40. ALDIZKARIA - 2020ko otsailaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

18/2020 EBAZPENA, otsailaren 14koa, Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariak emana, unibertsitateaz kanpoko irakasle funtzionarioei behin-behineko destinoak, praktiketakoak eta zerbitzu eginkizunetakoak esleitzeko jarraibideak, zuzendaritza-karguen izendapena eta irakasleen lanaldiaren murrizketak eskatzeko prozedura onesten dituena, 2020-2021 ikasturterako.

Administrazio honen menpeko ikastetxe eta programetan aurreikusitako eskolatzearen bilakaerak eta lanpostuak betetzeko deialdia ebazteak neurriak hartzera behartzen dute, unibertsitateaz kanpoko irakasle funtzionarioei, azkar eta modu eraginkorrean, 2020-2021 ikasturterako behin-behineko lanpostua esleitu ahal izateko.

Apirilaren 30eko 37/2014 Foru Dekretuaren bidez Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren unibertsitateaz kanpoko irakasleen kidegoetako lanpostuak nola bete arautzen da. Haren lehenbiziko artikuluan esaten da foru dekretu horren xedea dela Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren unibertsitateaz kanpoko irakasle kidegoei dagozkien zenbait lanpostu behin-behinekoz, behin betiko eta zerbitzu eginkizunetan betetzeko arauak finkatzea.

Foru dekretu hori betez, bidezkoa da 2020-2021 ikasturterako behin-behineko destinoak, praktiketakoak eta zerbitzu eginkizunetakoak esleitzeko jarraibideak onestea. Horrela, batetik, funtzionarioek herrian edo eskualdean segitzeko eskubidea badute, eskubide hori bermatuko zaie, eta bestetik, funtzionarioek euskaraz irakasteko konpromisoa hartu badute, konpromiso hori betetzen dela ziurtatuko da.

Beste alde batetik, uztailaren 3ko 80/2019 Foru Aginduak Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoen sarea berrantolatzen du irizpide geografiko eta demografikoen arabera, hezkuntza sistema egoki iritsiko dela toki guztietara bermatzeko.

Nafarroako Administrazio Publikoetako langile funtzionarioen lanaldi murrizketa arautzen duen apirilaren 4ko 27/2011 Foru Dekretuak (abuztuaren 23ko 72/2017 Foru Dekretuak aldatua), bere 7.6 artikuluan ezartzen du unibertsitateaz kanpoko irakasleen lanaldi murrizketa ikasturtea amaitu arte izanen dela beti, salbu eta hura emateko arrazoia lehenago bukatzen bada, eta eskatzen diren luzapenak, halakorik eskatzen bada, ikasturte osorako izanen direla.

Irakasleen lanaldi murrizketak onartzeak eragina izan dezake ikastetxeetako plantillak zehazterakoan eta, horrenbestez, zehazterakoan destinoko ikastetxetik behin-behinekoz aldarazita izatea ekar dezakeen egoera batek zer irakasle ukitzen dituen. Horregatik, komeni da plantillak eratu aurretik lanaldi murrizketak eskatzeko prozedura ezartzea, ahalik eta lekualdatze gutxien izan dadin. Lanaldi murrizketak ematerakoan lehentasuna izanen du beti ikasleek hezkuntzarako duten eskubideak.

Horiek horrela, Hezkuntza Departamentuko Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiaren azaroaren 28ko 208/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskudantziak erabiliz

EBAZTEN DUT:

1. Onestea unibertsitateaz kanpoko irakasle funtzionarioei behin-behineko destinoak, praktiketakoak eta zerbitzu eginkizunetakoak esleitzeko jarraibideak, zuzendaritza-karguen izendapena eta irakasleen lanaldiaren murrizketak eskatzeko prozedura, 2020-2021 ikasturterako, ondoren aipatzen diren oinarriekin bat etorriz:

I.–Behin-behineko destinoak, praktiketakoak eta zerbitzu eginkizunetakoak esleitzeko jarraibideak.

II.–Ikastetxe publikoetako zuzendaritza-karguen izendapena.

III.–2020-2021 ikasturterako lanaldi murrizketak eskatzeko prozedura.

2. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen honen eta bere eranskinen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, honako hauekin bat: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikulua eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluak.

4. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Idazkaritza Tekniko Nagusira, Kudeaketa Juridiko-administratiboaren Atalera, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko Lanpostuak Betetzeko Atalera, Langileen Araubide Juridikoaren Zerbitzura, Hezkuntza Baliabideen Zuzendaritza Nagusira eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, behar diren ondorioak sor ditzaten.

I.–BEHIN-BEHINEKO DESTINOAK, PRAKTIKETAKOAK ETA ZERBITZU EGINKIZUNETAKOAK ESLEITZEKO JARRAIBIDEAK

Hezkuntza Departamentuak 2020-2021 ikasturterako behin-behineko destinoak, praktiketakoak edo zerbitzu eginkizunetakoak esleituko ditu, arau hauetan ezarritako prozedurari jarraikiz:

Lehena.–Arau amankomunak.

