54. ALDIZKARIA - 2020ko martxoaren 16a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ULTZAMA

Deialdia, GKE, lankidetza-proiektu eta irabazi-asmorik gabeko erakundeendako 2020ko dirulaguntzak emateko

Ultzamako Udalak, 2020ko otsailaren hogeian egin osoko bilkuran, “GKE, lankidetza-proiektu eta irabazi-asmorik gabeko erakundeendako 2020ko dirulaguntzak” emateko oinarri arautzaileak onetsi zituen, eta haien testua ematen da jarraian, behar diren ondorioak izan ditzaten.

OINARRI ARAUTZAILEAK, GKE, LANKIDETZA-PROIEKTU ETA IRABAZI-ASMORIK GABEKO ERAKUNDEENDAKO 2020KO DIRULAGUNTZAK EMATEKO

1. Atarikoa.

Ultzamako Udalak xede du lan egitea bidezkotasun eta berdintasun handiagoko gizarte baten alde, hurbileneko ekimenetatik hasi eta garapen globaleraino. Horregatik, bultzatu egin behar dira gizarte solidarioa, inklusiboa eta bidezkoagoa bermatuko duten lanak.

Ultzamako Udalak, 2020ko aurrekontuetan, badu 4.000,00 euroko gastu globaleko partida bat, “GKE, lankidetza-proiektu eta irabazi-asmorik gabeko erakundeendako dirulaguntzak” deritzona eta 9250 4820005 zenbakia duena, oinarri hauen 3. artikuluan azaltzen diren proiektuak sustatzeko.

2. Deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea da dirulaguntzak ematea helburu hauetako bat duten proiektu sozialei:

–Sektore diskriminatuen oinarrizko beharrizanei erantzuten dieten programak.

–Emakumeen ahalduntzea sustatzen duten programak, haien garapen pertsonala eta soziala helburu.

–Ekonomia solidarioa, kooperatibak, elikadura burujabetza, finantza solidarioak eta abar, bai eta antolamendua indartzeko, parte-hartze politikorako eta giza eskubideak babesteko proiektuak ere.

–Komunitateei indartzen laguntzeko proiektuak, tokian tokiko ahalmenak garatuz eta kudeatuz.

–Haur eta gazteen hezkuntzarako programak.

–Sexu- eta ugalketa-osasuna hobetzeko programak. Hala prebentzio-fasean nola eritasunen tratamenduan.

–Bidezko merkataritza bultzatzeko helburua duten programak.

–Herri pobretuei edo garapen bidean daudenei laguntzen dieten programak.

3. Entitate eskatzaileak.

Dedialdi honen dirulaguntza jasotzeko interesa duten entitate, erakunde edo elkarteek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

–Irabazi asmorik gabekoak izatea.

–Estatutuetan edo aurreko urteetako jarduera memorietan berariazko helburu hau adierazita edukitzea: garapenerako lankidetzarekin eta herrien arteko elkartasuna sustatzearekin zerikusia duten jarduerak egitea.

–Egoitza soziala Nafarroan edukitzea, edo ordezkaritza bat.

–Era aktiboan jardutea Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan, lankidetzako edo laguntza humanitarioko programak kudeatzen. Hori frogatzeko, azken urtean Nafarroan egindako jardueren dokumentazioa aurkeztu beharko dute.

–Helburu sozialak betetzeko adinako egitura edukitzea eta proposaturiko helburuak erdiesteko behar diren eskarmentua eta gaitasun operatiboa frogatzea.

–Nafarroako Foru Ogasunari ordaindu beharreko zergak egunean izatea.

Honako hauek deialdi honetatik kanpo daude espresuki:

–Enpresak edo irabazi-asmoa duten beste entitate batzuk.

–Lankidetzarako gobernu-entitateak.

