.c) artikuluan xedatuari jarraikiz. Kontratazioa ahalik eta arinena egitearren eta dauden beharrei ahalik eta lasterrena erantzutearren, deialdi publikoa eginen da udal iragarki-taularen eta udal webgunearen bidez

1.2. Deialdiren oinarriak interesdunen eskura egonen dira Eguesibarko udaletxean (Garajonay kalea 1, 31621 Sarriguren) eta udal webgunean (www.valledeegues.com).

1.3. Aldi baterako kontratudunak izateko izangai zerrenda horiek erabili baino lehen, apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera prestatu diren edo etorkizunean prestatzen diren langile finkoen zerrendetara joko da.

Nolanahi dela ere, zerrendako aldi baterako langileen kontratazioa egin aurretik, kontuan hartuko da liburutegi-ludotekako laguntzaile lanpostuetan lan-kontratudun finko edo funtzionario izateko egin den azken deialdi publikoan –halakorik egin bada– hautaprobak gainditu eta lanposturik gabe gelditu den pertsonarik ba ote den; izan ere, egindako azken deialdi publikoa gainditu eta lanposturik gabe gelditu direnek lehentasuna izanen dute aldi baterako lanpostuak betetzeko.

Deialdiko zerrendek lehentasuna izanen dute, ordea, aldi baterako kontrataziorako gaur egungo zerrenden aurretik, sarrera prozeduraren baten ondoriozkoak ez badira zerrenda horiek.

1.4. Lanaldiaren araubidea zerbitzuaren beharretara egokituko da.

1.5. Lanpostuak C mailari dagokion ordainsaria izanen du, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren eta indarreko araudiaren arabera, lanaldiaren proportzioan.

1.6. Lanpostuaren titular izendatzen den pertsonak bete beharreko eginkizunak, besteak beste, honako hauetara bideratuko dira:

–Ludotekako laguntzaile bati dagozkion lanak:

  • Ludotekarako plangintzan sartutako jarduerak gauzatzea, jarduerak programatzeko proposamenak egitea, erabiltzaileak zaintzea, eta ludotekaren arloan proposatzen diren bestelako jarduerak egitea.

–Liburutegiko laguntzaile bati dagozkion lanak:

  • Funtsak paratzea eta ordenatzea.
  • Aldizkako argitalpenak jaso, erregistratu eta kontrolatzea.
  • Zenbaketak eta garbiketak egitea.
  • Bibliografia eta dokumentu funtsak sailkatzea, edozein euskarritan.
  • Katalogoak mantentzea.
  • Bibliografia funtsak erregistratzea eta herritarrek erabiltzeko prest uztea.
  • Aleak erregistratzeko datuak sartzea datu-base bibliografikoetan.
  • Hondatutako aleetan konponketa txikiak egitea.
  • Erabiltzaileei arreta ematea.
  • Instalazioak ireki eta ixtea.
  • Argibide orokorrak ematea liburutegiari eta haren zerbitzuei buruz.
  • Oinarrizko informazio bibliografikoa ematea.
  • Dokumentuak maileguan ematea.
  • Erabiltzaile txartelak egitea.
  • Kultur jardueretan nahiz irakurzaletasuna sustatzeko jardueretan laguntzea.
  • Erabiltzaileak prestatzeko jardueretan laguntzea.
  • Estatistikak egitea.
  • Liburutegia kudeatzeko sistema ezagutu eta erabiltzea, aipaturiko eginkizunak era egokian bete ahal izateko.
  • Aurrekoez gain, lanpostuaren helburuarekin bat datorren beste eginkizun oro, lanpostuari dagozkion mailaren eta eskumenen arabera.

1.7. Hautaprobak gainditurik deialdi honetan hautatzen diren izangaiak Gizarte Segurantzaren Sistema Orokorrean afiliatu, eta alta emanen zaie.

