40. ALDIZKARIA - 2020ko otsailaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

272/2020 EBAZPENA, otsailaren 7koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak emana, zeinaren bidez deialdiak onesten baitira bi izangai zerrenda egiteko, hautaketa-proben bidez, O.L. kudeaketari (Lan Arriskuen Prebentzioa) B mailako lanpostua betetzeko, bat aldi baterako kontratazioak egiteko, eta bestea prestakuntzarako, zerbitzu berezietako egoeran.

2014ko azaroaren 25eko Gobernu Kontseiluaren Erabakiak, Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langileen administrazio araubidearen araberako kontratazioa arautzen duenak, xedatzen du aldi baterako langileak deialdi bidez aukeratuko direla, eta deialdi horretan berdintasun-, merezimendu- eta gaitasun-printzipioak bermatuko direla, bai eta publikotasun-printzipioak ere.

2014ko azaroaren 25eko Gobernu Kontseiluaren Erabakiak, Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langileen administrazio araubidearen araberako kontratazioa arautzen duenak, xedatzen du ezen Nafarroako Unibertsitate Publikoak, aldi baterako kontratazioa egin baino lehen, bete nahi dituen lanpostuak eskainiko dizkiela bere funtzionarioei, horretarako dagozkion hautaprobetarako deialdia eginez, zeinak aldi baterako kontratazioetarako hautagai-zerrenda osatzeko hautaprobekin batera egingo baitira.

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren langile beharrak kontuan harturik, eta sortzen direnak asetzeko, bidezkoa da hautaprobetarako deialdiak onestea, bi izangai-zerrenda egiteko, O.L. teknikari lanpostua betetzeko (Lan Arriskuen Prebentzioa), B mailakoa, bat aldi baterako kontratazioak egiteko, eta bestea prestakuntzarako, zerbitzu berezietako egoeran.

Aintzat harturik Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren txosten proposamena.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak errektoretza-taldearen egitura orokorra onetsi eta bere funtzioak zehazteko 2019ko uztailaren 3an eman zuen 1420/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

Lehena.–Hautaproben deialdiak onestea, bi izangai-zerrenda egiteko, O.L. kudeaketari (Lan Arriskuen Prebentzioa) B mailako lanpostua betetzeko, bat aldi baterako kontratazioak egiteko, eta bestea prestakuntzarako, zerbitzu berezietako egoeran, bai eta oinarriak ere.

Bigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Unibertsitatearen iragarki-ohol elektronikoan argitara dadila agintzea.

Hirugarrena.–Ebazpen honek administrazio bidea agortzen du, Unibertsitateei buruzko 2001eko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 6.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, eta haren kontra zilegi da berraztertzeko errekurtsoa jartzea errektorearen aurrean, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Administrazioarekiko Auzietako epaitegietan, hilabeteko epean lehenbiziko kasuan, eta bi hilabeteko epean bigarrenean, biak ere ebazpena argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Iruñean, 2020ko otsailaren 7an.–Kudeatzailea, Joaquín Romero Roldán.

I.–DEIALDIA, KUDEAKETARI O.L. (LAN ARRISKUEN PREBENTZIOA) ARITZEKO ALDI BATERAKO KONTRATAZIORAKO IZANGAIEN ZERRENDA BAT EGITEKO

Hauek dira deialdia arautuko duten:

OINARRIAK

Lehena.

Deialdi honen xedea da izangaien zerrenda bat egitea, hautaproben bidez, O.L. kudeaketari lanpostua betetzeko (Lan Arriskuen Prebentzioa), B mailakoa, Nafarroako Unibertsitate Publikoan sortzen diren beharrak betetzearren.

Aldi baterako kontrataziorako izangai-zerrenda hau subsidiarioa izango da Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako funtzionarioen prestakuntza eta lanbide-hobekuntza arautzen dituen 2014ko azaroaren 25eko Gobernu Kontseiluaren erabakiak ezartzen duenaren babesean egiten den beste edozein funtzionario-zerrendaren aurrean.

Bigarrena.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Deialdian onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Espainiako herritarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa izatea edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiar Estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzekoa zaion estaturen batekoa.

Halaber, Espainiako, Europar Batasuneko estatuetako eta aipatu nazioarteko itunak aplikatzen diren eremuko estatuetako herritartasuna dutenen ezkontideek parte hartzeko aukera dute, betiere zuzenbidearen arabera bananduak ez badaude; herritartasuna duenaren ondorengoek eta haren ezkontidearen ondorengoek ere parte hartzeko aukera dute, zuzenbidearen arabera bananduak ez badaude, baldin eta 21 urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanda ere, gurasoen kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteta edukitzea, eta nahitaezko erretirorako gehieneko adina beteta ez edukitzea.

c) Honako titulu hauetako bat edukitzea: Gradua, Diplomatura, Ingeniaritza Teknikoa, Arkitektura Teknikoa edo baliokidea, edo titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren ordainagiria, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, edo lizentziadun, arkitekto edo ingeniarien edozein titulu ofizial eskuratzera bideratutako ikasketen lehen hiru ikasmailak osorik gaindituta edukitzea, edo aipatu ikasketa horien lehen zikloa, baldin eta lehen ziklo horrek gutxienez 180 kredituko irakastordu kopurua baldin badu.