–Aurreko urteetako deialdietan Ultzamako Udalaren laguntzak edo dirulaguntzak eskuratu zituzten GKE edo elkarteak, baldin eta azken urtean ez badute jarraipen txostenik aurkeztu (deialdi honetan proiektuak aurkezteko epearen muga-eguna kontuan harturik), edo hura behar bezala justifikatu ez badute.

4. Proiektuak.

Entitate eskatzaileen proiektu edo jarduerek baldintza hauek bete beharko dituzte:

–Entitate eskatzaile bakoitzak garapen proiektuak kofinantzatzeko eskabide bakarra aurkezten ahalko du.

–Bat etortzea deialdi honen 2. artikuluan adierazitako printzipioekin.

–Informazio nahikoa ematea helburuei, emaitzei eta jarduerei buruz, bai eta proiektua egikaritzeko behar diren baliabideei buruz ere.

–GKEak edo entitateak proiektua sakonki ezagutzen duela erakustea eta tokian tokiko GKEarekin edo komunitate hartzailearekin ezarriko diren harremanak azaltzea, diruz lagundutako ekintzaren jarraipena egite aldera.

–Dirulaguntza egikaritzeko aurreikusten den iraupena 2020ko abenduaren 15a ez gainditzea.

5.–Balorazio irizpideak.

Hona hemen deialdian sartzen diren proiektuei aplikatuko zaizkien balorazio irizpideak:

–Proiektuaren kalitate teknikoaren inguruko irizpideak: 26 puntu gehienez.

a) Testuinguru orokorra: eskualdea, komunitatea, problematika, eskualdearen ezaguera, proiektuaren onuradun den populazioa edo publikoa (zuzenean zein zeharka): 6 puntu gehienez.

b) Aurrera eramanen den proiektuari buruzko informazioa: helburuak, baliabideak, beharrak, metodologia, lagundutako pertsonen kopurua, egiten dituen ekarpenak: 7 puntu gehienez.

c) Proiektuaren jarraitutasuna eta autonomia: 7 puntu gehienez.

d) Genero-ikuspegia proiektuan: 6 puntu gehienez.

–Eskarmentu eta gaitasunaren inguruko irizpideak: 20 puntu gehienez.

a) Entitate eskatzailearen eskarmentua eta gaitasuna eta onuradun den alderdiarekin duen lotura: 10 puntu gehienez.

b) Proiektura bideraturiko zuzeneko baliabideak: 10 puntu gehienez.

–Proiektuaren helburuen inguruko irizpideak: 30 puntu gehienez.

a) Genero berdintasuna edo ekitatea: 8 puntu gehienez.

b) Ingurumenaren jasangarritasuna eta zaintza: 7 puntu gehienez.

c) Oinarrizko osasuna eta hezkuntza: 7 puntu gehienez.

d) Ekonomia solidarioa, elikadura burujabetza eta giza eskubideak: 8 puntu gehienez.

–Aurrekontuaren inguruko irizpideak: 24 puntu gehienez.

a) Baliabide ekonomikoen banaketaren koherentzia, zehaztutako helburuen arabera: 8 puntu gehienez.

b) Aurrekontuen xehetasuna, argitasuna, zehaztasuna: 8 puntu.

c) Beharrezkoak diren baliabideen lorpen maila: 8 gehienez.

Proiektuek 50 puntu eskuratu beharko dituzte gutxienez, aintzat hartzeko.

6. Laguntzaren finantzaketa eta zenbatekoa.

Laguntza edo dirulaguntzaren guztizko zenbatekoa banatuko da, gehienez ere, 3 entitate edo GKE eskatzaileren artean, hain zuzen ere, puntuazio handiena lortu dutenen hiruen artean, baldin eta 50 puntuko gutxieneko puntuazioa lortu badute. Banaketa proportzionala izanen da, lortutako azken puntuazioaren arabera.