1.–2020-2021 ikasturterako behin-behineko destinoak, praktiketakoak eta zerbitzu eginkizunetakoak aukeratzeko, honako hurrenkera honi jarraituko zaio:

1. Funtzionarioen osasun-arrazoien ondoriozko zerbitzu eginkizunak.

2. Irakastordu nahikorik ez izateagatik beren ikastetxetik aldarazitako irakasleak.

3. Euskaraz irakasteko konpromisoa betetzeko, beren ikastetxetik aldarazitako irakasleak.

4. Behin-behineko destinoa duten funtzionarioak.

5. Irakasleei adingabeko seme edo alaba zaintzeagatik eta salbuespenezko inguruabarrengatik emandako zerbitzu eginkizunak.

6. Praktiketako funtzionarioak.

7. Behin-behineko destinoarekin jardunera itzuli direnak.

8. Irakaskuntzako lanpostuetan prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangaiak.

2.–Lanpostuak aukeratzeko, baldintza izanen da behar diren espezialitatearen eta hizkuntzaren titular izatea edo egoki den lanpostua behin-behinekoz bete ahal izatea, apirilaren 30eko 37/2014 Foru Dekretuarekin bat, eta, behar izanez gero, behar den profil berariazkoa frogatzea. Beren espezialitate eta hizkuntzako lanpostu hutsik ez badago, beste lanpostu bat esleitzen ahal zaie, betiere espezialitateko titular diren irakasleei destinoa aukeratzeko lehentasuna bermatuta eta Hezkuntza Departamentuak ezartzen dituen irizpideei jarraikiz; horrela, galaraziko da irakasleak beren destinoko herritik mugitzea irakastordu nahikorik ez izateagatik ikastetxetik aldaraziak badira.

3.–Pedagogia Terapeutikoa edo Entzumena eta Hizkuntza espezialitateko titulua duten maisu-maistren kidegoko funtzionarioek aukera izanen dute Bigarren Hezkuntzako Institutuetan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Institutuetan lanpostuak eskatzeko.

4.–Euskarazko lanpostuetara jo ahal izateko, izangaiak EGA edo balio bereko titulua izan beharko du.

5.–Lanpostuak esleitzeko ekitaldiak zein egunetan eginen diren garaiz jakinaraziko da iragarkia Hezkuntza Departamentuaren web-orrian jarrita: www.educacion.navarra.es/eu.

Interesdunak edo haren ordezkari batek aukeratzen ahalko du lanpostua. Hala bada, interesdunaren eta haren ordezkariaren nortasun agiri nazionalen fotokopiak aurkeztu behar dira, bai eta ordezkatuaren idazki bat, ordezkariari baimena ematen diona ordezkapena egiteko.

Eskaintzen diren lanpostuak eta 2020-2021 ikasturtean zerbitzu eginkizunetan aritzeko behin-behineko destinoa aukeratu behar duten funtzionarioen izen-deiturak Hezkuntza Departamentuko web-orrian erakutsiko dira (www.educacion.navarra.es/eu), behar den aurrerapenarekin.

Bigarrena.–Irakastordu nahikorik ez izateagatik ikastetxetik aldarazitako irakasleak.

1.–Behin betiko destinoa duten irakasleek euren ikastetxean segituko dute 2020-2021 ikasturtean, behar adina irakastordu badute.

2.–Behin betiko destinoa duten irakasleak, 2019-2020 ikasturtean irakastordu nahikorik ez izateagatik ikastetxetik aldarazi bazituzten eta 2020-2021 ikasturtean egoera horretan segitzen badute, destinoko ikastetxean bertan egonen dira, eman dezaketen espezialitate batean behar adina irakastordu egonez gero, non eta ez duten adierazten idatziz, 2020ko apirilaren 30a baino lehen, beste irakaspostu bat aukeratu nahi dutela.

Modu berean, atal honetan ezarritakoa aplikatuko zaie bere ikastetxetik 2019-2020 ikasturtean aldarazitako irakasleei, kasu hauetan: zegoen beharra ibiltaria izanik, funtzionarioak ibiltaritza onartu ez zuenean, edo, beharra betetzeko eskakizun zehatz bat ezinbestekoa izanik, funtzionarioak eskakizun hori egiaztatu ez zuenean.

3.–Ikastetxetik aldarazitako berriak.

Behin betiko destinoa duten irakasleek, beren behin betiko destinoko ikastetxetik edo 2019-2020 ikasturtean aritu zireneko ikastetxetik aldarazi behar badituzte, hurrengo ikasturterako lanpostu bat aukeratuko dute destinoak esleitzeko ekitaldian, zehaztuko den datan.

Ikastetxetik aldarazitako berriez gain, beren lanpostua kentzeagatik behin-behineko destinoa duten irakasleek ere aukeratuko dute destinoa ekitaldi horretan.

4.–Behin betiko destinoa Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehenengo eta bigarren mailetan izan arren, irakastordu nahikorik ez izateagatik ikastetxetik aldarazitako maisu-maistren kidegoko funtzionarioei Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehenengo eta bigarren mailetako lanpostuetan behin-behineko destinoa esleitzen ahalko die Hezkuntza Departamentuak.

5.–Hezkuntza Departamentuak behin-behineko destinoa esleituko die betetzen ahal duten lanpostuetan, destinoen esleipena egin eta gero, behin betiko destinoko ikastetxetik edo 2020-2021 ikasturtean zerbitzuak eman beharreko ikastetxetik aldarazi behar diren funtzionarioei.

