51. ALDIZKARIA - 2020ko martxoaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

444/2020 EBAZPENA, 2020ko martxoaren 3koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketako errektoreordeak emana. Haren bidez, deialdia onesten da bi sari emateko nekazaritzaren, nekazaritzako industriaren eta nekazaritzako kooperatibismoaren arloetako Ikasketa Amaierako Lan onenei, hots, 2017-2018 eta 2018-2019 ikasturteetan Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) aurkeztu diren eta “gainditua” kalifikazioa lortu duten graduko eta masterreko edozein titulaziotako lan onenei.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko AN Taldearen Katedraren helburua da ezagutza sortzea Ingeniaritza eta Teknologiaren, Oinarrizko Zientzien eta Osasun Zientzien, Zientzia Ekonomikoen eta Juridikoen, eta Gizarte Zientzien arloetan. Horretarako, AN Kooperatiba Taldearen Fundazioak finantzatutako katedra horrek ekintzak egiten ditu nekazaritzaren, nekazaritzako industriaren eta nekazaritzako kooperatibismoaren arloko ikerketak eta jarduerak bultzatzeko, garatzeko eta babesteko.

Hori dela eta, Nafarroako Unibertsitate Publikoko AN Taldearen Katedrako Segimendu Batzorde Mistoak erabaki zuen 2020ko jarduera-programaren barruan honako deialdi honen oinarriak onestea: 2017-2018 eta 2018-2019 ikasturteetan Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) aurkeztu diren, “gainditua” kalifikazioa lortu duten eta nekazaritza, nekazaritzako industria eta nekazaritzako kooperatibismoaren arloetako Ikasketa Amaierako Lan onenei bi sari emateko deialdia.

Ikusirik Nafarroako Unibertsitate Publikoaren AN Taldearen Katedrak egindako akta eta proposamena.

Ikusirik Unibertsitateko Aholkularitza Juridikoak egin duen txostena.

Ikusirik Kontabilitate Atalak egindako kreditu-erreserbaren ziurtagiria eta zerga-tratamenduari buruzko txostena.

Kontuak ikuskaturik eta aldeko fiskalizazioa eginik.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak 2019ko uztailaren 3an emandako 1420/2019 Ebazpenaren bidez ematen dizkidan eskudantziak erabiliz.

EBATZI DUT:

Lehena.–Deialdia egiten da Ikasketa Amaierako Lan onenei 2.000 euro-ko sari bat eta 1.000 euro-ko beste bat emateko.

PFEZari dagokionez, sari hauek jarduera profesionalaren errendimendutzat jotzen dira; beraz, aplikatuko zaien atxikipena % 15ekoa izango da Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Erregelamenduaren 78. artikuluaren arabera.

Bigarrena.–Baimena ematea deialdi honek sortutako gastua egiteko. Gastua, 3.000 euro-koa gehienez, sarietarako izango da, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren AN Taldearen Katedraren aurrekontuaren bidez finantzatuko da.

Sorturiko gastua Nafarroako Unibertsitate Publikoak 2020ko ekitaldirako duen Gastuen Aurrekontuetako partidaren kargura ordainduko da:

30.31.11.3735 480.25.–Katedren Sariak: 3.000,00 euro.

Hirugarrena.–Deialdia onesten da 2.000 euro-ko sari bat eta 1.000 euro-ko beste bat emateko 2017-2018 eta 2018-2019 ikasturteetan Nafarroako Unibertsitate Publikoan aurkeztu eta “gainditua” kalifikazioa lortu duten Ikasketa Amaierako Lan onenei. Ikasturte horietan Ikasketa Amaierako Lana nekazaritzaren, nekazaritzako industriaren eta nekazaritzako kooperatibismoaren arloetan egin zuten NUPeko ikasleak aurkez daitezke Nafarroako Unibertsitate Publikoaren AN Taldearen Katedrak egindako deialdira, ebazpen honen eranskineko oinarrien arabera.

