40. ALDIZKARIA - 2020ko otsailaren 27a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

OLABE

Ordenantza, Herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Olabeko Kontzejuko Batzarrak, 2019ko abenduaren 3an egin bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza.

Hasierako onespenaren erabakia 2019ko 250. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 23an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betikoz onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz.

Olaben, 2020ko otsailaren 7an.–Kontzejuko burua, Roberto Armendariz Paternain.

ORDENANTZA, OLABEKO KONTZEJUAREN HERRI-LURRETAKO APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUENA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da Olabeko kontzeju-mugarteko herri-ondasunen administrazioa, xedapen-egintzak, defentsa, berreskurapena eta aprobetxamendua erregulatzen dituzten arauak ezartzea.

2. artikulua. Herri-ondasunak dira herri honetako bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua. Herri-ondasunak besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak dira eta ez dute beren gain tributurik izanen.

Haien izaera eta tratamendu juridikoan ez da aldaketarik izanen, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.

4. artikulua. Herri-lurretako ondasunen gaineko arauak hauek dira: Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legea eta haren erregelamenduzko xedapenak; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herri-lurretako ondasunen ordenantza hau eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren apartatuan xedatua deusetan ukatu gabe.

II. TITULUA

Administrazioa eta xedapen egintzak

5. artikulua. Herri-lurretako ondasunen gaineko ahalmenak, dela haien erabileraz, dela administrazioaz, dela aprobetxamenduaren araubideaz, dela antolamenduaz den bezainbatean, Olabeko Kontzejuari dagozkio, ordenantza honetan azaltzen den gisan.

Herri-ondasunei buruz Olabeko Kontzejuak hartzen dituen erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.

6. artikulua. Lurzati txikiak saltzeko edo trukatzeko desafektazioa egiteko, Nafarroako Gobernuak haien onura publikoa edo soziala deklaratu beharko du, eta, hori baino lehen, Olabeko Kontzejuak justifikatu beharko du dena delako xedea ezin dela lortu beste bide batzuen bitartez, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek izanen baitira lehentasunezko aukerak.

Herri-ondasunak desafektatu ondoren beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula bat sartuko da, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertu edo betetzen ez diren kasuetarako.

Itzuli beharra gertatzen bada, lur horiek Olabeko Kontzejuaren ondarera itzuliko dira herri-ondasun gisa.

Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 140. artikuluan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

III. TITULUA

Herri-ondasunak defendatu eta berreskuratzea

7. artikulua. Olabeko Kontzejua herri-ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzen ahaleginduko da, eta haiek defendatzeko behar diren ekintzak oro burutu beharko ditu.

8. artikulua. Olabeko Kontzejuak berez eta noiznahi berreskuratu ahalko du herri-lurretako ondasunen jabetza, aurretik Aholkularitza Juridikoko idazkariaren edo, hala bada, legelariaren txostena ikusi eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezko denean, ekintza zibilak sustatuko dira, herri-lurretako ondasunak berreskuratu eta defendatzeko. Herri-lurretako ondasunak Jabetza Erregistroan inskribatzen direnean, ezaugarri hori adierazi beharko da.

9. artikulua. Olabeko Kontzejuak Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Nafarroako Gobernuari, herri-lurrekin mugakide diren lursailen immatrikulazioa edo haien gehiegizko hedadura dela eta. Kontzejuak osoko bilkuran hartuko du jakinarazpen horien inguruko erabakia.

10. artikulua. Olabeko Kontzejuak ezin du herri-lurren gaineko jabariari eta gainerako eskubideei eragiten dieten demanda judizialetan etsi, ezta haiei amore eman ere, non ez duen Korporazioak osoko bilkuran hala erabakitzen, kideen legezko kopururaren erabateko gehiengoz. Gainera, Nafarroako Gobernuaren onespena beharko da aitzinetik.

11. artikulua. Olabeko Kontzejuak administrazio bidea erabiliko du beti, baimen, emakida edo beste zernahiren kariaz herri-lurretako ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak iraungitzeko, ahalmen hertsagarriez baliatuz. Aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da; eta utzarazpen administratiboaren bidezko prozeduraren arauei jarraitu beharko zaie.

12. artikulua. Olabeko Kontzejuak interpretatuko ditu herri-ondasunei buruzko kontratuak, haien partaide denean, eta ebatziko ditu betetzeaz sortzen diren zalantzak.

Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, galarazi gabe kontratistek duten eskubidea jurisdikzio-bidean behar den deklarazioa lortzeko.

13. artikulua. Olabeko Kontzejuak herri-lurretako ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, herritarren ekimena zilegi izanen da, hain zuzen ere Toki Entitateen Ondasunen Erregelamenduaren 26. artikuluak zehazten duen moduan. Ekimen horrek aurrera eginez gero, Olabeko Kontzejuak sortutako gastuak itzuli beharko dizkie herritarrei.

IV. TITULUA

Herri-ondasunen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

14. artikulua. Hauek dira ordenantza honek arautzen dituen aprobetxamenduak:

a) Laborantzako herri-lurren aprobetxamendua.

b) Herri-larreen aprobetxamendua.

c) Iralekuen aprobetxamendua.

d) Zuraren eta egurraren aprobetxamendua.

e) Herri-lurretako bestelako aprobetxamenduak.

15. artikulua. Olabeko Kontzejua ahaleginduko da herri-ondasunen ekoizpena abian jartzen, hobetzen eta ahalik egokien aprobetxatzen.

16. artikulua.