Atzerrian erdietsitako titulazioak badira, aipatutako egunean izangaiak eskuan izan beharko du homologazioaren egiaztagiria, edo baliokidetzearena, halakorik badago. Baldintza hori ez zaie aplikatuko lanbide arautuen eremuan prestakuntza profesionalaren aitorpena Europako Erkidegoko Zuzenbidearen xedapenen babesean erdietsi duten izangaiei.

d) 1997ko urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Prebentzio Zerbitzuei buruzko Erregelamenduaren 37. artikuluko goi mailako eginkizunak bete ditzakeela egiaztatzen duen ziurtagiriaren jabe izatea, prebentzioaren arloko diziplina hauetakoren batean: “Higiene Industriala”, “Laneko Segurtasuna” edo “Ergonomia eta Psikosoziologia Aplikatua”.

e) Dagozkion eginkizunak betetzeko gaitasun fisiko eta psikikoak edukitzea.

f) Eginkizun publikoetarako desgaitua edo gabetua ez egotea eta Administrazio Publiko baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

Espainiakoa ez beste nazionalitatea dutenek ere diziplina-zehapen edo zigor-kondenaren bidez beren estatuetako funtzio publikoetan aritzeko gabetuta ez egotearen zinpeko aitorpena aurkeztu beharko dute.

2.2. Oinarri honetan ezarritako baldintzak eskaerak aurkezteko epea bukatzen denean bete behar dira, eta hautaketa-prozedurak edo kontratazio epeak dirauen bitartean ere bete beharko dira.

Hirugarrena.–Hautaketa-prozesuaren garapena eta balorazioa.

Hautaketa-prozesua bi deialdietako arau komunek ezartzen dutenaren arabera egingo da.

Laugarrena.–Behin-behineko kontrataziorako izangaiei dei egitea.

Arau hauen arabera dei egingo zaie izangaiei, eta, behar denean, kontratatu: Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategineko 1993ko abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 88. artikulua eta ondorengoak; 2014ko azaroaren 25ean Gobernu Kontseiluak hartu zuen erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langileen administrazio araubidearen araberako kontratazioa arautzen duena; eta deialdi honen oinarriak eta aplikatu beharreko gainerako araudiak.

Deia egiteko, kontuan hartuko da, halaber, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategineko Zazpigarren Xedapen Gehigarriko 4. atalak ezartzen duena, zeinean arautzen baitira desgaitasunen bat daukaten pertsonak Nafarroako Administrazio Publikoko lanpostuetan sartzeko prozedura. Horretarako, % 33ko edo gehiagoko desgaitasun aitortua daukaten izangaiek desgaitasuna egiaztatu beharko dute, organo eskumendunak horretarako egindako dokumentuaren kopiaren bidez.

II.–DEIALDIA, O.L. KUDEAKETARI LANPOSTUAN (LAN ARRISKUEN PREBENTZIOA), PRESTAKUNTZAN ETA ZERBITZU BEREZIETAKO EGOERAN ARITZEKO IZANGAI ZERRENDA BAT EGITEKO

Hauek dira deialdia arautuko duten:

OINARRIAK

Lehena.

Deialdi honen xedea da izangaien zerrenda bat egitea, hautaproben bidez, O.L. kudeaketari lanpostua betetzeko (Lan Arriskuen Prebentzioa), B mailakoa, prestakuntzarako zerbitzu berezien egoeran, Nafarroako Unibertsitate Publikoan sortzen diren beharrak betetzearren.

Bigarrena.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Deialdian onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete behar dituzte, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako funtzionarioa izatea, eta C, D edo E maila edo multzokoa izatea.

b) Lanpostuan zerbitzu ematen hiru urteko antzinatasuna izatea gutxienez.

c) Eszedentzian ez egotea, non eta eszedentziak ez duen ezartzen lanpostua erreserbatzeko eskubidea; edo Gobernu Kontseiluaren 2014ko azaroaren 25eko erabakiaren xedapen iragankorrean adierazitako egoeran egotea –Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako funtzionarioen prestakuntza eta lanbide-hobekuntza arautzen duen erabakia–.

d) Honako titulu hauetako bat edukitzea: Gradua, Diplomatura, Ingeniaritza Teknikoa, Arkitektura Teknikoa edo baliokidea, edo titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren ordainagiria, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, edo lizentziadun, arkitekto edo ingeniarien edozein titulu ofizial eskuratzera bideratutako ikasketen lehen hiru ikasmailak osorik gaindituta edukitzea, edo aipatu ikasketa horien lehen zikloa, baldin eta lehen ziklo horrek gutxienez 180 kredituko irakastordu kopurua baldin badu.