Laugarrena.–Ebazpen hau helaraztea Nafarroako Unibertsitate Publikoaren AN Taldearen Katedrari, Aurrekontuen eta Plangintza Ekonomikoaren Atalari, Kontabilitate Atalari, Ikerketa Zerbitzuari, Ikerketako errektoreordeari eta Kontuhartzailetzari.

Bosgarrena.–Agindua ematea ebazpen hau argitaratzeko Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Nafarroako Unibertsitate Publikoko AN Taldearen Katedraren webgunean (www.unavarra.es/catedragrupoan) eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoan.

Seigarrena.–Ebazpen honek administrazio bidea agortzen du, eta haren aurka zilegi da berraztertzeko errekurtsoa jartzea errektoreari zuzendua hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako administrazioarekiko Auzietako Epaitegian bi hilabeteko epean, hura argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Iruñean, 2020ko martxoaren 3an.–Francisco Javier Arregui San Martín jauna, Ikerketako errektoreordea.

OINARRIAK 2017-2018 eta 2018-2019 IKASTURTEETAN NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOAN AURKEZTU DIREN ETA “GAINDITUA” KALIFIKAZIOA LORTU DUTEN IKASKETA AMAIERAKO LAN ONENEN SARIAK EMATEKO. NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOAREN AN TALDEAREN KATEDRAK EGINDAKO DEIALDIA

Martxoaren 3ko 444/2020 Ebazpenaren eranskina

Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta AN Kooperatiba Taldearen Fundazioak, hau da, AN Taldearen Katedra osatzen duten entitateek, uste dute beharrezkoa dela ezagutza sortzea nekazaritzaren, nekazaritzako industriaren eta nekazaritzako kooperatibismoaren arloetan, unibertsitateko ikasleentzako eta sektoreko profesionalentzako prestakuntza- eta ikerketa-jarduerak eginez.

Hori dela medio, AN Kooperatiba Taldearen Fundazioak deialdia egiten du bi sari emateko 2017-2018 eta 2018-2019 ikasturteetan Nafarroako Unibertsitate Publikoan aurkeztu diren eta “gainditua” kalifikazioa lortu duten Ikasketa Amaierako Lan onenei. Nafarroako Unibertsitate Publikoko graduko eta masterreko edozein titulaziotako ikasleak aurkez daitezke, baldin Ikasketa Amaierako Lana ikasturte horietan eta arlo hauetan egin bazuten: nekazaritza, nekazaritzako industria eta nekazaritzako kooperatibismoa.

Horiek horrela, AN Taldearen Katedrako Segimendu Batzorde Mistoak deialdi hau egiten du.

1.–Deialdiaren xedea.

Deialdi honen helburua da sari hauek emateko prozedura arautzea publizitate, objektibotasun eta lehiakortasun printzipioen arabera: 2017-2018 eta 2018-2019 ikasturteetan Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) aurkeztu diren, “gainditua” kalifikazioa lortu duten eta nekazaritzaren, nekazaritzako industriaren eta nekazaritzako kooperatibismoaren arloetako ikasketa amaierako lan onenentzako bi sari.

2.–Finantzaketa.

Deialdi honek 3.000 euro-ko aurrekontua du osotara. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren 2020ko gastuen aurrekontuko 30.31.11.3735 480.25 Katedren sarietarako izeneko aurrekontu-partidaren kargura ordainduko dira.

AN Kooperatiba Taldearen Fundazioak ematen du diru kopuru hori, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren AN Taldearen Katedraren finantzaketari egiten dion ekarpenaren parte gisa.

3.–Deialdiko sariak.

Deialdia egiten da 2017-2018 eta 2018-2019 ikasturteetan Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) aurkeztu diren, “gainditua” kalifikazioa lortu duten eta nekazaritzaren, nekazaritzako industriaren eta nekazaritzako kooperatibismoaren arloetako Ikasketa Amaierako Lan onenei honako sari hauek emateko:

–2.000 euro-ko sari bat. Epaimahaiak aukera du kategoria honetan bi sari ex aequo emateko. Kasu horretan, erdi bana banatuko da saria bi irabazleen artean.

–1.000 euro-ko sari bat.