1. Orokorrean, Olabeko Kontzejuaren herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia-unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adin nagusikoa izatea, edo adingabe emantzipatua, edo judizialki gaitua.

b) Udaleko Biztanleen Erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea 4 urteko antzinatasunez.

c) Olaben urtean bederatzi hilabetez, gutxienez, egiazki eta jarraian bizitzea.

d) Onuraduna zer toki entitateri dagoen lotua, zerga betebeharrak eguneratuak izatea haiexekin.

2. Familia-unitateko kideak izanen dira etxe berean bizi diren guztiak. Nolanahi ere, familia-unitate independentetzat hartuko da guraso erretirodunek osatzen dutena, familiakoekin bizi arren, haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldatatik beherakoak baldin badira.

3. Artikulu hau interpretatzean sor daitezkeen zalantzak kasuan-kasuan argituko ditu Olabeko Kontzejuak osoko bilkuran batzarturik, Herri-lurren Batzordeak txostena egin ondotik.

17. artikulua.

1. Herri-lurretako aprobetxamenduen enkanteetan, eman gabe gelditzen badira, bigarren eta are hirugarren enkanteak ere egin ahalko dira, hasierako prezioa baino ehuneko hamar eta hogei merkeago, hurrenez hurren. Halaber, enkantea eman gabe gelditu bada, aprobetxamendua zuzenean adjudikatu ahalko da, baina prezioa ez da azken enkantearen hasierako prezioa baino merkeagoa izanen.

2. Herri-lurretako aprobetxamenduen enkantea iragarriko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Foru Komunitatean argitaratzen diren egunkarietako batean edo gehiagotan, enkantearen eguna baino hamabost egun natural lehenagotik gutxienez ere.

3. Hala ere, laborantzako herri-lurren edo herri-larreen bigarren eta hirugarren enkanteetarako aski izanen da toki entitatearen iragarki-taulan iragartzearekin, haietako bakoitza egin baino bost egun lehenago, gutxienez.

II. KAPITULUA

Laborantzarako herri-lurren aprobetxamendua

18. artikulua. Laborantzako herri-lurren aprobetxamenduak hiru modutan eginen dira, lehentasun ordena honen arabera:

a) Herritarren arteko lehentasunezko aprobetxamenduak.

b) Herritarren arteko zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduak.

c) Enkante publikoaren bidez adjudikatzea edo Olabeko Kontzejuak zuzenean ustiatzea.

Olabeko Kontzejuak laborantzako herri-lurren aprobetxamendua adjudikatzeko modu horiek erabiliko ditu, bata bestearen ondotik, emandako ordenaren arabera.

1. ATALA

Herritarren arteko lehentasunezko aprobetxamenduak

19. artikulua.

1. Aprobetxamendu modu honen onuradun izateko, familia-unitateen titular diren herritarrek 16. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte eta, familia-unitateko kide bakoitzeko, diru-sarrerek izan beharko dute lanbide arteko gutxieneko soldataren %30 baino txikiagoak, edo familia-unitatearen diru-sarrerek egon beharko dute, guztira, aipatutako soldata eta erdiaren azpitik.

2. Familia-unitatean ezintasun fisikoa edo psikikoa duten kideak baldin badaude, agiri bidez frogatuta, lanbide arteko gutxieneko soldataren %60aren pareko diru-sarrera kontatuko da kide bakoitzeko.

3. Errenta mailak zehazteko irizpideak datu objektiboetan oinarrituko dira, hala nola, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena, soldata bidezko diru-sarrerak, laborantzako lurrak errentan edo beste tituluren baten bidez edukitzea, landa-lurraren eta industriaren gaineko kontribuzioen kapital zergagarria, hiri-lurraren gaineko kontribuzioarena, norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta, jardueretan aritzeagatik dagokion zerga-oinarria, bai eta gisako izaera duen beste edozein datu ere.

20. artikulua.

1. Honako azalera hau ezarri da eredu-lotearendako, aprobetxamendu modu honetan:

–Lehorreko lurra: 14 erregu.

–Ureztalurra: 7 erregu.

2. 18. artikuluan ezarritakoa betetzen duten onuradunei emanen zaizkien loteak zehazteko, koefiziente hauek aplikatuko zaizkio eredu-loteari:

a) 3 kide bitarteko familia-unitateak, 1 koefizientea; hau da, lehorreko 14 erregu edo ureztalurreko 7 erregu.

b) 4 kidetik 6ra bitarteko familia-unitateak, 2 koefizientea; hau da, lehorreko 28 erregu edo ureztalurreko 6 erregu.

c) 7 kidetik 9ra bitarteko famili-unitateak, 3 koefizientea; hau da, lehorreko 42 erregu edo ureztalurreko 21 erregu.

d) 9 kide baino gehiagoko familia-unitateak, 5 koefizientea; hau da, lehorreko 70 erregu edo ureztalurreko 35 erregu.

21. artikulua.

1. Olabeko Kontzejuak, kontuan harturik herri-lurren ezaugarriak eta herritarren egoera soziala, proportzionalki apaldu ahalko ditu 19. eta 20. artikuluetan aipatzen diren faktoreak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak aldez aurretik baimena ematen badu eta behar den bezala justifikatuz gero, baina ez handitu, ordea.

2. Olabeko Kontzejuak laborantzako herri-lurren ehuneko berrogeita hamarra erabiliko du, gutxienez, banaketa mota honetarako.

22. artikulua. Aprobetxamendua ez da 8 urtetik beherakoa izanen. Urte anitzeko laboreak badira, eta Olabeko Kontzejuak aurretik baimena ematen badu, epe hori laborearen balio-bizitzaren arabera luzatu ahalko da.