Atzerrian erdietsitako titulazioak badira, aipatutako egunean izangaiak eskuan izan beharko du homologazioaren egiaztagiria, edo baliokidetzearena, halakorik badago.

e) 1997ko urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Prebentzio Zerbitzuei buruzko Erregelamenduaren 37. artikuluko goi mailako eginkizunak bete ditzakeela egiaztatzen duen ziurtagiriaren jabe izatea, prebentzioaren arloko diziplina hauetakoren batean: “Higiene Industriala”, “Laneko Segurtasuna” o “Ergonomia eta Psikosoziologia Aplikatua”.

2.2. Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete behar dira oinarri hauetan ezarritako baldintzak, bai eta hautaketa-prozedurak edo prestakuntza-epeak dirauen bitartean ere.

2.3. Gorago aipatutako baldintzak betetzen dituzten funtzionarioek ezin dute aldi berean parte hartu aldi baterako kontratatzeko izangai-zerrenda osatzeko deialdian eta zerbitzu berezien egoeran aritzeko prestakuntzarako izangai-zerrenda osatzekoan.

Hirugarrena.–Hautaketa-prozesuaren garapena eta balorazioa.

Hautaketa-prozesua bi deialdietako arau komunek ezartzen dutenaren arabera egingo da.

Laugarrena.–Prestakuntzako izangaiei dei egitea.

Izangaiei dei egingo zaie eta, behar bada, prestakuntzarako zerbitzu berezien egoeran deklaratuko, honako hauetan ezarritakoaren arabera: 2014ko azaroaren 25ean Gobernu Kontseiluak hartutako erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langile funtzionarioen prestakuntza eta lanbide-hobekuntza arautzen dituena, deialdi honen oinarriak eta aplikatzekoak diren gainerako araudiak.

III.–BI DEIALDIEN ARAU KOMUNAK

2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.1.b) artikuluan ezarritakoaren arabera -Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa-, hautaketa-prozesu honek eragiten dituen argitalpenak, deialdi honetako oinarriek berariaz aipatzen dituzten Nafarroako Aldizkari Ofizialeko eta Estatuko Aldizkari Ofizialeko argitalpenak izan ezik (deialdien arau komunen 1. oinarrian aipatutakoa), Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webguneko esteka honetan azalduko dira, deialdi honi dagokion aipamenean, eta ez dira baliozkoak izango bestelako tokietan agertzen direnak:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/iragarki-ohol-elektronikoa/enplegu-publikoa/azl-en-deialdiak.

Lehena.–Eskabideak aurkezteko epea.

Bi deialdietan parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea hamar egun baliodunekoa izango da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

Bigarrena.–Eskabideak.

2.1. Aurkezteko moduak.

A) Aurkezpen telematikoa.

Hautaketa-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu beharko dute eskaera, helbide honetako “Hasi tramitea” botoian:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/guztiak/kontratazio-zerrendak-osatzeko-hautaprobak (aldi baterako kontrataziorako izangaiak).

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/guztiak/pruebas-selectivas-formacion (prestakuntzarako izangaiak, zerbitzu berezietako egoeran).

B) Aurkezpen presentziala.

Hautaketa-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek Nafarroako Unibertsitate Publikoko Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dituzte eskaerak (Arrosadiko campusa, z.g., 31006 Iruñea / Tuterako campusa, Tarazonako etorbidea, z.g., 31500 Tutera), edo Estatuaren Administrazio Orokorreko erregistroetan, autonomia-erkidegoetako administrazioetako erregistroetan, toki administrazioa osatzen duten erakundeetako erregistroetan, posta-bulegoetan edo Espainiak atzerrian dituen kontsuletxeetan edo ordezkaritza diplomatikoetan. Eskaera posta-bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian egingo da, posta-zerbitzuko langileak data eta zigilua jar ditzan, eta ondoren egiaztatu eta bidali Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Erregistrora (Arrosadiko campusa, z.g., 31006 Iruñea).

Eskaera modu presentzialean aurkezteko, helbide hauetan eskuragarri dauden eskabideak erabili beharko dira:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/guztiak/kontratazio-zerrendak-osatzeko-hautaprobak (aldi baterako kontrataziorako izangaiak).

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/guztiak/pruebas-selectivas-formacion (prestakuntzarako izangaiak, zerbitzu berezietako egoeran).

2.2. Parte hartzeko inprimakiarekin batera, izangaiek beste dokumentu hauek aurkeztu behar dituzte:

–Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia, edo izangaiaren nortasuna eta nazionalitatea egiaztatzen duen dokumentuarena, eta, hala badagokio, aldi baterako kontrataziorako deialdiko 2.1.a) oinarriak eskatzen dituen naziotasun eta ahaidetasun baldintzak egiaztatzen dituenarena.