Hala, puntuazio handieneko hiru entitateek (gutxieneko 50 puntuetara iritsiak, betiere) guztira lorturiko puntuen kopuruaz zatituko da banatzeko dagoen zenbatekoa, eta gero, entitate bakoitzari dagokion zenbatekoa esleituko zaio, lortu dituen puntuak kontuan harturik.

Nolanahi ere, laguntzaren edo dirulaguntzaren zenbatekoa txikiagoa izanen da proiektuak guztira duen gastuaren zenbatekoa baino, gastu horri kenduta entitate eskatzaileak berak dituen diru-sarrerak, halakorik baldin badu.

7. Eskabideak aurkeztea.

Deialdian parte hartu ahal izateko eskabideak Ultzamako udaletxean aurkezten ahalko dira (San Pedro kalea 8, Larraintzar), 30 egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Aurrez aurre aurkezten ahalko dira, erregistro ofizialetako batean, edota posta ziurtatuz. Baldin eskaera aurkezten bada posta bulego batean, aurkeztu beharko da gutun-azal ireki batean, postako langileek eskabideari data eta zigilua jar diezazkioten, ziurtatu aurretik.

Eskaera egiteko, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

–Eskabidea. (1. eranskina).

–Proiektua aurkezteko inprimakia. (2. eranskina). Inprimaki horretan, nahitaez, proiektuaren diru-sarrera eta gastuen aurrekontu banakatua jaso beharko da.

–Deskripzio-memoria laburra entitate eskatzaileari buruz: helburuak, xedeak, jarduerak, eskarmentua, ibilbidea eta abar.

–Entitate eskatzailearen eta haren legezko ordezkariaren nortasun juridikoa ziurtatzen duten agiriak:

  • Eraketa akta.
  • Estatutuak.
  • Elkarteari dagokion elkarte-erregistroko inskripzioaren ziurtagiria.
  • Identifikazio fiskaleko txartela.
  • Entitatearen legezko ordezkariaren zehaztapena eta haren egiaztagiria.
  • Legezko ordezkariaren Nortasun Agiri Nazionala, pasaportea edo pareko agiria.
  • Foru Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketak egunean izatearen ziurtagiria.
  • Eskabidea, transferentzia bidez ordaintzeko entitate eskatzailearen kontu korrontean, dagokion banku entitateak emana.

Eskabideekin batera ez bada aurkezten entitate eskatzaileari dagokionez oinarri honetan eskatzen den dokumentazioa, Ultzamako Udalak 10 eguneko epea emanen du, jakinarazi eta biharamunetik hasita, falta diren agiriak aurkezteko edo akatsak zuzentzeko; hori guztia, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluarekin. Errekerimendu hori ez bada betetzen emandako epean, eskabidea artxibatu, eta entitate eskatzaileak atzera egin duela iritziko zaio.

8. Dirulaguntzak ematea.

Udal batzorde batek aztertuko eta ebaluatuko ditu proiektuak. Hona hemen batzorde horretako kideak:

Udaleko alkatea.

Udalbatzako bi kide.

Ultzamako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko berdintasuneko teknikaria.

Ultzamako Udaleko idazkaria.

Hartzen den erabakia Ultzamako Alkatetzaren ebazpen baten bidez formalizatuko da. Hura entitate eskatzaile guztiei jakinaraziko zaie eta Ultzamako Udalaren webgunean argitaratuko da.

Emaniko laguntza 30 egun balioduneko epean ordainduko da, jakinarazpen hori egiten denetik zenbatuta.

9. Egikaritzea, kontrolatzea eta justifikatzea.

Proiektua burutu beharko da 2020ko abenduaren 11rako.

Egun horretarako, hura barne, entitate onuradunek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte Ultzamako Udalaren bulegoetan:

–Azken memoria, diruz lagundutako proiektua egikaritzearen emaitzari buruz.

–Ekonomia-txostena, aurrekontuaren egikaritze-egoerari buruz, diru-sarrerak eta gastuak banakaturik.