23. artikulua. Herri-lurzatien onuradunek honako kanon hau ordaindu beharko dute, aprobetxamendu modu horretan:

–Lehorreko lurrak: 9 euro/erregu/urtea.

–Ureztalurrak: 15 euro/erregu/urtea.

Zenbateko horiek urtero eguneratuko dira nekazaritzako KPIaren igoera gehituz gehienez ere. Edonola ere, kanonak Olabeko Kontzejuak hartzen dituen kostuak berdintzeko bezainbatekoa beharko du izan, gutxienez.

24. artikulua. Onuradunek zuzenean eta pertsonalki landu beharko dituzte herri-lurzatiak, eta ezin izanen dituzte errentan eman edo lan pertsonala ez den beste moduren baten bidez ustiatu.

Onuradunei adjudikatutako lurzatien laborantza hainbaten artean egitea ere zuzeneko laborantza pertsonaltzat hartuko da, haiek kooperatibetan edo legez eratutako lan taldeetan elkartzen direnean eta kide guztiek 18. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen badituzte.

25. artikulua. Ordenantza honi dagokionez, zuzeneko laborantza pertsonaltzat hartuko da, baldin adjudikazio-hartzaileak edo bere familia-unitateko kideek egin behar badituzte laborantza lanak, ordenantza honen 16. artikuluan jasotzen diren ezaugarriak izanik, eta soldatapekorik hartu gabe, salbu urtaroen edo nekazaritza ustiapenaren gorabeherek horretara behartzen badituzte. Alabaina, zuzeneko laborantzan pertsonalki diharduen laborariaren izaera ez da galduko, baldin Olabeko Kontzeju honen iritzian, laborantza pertsonala egitea eragozten dion eritasun edo aldi baterako beste arrazoi batengatik soldatapekoak hartzen badira. Horrelakoetan, hamabost eguneko epean jakinaraziko zaio Olabeko Kontzejuari, behar den baimena eman dezan.

Ezintasun fisikoa edo besteren bat, Olabeko Kontzejuaren iritzian, behin betikoa bada eta herri-lurrak norberak zuzenean landu ezin baditu, 26. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da.

26. artikulua. Ezintasun fisikoa edo besteren bat izateagatik onuradunak ezin baditu lurzatiak zuzenean eta pertsonalki landatu, adjudikatzeko momentuan edo aprobetxamenduaren epean, Olabeko Kontzejuak adjudikatu eginen ditu hurrengo aprobetxamendu moduaren bidez, hau da, herritarren arteko adjudikazio zuzeneko aprobetxamenduaren bidez. Olabeko Kontzejuak lurzatien titularrei adjudikaziotik ateratako diru-sarrerak ordainduko dizkie, kanona kendu ondotik.

Olabeko Kontzejuak eskumena du ezintasun fisikorik edo besteren bat noiz dagoen erabakitzeko, eta egokiak iruditzen zaizkion agiriak eskatuko ditu.

Beren laborantza apartzerian eman edo lagatzen duten onuradunei herri-lurzatiak kenduko zaizkie adjudikazio aldia bukatu arte.

Lurra kentzeko, aurretik Olabeko Kontzejuak espedientea irekiko du eta interesdunari entzunaldia emanen zaio.

Onuradunei, herri-lurrak kentzen bazaizkie, Udal Diruzaintzan sartu beharko dituzte apartzeria edo lagapena gertatu zenetik lortutako mozkinak.

27. artikulua. Olabeko Kontzejuak egokiak eta komenigarriak iruditzen zaizkion egiaztatzeak egin ahalko ditu edozein unetan, laborantza zuzenean eta pertsonalki egiten dela ziurtatzeko.

Honako kasu hauetan ulertuko da ez dituela lurrak zuzenean eta pertsonalki lantzen:

a) Nekazaritzako makinak edukita, berari adjudikatutako herri-lurrak lantzeko ez dituenean erabiltzen.

b) Landazain Zerbitzuaren edo Herri-lurren Batzordearen ustean, adjudikatutako lurzatiak, ordenantza honetako 24., 25. eta 26. artikuluetan xedatzen den bezala, norberak zuzenean lantzen ez baditu.

c) Ondoko alderdi hauen gaineko frogagiriak eskatu eta agindu epean aurkezten ez direnean: lurra lantzea, lehengaiak erostea eta produktuak saltzeko lanak, berek edo Kontzejuak baimendutako pertsonek eginak.

d) Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Aitorpenean nekazaritzako etekinik aitortzen ez denean, horretara beharturik ez egonik ere.

e) Adjudikatutako lurzatiaren %80 bederen lantzen ez denean.

f) Laborantzako lurren jabe izanik, hirugarrenei errentan emanak direnean.

2. ATALA

Herritarren arteko zuzeneko adjudikazioa

28. artikulua. 1. atalean ezarritakoaren arabera lurzati eskaerei erantzun ondoan, geratzen diren laborantzako herri-lurrak, bai eta onuradunek zuzenean eta pertsonalki lantzen ez dituzten lurzatiak ere, zuzenean adjudikatuko dira 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateko titularrak diren herritarren artean.

29. artikulua. Zuzenean adjudikatzen diren loteen azalera Olabeko Kontzejuak erabakiko du, lehentasuna duten herritarrendako adjudikazioa egin ondoan, eta gelditzen den azaleraren eta eskatzaile kopuruaren arabera eginen da, familia-unitate bakoitzak dituen diru-sarrera garbien edo ustiategiak duen tamainaren alderantzizko proportzioan, adjudikazio hartzaileak nekazariak izanez gero.

