55. ALDIZKARIA - 2020ko martxoaren 16a - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

27/2020 FORU AGINDUA, martxoaren 15ekoa, Hezkuntzako kontseilariak emana, martxoaren 13ko 26/2020 Foru Agindua aldatzen duena. Agindu horren bidez hezkuntzaren esparruan neurriak hartu ziren koronabirusaren (COVID-19) egoeraren eta bilakaeraren ondorioz.

Osasuneko kontseilariaren martxoaren 13ko 3/2020 Foru Aginduaren bidez, osasun publikoko jarraibide eta prebentzio neurriak hartu ziren koronabirusaren (COVID-19) egoeraren eta bilakaeraren ondorioz. Foru agindu honek agintzen du hezkuntza jarduera presentzial guztiak eteteko ikastetxe eta ikasmaila guztietan, eskolako jarduerak zein eskolaz kanpokoak, zero urtetik hasi eta unibertsitate mailaraino, hori barne, hala ikastetxe publikoetan nola pribatuetan, baita hezkuntza arloko jarduera osagarriak ere.

26/2020 Foru Agindua, martxoaren 13koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, neurriak hartzen dituena koronabirusaren (COVID-19) egoeraren eta bilakaeraren ondorioz.

Martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren bidez, alarma egoera deklaratu da COVID-19k eragindako osasun krisia kudeatzeko.

Aipatu errege dekretuaren 9. artikuluak honako hau ezartzen du:

“1. Eten egiten da aurrez aurreko hezkuntza jarduera Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 3. artikuluan jasotako ikastetxe eta etapa, ziklo, gradu, ikasturte eta irakaskuntza maila guztietan, unibertsitate irakaskuntza barne, bai eta beste ikastetxe publiko edo pribatu batzuetan ematen den beste edozein hezkuntza- edo prestakuntza-jarduera ere.

2. Etenaldiak irauten duen bitartean, hezkuntza jarduerak urrutiko eta «on line» modalitateen bidez eginen dira, ahal den guztietan.”

Era berean, aipatu errege-dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriaren 1. apartatuak zehazten du honako hau:

“1. Bertan behera uzten dira baldintzak, eta eten egiten dira epeak sektore publikoko erakundeen prozedurak izapidetzeko. Epeen zenbaketa berriz hasiko da errege dekretu hau edo, hala badagokio, haren luzapenek indarra galtzen duten unean.”

Azaldutakoaren arabera eta gertatzen ari diren salbuespenezko inguruabarrak kontuan hartuta, bidezkoa da aldatzea Hezkuntzako kontseilariaren martxoaren 13ko 26/2020 Foru Agindua, hezkuntzaren esparruan hartu beharreko neurriak egungo egoerara egokitzeko.

Era berean, bidezkoa da Hezkuntzako kontseilariaren martxoaren 13ko 26/2020 Foru Aginduaren 5. puntua aldatzea, garraio eta jantokiko zerbitzu osagarrietako kontratu batzuk Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legeak arautzen baititu.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Aldatzea Hezkuntzako kontseilariaren martxoaren 13ko 26/2020 Foru Aginduaren 2. puntua; foru agindu horren bidez neurriak ezartzen dira koronabirusaren (COVID-19) egoeraren eta bilakaeraren ondorioz hezkuntzaren arloan; honela idatzita geldituko da:

“2. Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe guztietan hartu beharreko neurriak.

Irakasleek, bitarteko digital nahikoak dituzten heinean, urrutiko irakaskuntza lana eta koordinazio lanak eginen dituzte, ikastetxera joan gabe, baldin ikasleei aurrez aurrekoa ez den irakaskuntza arreta bermatzen bazaie.

Ikastetxeetako arduradunek, beren pedagogia- eta kudeaketa-autonomiaren esparruan, aurrez aurrekoak ez diren irakaskuntza-saioak antolatu eta koordinatuko dituzte, eta beharrezkoa izanez gero, langileak ikastetxean unean-unean egotea eskatzen ahalko dute. Ikasle guztien aurrez aurrekoa ez den irakaskuntza arreta bermatzeko behar diren antolaketa neurri guztiak eginen dira. Nolanahi ere, Batxilergoko 2. mailako ikasleei emanen zaie lehentasuna.

Irakasleek, ikastetxeko zuzendaritzaren koordinaziopean, ikasleekin aurrez aurrekoak ez diren irakaskuntza-jarduera guztien jarraipena eta erregistroa eginen dute.

Aurreko hiru paragrafoetan ezarritakoa aplikatzekoa izanen da osasun arloko agintaritzak hartutako neurriekin bateragarria den neurrian.”

2. Aldatzea Hezkuntzako kontseilariaren martxoaren 13ko 26/2020 Foru Aginduaren 3. puntua; foru agindu horren bidez neurriak ezartzen dira koronabirusaren (COVID-19) egoeraren eta bilakaeraren ondorioz hezkuntzaren arloan; honela idatzita geldituko da:

“3. Epe guztiak etetea aurreinskripzioa eta matrikula egiteko.

COVID-19k eragindako osasun krisia kudeatzeko alarma egoera deklaratzen duen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera, bertan behera gelditzen eta eten egiten dira Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe, ziklo, gradu, ikasturte eta irakaskuntza maila guztietako ikasleen aurreinskripzio- eta matrikulazio-epe guztiak.”

3. Aldatzea Hezkuntzako kontseilariaren martxoaren 13ko 26/2020 Foru Aginduaren 5. puntua; foru agindu horren bidez neurriak ezartzen dira koronabirusaren (COVID-19) egoeraren eta bilakaeraren ondorioz hezkuntzaren arloan; honela idatzita geldituko da:

“5. Garraioko eta jantokiko zerbitzu osagarrien kontratuak bertan behera uztea, interes publikoko arrazoiak direla-eta.

Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legearen 150. artikuluan eta Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen 109. artikuluan xedatutakoarekin bat, interes publikoko arrazoiengatik, garraio eta jantokiko zerbitzu osagarrien kontratuak eten eginen dira 2020ko martxoaren 16tik aurrera, aurrez aurreko hezkuntza jarduerari berriro ekin arte.”

4. Foru agindu honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

5. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Foru agindu hau igortzea Idazkaritza Tekniko Nagusira, Hezkuntza Zuzendaritza Nagusira, Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusira, Hezkuntza Baliabideen Zuzendaritza Nagusira, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Ikastetxeen Finantzaketaren, Ikasketetarako Laguntzen eta Zerbitzu Osagarrien Zerbitzura, ikastetxeetara eta garraioko eta jantokiko zerbitzu osagarrien kontratuak adjudikatuta dituzten enpresetara, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko martxoaren 15ean.–Hezkuntzako kontseilaria, Carlos Gimeno Gurpegui.

Iragarkiaren kodea: F2003997