4.–Hautagaitzek bete beharreko baldintzak.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko graduko eta masterreko edozein titulaziotako ikasleak aurkez daitezke, baldin eta Ikasketa Amaierako Lana nekazaritzaren, nekazaritzako industriaren eta nekazaritzako kooperatibismoaren arloetan egin badute 2017-2018 eta 2018-2019 ikasturteetan, hau da, Ikasketa Amaierako Lanak defendatzeko deialdietan: 2017ko irailaren 1etik 2019ko irailaren 30era. Gainera, lanaren kalifikazioak “Bikain” edo “Ohorezko matrikula” izan behar du.

5.–Hautagaitzak aurkezteko epea.

Parte hartzeko eskaerak eta dokumentazioa paperean aurkeztu behar dira Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Erregistro Orokorrean (Arrosadiko campusa z.g., 31006 Iruñea / Tuterako campusa, Tarazonako etorbidea z.g., 31500 Tutera), edo, bestela, Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legeak ezarritako tokietako batean.

Hilabeteko epea dago hautagaitzak aurkezteko, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Dokumentu hauek aurkeztu behar dira:

–Eskaera-orri normalizatua beteta, zeina http://bit.ly/2f4y0wO estekan eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko AN Taldearen Katedraren webgunean baitago (www.unavarra.es/catedragrupoan).

–Ikasketa Amaierako Lanaren ildo nagusien laburpena (4 orri gehienez).

–Azalpen labur bat, lanak saria zergatik merezi duen aditzera ematen duena (orri bat gehienez).

Sarietara aurkezteak deialdiaren oinarriak onartzea dakar berekin.

6.–Saridunen betebeharrak.

1. Saridunek nahi bezala erabiliko dute jasotako diru kopurua, eta ordainketa Nafarroako Unibertsitate Publikoaren AN Taldearen Katedrak eta AN Kooperatiba Taldearen Fundazioak antolatuko duten ekitaldi publiko batean egingo da.

2. PFEZari dagokionez, saria jarduera profesionalaren errendimendua izango da, eta, beraz, Unibertsitateak % 15eko atxikipena egingo du.

3. Deialdiko oinarriak bete ezean, edo datuak ezkutatu, aldatu edo haietan iruzur egiten bada, zilegi izango da saria kentzea. Hala gertatzen denean, dirua itzuli beharko du interesdunak.

7.–Sariaren epaimahaia.

Honako bost kide hauek osatuko dute bi sariak emango dituen epaimahaia:

–AN Kooperatiba Taldearen Fundazioaren presidentea edo hark eskuordetutako pertsona.

–AN Taldearen Katedraren zuzendaria, Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle dena, edo hark eskuordetutako pertsona.

–AN Taldeko hiru kide edo haiek eskuordetutako pertsonak.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko AN taldearen Katedraren zuzendariak eskatuta eratuko da epaimahaia, eta, horretarako, epaimahaikideei dei egingo die. Halaber, Katedrak behar diren kudeaketa-lanak egingo ditu epaimahaiaren jarduna errazteko.

8.–Saria ematea.

1. Epaimahaiak hautagaitzei buruzko lehen ebaluazio bat egingo du, kalitatearen eta inpaktuaren arabera, txosten arrazoituarekin batera, eta haien artetik 5 onenak proposatuko ditu Ikasketa Amaierako Lanak jendaurrean azal eta defenda ditzaten. Hamargarren oinarrian jasotzen den bezala (“Argitaratzea” izenekoan), Nafarroako Unibertsitate Publikoaren AN Taldearen Katedraren webgunean (www.unavarra.es/catedragrupoan) soilik emango da ezagutzera deialdi honi buruzko informazioa.

2. Jendaurrean azaldu eta defendatzeko ekitaldian, alderdi hauek baloratuko ditu epaimahaiak:

–Aztertutako gaiak zenbateko interesa duen eta zein neurritan egokitzen den deialdiaren edukietara.

–Nolakoa den lanaren kalitate zientifikoa eta teknikoa. Zenbateko zehaztasunez erabiltzen diren iturriak eta nolakoa den lanaren barne sendotasuna.

–Estiloa zuzena ote den, eta lana adierazteko eta aurkezteko modua argia ote den.