30. artikulua. Adjudikazioaren epea 22. artikuluan adierazitako berbera da.

31. artikulua. Aprobetxamendu modu horren bidez herri-lurretako lurzatiak hartzen dituzten onuradunek kanon hauek ordainduko dituzte:

–Lehorreko lurrak. 16 euro/erregu/urtea.

–Ureztalurrak. 25 euro/erregu/urtea.

Zenbateko hori proposaturiko kanonari dagokio eta urtero eguneratuko da, gehienez ere nekazaritzako KPIa aplikatuz.

32. artikulua. Laborantza zuzenean eta pertsonalki eginen du adjudikaziodunak. Horretarako, 24, 25, 26 eta 27. artikuluetan xedatuari jarraituko zaio.

33. artikulua. Olabeko Kontzejuak beretzat gordeko du laborantzako herri-lurren azaleraren %5 baino gehiago izanen ez den azalera, onuradun berriei adjudikatzeko.

Toki entitateak behin-behinekoz adjudikatzen ahalko ditu aurreko apartatuan aipatzen diren erreserbako lurrak, baina adjudikazio horiek indarrik gabe geldituko dira, lehentasuna duen beste onuradun berriren bati emateko. Azken horien kasuan, baldintzen artean sartuko da baldintza suntsiarazle hori.

34. artikulua. Aurkeztutako eskaerak lurrak baino gehiago badira, herritarren arteko lehentasunezko adjudikazioa egin ondoren, diru-sarrera handiagoak dituzten familia-unitateetako titularren eskaerak kenduko dira.

Familia-unitateen errenta mailak zehazteko, ordenantza honen 18.3 artikuluan ezarritako irizpide berei jarraituko zaie.

3. ATALA

Kontzejuaren ustiapen zuzena edo enkante publikoa

35. artikulua. Olabeko Kontzejuak, Lehen eta Bigarren Ataletan aplikaturiko prozedurak aplikatu ondoan, laborantzako lurra soberan baldin badago, enkante irekian eginen du adjudikazioa, eta hurrengo banaketa noiz egin behar den, ordura arteko epea emanen du.

Kontzejuak finkatuko du erregu bakoitzeko hasierako prezioa; inguruko gisako lurrak errentan hartzeko prezioaren antzekoa izanen da. Zenbateko horiek nekazaritzako KPIaren arabera eguneratuko dira, urtero.

Enkantea egin ondoren laborantzako lurra sobran gelditzen bada, Olabeko Kontzejuak zuzenean ustiatu ahalko du.

4. ATALA

Adjudikatzeko prozedura

36. artikulua. Olabeko Kontzejuak erabakia hartu ondotik, 15 egun balioduneko epea irekiko da, eskubidea dutela uste dutenek herri-lurzatien adjudikazioa eska dezaten, ediktua Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Kontzejuaren iragarki-taulan argitara eman ondoan. Bertan, eskabideak onartzeko epea zehaztuko da.

37. artikulua. Eskabideekin batera zinpeko aitorpena aurkeztu beharko da, edo frogatzeko agiri baliogarria, besteak beste honako hauen gainekoa:

a) Herriko biztanleak izatea, gutxienez 4 urteko antzinatasunez, eta udalerrian urtean bederatzi hilabetez bederen bizitzea.

b) Kontzejuarekiko zerga betebeharrak eguneratuak izatea.

c) Familia-unitatea osatzen duten kideak. Herritarren arteko lehentasunezko aprobetxamenduak eskatzen dituztenek adieraziko dute haietariko inork ezintasun fisikorik edo psikikorik duen.

d) Familia-unitateko kide bakoitzak laborantzako zenbateko azalera duen jabetzan, bai Olabeko Kontzejuan bai beste batzuetan, eta lehorreko lurrekoak edo ureztatzekoak ote diren zehaztuz.

e) Familia-unitateko kide bakoitzak errentan edo jabetzaz besteko tituluren baten bidez lantzen dituen lurrak, bai udal-mugarte honetan bai beste batzuetan, lehorreko lurrak diren edo ureztatzekoak zehaztuta.

f) Familia-unitateko kide bakoitzaren hiri-lurreko kapital zergagarriak, salbu eta norberaren etxebizitzari dagokiona, bai mugarte honetakoak bai besteetakoak, familia-unitateko kide bakoitzak dituen azienden kopurua eta espeziea adieraziz.

g) Familia-unitateko kide bakoitzaren diru-sarrerak: nekazaritzaren, abeltzaintzaren, industriaren edo zerbitzuen sektorekoak, Gizarte Segurantzako pentsioen bidezkoak edo bestelako errentatakoak.

Zinpeko aitorpena egiaztatzeko, Olabeko Kontzejuak ahalmena izanen du beharrezkoak iruditzen zaizkion agiriak eskatzeko, errenta mailak egiaztatzearren; haiek agirietan eta datu objektiboetan oinarrituko dira, 18.3 artikuluan zehazten den bezala.

38. artikulua. Herri-lurren Batzordeak proposaturik, Kontzejuak, osoko bilkuran, onartuen zerrenda onetsiko du adjudikatzeko era bakoitzean, lehentasunekoan edo herritarren artekoan. Zerrenda hori behin-behinekoa izanen da.

39. artikulua. Aprobetxamendu mota bakoitzeko behin-behineko zerrendak Kontzejuaren iragarki-taulan paratuko dira 15 egun balioduneko epean, eta interesdunei jakinaraziko, bidezko juzgatzen diren alegazioak egin daitezen. Inork alegaziorik aurkezten ez badu, behin-behineko zerrenda zuzenean behin betikoa bilakatuko da.