–Aldi baterako kontratazioari buruzko deialdiaren 2.1.c) eta d) oinarrian eta zerbitzu berezien egoerako prestakuntzari buruzko deialdiaren 2.1.d) eta e) oinarrian eskatzen diren titulazio eta ziurtagirien betekizunak betetzen direla egiaztatzen duen dokumentazioaren kopia.

Halaber, eskatutako beste ziurtagirietakoren bat lortzen duten izangaiek Giza Baliabideen Zerbitzuan aurkezten ahalko dute, eta horrela une horretatik aurrera eskaintzen diren lanpostuetara –prebentzioaren arloko diziplina horretan akreditatuta egotearen ziurtagiria eskatzen dutenetara– aurkeztuko dira.

2.3. %33koa edo hortik gorako desgaitasuna duten izangaiek, hautaprobak egiteko denbora edo bitartekoak egokitzeko eskatu nahi badute, helbide honetan eskuragarri dagoen eskabidearen bidez adierazi beharko dute:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/guztiak/kontratazio-zerrendak-osatzeko-hautaprobak.

Horretarako, izangaiek beren kondizioa egiaztatu beharko dute, IMSERSOk edo autonomia-erkidegoko erakunde eskudunak emandako ziurtagiri baten bidez, edo Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpen baten bidez, zeinak prestazioa jasotzeko eskubidea aitortzen baitu ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia izateagatik. Era berean, zilegi izango dute eskatutako egokitzapena justifikatzeko komenigarritzat jotzen duten dokumentazioa ere aurkeztea.

Hirugarrena.–Izangaien onarpena.

3.1. Behin-behineko zerrendak.

Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta gero, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak ebazpen bat emango du izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrendak onesteko, azken horiek baztertzearen zergatiak azalduta, eta argitaratzeko aginduko du.

Bi deialdien arau komunetako 2.2 oinarriak aipatzen dituen dokumentuak ez aurkezteagatik behin-behinean baztertzea galarazi gabe, eskaera epez kanpo aurkeztea edo lehiaketaren bidez lortu nahi den lanpostua betetzeko bete behar diren baldintzak ez betetzea baztertzeko arrazoiak izango dira, eta, gainera, horiek ezin izango dira zuzendu.

Zerrendan azaldu ez diren izangaiek eta behin-behinean baztertutakoek zilegi dute erreklamazioa egitea eta, akatsen bat badago, akatsak zuzentzea, behin-behineko zerrenda argitaratu eta hurrengo hamar egun balioduneko epean. Aipatutako epean zerrendetan ez agertzearen aurka alegatu ez eta onartuen zerrendan egoteko eskubidea justifikatzen ez duten edo akatsa zuzentzen ez duten izangaiak behin betiko bazterturik geldituko dira, eta ezin izango dituzte probak egin.

Izangai bazterturik ez bada, eta zerrendan agertzen ez diren izangaiak alde batera utzirik, izangai onartuen zerrendak zuzenean onetsiko dira behin betiko.

3.2. Behin betiko zerrendak.

Erreklamazioetarako epea iragan eta haiek ebatzi eta gero, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak ebazpena emango du onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda onesteko, eta argitaratzeko aginduko du. Ebazpen horretan jakinaraziko da noiz eta non egingo den oinarri hauetan aipatzen den hautaproba.

Onartuen behin betiko zerrendan egoteak ez du esan nahi, inola ere, Unibertsitateak aitortzen duenik izangaiek deialdiko oinarrietan eskatzen diren baldintzak betetzen dituztela. Aurkeztutako dokumentazioa edo Unibertsitatearen eskura dagoena aztertuta, ikusten bada izangairen batek ez daukala eskatzen diren betekizunetakoren bat, deialdian parte hartzeak dakartzan eskubide guztiak bertan behera geldituko dira.

3.3. Izangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratzearekin, egin beharreko jakinarazpena egin dela ulertuko da, 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluak xedatzen duenarekin bat etorriz.

Laugarrena.–Proba.

4.1. Ebazpen honek onetsi dituen deialdietako hautaketa-prozesua proba hauen bidez egingo da; egun berean egingo dira, bata bestearen atzetik:

4.1.1. Lehen proba:

Teorikoa da, eta erantzuteko lau aukera dituzten galderen galdetegi bat erantzun beharko da idatziz. Galderak oinarri hauetako I. Eranskineko gai zerrendako gaiei buruzkoak izango dira, eta erantzunetako bakarra izango da balioduna.

4.1.2. Bigarren proba:

Teoriko-praktikoa izango da, eta oinarri hauetako I. Eranskineko gai zerrendako gaiekin lotutako kasu praktiko batzuk garatu eta erantzun beharko dira idatziz.