6.–Hezkuntza maila berean espezialitate eta hizkuntza bereko lanpostuak ikastetxe berean dituzten maisu-maistren eta Bigarren Hezkuntzako katedradunen eta irakasleen kidegoetako irakasle batzuek behin betiko destinotik behin-behineko batera joan behar baldin badute, eta horietako bakar batek ere ez badu borondatez aukeratzen lekuz aldatzea, irizpide hauek aplikatuko dira:

–Ikastetxetik aldaraztea dakarren irakastorduen murrizketa Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen eta bigarren kurtsoan bakar-bakarrik izaten bada, maisu-maistren kidegoko funtzionarioak aldaraziko dira ikastetxetik. Zeintzuk izanen diren zehazteko, oinarri honen 7. atalean kidego horretarako orokorki ezartzen diren irizpideak aplikatuko dira.

–Ikastetxetik aldaraztea dakarren irakastorduen murrizketa Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hirugarren eta laugarren kurtsoan eta/edo Batxilergoan bakar-bakarrik izaten bada, Bigarren Hezkuntzako katedradunen eta irakasleen kidegoetako funtzionarioak aldaraziko dira. Zeintzuk izanen diren zehazteko, oinarri honen 7. atalean kidego horietarako orokorki ezartzen diren irizpideak aplikatuko dira.

–Ikastetxetik aldarazteak dakarren irakastorduen murrizketa Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta/edo Batxilergoan batera izaten bada, maisu-maistren kidegoko funtzionarioak aldaraziko dira. Zeintzuk izanen diren zehazteko, oinarri honen 7. atalean kidego horretarako orokorki ezartzen diren irizpideak aplikatuko dira.

7.–Espezialitate eta hizkuntza bereko lanpostuetan aritzen diren irakasleen kasuan, erabaki behar bada behin betiko destinotik behin-behineko batera zein izanen den aldarazitakoa eta horietako bakar batek ere ez badu borondatez aukeratzen lekuz aldatzea, irizpide hauek aplikatuko dira, hurrenez hurren:

–Maisu-maistren kidegoa:

1. Ikastetxean edo eskualdean behin betiko lanpostuan etengabeko antzinatasun txikiena duena.

2. Maisu-maistren kidegoan karrerako funtzionario gisa zerbitzuak ematen benetako denbora laburrena. Kidegoan abenduaren 30eko 31/1991 Legearen hogeita bederatzigarren xedapen gehigarriari jarraikiz sartu ziren irakasleei dagokienez, maisu-maistren kidegoko karrerako funtzionario gisa zuten antzinatasunari lan-kontratudun finko gisa egiaztatua dutena gehituko zaie, lehen zerbitzu urtea kenduta.

3. Kidegoan berrikien sartu dena.

4. Kidegoan sartzeko hautapen prozeduran erdietsitako zerrenda-zenbakirik altuena edo puntuaziorik txikiena duena.

Ekainaren 5eko 1746/2008 ESD Aginduaren bidez irakasle kidegoetan sartutako langileei aurreko irizpideak aplikatzeko, kidegoan ordenatu ziren data hartuko da kontuan (aipatu ESD Aginduan ageri dena). Aipatu irizpideak aplikatuz berdinketa hautsi ezin bada, Iruñeko Udalarentzat lan-kontratudun finko gisa egindako zerbitzuak hartuko dira kontuan, lehen zerbitzu urtea kenduta.

Tokiz aldatzea eskatzen dutenak behar baino gehiago badira, hauek izanen dira lehentasun irizpideak, bata bestearen atzetik: ikastetxean edo eskualdean behin betiko lanpostuan izandako etengabeko antzinatasun handiena; berdinketarik izanez gero, maisu-maistren kidegoan karrerako funtzionario gisa zerbitzuak ematen denbora luzeena; eta, azkenik, lehenik sartu zena (urtea), eta, horren barnean, kidegoan sartzeko hautapen prozesuko puntuaziorik handiena.

–Bigarren Hezkuntzako katedradun eta irakasleen, Lanbide Heziketako irakasle teknikoen, Hizkuntza Eskola Ofizialetako katedradun eta irakasleen, Arte Plastikoetako eta Diseinuko katedradun, irakasle eta Lantegiko maisu-maistren eta Musikako eta Arte Eszenikoetako katedradun eta irakasleen kidegoak:

1. Bere kidegoan karrerako funtzionario gisa zerbitzuak ematen benetako denbora laburrena. Abenduaren 30eko 31/1991 Legearen 29. xedapen gehigarriari jarraikiz kidegoetan sartutako irakasleei dagokienez, Bigarren Hezkuntzako irakasleen eta Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoetako karrerako funtzionario gisa duten antzinatasunari lan-kontratudun finko gisa egiaztatua dutena gehituko zaie, lehen zerbitzu urtea kenduta.

Irakasle kidegoetan sartu ez diren irakasleei lan-kontratu finkoa sinatu ondoren emandako zerbitzuak konputatuko zaizkie, lehen zerbitzu urtea salbu.

2. Behin betiko destinoko lanpostuan etengabeko antzinatasun txikiena duena.

3. Kidegoan berrikien sartu dena.

4. Halakorik bada, dagokion katedradunen kidegokoa ez izatea.

5. Kidegoan sartzeko hautapen prozeduran erdietsitako puntuaziorik txikiena duena.

Ekainaren 5eko 1746/2008 ESD Aginduaren bidez irakasle kidegoetan sartutako langileei aurreko irizpideak aplikatzeko, kidegoan ordenatu ziren data hartuko da kontuan (aipatu ESD Aginduan ageri dena). Aipatu irizpideak aplikatuz berdinketa hautsi ezin bada, Iruñeko Udalarentzat lan-kontratudun finko gisa egindako zerbitzuak hartuko dira kontuan, lehen zerbitzu urtea kenduta.