40. artikulua. Alegazioak eta zuzendu beharreko akatsak izanez gero, horien gaineko ebazpena emanen du, eta modu bakoitzean herri-lurretako lurzatien onuradun izateko eskubidea dutenen behin betiko zerrenda onetsiko du.

41. artikulua. Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduaz baliatzeko eskubidea duten familia-unitatearen titularren behin betiko zerrenda ikusita, ordenantza honen 20. artikuluan ezarritako ezaugarriak eta azalerak dituzten loteak adjudikatuko dira.

Laborantzako herri-lurren gainerako azalerari dagokionez, Kontzejuak laborantzako loteak adjudikatuko dizkie herritarrendako adjudikazio zuzeneko aprobetxamenduko behin betiko zerrendan dauden familia-unitateko titularrei. Loteen ezaugarriak eta azalera ordenantza honen 29. artikuluaren araberakoak izanen dira.

Lurzatien adjudikazioa burututa, onuradunen eta horiei dagozkien herri-lurretako lurzatien zerrenda jendaurrean jarriko da, 15 egunean, iragarki-taulan. Zerrendak Olabeko Kontzejuak onetsiko ditu, osoko bilkuran.

42. artikulua. Argitaratutako zerrenden aurkako alegaziorik baldin bada, horiek ebatzita eta akatsak zuzenduta, behin betikotzat joko da laborantzarako herri-lurren aprobetxamenduen adjudikazioa.

III. KAPITULUA

Herri-larreen aprobetxamendua

43. artikulua. Olabeko Kontzejuaren herri-larreek ustiapen unitatea osatzen dute beste finka partikularrekin batera, antzinako ohitura, edo lege nahiz hitzarmenari jarraikiz, eta bazkatoki bakarra osatzen dute, inguru osoa itxia duena: iparraldetik muga egiten du Otsakainekin; ekialdetik, Zuriain eta Antxoritzekin; eta hegoaldetik, Soraurenekin.

44. artikulua. Olabeko Kontzejuaren herri-larreen aprobetxamendua honako modu hauetan eginen da, honako lehentasun-ordena honi jarraikiz:

a) Herritarrendako zuzeneko adjudikazioaren bidez.

b) Antzinako ohiturari jarraikiz.

c) Enkante publikoan adjudikatuz.

45. artikulua. Ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateetako tilularrak izanen dira herri-lurretako larreen aprobetxamenduaren herritarrendako zuzeneko adjudikazioaren onuradunak. Horretarako, aziendak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Azienden Erroldaren Erregistroan alta emanda eduki beharko dituzte, eta ustiapen liburuan ere jaso beharko dira. Titularrak, gainera, Olabeko Kontzejuaren baimena beharko du, bere aziendari dagokion jardueran aritzeko.

46. artikulua. Bizilagun abeltzainek zuzenean aprobetxatuko dituzte larreak, eta debeku dira azpierrentamendua zein lagapena.

47. artikulua. Adjudikazioa 8 urterako izanen da.

48. artikulua. Olabeko Kontzejuak honela kalkulatu du bazkatoki bakoitzak jasan dezakeen abelburu kopurua:

Zaldi-aziendako 30 buru.

Honi dagokionez, Olabeko Kontzejuak baliokidetza hauek egin ditu:

Zaldi-aziendako buru 1 izanen da ardi-aziendako 6 buru adina.

Zaldi-aziendako buru 1 izanen da behi-aziendako buru 1 adina.

Zaldi-aziendako buru 1 izanen da ardi-aziendako 6 buru adina.

49. artikulua. Kontuan hartuz zenbat azienda har dezakeen, baita larreen aberastasuna, eta eskortarik dagoen ala ez, Olabeko Kontzejuak adjudikazio prozedura hastean finkatuko du kanona, kontuan harturik larreen balio errealaren %80tik %90era bitartekoa izan behar dela.

50. artikulua. Adjudikazio prezioa urtero berrikusiko da KPIaren igoerari egokitzearren, betiere erakunde ofizial eskudunak Nafarroan onesten dituen indizeen arabera, herri-larre horiek aprobetxatzen dituzten azienda motendako.

51. artikulua. Urteko kanonaren zenbatekoa bi epetan ordainduko da:

–Lehenbiziko epea: urteko zenbatekoaren %50i dagokio, adjudikazioa egin eta sei hilabeteren buruan.

–Bigarren epea: urteko zenbatekoaren gainerako %50ari dagokiona, adjudikazioa egin eta hamabi hilabeteren buruan.

52. artikulua. Onuradunak, adjudikazioaren egunetik 15 eguneko epean, adjudikazioaren 8 urteei dagokien diru kopuru osoaren %10 utzi beharko du fidantza moduan.

53. artikulua. Herri-larreetan bazkatzen den aziendak osasun ziurtagiria beharko du, herri-lurretako larreak aprobetxatzen dituzten azienden osasun babesari buruzko arauetan galdatzen diren baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, eta horri dagokion Foru Legeko nahiz haren erregelamenduetako baldintza guztiak bete beharko ditu.

54. artikulua. Herriko ohiturekin bat eta nekazari nahiz abeltzainendako kalteak eragozteko, Olabeko Kontzejuak ondoko baldintzak ezarri ditu:

1. Ez da aziendarik pasako herriko kaleetatik, ez eta herri-eremuetatik ere. Horrela egiten bada ezohiko arrazoi batengatik izanen da eta Alkatetzak aldez aurretik baimendu beharko du.