–Fakturen eta ordainagirien fotokopiak.

Halaber, dirulaguntza lortu duten proiektuen kontrola eta jarraipena egiten ahalko du Ultzamako Udalak, noiznahi, garatzen edo egikaritzen ari diren bitartean, eta Ultzamako Udalak eskaturiko informazio eta agiri guztiak eman beharko dituzte proiektuen ardura duten entitate edo erakundeek.

Azkenik, informazio hori jaso ondoren, Udaleko Alkatetzak azken ebazpen bat emanen du, proiektuen egikaritzea eta laguntzaren emaitza ontzat emateko.

10. Entitate onuradunen eta laguntza ematen duen administrazioaren arteko harreman juridikoaren edukia.

A) Entitate onuradunen betebeharrak.

–Eskabidean adierazi bezala egikaritzea proiektua. 2020ko abenduaren 11rako bukatu beharko da proiektu hori, ezinezkoa izan ezean, salbuespenezko edo ezinbesteko arrazoiak direla medio; halakoak justifikatu egin beharko dira.

–Laguntza kobratu aurretik, Foru Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketak egunean izatearen ziurtagiriak aurkeztea.

–Ultzamako Udalak dirulaguntzen gainean egiten dituen egiaztapen jarduketei eta finantza kontroleko lanei men egitea.

–Dirulaguntza ematerakoan kontuan izandako inguruabar eta baldintzetan aldaketarik izanez gero, horiek guztiak Ultzamako Udalari jakinaraztea eta, behar denean, Udalari baimena eskatzea.

Ultzamako Udalaren aurretiazko eta berariazko baimena beharko da proiektuan funtsezko aldaketak egiteko; horri dagokionez, alderdi hauek ukitzen dituzten aldaketak joko dira funtsezkotzat:

Helburuak.

Populazio onuraduna.

Proiektua egikaritzen den tokia.

Aurreikusitako partidetan %20 arteko aldaketak egitea.

Proiektuan funtsezko aldaketak egiteko eskabideak behar bezala arrazoitu beharko dira, eta aldaketa horiek justifikatzen dituzten inguruabarrak sortu eta berehala aurkeztuko dira.

Halaber, entitate eskatzailearen nortasun juridikoan aldaketarik izanez gero, proiektua aurrera eraman bitartean, Ultzamako Udalari horren berri emanen zaio: estatutuak, entitatearen legezko ordezkaria, etab.

B) Jasotako dirua itzultzea:

Entitate onuradunak jasotako dirua itzuli beharko du, eta dirulaguntza ordaindu zenetik aurrerako berandutze-interesak eskatu beharko zaizkio, honako kasu hauetan:

–Justifikatzeko betebeharra ez betetzea.

–Dirulaguntza eskuratzea horretarako eskatzen ziren baldintzak bete gabe.

–Dirulaguntza ematean ezarritako baldintzak ez betetzea.

Ikuskatzeko edo kontrolatzeko eginkizunak betetzean, zantzurik atzematen bada jasotako laguntza edo dirulaguntza modu okerrean eskuratu, gastatu edo beste helburu baterako erabili dela, eginkizun horietaz arduratzen direnek fakturak, horien pareko agiriak edo horien ordezkoak atxikitzea erabaki dezakete.

Dirua zati batean itzuli beharko da, berandutze-interesekin, justifikatzen ez badira ematean dirulaguntzaren helburu ziren gastuak, edo proiektua egikaritzeko lorturiko diru-sarrerak, edozein motatakoak, gastuak baino gehiago direnean.

C) Arau-hausteak eta zehapenak.