Bigarren Hezkuntzako, Hizkuntza Eskola Ofizialetako eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko katedradunen kidegoetako karrerako funtzionarioei, karrerako funtzionario gisa benetan emandako zerbitzuak zehaztearren, nork bere irakasle kidegoan karrerako funtzionario gisa emandako benetako zerbitzuen denbora hartuko zaie kontuan.

Tokiz aldatzea eskatzen dutenak behar baino gehiago badira, hauek izanen dira lehentasun irizpideak, bata bestearen atzetik: benetako zerbitzu urte gehien eramatea karrerako funtzionario gisa dagokion kidegoan; berdinketarik izanez gero, antzinatasun handiena behin betiko destinoko lanpostuan, etenik gabe; hala ere berdinketarik izanez gero, egoki den katedradunen kidegoan zein urtetan sartu ziren, nor lehenago; eta, azkenik, kidegoan sartzeko hautapen prozeduran lortutako puntuazio handiena.

–Teknologia ematen duten irakasleak:

Teknologiako lanpostuak betetzen dituzten irakasleen kasuan, behin betiko destinotik behin-behineko batera zein izanen den aldarazitakoa erabaki behar bada eta horietako bakar batek ere ez badu borondatez aukeratzen lekuz aldatzea, Bigarren Hezkuntzako katedradun eta irakasleen eta Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoetarako ezarritako irizpide orokorrak aplikatuko dira, galarazi gabe kasuko espezialitatearen titular den funtzionarioari onartuko zaion lehentasuna.

8.–Lehentasun ordena.

Oinarri honetan sartzen diren langileek lanpostuak aukeratzeko hurrenkera zehazteko, honako irizpide hauei jarraituko zaie, bata bestearen jarraian aplikatuko direnak berdinketarik gertatzen bada:

1. Bere irakasle kidegoan zerbitzuak ematen denbora luzeena daramana. Abenduaren 30eko 31/1991 Legearen hogeita bederatzigarren xedapen gehigarriari jarraikiz, kidegoetan sartutako irakasleei lehenengo zerbitzu urtea kenduko zaie, praktikalditzat jotzen baita. Ondorio horietarako, 2020ko maiatzaren 1a arte emandako zerbitzuak zenbatuko dira.

Irakasle kidegoetan sartu ez diren irakasleei lan-kontratu finkoa sinatu ondoren emandako zerbitzuak konputatuko zaizkie, lehen zerbitzu urtea salbu.

2. Kidegoan antzinatasun handiena duena.

3. Maisu-maistren kidegoan sartzeko hautapen prozeduran erdietsitako zerrenda-zenbaki baxuena edo lanpostuan sartzeko hautapen prozeduran erdietsitako puntuaziorik altuena duena.

Irakaslearen espezialitateko lanpostu hutsik ez badago, beste lanpostu bat esleitzen ahalko zaio, baina irakastordu nahikorik ez izateagatik beren ikastetxetik aldarazitako irakasleek (kasuan kasuko espezialitateko titularrek) lehentasuna izanen dute destinoa aukeratzerakoan.

9.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren abuztuaren 20ko 2123/2012 Ebazpenaren bidez Hezkuntza Departamentuari atxikitako langileek, irakastordu nahikorik ez izateagatik ikastetxetik aldaraziak badira, behin-behineko destinoa duten eta kidegoan 2012ko irailaren 1a baino lehen sartu diren funtzionarioen ondoren aukeratuko dute destinoa.

Hirugarrena.–Euskaraz irakasteko konpromisoa betetzeko ikastetxetik aldarazitako irakasleak.

1.–Euskaraz irakasteko konpromisoa bete behar duten irakasleek, behin betiko destinoa izanda, beren destinoko ikastetxean berean beteko dute konpromisoa, irakats dezaketen espezialitate batean behar adina irakastordu badaude.

Maisu-maistren kidegoko funtzionarioek euskarazko lanpostuetan ere irakats dezakete. Orobat, Euskal Hizkuntzako plazak aukeratzen ahalko dituzte Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen eta bigarren kurtsoetan, behin betiko destinoa kurtso horietan badute. Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoko funtzionarioek A ereduan ematen ahalko dute eskola Euskal Hizkuntza eta Literaturako lanpostuetan.

2.–Behin betiko destinoko irakasleek, 2019-2020 ikasturtean konpromiso hori betetzeko aldarazi bazituzten eta egoera horretan segitzen badute, ikastetxe berean segituko dute, irakasten ahal duten espezialitate batean behar adina irakastordu egonez gero, non eta ez duten adierazten, idatziz, 2020ko apirilaren 30a baino lehen, beste lanpostu bat aukeratu nahi dutela.

3.–Konpromiso hori hartzen duten irakasleak, behin betiko destinoa badute eta beren ikastetxean berean betetzerik ez badute, ikastetxetik aldaraziak izanen dira. Ikastetxetik aldarazitako irakasleek destinoak esleitzeko berariaz deitutako ekitaldi batean aukeratuko dute hurrengo ikasturterako lanpostu berria.

4.–Lehentasun ordena.