2. Aisialdi edo jostetarako eremuak ez dira aziendarendako erabiliko.

55. artikulua. Prozedura. Olabeko Kontzejuak aldez aurretik erabakia hartuta, 15 eguneko epea hasiko da eskubidea dutela uste dutenek larreen adjudikazio zuzena eska dezaten, aurretik ediktua jarrita Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta toki entitatearen iragarki-taulan.

56. artikulua. Olabeko Kontzejuak behin-behinekoz eginen du adjudikazioa, honako baldintza hauek kontuan harturik:

a) Guztira irabazpide urrienak dituzten familia-unitateek izanen dute lehentasuna.

b) Bazkatokiak, har dezaketen abelburu kargaren arabera adjudikatuko dira, abelburu kopurua antzekoa duten eskatzaileen artean.

c) Bazkatoki bat bera abeltzain bati baino gehiagori adjudika dakioke, guztiek dituzten abelburuen kopurua ez bada bazkalekuak har dezakeen kopurua baino handiagoa. Horrelakoetan, kanona azienda buru bakoitzeko ezarriko da.

d) Abeltzain bakar bati bi bazkaleku adjudika dakizkioke, behar adina azienda badu eta herriko gainerako abeltzainen eskaerak bete badira.

57. artikulua. Behin-behineko adjudikazioa eginik, 15 eguneko epea emanen da erreklamazioak aurkezteko. Halakorik ez bada, behin betiko onetsitzat joko da epea bukatutakoan.

58. artikulua. Herritarren arteko banaketan ematen ez diren larreak enkante publikoa eginez adjudikatuko dira 8 urterako, egungo arautegiari jarraikiz, eta ordenantza honetan xedatutakoari, aplikatzekoa den horretan.

IV. KAPITULUA

Iralekuen aprobetxamendua

59. artikulua. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 173. artikuluan ezarritakoa betez, Olabeko Kontzejuak, hemendik aurrera, ez du herritarren arteko iralekuen aprobetxamendurik emanen.

60. artikulua.

1. Gaur egun iralekuen emakida duten bizilagunen aprobetxamendua errespetatuko da, zuzenean aprobetxatzen badute eta beren abeltzaintzako ustiategirako bada, eta onuradunek ezin izanen dute hesirik jarri iralekuaren inguruan, ez eta ira aprobetxatzea ez den bestelako erabilerarik egin ere.

2. Ondorio horietarako, iralekuak aprobetxatzen dituzten bizilagunek horien aprobetxamendua eskatuko diote Olabeko Kontzejuari, ordenantza hauek indarra hartu eta hilabeteko epean, adieraziz parajea eta gaur egun erabiltzen diren iralekuen hedadura. Iralekuen aprobetxamendua berresteko erabakia hartuko du Olabeko Kontzejuak, 16. artikuluko baldintzak beteta artikulu honen aurreko paragrafoan xedatua ere frogatzen dutenei; Kontzejuak bere egiten du iralekuen kokapena aldatzeko edo azalera urritzeko eskubidea, justifikatuz gero.

3. 10 urtean behin onuradunak iralekuen aprobetxamendua berresteko eskaera eginen du, eta egun iralekuak aprobetxatzen dituzten bizilagunen aprobetxamendua berretsiko du Olabeko Kontzejuak.

61. artikulua. Herri-lurretako iralekuen aprobetxamenduaren lehen eta ondoz ondoko berrespenetan, Olabeko Kontzejuak onuraduna aldatzea baimendu ahalko du, onuradun berriak betetzen baditu aurreko artikuluan ezarritako baldintzak eta, legez baliozkoa den agiri baten bidez frogatzen badu aldatuko den iralekuaren aprobetxamenduaren jatorrizko abeltzaintzako ustiategiaren titulartasuna duela.

62. artikulua. Iralekuen aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki eginen da eta ez da baimenik emanen azpierrentamendua egiteko edo beste batzuei lagatzeko.

63. artikulua. Olabeko Kontzejuak iraleku guztiak erregistratzeko liburua edukiko du, eta hartan sartuko ditu onuradunen izenak, datu pertsonalak eta izandako aldaketak.

64. artikulua. Aprobetxamenduaren titularrak eskubideak galduko ditu, eta iralekuaren aprobetxamendua udalerriari itzuliko zaio, honako kasu hauetan:

a) Ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak ez betetzeagatik.

b) Bi urtez jarraian iralekuaren aprobetxamendua ez dela egiten frogatzen bada.

c) Aprobetxamendua saltzeagatik edo lagatzeagatik.

d) Kanona ez ordaintzeagatik.

e) Udal basozaintzaren aurretiko txostena edukita, Olabeko Kontzejuak baiesten badu iralekuaren ekoizpen gaitasuna nabarmen galdu edo urritu dela, iralekuaren aprobetxamendu desegokiaren ondorioz, ira ez den beste landare espezie batzuen, otadien edo bestelako sastraken inbasioagatik.

65. artikulua. Iralekuen aprobetxamenduagatik ordaindu beharreko urteko kanona Olabeko Kontzejuak finkatuko du urtero.

V. KAPITULUA

Zuraren eta egurraren aprobetxamenduak

66. artikulua. Hermendietako aprobetxamenduak basoen arloko foru araudiak ezarritako baldintzen eta baimenen arabera eginen dira. Administrazioen arteko lankidetzaren eremuan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan basoen arloan eskumena duen departamentuak, toki entitateak eskatuta, aprobetxamenduaren balorazio ekonomikoari buruzko txostena emanen du. Balorazioa orientabide modura eginen da eta ez da loteslea izanen.

