43. ALDIZKARIA - 2020ko martxoaren 3a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

OTSAGABIA

Deialdia, Zaraitzuko Ibaxa zahar etxean bi gerokultore lanpostu oposizio-lehiaketa bidez betetzeko

Zaraitzuko Ibaxa Zahar Etxearen Patronatua izeneko erakunde autonomoak, 2019ko abenduaren 23an egindako bilkuran, onetsi zuen deialdi bat egitea, oposizio-lehiaketa bidez bete daitezen 2 lanpostu zaintzaile laguntzaile izateko Zaraitzuko Ibaxa zahar etxean:

Hona hemen deialdiaren,

OINARRIAK

1.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da oposizio-lehiaketa bidez betetzea 2 lanpostu zaintzaile laguntzaile izateko Zaraitzuko Ibaxa zahar etxean. Nafarroako Enplegu Zerbitzuak horretarako igortzen duen zerrendako izangaien artean gauzatuko da oposizio-lehiaketa, eta izangai horiek bete beharko dituzte lanposturako behar diren baldintzak, bat etorriz ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren 42.2.d) artikuluarekin.

1.2. Izendapenak lan-kontratudun finko bilakatuko du izendatua, indarreko xedapenek ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiekin.

1.3. Izendatuak jasoko du D mailari dagokion urteko ordainsari gordina, bai eta osagarriak ere, ezarrita daudenak Zaraitzuko Ibaxa zahar etxearen plantilla organikoan eta lan hitzarmenean.

1.4. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazio organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Deialdi honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Espainiako herritarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estaturen batekoa.

b) Orobat, parte hartzen ahalko dute Espainiarren ezkontideek eta Europar Batasuneko beste estatuetako edo aipatu nazioarteko tratatuek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek, baldin zuzenbidez bereiziak ez badaude, bai eta haien ondorengoek eta ezkontideenek ere, baldin eta zuzenbidez bereiziak ez badaude, hogeita bat urtetik beherakoak badira, edo, adin horretatik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.

c) 16 urtetik gorakoa izatea eta nahitaezko erretirorako adina ez izatea.

d) Ez izatea karguaren eginkizunetan aritzea galarazten dion eritasunik edo akats fisiko edo psikikorik.

e) Desgaitua edo gabetua ez egotea eginkizun publikoetan jarduteko, eta ez egotea administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia.

f) Titulu edo ziurtagiri hauetako bat edukitzea:

–Profesionaltasun ziurtagiria edukitzea gizarte erakundeetan mendekotasuna duten pertsonei laguntza soziosanitarioa emateko, edo hura lortzeko prozesuan egotea.

–Mendekotasuna duten pertsonei arreta egiteko teknikaria izatea, edo titulua lortzeko prozesuan egotea.

–Erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikaria izatea, edo horren titulu baliokidea izatea, edo lortzeko prozesuan egotea.

–Gizarte Integrazioko goi mailako teknikaria izatea.

d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

e) Desgaitua edo gabetua ez egotea eginkizun publikoetan jarduteko, eta ez egotea administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia.

2.2. Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek aurkeztu beharko dute zinpeko aitorpena edo hitzematea, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik galarazten dienik beren estatuko Funtzio Publikoan sartzea.

2.3. Baldintza horiek guztiak agiri bidez frogatu beharko dituzte hautatzen diren eta aldi baterako kontrataziorako deia jasotzen duten izangaiek, adierazten zaien unean, kontratua formalizatu aurretik.

2.4. Aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan salbu, aipatutako agiri horiek aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira kontratatu, eta ordura arteko egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, galarazi gabe euren eskabidearen faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzunbeharra.

2.5. Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira aurreko baldintzak, eta hautapen-prozesuak eta kontratazioak iraun bitartean ere bete beharko dira.

3.–Eskaerak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkeztu beharko dira Zaraitzuko Ibaxa Zahar Etxearen Patronatuaren egoitzan eta Otsagabiko Udalean, edo, bestela, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bideetako edozein baliatuz (lege horrek tratatzen du Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidea), hogeita hamar egun naturaleko epean, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik.