Euskaraz irakasteko konpromisoa betetzeko beren ikastetxeetatik aldarazitako irakasleek lanpostuak aukeratzeko hurrenkera zehazterakoan, honako irizpide hauei jarraituko zaie, bata bestearen jarraian aplikatuko direnak berdinketarik gertatzen bada:

1. Euskaraz irakasteko konpromisoaren antzinatasunik handiena.

2. Beraiei dagokien kidegoan zerbitzuak ematen denbora luzeena daramana. Abenduaren 30eko 31/1991 Legearen hogeita bederatzigarren xedapen gehigarriari jarraikiz kidegoetan sartutako irakasleei lehenengo zerbitzu urtea kenduko zaie, praktikalditzat jotzen baita. Ondorio horietarako, 2020ko maiatzaren 1a arte emandako zerbitzuak zenbatuko dira.

3. Kidegoan antzinatasun handiena duena.

4. Maisu-maistren kidegoan sartzeko hautapen prozeduran erdietsitako zerrenda-zenbaki baxuena edo lanpostuan sartzeko hautapen prozeduran erdietsitako puntuaziorik altuena duena.

Laugarrena.–Behin-behineko destinoak eta praktiketakoak esleitzea.

Behin-behineko destinoa duten irakasleek eta praktiketako funtzionarioek, baldin eta ondoko kidego hauetakoak badira, destino berria aukeratu beharko dute 2020-2021 ikasturterako, horretarako eginen den ekitaldian: Maisu-maistren kidegoa, Bigarren Hezkuntzako katedradunen eta irakasleen kidegoa, Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoa, Hizkuntza Eskola Ofizialetako katedradunen eta irakasleen kidegoa, Musikako eta Arte Eszenikoetako katedradunen eta irakasleen kidegoa eta Arte Plastikoetako edo Diseinuko katedradunen, irakasleen eta lantegiko maisu-maistren kidegoa.

Behin-behineko destinoak ondotik aipatzen diren irakasleek aukeratuko dituzte, hurrenkera honi jarraikiz:

1. 2019-2020 ikasturtean behin-behineko destinoa duten irakasle kidegoetako funtzionarioak eta praktikaldian “gai” kalifikazioa jaso duten langileak, Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak urriaren 24ko 3615/2019 Ebazpenaren bidez deitutako lekualdatze lehiaketan behin betiko destinoa lortu dutenak izan ezik.

Langile horien hurrenkera-zerrenda prestatzeko, Hezkuntza Departamentuaren Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak urriaren 24ko 3615/2019 Ebazpenaren bidez deitutako lekualdatze lehiaketan erdietsitako puntuazioari jarraikiko zaio.

Apirilaren 30eko 37/2014 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat, langileek zerbitzuak dituen beharren arabera aukeratuko dute destinoa, hautapen prozeduran zer gainditu duten, kidego, espezialitate eta hizkuntza horietako lanpostu hutsetan edo aldi baterako ordezkapenetan. Horrelakorik ezean, kidego bereko edo beste irakasle kidego batzuetako antzeko espezialitateetan aukeratuko dute.

Aurreko atalean xedatutakoa galarazi gabe, ingeleseko, frantseseko eta alemaneko espezialitateetako funtzionarioei beste espezialitate batzuetako lanpostu batzuk esleitzen ahal zaizkie, beren hizkuntza espezialitateko hizkuntza eskakizuna dutenak, atzerriko hizkuntzak ikasteko ikastetxeetan, betiere behar den espezialitatearen titular badira, edo hartaz jabetzen badira, edo apirilaren 30eko 37/2014 Foru Dekretuaren lehenbiziko xedapen iragankorreko 2. apartatuan ezarritako baldintzak betetzen badituzte, eta behar den hizkuntza-egiaztagiria badute.

Bigarren Hezkuntzako katedradunen eta irakasleen eta Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoetako karrerako funtzionarioek esparrurako osoa den lanpostua aukeratzen badute destinoak esleitzeko ekitaldian, halaxe adieraziko da zerbitzu orrian, ondorio guztietarako.

2. Praktiketako funtzionarioak:

funtzionario horiek zerbitzuko beharren arabera aukeratuko dute destinoa, zein kidego, espezialitate edo hizkuntzatarako izan ziren hautatuak, haietako lanpostu hutsetan edo aldi baterako ordezkapenetan; bestela, kidego bereko edo beste irakasle kidego batzuetako dagokion antzeko espezialitateetan, dagokion profilarekin, hautapen prozeduran guztira ateratako puntuazioa kontuan hartuta.

Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegora igotzeko prozeduraren bidez hautatzen diren izangaiek, baldin eta praktikaldia egitea hautatzen badute, lehentasuna izanen dute destinoak lortzerakoan, deialdi honetako lanpostuetan sartzeko prozedura librerako izangaien aurretik, eta esleipen hori hautapen prozeduretan lortutako puntuazioari jarraikiz eginen da.

3. Behin betiko destinoa galtzea zekarren egoera administratibo batetik etorri diren eta jarduneko zerbitzura itzultzea eskatu duten irakasle kidegoetako funtzionarioak, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren urriaren 24ko 3615/2019 Ebazpenaren bidez onetsitako lekualdatze lehiaketan behin betiko destinoa eskuratu dutenak izan ezik:

Langile horiek kidegoan duten antzinatasunaren arabera agertuko dira zerrendan, handienetik txikienera. Ondorio horietarako, 2020ko maiatzaren 1a arte emandako zerbitzuak zenbatuko dira. Berdinketarik izanez gero, lehentasuna izanen du hautapen prozeduran zerrenda-zenbaki baxuena edo kidegoan sartzeko hautapen prozeduran puntuaziorik altuena lortu duen funtzionarioak.