3. Jendaurrean azaldu eta defendatzeko ekitaldiaren ondoren, epaimahaiak lehenbiziko eta bigarren sariak emateko proposamena egingo du, txosten arrazoituan oinarrituta.

4. Epaimahaiak Unibertsitateko Ikerketako errektoreordeari bidaliko dio lehenbiziko eta bigarren sariak emateko proposamena. Errektoreordeak dagokion ebazpena emango du Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikasketa Amaierako Lanik onenei lehenbiziko eta bigarren sariak emateko. Ebazpen horretan, saritutako hautagaitzen izena baino ez da agertuko, eta gainerako hautagaitzak atzera bota direla ulertuko da.

5. Epaimahaiak eman gabe utz litzake sariak, hala egitea egokia iruditu zaiolako edo hautagaitzarik ez dagoelako.

6. Zilegi du, halaber, lehenbiziko saria ex aequo ematea, epaimahaiari hala egitea egokia iruditzen bazaio.

7. Ikerketako errektoreordearen behin betiko esleipen-ebazpenaren aurka zilegi da berraztertzeko errekurtsoa aurkeztea errektoreari zuzendua hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako administrazioarekiko auzien epaitegietan bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

8. Ekitaldi publikoa egingo da sariak banatzeko.

9. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren AN Taldearen Katedrak emango du ezagutzera sarien behin betiko esleipenaren ebazpena, sariak emateko ekitaldi publikoa izan baino lehenago.

9.–Datuak babestea.

Parte-hartzaileek deialdi honetan ematen dituzten datu pertsonalak arau hauen arabera tratatuko dira: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 Erregelamendua, apirilaren 27koa, datu pertsonalen tratamenduaren gaietan pertsona fisikoak babesteari buruzkoa; eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa.

Datuen tratamenduaren xedea nekazaritzaren, nekazaritzako industriaren eta nekazaritzako kooperatibismoaren arloetan ezagutza sortzea da, eta, horretarako, NUPeko Ikasketa Amaierako Lan onenei bi sari emateko deialdia egiten da. Hortaz, tratamenduaren oinarri juridikoa botere publikoa baliatzea eta interes publikoaren misioa betetzea da, DBEOren 6.1.e) artikuluaren arabera.

Datuen tratamenduaren arduradunak Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta AN Taldearen Katedra dira. Interesdunek eskubidea dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, bai eta beste eskubide batzuk erabiltzeko ere, delegado.protecciondatos@unavarra.es edo an@grupan.es helbideetara idatziz, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko Lege Organikoko 11. artikulutik 18. artikulura bitartean ezarritakoaren arabera.

NUPek eta AN Taldeak datu hauek tratatuko dituzte: hautagaitzen identifikazio-datuak, harremanetan jartzekoak, sinadura eta Ikasketa Amaierako Lanak. Horretaz gainera, zer hautagaitza proposatu diren eta saria nork irabazi duen argitaratuko da. Azkenik, bankuko datuak ere tratatuko dira saridunei ordainketak egiteko.

10.–Argitaratzea.

Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Nafarroako Unibertsitate Publikoko AN Taldearen Katedraren webgunean (www.unavarra.es/catedragrupoan) eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoan argitaratuko da. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren AN Taldearen Katedrak eta AN Kooperatiba Taldearen Fundazioak ziurtatuko dute ebazpen honen zabalpena.

Deialdi hau aplikatzeko emandako gainerako egintzak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren AN Taldearen Katedraren webgunean baino ez dira argitaratuko.

Bitarteko horiek izango dira Nafarroako Unibertsitate Publikoaren AN Taldearen Katedrak onartutako publizitate tresna bakarra; nolanahi ere, baliteke interesdunei posta elektronikoaren bidez jakinarazpen bat bidaltzea modu osagarri eta ez-ofizialean.

11.–Errekurtsoak.

Interesdunek, deialdi honen eta bere oinarrien aurka, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, hilabeteko epean Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreari zuzendua, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa maila bereko Nafarroako epaitegietan, bi hilabeteko epean, biak ere argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Iragarkiaren kodea: F2003333