Herritarrek etxerako eta materialetarako egurraren aprobetxamendua egiten dutenetan, toki entitateak finkatuko ditu zenbatekoa, epeak eta gainerako baldintzak, eta salmenta inola ere ez da onartuko.

67. artikulua. Olabeko Kontzejuak urtero finkatuko du familia-unitateei adjudikatu beharreko epaitzen bolumena, mendian dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada, eten eginen da aprobetxamendu hori, Kontzejuari egoki iruditzen zaion denborarako.

68. artikulua. Epaitzak zuzenean aprobetxatuko dira.

69. artikulua. Toki entitateak, Foru Komunitateko Administrazioak baimendu ondoren, oihan loteen aprobetxamenduak eman ahalko ditu, bertako usadio eta ohituren arabera. Ordenantza honen 16. artikuluan aipatu baldintzez gain, honako hauek ere eskatuko dira:

a) Onuradunak izan daitezke familia-unitatearen kide bakoitzeko lanbide arteko gutxieneko soldataren %30etik behera jasotzen duten bizilagunak edo familia-unitatearen diru-sarrera guztiak aipatu soldata gehi erdiaren azpitik dutenak.

Familia-unitatean ezintasun fisikoa edo psikikoa duten kideak baldin badaude, agiri bidez egiaztatuta, lanbide arteko gutxieneko soldataren %60aren pareko diru-sarrera kontatuko da kide bakoitzeko.

b) Ereduzko lotearen bolumena izanen da bost metro kubiko etxe bakoitzeko.

Onuradunei eman beharreko loteak ereduzko loteari hurrengo koefizienteak aplikatuz lortuko dira:

–Hiru kide bitarteko familia-unitateak, 1 koefizientea.

–Lau kidetik seira bitarteko familia-unitateak, 1,5 koefizientea.

–Zazpi kidetik bederatzira bitarteko familia-unitateak, 2 koefizientea.

–Bederatzi kide baino gehiagoko familia-unitateak, 2,5 koefizientea.

–Lote guztiek ez dute inolaz ere gaindituko mendiaren urteko errentaren edo ahalmenaren %25a.

c) Toki entitateak, bere herri-ondasunen ezaugarriak eta herriko baldintza sozialak kontuan hartuta, proportzionalki eta justifikatuta beheratu ahal izanen dute a) eta b) letretan ezarritakoa, baina ez goratu.

d) Basoko produktuen lote horiek ezin izanen dira bakarka ustiatu, toki entitateek batera ustiatu beharko baitituzte. Besterendu eginen dituzte eta onuradunei salmentaren zenbatekoa emanen diete, markatzearen eta enkantearen gastuak kendu ondoan.

70. artikulua.

1. Oro har, enkante publikoaren sistema erabiliko da, 17. artikuluan eta tokiko kontratazioaren arloan ezarritakoarekin bat, azpiatal honetan ezarritako berezitasunei jarraikiz.

2. Enkantea hutsik geldituz gero, eta zur eta egurretako aprobetxamenduen ondorioetarako soilik, bigarren enkantea eta, beharrezkoa bada, hirugarrena ere egin ahal izanen dira; tasazioaren hasierako prezioa %10 merkatuko da bigarren enkantean, eta %30era bitarte, berriz, hirugarrenean.

3. Ez baldin bada aurreko paragrafoan xedatutakoa aplikatzen edo azkeneko enkantea izan ondoren hutsik gelditzen bada eta, hala ere, Olabeko Kontzejuak eskaintza berri bat jasotzen badu, orduan haren balio ekonomikoari buruzko txostena eskatuko dio basoen arloko administrazioari. Halakoetan, toki entitateak ordenantza honen 75. artikuluan xedatuari jarraikiz besterendu ahalko ditu zur eta egurretako aprobetxamenduak.

71. artikulua.

1. Olabeko Kontzejuak eskatuta, zur eta egurretako baso aprobetxamenduak lote desberdinetan zatitu ahal izanen dira, ondoren errazago saldu ahal izateko.

2. Zenbait toki entitateren zur eta egurretako aprobetxamenduak lote bakarrean bildu ahalko dira, besterentzeko. Horretarako, eta zur eta egurretako produktuak saltzearen ondorioetarako, salmenta-zentralak erabili ahalko dira, bat etorriz kontratu publikoei buruzko foru legeriarekin eta foru lege honek salmenta-zentraletarako xedatutakoarekin.

72. artikulua.

1. Kontzejuak esparru-akordioak egin ahalko ditu enpresa batekin edo gehiagorekin zur eta egurretako produktuen aprobetxamenduari dagokionez. Esparru-akordioetan gutxienez honako hauek zehaztu beharko dira: indarraldia, baldintza tekniko eta administratibo orokorrak, ezaugarri bolumetrikoak eta aprobetxamenduen produktu-motak eta prezioak.

2. Esparru-akordio horiek onesteko prozedura erregelamendu bidez garatuko da.

Osagarri gisa, eta zur eta egurretako produktuak saltzeari dagokionez, jarraituko zaio kontratu publikoei buruzko foru legerian xedatuari.

73. artikulua.

1. Kontzejuak zur eta egurretako aprobetxamenduak besterendu ahalko ditu, enkantearen tramitea egin gabe, kasu hauetan:

a) Lote bakarraz osatuak daudenean eta kubikazioak erregelamenduz zehaztutakoak direnean.

b) Aprobetxamenduak egiten direnean herrilanetarako edo frogatutako urgentzia izanik interes publikokoak diren obra pribatuetarako.

c) Basoko suteak, izurriteak eta gaitzak edo zuhaiztiaren egonkortasunerako arriskuak direla-eta mendiko produktuak premiaz erauzi behar badira.

d) Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 166.3 artikuluan edo ordenantza honen 72.3 artikuluan jasotzen diren kasuetan.