Zerbitzuaren beharretara egokituko dira lanaldia eta ordutegia, eta organo eskudunek noiznahi aldatu ahalko dituzte, beharrezkoa izanez gero. Astean zehar, goizeko, arratsaldeko edo lanaldi zatituko txandak eginen dira, Zerbitzuak horri dagokionez ezartzen duen antolamenduaren arabera.

1.8. Deialdi honen bidez egiten diren kontratazioetarako bi hilabeteko probaldia ezartzen da, eta epe horretan edozein aldek hutsaltzen ahalko du kontratua, aldebakarreko erabakiz.

1.9. Bat etorriz urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.1.b) artikuluarekin, deialdi honekin, oinarriekin edo betearazteko ematen diren egintzekin loturik, doakien edozein gorabehera, egintza edo errekurtso jakinarazteko izangaiei, halakoa emanen da argitara Eguesibarko Udalaren iragarki-taulan eta udal webgunean (www.valledeegues.com).

2. oinarria.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Lanpostuan aritzeko izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Espainiarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio, langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa.

Era berean, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako edo aipatu nazioarteko itunek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek parte har dezakete, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, haien kontura biziz gero.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

c) Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean Batxilergoko titulua, Bigarren Graduko Lanbide Heziketakoa edo titulu baliokide bat izatea edo eskuratzeko moduan egotea.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioa frogatzen duen agiria eduki beharko da.

d) Izangai euskaldunen zerrendan parte hartu nahi izanez gero, eskatzen den mailako ziurtagiria edo horren baliokidea izatea. Ziurtagiri hori izan ezean, hizkuntza maila frogatzeko proba eskatu ahalko da.

e) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

f) Eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez egotea.

Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek frogatu beharko dute beren Estatuko Funtzio Publikoan sartzea eragozten dien diziplina zehapenik edo zigor penalik ez dutela.

2.2. Aurreko baldintza horiek eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharrekoak izanen dira, eta bete beharko dira, orobat, hautaketa prozeduran zehar eta kontratatzeko unean.

3. oinarria.–Tasak.

Espedientea formalizatzeagatik eta azterketa eskubideengatik 6,00 euroko tasa ordaindu beharko da Caixabankeko ES22 2100 5323 4822 0008 2104 kontuan edo udaletxean bertan. Tasa ordaintzen ez bada, izangaia bazterturik geldituko da.

4. oinarria.–Eskabideak eta horiek aurkezteko epea.

4.1. Deialdiko hautapen prozesuan parte hartu nahi dutenek eskabidea aurkeztu beharko dute Eguesibarko Udalaren Erregistro Orokorrean (Garajonay kalea 1, 31621 Sarriguren) edota bide telematikoz Udal Erregistro Elektronikoan (https://sedeelectronica.valledeegues.es/eu/registro-electronico/), edo urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bideetako edozein erabiliz (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea), deialdi honen I. eranskinean jasotako ereduari jarraikiz.

Parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea hamabost egun naturalekoa izanen da, deialdiaren iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskabidean, euskara mailako proba egin nahi den adieraziko da. Euskaraz badakitela frogatzen dutenek ez dute proba hori egin beharrik.

Halaber, desgaitasun-mailaren ziurtagiria aurkeztu beharko da, halakoa dutenen kasuan.

4.2. Eskaerarekin batera honako agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia.

b) Eskatutako titulazioaren egiaztagiria, bai akademikoa bai euskara mailakoa, azken hori aurkeztu behar edo nahi dutenen kasuan.

Euskara titulurik izan ezean, eta euskaraz jakitea baloratzea edo kontuan hartzea nahi bada, eskabidean adierazi beharko da euskara maila neurtzeko proba egin nahi dela.

c) Tasa ordaindu izanaren agiria. Tasak Herritarrarentzako Harrera Bulegoan ordaintzen badira, ordainagiri bat emanen da eta hura eskabideari erantsi beharko zaio.

d) Eskabidearekin batera, alegatzen diren merezimenduen zerrenda eta haiek frogatzen dituzten agiriak aurkeztuko dira, oinarri hauetan ezartzen denari jarraikiz.