Dirulaguntza eta laguntza publikoen alorrean, honako jokabide hauek dira administrazio arau-hausteak, baldin doloa, errua edo, besterik gabe, zabarkeria gertatu bada:

a) Laguntza edo dirulaguntza eskuratzea horiek emateko baldintzen inguruko datuak faltsututa edo laguntza hori baztertuko edo mugatuko luketen datuak ezkutatuta.

b) Dirulaguntza ematean ezarririk zeuden helburuetarako ez erabiltzea jasotako dirua, salbu eta, errekerimendurik egin gabe, diru hori itzuli egin bada.

c) Ez betetzea dirulaguntza ematearen ondorioz hartutako betebeharrak.

d) Jasotako funtsen erabilera ez justifikatzea.

e) Frogagiri faltsuak erabiltzea jasotako funtsen erabilera justifikatzeko.

Arau-hauste motak:

–Arau-hauste astunak: b, c eta d apartatuetakoak.

–Arau-hauste oso astunak: a eta e apartatuetakoak.

Zehapenen zenbatekoa:

Arau-hauste astunengatik, diruzko isuna ezarriko da, bidegabe eskuratu edo aplikatu den edo justifikatu ez den zenbatekora artekoa; horrez gain, eskubidea kenduko da hiru urtean deialdi honetan edo Ultzamako Udalak onetsitako antzeko beste batean parte hartzeko.

Arau-hauste oso astunengatik, diruzko isuna ezarriko da, bidegabe eskuratu edo aplikatu den edo justifikatu ez den zenbatekoa halako bi; horrez gain, eskubidea kenduko da bost urtean deialdi honetan edo Ultzamako Udalak onetsitako antzeko beste batean parte hartzeko.

Agintaritza eskudunak erabakiko du zehapenen zenbatekoa, kasu bakoitzeko egitate objektiboak aintzat harturik.

Itzuli beharraren eta –halakorik badago– zehapenaren erantzuleak izanen dira, subsidiarioki, pertsona juridikoen egitezko edo zuzenbidezko administratzaileak, zehazki, urratu diren betebeharrak betetzeko beren eskuko beharrezko egintzak gauzatu ez dituzten, ez betetzeko bide eman duten erabakiak hartu dituzten edo mendekoek ez betetzea onartu duten horiek.

Nolanahi ere, ezartzen den diruzko isuna emaniko laguntza edo dirulaguntza itzuli beharraren gainetikoa izanen da.

Zehapenak ezartzeko, administrazio espedientea irekiko da, eta hura Ultzamako Udaleko Alkatetzak ebatziko du; nolanahi ere, pertsona edo entitate interesdunari entzunaldia emanen zaio, behar den erabakia hartu aurretik. Espediente hori izapidetuko da Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/15 Legean xedatuarekin bat.

D) Dirulaguntzen gaineko araudia.

Proiektuetarako dirulaguntzak emateko irizpideak jarraiki behar zaizkio honako arau hauek alor horretan ezarritakoari:

–7/85 Legea, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena.

–6/1990 Foru Legea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa.

–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa. 3. artikulua eta harekin bat datozenak.

–11/2005 Foru Legea, dirulaguntzei buruzkoa: 17.2.c) eta 25.2 artikuluak. 9, 14, 26.2, 27, 28.3 eta 3.1 artikuluak eta haiekin bat datozenak.

–2/95 Foru Legea, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa.

–13/07 Foru Legea, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzkoa eta, horren osagarri, Aurrekontuei buruzko Lege Orokorra.

–Dirulaguntzei buruzko estatuko legedia.

11. Errekurtsoen araubidea.

Oinarri hauen aurka eta haiek betearazteko hartzen diren administrazio ebazpenen aurka, errekurtso hauek aurkezten ahalko dira, hautara:

–Berraztertzeko errekurtsoa, administrazio egintzaren udal organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratzen denetik.

–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratzen denetik.

12. Eranskinak.

I.–Eskabidea (PDFa).

II.–Proiektua aurkezteko inprimakia (PDFa).

Larraintzarren (Ultzama), 2020ko otsailaren 20an.–Alkatea, Martín M.ª Picabea Aguirre.

Iragarkiaren kodea: L2003029