49. ALDIZKARIA - 2020ko martxoaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

8E/2020 EBAZPENA, otsailaren 14koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen Ukipenetarako Baimena ematen diona “Hondeaketako material-hondarren biltegia Lodosako herri-lurretan” izeneko proiektuari, sustatzailea Ismael Andrés SA delarik.

2019ko abenduaren 16ean, goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen Ukipenetarako Baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I) epigrafean sartzen da. Foru Dekretu horrek onetsi zuen ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela Ingurumen Ukipenetarako Baimena emateaz edo ukatzeaz.

Foru Dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen Ukipenetarako Baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimen daitezkeen jardueretarako baimena ere, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluko ondorioak izanen dituela.

“LR-260 errepidearen hobekuntza puntuala (12+300 KPtik 13+200 KPra, Alcanadren (Errioxa)” proiektuko hondeatze-material naturalen zati bat balorizatu nahi da, 1990eko hamarkadaren amaierako agregakinen erauztegi zahar bat, zeinaren baimenik ez den ageri, lehengoratzeko (R10). Erauztegiak lehengoratu gabeko bi hutsune utzi zituen Lodosako udal-mugarteko 4. poligonoko 931. eta 934. lurzatietan. Gainera, beheko hutsunean, ekialdekoan, baimenik gabe bota izan dira lurrak eta zabaldu gabe daude, lerroan pilaturik.

Errepidea hobetzeko obretako zenbait material-hondarrek ez dutenez balio obran bertan erabiltzeko, enpresa eskatzaileak proposatu du abandonatutako errepide zaharraren gainazalak lehengoratzeko erabiltzea, Errioxako lurraldean. Gainerakoa, 27.783,00 m³ (1,2ko harrotze batekin 29.739,60 m³-an geratuko litzateke), obratik kanpora utzi beharra dago, eta sustatzaileak erabaki du ondoko gune andeatu bat lehengoratzeko erabiltzea. Nafarroako Gobernuaren Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari kontsulta egin ondoren, espediente honetan aipatutako lurzatien alde egin da.

Guztira lehengoratu beharreko 12.380 m² dira, 44.106,48 m³ material sartzen da bertan, eta 9.652,54 m² lehengoratuko dira hondeatutako material naturalekin.

Lodosako Udalak 2020ko urtarrilaren 21ean emandako aldeko txostena agertzen da espedientean, jarduketa hirigintza-planarekin bateragarria dela aipatuz. Lurraldearen Antolamenduaren Atalak adierazi du deskribatutako jarduketa baimentzen duela lurraldearen antolamenduari eta hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 110. artikuluak: “lur mugimenduak (...), baldin eta ez badaude lotuta eraikuntzako jarduera edo erabilerak ezartzeari, erauzketa-lanei edo hondakindegiak ezartzeari”. Hortaz, ez du behar lurzoru urbanizaezinetako jarduerentzako baimenik. Ingurumen Eraginaren Atalak aldeko txostena egin dio jarduketari, baldin eta Ebazpen honetan biltzen diren baldintzak betetzen badira.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumenaren zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen Ukipenetarako Baimena ematea “Hondeaketako material-hondarren biltegia Lodosako herri-lurretan” izeneko proiektuari, sustatzailea Ismael Andrés SA delarik.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatu beharra ezartzen du:

–Lehengoratzeko orduan soil-soilik onartuko dira LER 170504 kodea duten hondeaketa-material naturalak, R10 baimena duen lurren kudeatzaile batetik datozenak, hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 27. artikuluari jarraikiz. Lurrak eremuan zabaldu baino lehen, egiaztatu behar da eraikuntza- eta eraispen-hondakinetatik harri zatiak kendu direla, bai eta hondeaketa-lurren definizioarekin bat egiten ez duten hondakin guztiak ere, lurren jatorrizko obretan sortuak.

–Izapide honetako eremuan materiala zabaldu ondoren material gehiago eramateko espazioa eta bolumena geratu arren, jarduketa honen bidez erabat lehengoratuta utzi behar da isurketak egin nahi diren eremua; horretarako, aurrez kenduko da 4. poligonoko 931. lurzatian dagoen landare-lur urria, bai eta landare-materiala ere, hazien biltegi-lanak eginez bertako landaretza berez hedatu dadin. Landare-lurra egokiro pilatuko da lehengoratu beharreko gainazalaren ertzean, 2 m-tik beherako ildo-bitartetan, amaierako lehengoratzean erabiltzeko.

–Lehengoratzeko orduan birmoldatu eginen dira gainazalak, dauden hondakinak gehi jarduketa honetan eramandakoak zabalduz, topografia uniforme bat lortu arte, aldameneko lurren altuera gainditu gabe eta haiekin bat. Gune txukun bat sortuko da, hondakinik gabe, gainazal uniforme batekin, malda desberdineko ezpondak bereizten dituzten ertzik gabe.

–Azken gainazalen gehieneko malda ez da 3H/1V mailatik gorakoa izanen.

–Landare-lurra zabaldu ostean, azaleko harri ertain eta handiak kendu, lurra ereiteko prestatu, materia organikoa eta ongarri minerala bota, eta azarotik martxora ereinen da bertako belar- eta zuhaixka-hazien nahasketa bat. Bi urteko bermea izan behar du landareztatzeak.

Erabil daitekeen nahasketa bat:

Belar-hazien nahasketa:

Lolium peremne.

Lolium rigidum.

Festuca rubra.

Medicago sativa.

Trifolium fragiferum.

Onobrychis viciefolia.

Sanguisorba minor.

Zuhaixka-hazien nahasketa:

Retama sphaerocarpa.

Spartium junceum.

Dorycnium pentaphyllum.

Helicrisum stoechas.

Lavandula latifolia.

Santolina chamaecyparissus.

Thymus vulgaris.

–Material-hondarrak edo sortutako hondakinak beren izaeraren arabera kudeatuko dira behar bezala. Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean eraikuntza- eta eraispen-hondakinen sorrera eta kudeaketa arautzen dituen martxoaren 28ko 23/2011 Foru Dekretua bete beharko da.

–Lanak bukatzean garbiketa eginen da, proiektuaren jarduketa-eremuan geratutako hondar eta zabor guztiak kentzeko.

3. Ingurumen Ukipenetarako Baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 10.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalteak sortzen baditu eremua lehengoratzeko edo kalteak gutxitzeko.

4. Baimen honek, gainera, lurraldearen antolamenduari eta hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluko ondorioak izanen ditu, bertan ezartzen baita lurzoru urbanizaezinetako jarduerak baimentzeko prozedura.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, administrazioarekiko auzien jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren Atalera, Lodosako Udalera, Ingurumen Zaintzako Taldera (Lizarra Hegoaldea barrutia) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko otsailaren 14an.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2002494