Aditzera emandako agiri horiez gain, desgaitasuna duten izangaiek, parte hartzeko eskabidearekin batera, aurkeztu beharko dute desgaitasunaren nahiz desgaitasun mailaren ziurtagiria, organo eskudunak emana. Une horretan aurkezten ez dutenei ez zaie kontuan hartuko deiak egiterakoan. Halaber, ariketak egiteko denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak eska ditzakete, horren beharrik izanez gero, eskabidean bertan. Orobat, aparteko orri batean, adierazi beharko dute zer desgaitasun duten eta zer egokitzapen eskatzen dituzten.

Aski izanen da 4.2 apartatu honetan eskatutako agirien kopia soila aurkeztea; alabaina, jatorrizkoak edo kopia konpultsatuak eskatuko dira kontratazioa egin aurretik, eta horiek aurkezten ez dituena bazterturik geldituko da kontratazio horretan. Era berean, aurkeztutako agirietan edo datuetan zehaztasunik eza edo faltsutasunik atzemanez gero, erantzukizun penalak, zibilak edo administratiboak eskatuko dira.

5. oinarria.–Behin-behineko eta behin betiko zerrendak.

Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Udaleko alkateak izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du, eta hura Eguesibarko Udalaren iragarki-taulan argitaratuko da (Garajonay kalea 1, 31621 Sarriguren), bai eta haren webgunean ere (www.valledeegues.com).

Egun horretatik aurrera, izangaiek hiru egun naturaleko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta eskabidean egindako akatsak zuzentzeko.

Erreklamazioak aurkezteko epea bukatu eta haiek ebatzi ondoan, Udaleko alkateak izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko du, eta Udalaren iragarki-taulan eta webgunean argitaratzeko aginduko du, deialdi honetan xedatutako hautaprobak egiteko eguna eta tokia adierazita.

Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda, eta Udalaren iragarki-taulan eta webgunean argitaratuko da, deialdi honetan jasotzen diren hautaprobak egiteko egunarekin, orduarekin eta tokiarekin batera.

Zerrenda horiek edukitzeko premia dagoenez, badauden beharrak estaltzeko, aipatu probak 2020ko apirilean egitea aurreikusten da.

6. oinarria.–Epaimahaia: Eraketa eta jarduna.

6.1. Kide hauek osatuko dute epaimahaia:

Epaimahaiburua: Amaya Larraya Marco, Eguesibarko Udaleko alkatea.

–Ordezkoa. Inmaculada Múgica Ustárroz, Eguesibarko Udaleko zinegotzia.

Lehen epaimahaikidea: Maite Santos Nagore, Eguesibarko Udaleko liburutegi-ludotekako laguntzailea.

–Lehen epaimahaikidearen ordezkoa: Miren Elkarte Irigibel, Eguesibarko Udaleko liburutegi-ludotekako laguntzailea.

Bigarren epaimahaikidea: Patricia Cifrian Ruiz de Alda, Eguesibarko Udaleko kultura koordinatzailea.

–Bigarren epaimahaikidearen ordezkoa: Maite Erecacho Bilbao, Eguesibarko Udaleko liburutegi-ludotekako laguntzailea.

Hirugarren epaimahaikidea: Eguesibarko Udaleko Langileen Batzordearen ordezkari bat, hark izendatua.

–Hirugarren epaimahaikidearen ordezkoa: Eguesibarko Udaleko Langileen Batzordearen ordezkari bat, hark izendatua.

Epaiahaikide-idazkaria: Jesús Erburu Arbizu, Eguesibarko Udaleko idazkaria.

–Ordezkoa: Pablo Gil Morrás, Eguesibarko Udaleko aholkulari juridiko-kudeatzailea.