4.2. Epaimahai kalifikatzaileak zehaztuko du probek zenbat denbora iraun behar duten gehienez, eta horren berri emango du proba hasi baino lehen. Halaber, jakitera emango du parte bakoitza nola balioetsiko den eta zein den lehen parteko erantzun okerren balizko penalizazioa.

4.3. Bi probak baztertzaileak izango dira, eta proba bakoitzari esleitutako gehieneko puntuazioaren erdia gutxienez lortzen ez duten izangaiak bazterturik geratuko dira. Lehen proba gainditu dutenei soilik zuzenduko die epaimahaiak bigarren atala. Zerrendetan egoteko, izangaiek bi probak gainditu behar dituzte.

4.4. Hautaprobarako deialdia dei bakar baten bidez egingo da, eta izangaiek epaimahai kalifikatzaileak adierazi duen tokian eta egunean bertaratu beharko dute, jardunak hasteko ezarri duen orduan, eta oposiziotik baztertuta geratuko dira dei horretara agertzen ez direnak. Izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiaren iritziz identifikaziorako balio duen beste agiriren bat aldean dutela agertu beharko dute. Nortasuna esandako dokumentuen bidez egiaztatzen ez dutenak edo agertzen ez direnak oposiziotik kanpo geldituko dira.

4.5. Desgaitasun aitortua izanik, eskabidean eskaera egin duten izangaientzat, ariketak egiteko behar diren denbora eta baliabideetan izan litezkeen egokitzapenak ezarriko dira hautaprobak garatzeko.

Bosgarrena.–Epaimahaia.

5.1. Epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

–Epaimahaiburua: Fernando Jiménez Lorente, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Langileria Kudeatzeko Ataleko burua.

Ordezko epaimahaiburua: José Antonio Marañón Oricain, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendaria.

–Epaimahaikidea: Santiago Álvarez Folgueras, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Azpiegitura, Lan Osasun eta Zerbitzu Orokorretako Zerbitzuko zuzendaria.

Ordezko epaimahaikidea: David Pascal Artazcoz, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Azpiegitura, Lan Osasun eta Zerbitzu Orokorretako Zerbitzuko zerbitzuetako kudeaketaria O.L.

–Epaimahaikidea: José Miguel Mateo Celaya, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Azpiegitura, Lan Osasun eta Zerbitzu Orokorretako Zerbitzuko teknikaria O.L.

Ordezko epaimahaikidea: Miguel Berazaluce Gómez, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Azpiegitura, Lan Osasun eta Zerbitzu Orokorretako Zerbitzuko Azpiegituren Ataleko burua.

–Epaimahaikidea: Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat, Administrazioko eta Zerbitzuetako Langileen Batzordeak izendatua.

Ordezko epaimahaikidea: Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat, Administrazioko eta Zerbitzuetako Langileen Batzordeak izendatua.

–Epaimahaikide idazkaria: Susana Pérez Leza, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Azpiegitura, Lan Osasun eta Zerbitzu Orokorretako Zerbitzuko Lan Osasuneko eta Ingurumenaren Kudeaketako Ataleko burua.

Ordezko epaimahaikide idazkaria: Antonio Ureta Aizcorbe, Nafarroako Unibertsitate Publikoko idazkari teknikoa.

Onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean jasoko dira epaimahai kalifikatzaileko kideen izenak.

5.2. Administrazio prozedura erkidearen arauetan aipaturiko arrazoiren bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta horren berri eman deialdia egin duen organoari.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, aipatu egoera horietako bat gertatzen denean.

Baldin eta legeak ezartzen dituen abstentziorako edo errekusaziorako arrazoiak izaten badira, eta epaimahaiaren osaera aldatzen bada, hori jendaurrean jakinaraziko da, onartutako eta baztertutako izangaien zerrendekin batera.

5.3. Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da.

Epaimahai kalifikatzailearen eraketak eta jardunak balio izan dezaten, gutxienez kide guztien gehiengo osoa beharko da. Halaber, epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta mahaikide idazkariak edo haien ordezkoek egon behar dute bertan.

5.4. Hautaprobak aurrera egin ahala, deialdi honen oinarriak interpretatzetik eta aplikatzetik sortzen diren zalantzak Epaimahaiaren gehiengoak ebatziko ditu, eta deialdian kontuan hartzen ez diren arazoak konpontzeko behar diren neurriak hartuko ditu.

5.5. Epaimahai kalifikatzaileak aukera izango du hautaprobarako aholkulari adituak sartzeko. Aholkulariek beren espezialitate teknikoetan baino ez dute lagunduko.

5.6. Jakinarazpenak egiteko eta bestelako gorabeheretarako, epaimahaiaren egoitza Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazioko eta Kudeaketako eraikina izango da.

Seigarrena.–Gainditu dutenen zerrenda.