Funtzionarioak lehentasunezko eskubideen titular badira, kontuan hartuko zaizkie.

Bosgarrena.–Zerbitzu eginkizunetako destinoen esleipena.

1. Zerbitzu eginkizunen arrazoiak:

Galarazi gabe apirilaren 30eko 37/2014 Foru Dekretuaren 2. eta 3. artikuluak, eta haren 4. artikuluarekin bat, Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuak 2020-2021 ikasturterako zerbitzu eginkizunak esleitzen ahal dizkie aipatutako departamentuaren menpe dauden –egitura organikoaren eta eginkizunen ondorioetarako– unibertsitateaz kanpoko irakasleen kidegoetako karrerako funtzionarioei, kasu hauetan:

a) Antolamendu arrazoiengatik, Hezkuntza Departamentuak proposaturik:

–Ikastetxeetan edo baliabideen zentroetan irakaskuntzako zuzendaritza karguak betetzeko.

–Ikastetxe berrietan.

–Atzerriko hizkuntzak ikasteko programak dituzten ikastetxeetan eta Goi Mailako Musika Kontserbatorioan, nahikoa irakaslerik ez dagoen bitartean ikastetxean behin betiko destinoa duenik, behar diren irakasgaiak emateko gauza.

–Langileria behar bereziak betetzeko. Behar horiek egoki justifikatuko dira, dagokion arloaren araberako organo eskudunaren txostenaren bidez.

b) Interesdunek eskatutako zerbitzu eginkizunak.

–Funtzionarioen osasun arrazoiengatik.

–Toki korporazio bateko kide izateagatik ikastetxe batean irakasle jarduteagatik.

–Seme-alaba adingabeak zaintzeagatik eta salbuespeneko inguruabarrengatik.

c) Zerbitzu eginkizun gurutzatuak.

2. Interesdunek bete beharreko baldintzak:

Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuak zerbitzu eginkizunak esleitzen ahal dizkie, 2020-2021 ikasturterako, unibertsitateaz kanpoko irakasleen kidegoetako karrerako funtzionarioei, baldintza hauek betetzen badituzte:

–Hezkuntza Departamentuaren menpeko irakasle funtzionarioak izatea, 2020ko irailaren 1ean jarduneko zerbitzuaren egoeran dagoena eta ez edukitzea emanda beste zerbitzu eginkizun bat 2020-2021 ikasturterako.

3. Zerbitzu eginkizunen araubidea:

Zerbitzu eginkizunak emateko ezinbestekoa izanen da esleitutako ikastetxean kasuan kasuko espezialitatean eta hizkuntzan lanpostu hutsen bat izatea, 2020-2021 ikasturterako hezkuntza plangintzaren arabera aurreikusitako beharrak zein diren zehaztu ondoren.

Seigarrena.–Antolamendu arrazoiengatik emandako zerbitzu eginkizunak.

Zerbitzu eginkizun horiek ikastetxe zehatz batean aritzeko eta Hezkuntza Departamentuko zerbitzuek proposamen arrazoitua egin ondoren baizik ez dira emanen, aurreko arauan azaldutako arrazoiengatik.

Apirilaren 8a baino lehen, zerbitzu eginkizunak zein lanpostutarako eskatu diren, haietako arduradunek proposatutako zerbitzu eginkizunen zerrenda bakarra bidali beharko diote Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuari, zerbitzu eginkizun horiek hartuko dituzten interesdunen adostasuna erantsiz.

Atal honetan adierazitako epeaz kanpo proposatzen diren zerbitzu eginkizunak besterik gabe ezetsiko dira, non eta salbuespenezko inguruabarrak gertatzen ez diren.

Zazpigarrena.–Interesdunek eskatutako zerbitzu eginkizunak.

7.1. Toki korporazio bateko kide izateagatik ikastetxe batean irakasle jarduteko zerbitzu eginkizunak.

2019-2020 ikasturtean toki korporazio bateko kide izateagatik zerbitzu eginkizunetan aritu diren irakasleek 2020-2021 ikasturtean egoera horretan segitzen badute, 7.6 atalean ezarritako epean eskatu beharko dute 2020-2021 ikasturtean ere zerbitzu eginkizunetan aritzeko, eta oraindik toki korporazio bateko kideak direla frogatu agirien bidez. Eskaera onartzen bazaie, langile horiek destinoko ikastetxe berean jarraituko dute zerbitzu eginkizunetan, irakasten ahal duten espezialitate batean behar adina irakastordu egonez gero, non eta ez duten adierazten, zerbitzu eginkizunetarako eskaeran, beste lanpostu bat aukeratu nahi dutela.

Halaber, 2020-2021 ikasturtean toki korporazio bateko kide izanen denak eskatzen ahalko ditu zerbitzu eginkizunak.

Zerbitzu eginkizun hauek onartzeko edo ukatzeko, kontuan hartuko da 2020-2021 ikasturterako funtzionarioaren destinoko ikastetxearen eta toki korporazioko herriaren arteko distantzia.