6.2. Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako aipatzen diren arrazoietako bat gertatzen bada, epaimahaiko kideek ezin izanen dute epaimahaian parte hartu, eta Eguesibarko Udalaren Zerbitzu Orokorren Alorrari eman beharko diote horren berri.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.

Epaimahaia aldatzen bada, abstenitzeko edo errekusatzeko ezarritako arrazoiak direla eta, izangai onartu eta baztertuen zerrendekin batera emanen da horren berri.

6.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, kideen gehiengo osoa gutxienez bildu ezean.

6.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatu eta aplikatzerakoan sortzen diren arazo guztiak, eta berdinketa suertatuz gero, epaimahaiburuak kalitateko botoa erabil dezake.

6.5. Epaimahaiak aholkulari adituei deitzen ahalko die probetan laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta epaimahaiari horietan bakarrik emanen diote laguntza.

7. oinarria.–Hautapen prozesuaren nondik norakoa eta balorazioa.

7.1. Hautapen prozesuak, bi zerrendak eratzeko, lehiaketaldi bat eta oposizioaldi bat izanen ditu. Azken horretan, proba teoriko bat egin beharko da.

7.1.1. 7.1.–Oposizioaldian proba teoriko-praktiko bat eginen da, lanpostuaren eginkizunei eta gaiei buruz.

Proba egiteko deialdi bakarra izanen da, eta izangaiek nortasun agiri nazionala aldean daramatela agertu beharko dute hartara. Agertzen ez diren izangaiak bazterturik geldituko dira.

Proban test bati edo galdera labur batzuei erantzun beharko zaie, lanpostuaren eginkizunei buruz, eta deialdi honen II. eranskinean jasoriko gaiak ezagutzeari loturik.

Gehieneko puntuazioa 70 puntukoa izanen da eta, gainditzeko, gutxienez 35 puntu beharko dira.

Epaimahaiak, proba hasi baino lehen, haren gehieneko iraupena finkatuko du.

Proba zuzendu eta gero, emaitzak Udalaren iragarki-taulan eta webgunean emanen dira argitara, eta hiru egun naturaleko epea irekiko da alegazioak aurkeztu ahal izateko. Alegaziorik aurkeztuz gero, epaimahaiak ebatziko ditu, eta ondoren, eta bitarteko berberak erabilita, behin betiko emaitzak argitaratuko ditu. Alegaziorik aurkezten ez bada, behin-behineko emaitzak behin betikotzat joko dira.

7.1.2. Lehiaketaldia:

7.1.2.1. Oposizioaldia gainditu dutenen merezimenduak soilik baloratuko dira.

Deialdian parte hartzeko eskabidea aurkeztean alegatu eta agiri bidez frogatu beharko dira merezimendu guztiak, oinarri hauetan ezarri moduan.

Egindako zerbitzuen apartatuan alegaturiko merezimenduak dagokion administrazio publikoaren ziurtagirien bidez egiaztatuko dira, eta lan egindako denbora eta lanaldiaren iraupena jaso beharko da ziurtagiri horietan.

7.1.2.2. Alegatu eta frogatutako merezimenduak deialdiaren III. eranskineko baremoaren arabera kalifikatu eta puntuatuko ditu epaimahaiak.

7.1.2.3. Aipatu baremoa aplikatzeak eskatzen duen informazio guztia izan beharko dute agiriek. Ez dira kontatuko justifikatzen ez diren merezimenduak.

Lehiatzaileek alegatutako merezimenduei buruzko azalpen eta datu osagarriak noiznahi eskatzen ahal ditu epaimahaiak.

7.1.2.4. Lehiaketaldiak 30 puntuko balorazioa izanen du, gehienez ere. Deialdiaren III. eranskinari jarraikiz banatuko dira puntuak, honako apartatu hauetan:

a) Egindako zerbitzuak, gehienez ere 25 puntu.

b) Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta beste merezimendu batzuk: 5 puntu gehienez.

c) Gainera, Eguesibarko Udalaren Euskararen Ordenantza betetzeko, hautapen prozesuan 6 puntu emanen dira euskaraz jakiteagatik, merezimendu gisa, zerrenda orokorrean soil-soilik (euskaraz nahitaez jakin beharrik gabeko zerrenda).