6.1. Hautaproba bukatzen denean, Giza Baliabideen Zerbitzuak zerrenda hauek argitaratuko ditu, bereizirik, Nafarroako Unibertsitate Publikoko web-orrialdean:

A) Aldi baterako kontratazioaren deialdia gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako puntuazio osoaren arabera ordenatuta, eta prebentzioaren arloko zein diziplinatan dauden akreditatuta adierazita. Deia egiteko salbuespenei dagokienez, Gobernu Kontseiluak 2014ko azaroaren 25eko erabakiaren 8. artikuluan ezartzen duenari jarraituko zaio, hain zuzen, Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langileen administrazio araubidearen araberako kontratazioa arautzen duen erabakian ezarritakoari. Halaber, kontuan hartuko da Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategineko Xedapen Gehigarrietako Zazpigarrenaren 4. atalak ezartzen duena, zeinean arautzen baitira desgaitasuna duten pertsonak Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeari buruzko alderdiak.

Puntuazioetan berdinketak egonez gero, bigarren proban puntuaziorik handiena lortzen dutenen alde ebatziko dira. Berdinketak badirau, zozketa bakar baten bidez ebatziko da, horretarako berariaz deitutako ekitaldi publiko batean.

B) Prestakuntza zerbitzu berezien egoeran egiteko deialdia gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako puntuazio osoaren arabera ordenatuta, eta prebentzioaren arloko zein diziplinatan dauden akreditatuta adierazita.

Puntuazioetan berdinketak egonez gero, bigarren proban puntuaziorik handiena lortzen dutenen alde ebatziko dira. Berdinketak irauten badu, deialdiak ezartzen duen eskabideak aurkezteko epea amaitzen denean, antzinatasun handiena daukan izangaiaren alde ebatziko da.

6.2. Epaimahaiak Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileari igorriko dizkio arau honek aipatzen dituen zerrendak, onets ditzan, hautaketa-prozesuaren espediente osoarekin batera.

Zazpigarrena.–Izangaien zerrendak.

7.1. Behin betiko zerrendak.

Hautatze-prozesuaren espediente osoa jaso eta gero, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzailearen ebazpen baten bidez onartuko dira zerrendak, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren web-orrian argitaratuko dira.

7.2. Deia.

Arau honek aipatzen dituen zerrendetan dauden izangaien deia eskatzen den prebentzioaren arloko diziplinaren arabera egingo da, eta kasu guztietan bermatuko da zerbitzu berezietako egoeran aritzeko prestakuntzarako daudenek lehentasuna edukiko dutela aldi baterako kontrataziorako izangaiak direnen aurretik.

Baldintza hauek betetzen ez dituztenak baztertu egingo dira hautaketa-prozesutik, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzailearen ebazpen baten bidez, eta dagokien deialdian parte hartzetik erator litezkeen eskubide guztiak bertan behera geratuko zaizkie.

Zortzigarrena.–Prestakuntzarako zerbitzu berezien egoeran aritzeko gehieneko denbora.

8.1. Lanpostu bat prestakuntzan betetzea onartzen dutenak arrazoi horrengatik zerbitzu berezien egoeran daudela deklaratuko da, gehienez ere urte bateko aldirako, hasiera batean, eta aldi hori urte bateko aldietan luzatzeko aukera izango da, gehienez ere sei urte bete arte. Prestakuntzarako zerbitzu berezien egoeran daudela deklaratzeko, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak ebazpen bat emango du, eta aldi jakin baterako izango da.

8.2. Prestakuntzan sei urteko gehieneko epe hori bete eta gero, langile funtzionarioek automatikoki hasi beharko dute berriz ere zerbitzu aktiboan zerbitzu berezietan deklaratu zituztenean betetzen ari ziren lanpostuan, eta ezin izango dituzte berriz ere zerbitzu berezietan deklaratu arrazoi beragatik. Izendapen libre bat edo bitarteko izendapen bat izan zuen lanpostu batetik badatoz, amaitutzat joko da egoera.

8.3. Prestakuntza-zerrenda batean baino gehiagotan daudenak sei urte egongo dira gehienez ere guztira prestakuntzarako zerbitzu berezien egoeran.

8.4. Prestakuntzarako zerbitzu berezien egoera, hasierako deklarazioa eta bere luzapen guztiak barne, sei urtetik beherako aldi baterako bada, zerrendan dagokion lekua izango du berriz ere izangaiak aldi hori bukatzean.

Bederatzigarrena.–Datu pertsonalen babesa.

Interesdunek parte hartzen badute Nafarroako Unibertsitate Publikoak langileen kudeaketarekin loturik egiten dituen prozesuetan, NUPek tratatu egingo ditu haien datuak. Datu horien tratamenduaren arduraduna Nafarroako Unibertsitate Publikoa da.

Datuen tratamendua aplikatzekoa zaion araudiari jarraikiz egingo da, hots, Datuak Babesteko 2016/679 EB Erregelamendu Orokorrari eta Datu Pertsonalak Babesteko 2018ko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoari jarraikiz. http://www.unavarra.es webgunean argitaratutako Tratamendu Jardueren Erregistroan kontsulta daiteke nola egingo den tratamendu hori, “Giza Baliabideak” atalean.