2. Artikulu honetako 1. apartatuko b) eta c) letretan jasotzen diren kasuetan, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioan basoen arloko eskumena duen departamentuak txostena egin beharko du eta loteslea izanen da.

74. artikulua. Zur eta egur aprobetxamenduarengatik ordaindu beharrekoa urtero finkatuko du Olabeko Kontzejuak bere aurrekontu arruntean.

75. artikulua. Onuradunak behartuta daude egurra bildu ondoren hondarrak jaso eta pilatzera. Hondar horiek ezin izanen dira pilatu ez bideetan, ez mendiko pistetan, ez eta oztopo izan daitezkeen lekuetan ere. Nolanahi, basozainek ematen dituzten jarraibideei kasu eginen zaie. Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei aprobetxamendua ukatuko zaie.

VI. KAPITULUA

Herri-ondasunen bestelako aprobetxamenduak

76. artikulua. Herri-lurrak sartuz eraturiko barrutietako ehizaren aprobetxamendua eginen da gai horri buruzko foru araudian ezarritakoari jarraikiz.

77. artikulua. Herri-lurren okupazioa, herri-lurretan harrobiak ustiatzea eta herri-lurretan ezarri gogo den beste edozein aprobetxamendu edo hobekuntza, kasu bakoitzerako Kontzejuak prestatzen dituen baldintza orriei lotuko zaizkie. Gainera, jendaurrean eduki beharko dira hamabost egunez gutxienez, eta Nafarroako Gobernuak onespena eman beharko du.

78. artikulua. Kontzejuak ezin izanen du hemendik aurrera iratzeen herritarrendako aprobetxamendurik eman. Lehenago espresuki nahiz isilbidez emandako iralekuak toki entitateari itzuliko zaizkio bi urtez elkarren segidan haien egiazko aprobetxamendurik egiten ez bada, batere botatzeko ahalmena ukatu gabe, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Legeak aipatzen duen gisara.

VII. KAPITULUA

Hobekuntzak herri-ondasunetan

79. artikulua.

1. Olabeko Kontzejuak indarrik gabe utzi ahalko ditu aprobetxamenduen adjudikazioak, lur horiek honako xede hau baldin badute:

a) Haien gaineko kargak kentzea.

b) Herri-lurrak hobetzea.

c) Gizarte proiektuak egitea, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio beharrean daudela justifikatzen duten herritarrei laguntzeko.

2. Proiektu horiek Udalak nahiz herritar interesdunek susta ditzakete, eta lehentasuna izanen dute.

3. Hona hemen halako kasuetan jarraitu beharreko bidea:

a) Kontzejuaren Osoko Bilkuraren erabakia, edo toki entitateko gobernu eta administrazio organo gorenarena, proiektua eta ukitutako herri-lurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua onesten dituena.

b) Hilabeteko epean jendaurrean jartzea eta Kontzejuaren osoko bilkuran hartutako erabakia, aurkezten diren alegazioei buruz.

c) Foru Komunitateko Administrazioaren onespena.

4. Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herri-lurretan diren adjudikazioak, eta titularrei sorrarazten zaizkien kalte eta galerak ordainduko zaizkie, bai eta lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, zuzenbidez hala egokitzen bazaie.

5. Aprobetxamenduaren onuradunak herri-lurrak hobetzeko egiten dituen proiektuak Kontzejuak berak onetsi beharko ditu, aldez aurretik 15 egunean jendaurrean eduki eta gero aurkezten diren alegazioak ebatzi ondotik.

V. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

80. artikulua.

Arau-hauste administratibotzat hartzen dira honako hauek:

a) Erabilera zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

b) Aprobetxamenduen kanonak Kontzejuak finkatzen dituen epeetan ez ordaintzea.

c) Nabarmen gaizki egitea edo osorik ez egitea herritarrendako aprobetxamendua.

d) Zertarako adjudikatzen den herri-lurra, beste zerbaitetarako erabiltzea.

e) Udalak adjudikatu gabe herri-lurrak lantzea, nahiz eta landu gabeko lurrak izan, hots, larre utziak.

f) Laborantza iraunkorrak (frutarbolak, zainzuriak etab.) udal baimenik gabe landatzea.

g) Adjudikazioetan zehaztutako epeak ez errespetatzea.

h) Ez betetzea Herri-larreetan bazkatzen den Aziendaren Osasuna Zaintzeari buruzko Foru Legea eta hori garatzen duen Erregelamendua.

i) Animalia hilak lurperatu gabe uztea.

j) Larratzeko eremuak ez errespetatzea.

k) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dion egitate edo egintza oro.

81. artikulua.

Arau-hauste horiek honako zehapen hauek izanen dituzte:

a), b), c), d), f) eta h) arau-hausteengatik, emakida kenduko da, Nafarroako Gobernuaren organo eskudunek ezar ditzaketen zehapenak ukatu gabe.

Aipatu g) arau-haustearengatik, galduko da herri-lurren edo herri-larreen adjudikaziodun izateko eskubidea.

Gainerako arau-hausteengatik, egindako kaltearen balioa gutxienez halako bost eta gehienez halako hamar ordainduko da. Aprobetxatutakoaren balioa edo eragindako kaltearena ezin bada zehaztu, zehapena izanen da 60 eurotik 12.000 eurora bitartekoa.

Iragarkiaren kodea: L2002212