7.1.2.5. Epaimahaiak bere iritzia arrazoituz baloratuko ditu izangai bakoitzaren kasuan egokitzat jotzen dituen merezimenduak. Epaimahaiak ez du inoiz aintzat hartuko izangaiak alegatu eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du apartatu bakoitzerako ezarritako puntuazioa baino handiagorik eman.

7.1.2.6. Lehiaketaldia ez da baztertzailea izanen. Merezimenduen balorazioa egindakoan, emaitzak argitara emanen dira Udalaren iragarki-taulan eta webgunean (www.valledeegues.com).

7.2. Aipatu diren proba horiez gain, euskarazko jakite-maila agiri bidez frogatu ez duten eta eskabidean horrela eskatu dutenei dei eginen zaie hizkuntza maila frogatzeko proba egin dezaten, izangaiak zerrendetan sartzearren edo, bestela, euskaraz jakitea nahitaezkoa ez den zerrendan dagokion puntuazioa ematearren. Proba hori eginen da proba teoriko-praktikoa gainditu ondotik, eta hura gainditzen dutenei soilik.

7.3. Hautaproba egiteko orduan, minusbaliotasuna izanik, halaxe eskatzen dutenek denbora eta baliabide aldetik zilegi diren egokitzapenak izanen dituzte, eskabidean azaltzen dutenaren arabera.

8. oinarria.–Gaindituen zerrenda eta lanean hasteko deia.

8.1. Behin proben kalifikazioa bukatuta eta alegazioak ebatzita, halakorik aurkeztu bada, gaindituen zerrenda emanen du argitara epaimahaiak, Eguesibarko Udalaren iragarki-taulan eta webgunean, guztira lortutako puntuazioaren hurrenkeran; halaber, zerrenda alkateari igorriko dio onets dezan, hautapen prozesuaren espediente osoarekin batera.

Zerrenda horrekin 1.1 oinarrian aipatzen diren bi zerrendak osatuko dira, eta izangaiak zerrendetako batean edo bietan azalduko dira.

Berdinketarik izanez gero, izangai zaharrenak izanen du lehentasuna.

8.2. Prozesua gainditu duten izangaiei puntuazio hurrenkerari jarraikiz eginen zaie dei, Eguesibarko Udalean dagokion zerbitzuan sortzen diren beharren arabera, bat etorriz deialdi honen oinarriekin eta aplikatzekoak diren gainerako arauekin.

8.3. Deia eginen da abenduaren 31ko 814/2010 Foru Aginduan ezarritakoaren arabera (foru agindu horren bidez onetsi ziren aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak), oinarri hauetan berariaz ezarri ez denari dagokionez.

Deitutako izangaiak kontratua sinatu beharko du –beste epe bat ezarri ezean– abisua eman eta bost eguneko epean –edo gehienez ere 15 egunekoan, une horretan duen lanpostuan aurreabisua eman behar badu–; horretarako, eskatutako agiriak aurkeztu beharko ditu, bai eta zinpeko aitorpen bat ere, horren bidez adierazteko ez dela baztertua izan Estatuko, autonomia erkidegoetako, probintzietako, udalerrietako edo toki entitateetako inolako kargu, lanpostu edo eginkizunetatik, eta ez dagoela desgaitua eginkizun publikoetan aritzeko.

Oinarri honetan zehaztutakoa aipatu epe horien barrenean betetzen ez bada, ezin izanen da kontratazioa egin, eta indarrik gabe geldituko dira dagozkion eskubideak.

Halakoetan, zerrendan hurrengo puntuazio handiena duen izangaiari deituko zaio.