3.2. Eskabideak lotuko zaizkio deialdi honetako I. eranskinean argitaratutako ereduari.

4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Alkatetzak ebazpena emanen du, onesteko izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko. Baztertutakoek erreklamazioak egiten ahal dituzte edo akatsak zuzendu, behin-behineko zerrenda argitaratu eta hurrengo hamar egun baliodunean.

4.2. Erreklamazioetarako epea amaitutakoan eta horiek ebatzita, alkateak ebazpena emanen du, onesteko onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda, eta adierazteko oposizioaldiaren lehenbiziko ariketa egiteko eguna, ordua eta tokia. Orobat, aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko. Ondoren, epaimahaiak argitara emanen ditu gainerako ariketak egiteko iragarkiak, erregelamenduak agintzen duen moduan.

5.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Kalifikazio epaimahaia honako hauek osatuko dute:

Mahaiburua: Patronatuko burua: María del Carmen Recalde Berrade.

Ordezkoa: Rakel Zoko Lamarka.

Teknikaria: Arancha Beorlegui.

Teknikaria: Beatriz Lacabe.

Teknikaria: Zahar etxeko zuzendaria: Elvira Ruiz Recalde.

5.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, gutxienez ere kideen gehiengo osoa bertan ez bada.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balioa izan dezaten beharrezkoa izanen da bertan egotea epaimahaiburu edo idazkari lanak egiten dutenak eta, gutxienez, kideen erdiak.

5.3. Epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote eta organo deitzaileari hala adierazi, baldin suertatzen badira abstenitzeko arrazoiak, aurreikusiak daudenak Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazio eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabeherak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari espezialisten laguntza eska dezake proba baterako edo guztietarako. Aholkulari horien laguntza norberaren espezialitate teknikora mugatuko da.

6.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.

6.1. Lehiaketaldia:

Izangaiek aurkeztutako merezimenduak baloratuko dira deialdi honen II. eranskinari jarraikiz. Emaitza ez da baztergarria izanen, eta gehienez ere 40 puntu lortzen ahalko dira.

Euskara maila neurtzeko proba. Merezimendu gisa baloratuko da, eta bi modutan frogatu daiteke: gaitasun agiri bat aurkeztuz, hizkuntza-eskola ofizialek emana, edo bestelako entitate ofizial batek, edo Euskarabideak prestatutako proba berariazko bat eginez, egoki den hizkuntza eskakizuna frogatzeko. Ahozkoan B2 maila frogatzen bada eta idatzizkoan B1 maila, 10 puntu emanen dira gehienez, eta maila apalagoak araberan baloratuko dira.

Merezimendu guztiak alegatu eta agiri bidez frogatu beharko dituzte izangaiek. Horretarako, aurkeztu beharko dira jatorrizko agiriak edo behar bezala konpultsatuak, bestela ez baitira kontuan hartuko. Merezimenduak aurkeztu beharko dira lehen ariketa egin baino lehen, Zaraitzuko Ibaxa zahar etxearen bulegoetan, eta, horretarako, instantzia aurkeztuko da bertako erregistroan.

%33ko desgaitasun maila edo handik gorakoa aitortua dutenek 5 puntu gehigarri izanen dituzte.

6.2. Oposizioaldia:

Proba teorikoa: erantzun beharko zaie aukera anitzeko test motako 50 galderari, frogatzeko izangaiak zer ezagutza duen zaintzaile/gerokultorearen eginkizunez. Galderek ez dute penalizaziorik izanen, eta gehienez ere 50 puntu lortzen ahal dira.

Zuzen erantzundako galdera bakoitzari puntu 1 emanen zaio.

Proba praktikoa: ariketa bat egin beharko da, frogatzeko izangaiak zer abilezia duen zaintzaile/gerokultorearen eginkizunetan. Gehienez ere 10 puntu lortzen ahal dira.

7.–Emaitzak.

7.1. Azken ariketaren kalifikazioa emanik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du probak gainditu dituzten izangaien zerrenda, Udalaren webguneko iragarki-taulan eta ariketa egin den tokian. Zerrenda ordenatuko da izangai bakoitzak lortutako puntuazioaren arabera, behin batu ondoren oposizioko ariketetan eta lehiaketaldian ateratako kalifikazioak. Bestetik, izendapen proposamena eginen du.