Arrazoi hori dela medio ematen diren zerbitzu eginkizunak ikastetxe zehatz batean aritzeko esleituko zaizkio, kontuan harturik zer herritakoa den korporazioa.

7.2. Eskaera egin duen funtzionarioaren osasun arrazoiak:

Osasun arrazoien ondoriozko zerbitzu eginkizunak emateko, laneko arriskuei aurrea hartzeko araudiari jarraituko zaio.

Zerbitzu eginkizun horiek eskatzen dituzten funtzionarioek medikuaren agiri eguneratua erantsi beharko diote eskaerari, azaltzeko zer egoerarengatik eskatzen diren. Egiaztagiri medikoa gutun-azal itxian aurkeztu beharko da.

Gero, Hezkuntza Departamentuko Laneko Arriskuen Prebentziorako Ataleko fakultatiboek peritu-txostena eginen dute, ebazpen honen 7.7 oinarrian aurreikusten den ebaluazio batzordeari bidaliko zaiona, eskatu diren zerbitzu eginkizunei buruzko ebazpena eman dezan.

7.3. Seme-alaba adingabeak zaintzeagatik.

Adingabeko seme edo alaba bat zaintzen duen irakasle funtzionarioek zerbitzu eginkizunak eskatzen ahalko dituzte, semea edo alaba 2016ko abenduaren 31tik aurrera jaio bada eta funtzionarioak honako baldintza hauek betetzen baditu:

–Hezkuntza Departamentuaren mendeko ikastetxe publiko batean behin betiko destinoa izatea.

–Irakasleak helbidea duen Nafarroako Foru Komunitateko herria 50 kilometrora egotea, gutxienez, behin betiko destinoko ikastetxearen herritik.

–Ezkontidea edo izatezko bikotekidea lanean aritzea, edo eskatzailea adingabea zaintzen duen bakarra izatea.

Zerbitzu eginkizunak eskatzen dituzten funtzionarioek honako agiri hauek erantsi beharko dizkiote eskaerari: familia liburuaren fotokopia, eskatzaileak 2019ko abenduaren 31n helbidea zer herritan duen frogatzen duen errolda-ziurtagiria eta beste gurasoa 2020ko irailaren 1ean lanean ari dela edo arituko dela edo adingabea zaintzen duen bakarra eskatzailea dela adierazten duen zinpeko aitorpena.

Alegatutako datuak faltsuak badira, eman diren zerbitzu eginkizunak deuseztatu eginen dira, eska dakizkiokeen erantzukizunak galarazi gabe, hala behar denean.

7.4. Salbuespeneko inguruabarrak:

Eskatzailearen ezkontidearen, aurrekoen edo ondorengoen eritasun larriagatik edo mendekotasun handiagatik, eta eri hori behar bezala zaintzerik ez denean funtzionarioaren destinoko herritik.

Gorabehera hori frogatzen duten egiaztagiri mediko gaurkotuak alde batera utzita, eskatzaileak bi ziurtagiri ekarri beharko ditu: bata, zerbitzu eginkizunak zer herritan eskatu, eria hartan bizi dela frogatzen duena, eta bestea, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek edo Osasun Etxeetako gizarte langileek emandakoa, eria eskatzaileak zaindu behar duela frogatzen duena eta eskatzaileak zaindu behar duen pertsonaren mendekotasun maila agertzen duena.

Eskaeran alegatutako datuak faltsuak badira, eman diren zerbitzu eginkizunak deuseztatu eginen dira, eska dakizkiokeen erantzukizunak galarazi gabe, hala behar denean.

Salbuespeneko inguruabar horiengatik subjektu eragile bakoitzeko ondoz ondoko lau ikasturte akademikorako esleitzen ahalko da zerbitzu eginkizunetarako destinoa, gehienez ere.

7.5. Ikastetxe zehatz baterako zerbitzu eginkizunak onartuko dira kargu hautetsia izatearen ondoriozko kasuetan, eta, orobat, 7.7 atalean aurreikusitako ebaluazio batzordeak hala erabakitzen duenean, osasun arrazoien ondoriozko kasuetarako eta salbuespenezko inguruabarren ondoriozko kasuetarako.

Gainerako zerbitzu eginkizunen kasuan, funtzionarioek lehen oinarrian ezartzen den hurrenkeran aukeratuko dute destinoa. Orobat, destinoa aukeratzeko hurrenkera atal bakoitzean zehazteko, honako irizpide hauei jarraituko zaie, bata bestearen ondoren aplikatuko baitira berdinketarik gertatzen bada:

1. Bere irakasle kidegoan zerbitzuak ematen denbora gehien duena. 1992 ekitaldiko Estatuko aurrekontu orokorrei buruzko abenduaren 30eko 31/1991 Legearen hogeita bederatzigarren xedapen gehigarriari jarraikiz, kidegoetan sartutako irakasleei lehenbiziko zerbitzu urtea kenduko zaie, praktikalditzat jotzen baita.

Irakasle kidegoetan sartu ez diren irakasleei lan-kontratu finkoa sinatu ondoren emandako zerbitzuak zenbatuko zaizkie, lehen zerbitzu urtea salbu.

2. Kidegoan antzinatasun handiena duena.

3. Maisu-maistren kidegoan sartzeko hautapen prozeduran erdietsitako zerrenda-zenbaki baxuena edo lanpostuan sartzeko hautapen prozeduran erdietsitako puntuaziorik altuena duena.