8.4. Izangaiei lanerako deia egiten zaienean, aintzat hartuko da, orobat, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginean ezarritakoa, hain zuzen, zazpigarren xedapen gehigarriaren 4. apartatuan, non arautzen baitira desgaitasunen bat duten pertsonek enplegua lortzeko moduaren xehetasunak Nafarroako Foru Komunitaterako.

8.5. Une bakoitzean kontratatzen direnak Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean afiliatu eta bertan alta emanen zaie; beraz, haien kontura izanen dira dagokien kuota eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren atxikipena, bidezko diren kopuruetan.

9. oinarria.–Errekurtsoak.

9.1. Deialdiaren eta beraren oinarrien aurka, baita horien aplikaziotik eta hautapen organoen jarduketetatik etortzen diren egintza administratiboen aurka ere, errekurtso hauetako bat aurkezten ahalko da, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita. Aipatu auzitegi horren berariazko ebazpenek edo proposamenek amaiera emanen diote foru administrazioko bideari, eta haien aurka jotzen ahalko da administrazioarekiko auzien jurisdikzioko organo eskudunen aurrean, legedia orokorrari jarraikiz.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, bi hilabeteko epean, jurisdikzio horretako organo eskudunari zuzendua, errekurritutako egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

9.2. Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Sarrigurenen, 2020ko otsailaren 12an.–Alkatea, Amaia Larraya Marco.

I. ERANSKINA

Eskabidea (PDFa).

II. ERANSKINA

Gai zerrenda

Lehen zatia.

1. gaia.–Liburu elektronikoa eta liburutegietan dituen aplikazioak. Irakurketa digitala.

2. gaia.–Haurrendako liburuak. Erreferentziako liburuak eta bibliografiak.

3. gaia.–Liburutegiak: kontzeptua, xedea, eginkizunak eta motak.

4. gaia.–Liburutegi publikoak: ikuspegi historikoa, kontzeptua, eginkizunak eta zerbitzuak.

5. gaia.–Bildumak liburutegi publikoan: plangintza, hautapena, erosketa, mantentze lanak eta garapena. Aldizkako eta serieko argitalpenen prozesaketa eta kudeaketa.

6. gaia.–Liburutegi publikoek erabiltzaileendako dituzten zerbitzuak: zerbitzu-karta. Liburutegi publikoetako erabiltzaileen iradokizun, kontsulta eta erreklamazioei kasu egiteko protokoloa.

7. gaia.–Liburutegi publikoak integrazio soziokulturalerako zentro gisa. Gutxiengo sozialei eta etorkinei arreta ematea.

8. gaia.–Liburutegi publikoetan irakurzaletasuna sustatzeko lana. Liburutegiaren hedapenerako zerbitzuak. Irakurle klubak.

9. gaia.–Nafarroako Liburutegi Publikoei buruzko Legea (2002).

10. gaia.–Nafarroako Liburutegi Publikoen Sistema. Egungo egoera, antolaketa eta funtzionamendua. Espainiako beste liburutegi publiko batzuen sistemekin dituen antzekotasunak eta ezberdintasunak.

11. gaia.–Espainian liburutegien arloan dauden erakundeen antolaketa-egitura eta eskumenak. 10/2007 Legea, Irakurzaletasunari, Liburuari eta Liburutegiei buruzkoa.

12. gaia.–Liburutegietako zerbitzuak: kalitatearen kudeaketa eta haien ebaluazioa.

13. gaia.–Liburutegien marketina.

Bigarren zatia.

1. gaia.–Udala. Udalaren Erregelamendu Organikoa. Udal organoak. Alkatetza. Osoko Bilkura. Gobernu Batzarra. Udal organoen eskumenak eta eskudantziak.

2. gaia.–Eguesibarko Udalaren ludotekaren erabilera eta funtzionamendua arautzen dituen erregelamendua.

3. gaia.–Ludoteka: definizioa, helburuak eta eginkizunak.