Tratatuko diren datuak batez ere hautapen prozesuetako izangaienak eta NUPeko langileenak izango dira; hauek hain zuzen ere: izena, deiturak, NANa, datu akademikoak eta profesionalak eta, beharrezkoa denean, bankuko datuak eta Gizarte Segurantzakoak, edo ondoren deskribatzen den xedea betetzeko beharrezkoak direnak.

Datuen tratamendua justifikatzen duen xedea hau da: hautapen prozedurak, mugikortasunekoak, egoera administratiboak, ziurtagiriak, edo Giza Baliabideen arloan NUPen eskumenekoak diren beste batzuk tramitatzea.

Xede horrek interes publikoa edo botere publikoa legitimatzen du, Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1 e) artikuluak ezartzen duen bezala. Hauek dira oinarri juridikoak, langileei buruzko beste arau batzuen artean: Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bategina onesten duen 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, 2015eko urriaren 30ekoa, eta Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzura dauden Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, 1993ko abuztuaren 30ekoa.

Datuak tratatzeko jarduerei dagokienez, interesdunek eskubidea dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, mugatzeko, haiei kontra egiteko eta transferitzeko. Horretarako, mezu bat bidali behar dute delegado.protecciondatos@unavarra.es helbidera, Datu Pertsonalak Babesteko Lege Organikoaren 11. artikulutik 18. artikulura bitartekoei jarraikiz. Desadostasunen bat izanez gero, Datuak Babesteko Espainiar Agentziara jo dezakete, https://www.aepd.es/ domeinuaren bidez.

Hamargarrena.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, haren oinarrien aurka eta beroriek aplikatzeko egintzen aurka, epaimahaiak egindakoak ez direnean, zilegi da ondoko errekurtsoetako bat jartzea, arau indardunekin bat etorriz:

a) Aukerako berraztertze-errekurtsoa errektorearen aurrean, hilabeteko epean, aurkatutako erabakia jakinarazi edo iragarri eta biharamunetik aurrera.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Justizia Auzitegi Gorenaren Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, aurkatutako erabakia jakinarazi edo iragarri eta biharamunetik aurrera.

Epaimahai kalifikatzaileak ematen dituen egintza eta ebazpenen kontra zilegi da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, errektoreari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

I. ERANSKINA

Gai zerrenda

1. partea.–Oinarrizko araudi orokorra.

1. gaia.–39/2015 Legea, 2015eko urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa: Atariko titulua: “Xedapen orokorrak”. I. titulua: “Prozedura administratiboan interesa dutenak”. II. titulua: “Administrazio Publikoen jarduera”. IV. titulua, I. kapitulua: “Prozeduraren bermeak” (53. artikulua).

2. gaia.–2/2018 Foru Legea, 2018ko apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa: Atariko titulua. Kontratistak. Kontratuen tipologia eta araubide juridikoa. Esleitzeko prozedura eta kontratazioa arautzen dituzten pleguak.

3. gaia.–3/2018 Lege Organikoa, 2018ko abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa. Xedapen orokorrak. Datuen babesaren printzipioak. Pertsonen eskubideak.

2. partea.–Lan arriskuen prebentzioaren kontzeptu orokorrak. Eremu juridikoa.

4. gaia.–31/1995 Legea, 1995eko azaroaren 8koa, Lan Arriskuen Prebentzioari buruzkoa: Eskubideak eta betebeharrak. Langileen eskubidea lan arriskuen aurkako babeserako. Arrisku handian dauden langileen babesa. Langileen betebeharrak. Langileen informazioa, kontsulta eta parte-hartzea.

5. gaia.–39/1997 Errege Dekretua, urtarrilaren 17koa, Prebentzio Zerbitzuen Erregelamendua onesten duena: Prebentzioaren integrazioa enpresan. Lan arriskuen prebentziorako plana. Arriskuen ebaluazioa eta prebentziozko plangintza.

6. gaia.–Enpresa jardueren koordinazioa. 171/2004 Errege Dekretua, 2004ko urtarrilaren 30ekoa, enpresa jardueren koordinazioari buruzkoa. Langile autonomoak: Eskubideak eta betebeharrak lan arriskuen prebentzioaren arloan.

7. gaia.–Amatasunaren babesa lan arriskuen aurka. Indarrean diren legeak. Amatasun egoerako lan arriskuen kudeaketa. Laneko arriskuak ebaluatzeko eta amatasuna babesteko jarraibideak, Laneko Segurtasuneko eta Osasuneko Institutu Nazionalarenak.

