53. ALDIZKARIA - 2020ko martxoaren 15a - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

26/2020 FORU AGINDUA, martxoaren 13koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, hezkuntza eremuan neurriak hartzen dituena koronabirusaren (COVID-19) egoeraren eta bilakaeraren ondorioz.

Osasun Ministerioak, 2020ko martxoaren 12an, autonomia erkidego guztiei gomendatu zien euste neurri indartuak hartzeko. Hezkuntzaren esparruari dagokionez, horrek esan nahi du irakaskuntzako jarduera presentziala eta hezkuntza arloko jarduera osagarriak bertan behera uztea hezkuntza maila guztietan.

Osasuneko kontseilariaren martxoaren 13ko 3/2020 Foru Aginduaren bidez, osasun publikoko jarraibide eta prebentzio neurriak hartu ziren koronabirusaren (COVID-19) egoeraren eta bilakaeraren ondorioz.

Foru agindu horrek agintzen du hezkuntza jarduera presentzial guztiak bertan behera uzteko ikastetxe eta ikasmaila guztietan, eskolako jarduerak zein eskolaz kanpokoak, zero urtetik hasi eta unibertsitate mailaraino, hori barne, hala ikastetxe publikoetan nola pribatuetan, baita hezkuntza arloko jarduera osagarriak ere.

Bestalde, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren martxoaren 12ko 47/2020 Foru Aginduaren bidez, baimena eman zen COVID-19 dela-eta neurri batzuk hartzeko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren menpeko lantokietan (2020ko martxoaren 13ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala).

Ezarritakoaren ondorioz eta hezkuntzako zerbitzu publikoa ematearen berezitasunak ikusirik, egokitzat jotzen da neurri jakin batzuk hartzea aipatu zerbitzua ematen dela bermatzeko, ahal den neurrian. Egokitzat jotzen da, halaber, beharrezkoak ez diren zerbitzu osagarriak bertan behera uztea, interes publikoko arrazoiak direla-eta.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Eskumenak hartzea.

Hezkuntzako, Lanbide Heziketako eta Hezkuntza Baliabidetako zuzendari nagusien eskumena hartzea, foru agindu honen edukiaren ondorioetarako.

2. Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe guztietan hartu beharreko neurriak.

Ikastetxeetako arduradunek behar diren antolaketa-neurriak hartuko dituzte ordutegi-aldaketei, antolaketari eta taldeak esleitzeari dagokienez, ikasleei irakaskuntza-arreta ez-presentziala bermatzeko. Nolanahi ere, Batxilergoko 2. mailako ikasleei emanen zaie lehentasuna.

Irakasleak eta irakasle ez diren langileak ikastetxera joanen dira, agintzen zaizkien zereginak egiteko ikastetxeetako arduradunek zehazten dituzten ordutegietan.

Aurreko bi paragrafoetan ezarritakoa aplikatzekoa izanen da osasun arloko agintaritzak hartutako neurriekin bateragarria den neurrian.

3. 3 urteko ikasleen matrikula egiteko epea luzatzea.

Hezkuntzako zuzendari nagusiaren abenduaren 5eko 185/2019 Ebazpenaren bidez ezarri zen zein izanen den, funts publikoekin finantzatutako ikastetxe publiko eta pribatu itunduetan ikasleak onartzeko prozeduraren baitan, hurbiltasun linealaren irizpidea, haren balorazioa eta aplikatuko den gehieneko distantzia, zer herritan aplikatuko den eta zein izanen den ikasleen batez besteko gehieneko erlazioa eskola unitate bakoitzeko, bai eta, horrez gain, zein diren prozeduraren jarraibideak, egutegia eta ereduak ere, Nafarroako Foru Komunitatean Haur Hezkuntzako bigarren zikloko eta Lehen Hezkuntzako ikasketak egiteko 2020-2021 ikasturtean (2020ko urtarrilaren 14ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala). Ebazpen horren arabera, 3 urteko ikasleen matrikula egiteko epea martxoaren 25etik apirilaren 8ra bitarte izanen da, biak barne.

4. Eskola-egutegia aldatzea.

Hezkuntza Departamentuak aldatzen ahalko du, beharrezkoa bada, 2019-2020 ikasturteko egutegia, baita ikasturtearen bukaerako antolaketa ere.

5. Garraioko eta jantokiko zerbitzu osagarrien kontratuak bertan behera uztea, interes publikoko arrazoiak direla-eta.

Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legearen 150. artikuluan ezarritakoarekin bat, interes publikoko arrazoiak direla-eta bertan behera uzten dira garraioko eta jantokiko zerbitzu osagarrien kontratuak 2020ko martxoaren 16tik (hori barne) hezkuntza jarduera presentzialari berriro ekin arte.

6. Foru agindu honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

7. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

8. Foru agindu hau igortzea Idazkaritza Tekniko Nagusira, Hezkuntza Zuzendaritza Nagusira, Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusira, Hezkuntza Baliabideen Zuzendaritza Nagusira, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Ikastetxeen Finantzaketaren, Ikasketetarako Laguntzen eta Zerbitzu Osagarrien Zerbitzura, ikastetxeetara eta garraioko eta jantokiko zerbitzu osagarrien kontratuak adjudikatuta dituzten enpresetara, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko martxoaren 13an.–Hezkuntzako kontseilaria, Carlos Gimeno Gurpegui.

Iragarkiaren kodea: F2003990