4. gaia.–Haur jolasa. Ezaugarriak, eginkizunak, sailkapena.

5. gaia.–Haurren animazioa eta ludotekak. Eginkizuna eta helburuak.

6. gaia.–Ludotekari lanpostuan bere beharreko eginkizunak eta xedeak.

7. gaia.–Pertsonen arteko komunikazioaren elementuak haurtzaroan.

8. gaia.–Haurtzaroko lengoaia.

9. gaia.–Etika profesionala. Haren aplikazioa ludotekari lanpostuan.

III. ERANSKINA

Merezimenduen baremoa

a) apartatua: Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak.

–Administrazio publikoetan emandako zerbitzuak, hauetariko lanposturen batean: ludotekako eta liburutegiko laguntzaile, ludotekako laguntzaile, liburutegiko laguntzaile edo liburutegiko arduradun: 2 puntu urteko.

b) apartatua: prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta beste merezimendu batzuk.

–Lanpostuaren eginkizunekin zerikusia duen unibertsitateko titulazioa izatea: 2 puntu.

–Lanpostuaren eginkizunekin zerikusia duen masterra edo graduondoko titulua izatea: 0,5 puntu.

–Lanpostuaren eginkizunekin lotutako eta erakunde edo zentro publiko zein pribatuek eta unibertsitateek antolatutako prestakuntza jardueretan parte hartzeagatik: 0,10 puntu kreditu akademiko edo horren baliokide bakoitzeko (10 ikastordu); gehienez ere 2 puntu.

–Biltzar edo jardunaldietan txostenak edo komunikazioak aurkeztea, beka edo saria jaso duten zientzia edo ikerketa lanak egitea eta aldizkari espezializatuetan lanak argitaratzea: 2 puntu, gehienez ere, epaimahaiak baloratu beharrekoak, kontuan hartuz lana edo jarduera pertsona bakar batek edo taldean egina den, eta biltzarra edo argitalpena zer mailatakoa den: tokikoa, eskualdekoa, Estatukoa edo nazioartekoa.

–Sektore publikoan prestakuntza saioak antolatzea eta/edo halakoetan irakasle jardutea: gehienez puntu bat, epaimahai kalifikatzaileak baloraturik haien iraupenaren arabera.

c) apartatua: euskaraz jakitea.

Zerrenda orokorrean soilik baloratuko da (euskaraz nahitaez jakin beharrik gabeko zerrenda).

Balorazio hori baremo honen arabera eginen da: 6 puntu EGA edo C1 izateagatik; 4,8 puntu B2 izateagatik; 3,6 puntu B1 izateagatik; 2,4 puntu A2 izateagatik, eta 1,2 puntu A1 izateagatik.

–Oharrak A) apartaturako:

1. Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen da. Era berean, lanaldi partzialetan egindako zerbitzuen kasuan, proportzioan dagokion puntuazioa esleituko da.

–Oharrak b) atalerako:

1. Baloratu beharreko prestakuntza jardueretan, irakastorduen zatikiak hainbanatu eginen dira.

2. Irakastordu kopurua adierazten ez duten ziurtagiriei 0,05 puntuko balorazioa emanen zaie.

3. Ikasturte akademiko bateko iraupena agertzen duten ziurtagiriei 12 kredituren balorazioa emanen zaie.

4. Erakunde antolatzaileari buruzko betebeharrak betetzen ez badituzte ere, puntuazio berarekin baloratuko da Administrazioak agindurik edo baliozkoturik eginak diren prestakuntza jardueretan parte hartzea. Horien artean sartuko dira, espresuki, sindikatuek administrazio publikoetako etengabeko prestakuntzarako itunen barnean antolatuak.

5. Titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak, hala unibertsitatekoak nola unibertsitatez kanpokoak, ez dira atal honetan baloratuko. Era berean, ez da baloratuko deialdian parte hartzeko ezinbesteko baldintza den titulua.

Iragarkiaren kodea: L2002317