7.2. Otsagabiko Udalak izendatuko du epaimahaiak proposatutako izangaia, eta aginduko du izendapen proposamena argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean. Proposaturiko izangaiak honako agiri hauek ekarri beharko ditu, izendapen proposamena argitaratu ondoko 30 egun naturaleko epean:

a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia konpultsatua, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

b) Deialdian eskatu den tituluaren fotokopia konpultsatua, edo hura lortzeko eskubideen ordainagiriarena.

c) Osasun ziurtagiri ofiziala, frogatzen duena interesdunak ez duela eritasunik edo akats fisiko edo psikikorik lanpostuko eginkizunak betetzea eragozten dionik.

d) Zinpeko aitorpena, erakusten duena ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dutela baztertu inongo administrazio publikoren zerbitzutik.

7.3. Proposatutako izangaiak ez baditu agiri horiek aurkezten aipatutako epean, behar bezala arrazoituriko ezinbesteko kasuetan izan ezik, ez da izendatuko, eta egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, galarazi gabe eskabidean egindako faltsukeriagatik dagokion erantzukizuna.

7.4. Aurreko apartatuan azaldutakoa gertatuz gero, 7.1 apartatuan aipatzen den zerrendan ondo-ondotik heldu den izangaiak beteko du hutsunea, eta harekin ere aurreko apartatuetako prozedura bera erabiliko da.

8.–Izendapena eta jabetza hartzea.

8.1. Hautatze prozesua bukatutakoan, Otsagabiko Udalak aukeratutako izangaia izendatuko du.

8.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

8.3. Izendatutako izangaiak lanpostuaz jabetu beharko du, izendapena jakinarazi eta hilabeteko epearen barrenean. Epe horren barrenean jabetza hartzen ez badu, ezinbesteko kasuetan izan ezik, eskubide guztiak galduko ditu Otsagabiko Udaleko lan-kontratudun finko bilakatzeko, eta aurreko oinarrian esandakoari jarraituko zaio.

9.–Errekurtsoak.

Deialdiaren, haren oinarrien edo hura aplikatzeko egintzen kontra, jartzen ahal dira uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean aipatzen diren errekurtsoak (6/1990 Foru Legea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa).

10.–Aplikatu beharreko araudia:

251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina.

39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, tratatzen duena Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidea.

40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, tratatzen duena Sektore Publikoaren Araubide Juridikoa.

Argitara ematen da, orok jakin dezan.

Otsagabian, 2020ko otsailaren 12an.–Alkate udalburua. M.ª Carmen Recalde Berrade.

I. ERANSKINA

Eskabide orria (PDFa).

II. ERANSKINA

1.–Merezimenduen baremoa (lehiaketaldia), 40 puntu.

Esperientzia zaintzaile laguntzaile/gerokultore gisa, egoitza geriatrikoetan edo antzeko laguntza zentroetan, izan titulartasun publikokoak nahiz pribatukoak, behar bezalako kontratu harremanarekin.

Mendekotasuna duten pertsonak laguntzeko egoitzetan lan egindako urte oso bakoitzeko: 0,2 puntu hilabete bakoitzeko.

Titulartasun publikoko laguntza zentroetan izandako esperientzia frogatuko da honako hauek aurkeztuz: giza baliabideen arloan eskumenak esleiturik dituen erakundearen unitateko buruak egindako ziurtagiria, eta, horrekin batera, Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorraren lan bizitzari buruzko txostena, agertzen dituena frogatu nahi dituen aldi horiek.

Enpresa pribatuetan lan egindako denbora frogatuko da honako hauek aurkeztuz:

Enpresaren ziurtagiria, lan-kontratuaren kopia frogatu nahi duen aldi bakoitzeko, eta Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorraren lan bizitzari buruzko txostena, agertzen dituena frogatu nahi dituen aldi horiek.

Ez dira baloratuko aurreko atalean eskatzen denarekin bat frogatzen ez diren merezimenduak.

2.–Gai-zerrenda:

1. Zahartzea eta eritasunak.

2. Azala eta egoiliarraren higienea eta garbiketa.

3. Mugitzeko, ibiltzen laguntzeko eta lekuz aldatzeko teknikak.

4. Egoiliarraren elikadura.

5. Hil ondoko zainketak.

Iragarkiaren kodea: L2002873