52. ALDIZKARIA - 2020ko martxoaren 13a - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

3/2020 FORU AGINDUA, martxoaren 13koa, Osasuneko kontseilariak emana, osasun publikoko jarraibide eta prebentzio neurriak hartzen dituena koronabirusaren (COVID-19) egoeraren eta bilakaeraren ondorioz.

Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrak 26.1 artikuluan aurreikusten duenez, osasunerako berehalako arrisku ohiz kanpoko bat badago, edo susmatzen bada badagoela, osasun arloko agintariek egokitzat jotzen dituzten prebentzio neurriak hartuko dituzte, hala nola produktuak konfiskatu edo immobilizatzea, jarduerak bertan behera uztea, enpresak edo haien instalazioak ixtea, bitarteko materialen eta giza baliabideen interbentzioa, bai eta osasunaren ikuspuntutik justifikatutzat jotzen diren beste guztiak ere.

Osasun Publikoari buruzko urriaren 4ko 33/2011 Legeak, berriz, 54.1 artikuluan ezartzen duenez, Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoan aurreikusitako neurriak ezertan ukatu gabe, salbuespenez eta aparteko larritasunak edo presak agindutako egoeretan, Estatuko Administrazio Orokorrak, autonomia erkidegoetakoek eta Ceuta eta Melilla hirietakoek beharrezkoak diren neurri guztiak hartzen ahalko dituzte, zeinek bere eskumenen esparruan, legea betetzen dela ziurtatzeko. Horrez gain, 2. artikuluan ezartzen du, zehazki, agintaritza eskudunak neurri batzuk hartzen ahalko dituela ebazpen arrazoituaren bidez, Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrean aurreikusitakoa ukatu gabe; neurri horien artean aipatzen du bitarteko materialen edo giza baliabideen interbentzioa (b letra) eta jarduerak bertan behera uztea (d letra).

Era berean, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 8.6 artikuluaren bigarren paragrafoan ezartzen da administrazioarekiko auzien epaitegiei dagokiela osasun agintariek osasun publikoari begira presakotzat eta beharrezkotzat jotzen dituzten neurriak judizialki baimentzea edo berrestea, neurri horiek askatasuna edo oinarrizko beste eskubide batzuk kentzen edo mugatzen dituzten kasuetan.

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 2.2 artikuluaren arabera, Nafarroako Gobernuko Osasuneko kontseilaria osasun arloko agintaria da, besteak beste.

COVID-19 izeneko gaixotasuna dela eta, Osasunaren Mundu Erakundeak osasun publikoko larrialdi egoera deklaratu du, eta nazioarteko garrantzia eman dio. Gaur den egunean, ez dago txertoen bidezko tratamendu espezifikorik gaixotasun honetarako. Beraz, har daitezkeen neurriak hauek dira: batetik, infekzio iturria isolatzea, eta bestetik mugak jartzea kutsapena errazten duten transmisio mekanismoei.

Ikusirik Osasun Ministerioak autonomia erkidego guztiei egindako gomendioak, eta kontuan harturik Nafarroan kasu positiboak ugaldu direla, bidezkoa da Nafarroako Gobernuko Osasuneko kontseilariak prebentzio neurri eta jarraibide batzuk ematea hezkuntzaren eremurako, birusa ikasleen artean hedatzeari eusteko eta, horrela, gehiago zabal ez dadin, baita kirol, kultura eta aisialdiko ekitaldiei eta zezen-ikuskizunei dagokienez ere, hori guztia osasun publikoa babestearren eta COVID-19 koronabirusaren epidemia gure erkidegoan transmititzeko arriskua ahal den gehiena gutxitzearren.

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 2.2 artikuluari jarraikiz,

AGINTZEN DUT:

Lehena.–Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak proposaturik, honako prebentzio neurri hau ematea Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza eremuan aplikatzeko:

1. Ikastetxe eta ikasmaila guztietan, bertan behera uztea hezkuntza jarduera presentzial guztiak, eskolakoak eta eskolaz kanpokoak, zero urtetik hasi eta unibertsitate mailaraino, hori barne, hala ikastetxe publikoetan nola pribatuetan, baita hezkuntza arloko jarduera osagarriak ere.

2. Bertan behera uztea prestakuntza jarduera presentzial guztiak honako modalitate hauek ematen dituzten entitate publiko eta pribatu guztietan: enplegurako lanbide prestakuntza eta autonomoentzako, pertsona ekintzaileentzako eta ekonomia sozialeko entitateentzako lanbide prestakuntza.

3. Foru agindu honen bidez hartzen den neurria hamabost egun naturalez egonen da indarrean, 2020ko martxoaren 16tik hasita, luzatzeko aukera kendu gabe, hala erabaki ahala, edo irizpide epidemiologikoen arabera hartuko diren beste neurri batzuk ukatu gabe.

Bigarrena.–Kirol, kultura, gizarte, erlijio eta aisialdiko ekitaldiei eta zezen-ikuskizunei dagokienez, honako jarraibide hauek ematea:

1. Bertan behera uztea gune itxietan egiten diren kultura, gizarte, erlijio, aisialdi eta zezen ekitaldiak, bertan 1.000 pertsona baino gehiago biltzen badira. Edukiera txikiagoa duten guneetan eginez gero, egiten ahalko dira edukieraren heren bat beteta gehienez.

2. Nazioko edo nazioarteko lehiaketetako kirol ikuskizun handiak, profesionalak izan edo ez, non zale asko biltzen baitira, ateak itxita eginen dira.

3. Neurri hauen indarraldia hamabost egun naturalekoa izanen da, luzatzeko aukera kendu gabe, hala erabaki ahala, edo irizpide epidemiologikoen arabera hartuko diren beste neurri batzuk ukatu gabe.

Hirugarrena.–Indarrik gabe uztea 2/2020 Foru Agindua, martxoaren 11koa, Osasuneko kontseilariak emana, koronabirusak (COVID-19) eragindako egoeraren eta bilakaeraren ondorioz zenbait irizpide eta jarraibide ezartzen dituena Nafarroako Foru Komunitatean egitekoak diren kirol, gizarte, kultura, aisialdi ekitaldietarako eta zezen-ikuskizunetarako.

Laugarrena.–Nafarroako Gobernuak ez du ukatzen foru agindu honetan aurreikusi ez diren bestelako neurriak hartzea, osasun publikoa babestearren eta COVID-19 koronabirusaren epidemia erkidegoan transmititzeko arriskua ahalik eta gehien gutxitzearren.

Bosgarrena.–Foru agindu hau Iruñeko administrazioarekiko auzien epaitegietara igortzea, hartutako neurri hauentzako berrespen judiziala lortzearren, baita Hezkuntza Departamentuko, Kultura eta Kirol Departamentuko, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko eta Osasun Departamentuko idazkaritza tekniko nagusietara ere.

Seigarrena.–Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2020ko martxoaren 13an.–Osasuneko kontseilaria, Santos Induráin Orduna.

Iragarkiaren kodea: F2003975