8. gaia.–Babes-ekipo indibidualen erabilera: Kontzeptua eta babes-ekipo indibidualak lanean erabiltzeko lehentasuna. Babes-ekipo indibidualen motak. Europar merkatu bakarraren araudia, babes-ekipo indibidualen diseinuari eta merkaturatzeari buruzkoa. Langileek babes-ekipo indibidualak erabiltzeari buruzko segurtasuneko eta osasuneko gutxieneko xedapenei buruzko 1997ko maiatzaren 30eko 773/1997 Errege Dekretuaren aplikazioa. Babes kolektiboaren kontzeptua eta aukeratzeko irizpideak.

3. partea.–Laneko segurtasuna.

9. gaia.–Segurtasuneko arauak, prozedurak eta seinaleztapena. 485/1997 Errege Dekretua, 1997ko apirilaren 14koa, laneko segurtasuneko eta osasuneko seinaleztapenaren arloko gutxieneko xedapenei buruzkoa: Xedea, definizioak, enplegurako irizpideak eta enpresaburuaren betebeharrak.

10. gaia.–Lantokietako arriskuak. 486/1997 Errege Dekretua, 1997ko apirilaren 14koa, lantokietako segurtasuneko eta osasuneko gutxieneko xedapenak ezartzen dituena: Xedea, definizioak eta enpresaburuaren betebeharrak.

11. gaia.–Laneko ekipoen erabilera. 1215/1997 Errege Dekretua, 1997ko uztailaren 18koa, segurtasuneko eta osasuneko gutxieneko xedapenak ezartzen dituena lantokietako langileek erabil ditzaten: Xedea, definizioak, enpresaburuaren betebeharrak, ekipoak egiaztatzea. Ekipoak egokitzea. I. eranskina. Lantokietan aplikagarriak diren gutxieneko xedapenak. II. eranskina. Laneko ekipoen erabilerari buruzko xedapenak.

12. gaia.–Elektrizitateak eragindako arriskuak: Kontaktu elektrikoen motak, arku elektrikoa. 614/2001 Errege Dekretua, 2001eko ekainaren 8koa, langileen osasuna eta segurtasuna arrisku elektrikotik babesteko gutxieneko neurriei buruzkoa: Xedea, aplikazio eremua eta definizioak, enpresaburuaren betebeharrak, instalazio elektrikoak, laneko teknikak eta prozedurak.

13. gaia.–Larrialdietarako neurriak. Larrialdietako planak. Autobabeserako planak. Larrialdi egoerak sorraraz ditzaketen jardueretan aritzen diren zentro, establezimendu eta bulegoetako autobabeserako oinarrizko araua. Substantzia arriskutsuak tartean dauden istripu larrietako arriskuak kontrolatzeko neurriei buruzko araudia.

4. partea.–Higienea.

14. gaia.–Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1907/2006 (EB) Erregelamendua, 2006ko abenduaren 18koa, substantzia eta nahaste kimikoen erregistroari, ebaluazioari, baimenari eta murrizketari buruzkoa (REACH). Informazio mekanismoak: Etiketak. Segurtasun datuei buruzko fitxak. Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1272/2008 (EB) Erregelamendua, 2008ko abenduaren 16koa, substantzia eta nahasteen sailkapen, ekiketatze eta ontziratzeari buruzkoa. Produktu kimikoen arriskugarritasunaren ezaugarriak. Substantzia eta nahaste kimikoak sailkatzeko irizpideak.

15. gaia.–374/2001 Errege Dekretua, 2001eko apirilaren 6koa, langileen osasuna eta segurtasuna laneko eragile kimikoekin lotutako arriskuen aurka babesteari buruzkoa.

16. gaia.–664/1997 Errege Dekretua, 1997ko maiatzaren 12koa, langileak laneko eragile biologikoen eraginpean egotearekin lotutako arriskuen aurka babesteari buruzkoa. Eraginaren ebaluazioa eta kontrola.

17. gaia.–Lanean minbizi-eragileen pean egotearekin lotutako arriskuak. Laneko minbiziaren sortzaileak. 665/1997 Errege Dekretua, 1997ko maiatzaren 12koa, langileak laneko minbiziaren eragileen pean egotearekin lotutako arriskuen aurka babesteari buruzkoa.

5. partea.–Ergonomia eta Psikosoziologia Aplikatua.

18. gaia.–Jatorria lanean duten gaitz muskuloeskeletikoak. Arazoaren garrantzia. Arrisku faktoreak. Eraginpean egoteak eragindako kalteak. Arrisku horien prebentziozko kudeaketa.

19. gaia.–Arrisku psikosozialak. Zereginen diseinuari buruzko alderdiak. Antolaketako arrisku psikosozialen kudeaketa. Laneko estresa.

20. gaia.–Nafarroako Unibertsitate Publikoan jazarpen psikologikoko, sexu jazarpeneko eta sexuan oinarritutako jazarpeneko kasuei aurrea hartzeko, hautemateko eta jarduteko protokoloa.

Oharra: Gaiei buruz eskatuko den edukia bat etorriko da deialdi hau argitaratzen den egunean indarrean diren arauekin.

Iragarkiaren kodea: F2002379