Osasun arrazoien eta salbuespeneko inguruabarren ondoriozko zerbitzu eginkizunetan, Ebaluazio Batzordeak zilegi izanen du baldintzak ezartzea edo eskatzaileak lanpostuak esleitzeko ekitaldian zer lanpostu aukeratzen ahalko dituen erabakitzea.

7.6. Zerbitzu eginkizunetan aritzeko eskaerak:

Eskaerak ebazpen honen I. eranskinean argitaratzen den ereduaren araberakoak izanen dira, eta ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hamar egun balioduneko epean aurkeztu beharko dira, ondoko toki hauetakoren batean: Hezkuntza Departamentuan (San Domingo kalea z.g. Iruña), Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean, Nafarroako Gobernuaren gainerako erregistro bulegoetan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan adierazitako bideren bat erabiliz.

Halaber, eta seme-alabak zaintzeagatik ematen diren zerbitzu eginkizunetarako soilik, Hezkuntza Departamentuaren Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak urriaren 24ko 3615/2019 Ebazpenaren bidez deitutako lekualdatze lehiaketan parte hartu duten funtzionarioek eta aurreko atalean ezarritako epea bukatu ondoren jaio den semea edo alaba dutenek hiru egun balioduneko epean aurkezten ahalko dute zerbitzu eginkizunetarako eskaera, behin lekualdatze lehiaketaren deialdiaren behin betiko esleipena onesten duen ebazpena Hezkuntza Departamentuko iragarki-taulan eta web-orrian (www.educacion.navarra.es/eu) argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Ezarritako epeez kanpo aurkeztutako eskaerak ez dira baloratuko.

7.7. Ebaluazio batzordea:

Osasun arrazoien eta salbuespeneko inguruabarren ondoriozko zerbitzu eginkizunen eskaerak kide hauek osatutako batzordeak ebatziko ditu:

Batzordeko burua: Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusia edo horrek eskuordetzen duen pertsona.

Batzordekidea: Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuko zuzendaria edo horrek eskuordetzen duen pertsona.

Batzordekidea: Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiari atxikitako funtzionario bat.

Batzordekideak: hiru ordezkari, unibertsitateaz kanpoko irakasleen batzorderako azken hauteskunde sindikaletan boto gehien lortu zuten hiru sindikatuek izendatuak (bat sindikatu bakoitzeko).

Idazkaria: Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko funtzionario bat.

Batzordeak aholkulari espezialistak ekartzea proposatzen ahalko du, haien eskumeneko arloen balorazioa egin dezaten, batez ere salbuespeneko inguruabarren ondoriozko zerbitzu eginkizunak emateko. Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariak izendatuko ditu aholkulari horiek.

Eskatutako zerbitzu eginkizunei buruz Batzorde horrek hartzen dituen erabakiak Hezkuntza Departamentuaren iragarki-taulan eta Hezkuntza Departamentuaren web-orrian (www.educacion.navarra.es/eu) argitaratuko dira. Erabaki horien kontra interesdunek erreklamazioak egin ditzakete, 3 egun balioduneko epean. Erreklamazioak ebatzi ondoren, proposatutako zerbitzu eginkizunen behin betiko zerrenda argitaratuko da eta Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuari igorriko zaio, baimena eman dezan.

7.8. Eskatutako zerbitzu eginkizunei uko egitea.

Interesdunek uko egiten ahalko diote zerbitzu eginkizunen eskaerari, epe hauen barruan soilik:

–Eskaerak aurkezteko epean.

–Hiru egun balioduneko epean, ebaluazio batzordeak proposatutako zerbitzu eginkizunen behin-behineko zerrenda argitaratu eta biharamunetik hasita.

–Seme-alaba adingabeak zaintzeagatik emandako zerbitzu eginkizunetan, hiru egun balioduneko epean, lekualdatze lehiaketaren deialdiaren behin betiko esleipena onesten duen ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita.

Epe horiek bukatutakoan, beste lanpostu bat zerbitzu eginkizunetan betetzeko aukeratzen diren funtzionarioen ukoak baino ez dira onartuko.

Behin zerbitzu eginkizunak emanda, ez dago haiei uko egiterik, eta funtzionarioa dagoen lanpostua eskainiko da 2020-2021 ikasturtean funtzionarioek edo aldi baterako lan-kontratudunek bete dezaten, zerbitzuaren beharren arabera. Seme-alaba adingabeak zaintzeagatik emandako zerbitzu eginkizunetan eta salbuespeneko inguruabarren ondoriozkoetan, eskatzailearen lanpostua betetzea lanpostuak aukeratzeko ekitaldian destinoa benetan aukeratzearen baldintzapean egonen da.

Zortzigarrena.–Zerbitzu eginkizun gurutzatuak.

Salbuespenez, behin betiko destinoen arteko zerbitzu eginkizun gurutzatuak baimentzen ahal zaizkie egitura organikoaren eta eginkizunen ondorioetarako Hezkuntza Departamentuaren menpe dauden irakasle funtzionarioei, urriaren 29ko 1364/2010 Errege Dekretuaren seigarren xedapen gehigarrian ezarritako inguruabarrak gertatzen direnean, salbu arau horren 1.b) atalean aurreikusitakoa (errege dekretu horren bidez arautu ziren Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan adierazitako irakasleen kidegoetako funtzionarioen Estatuko lekualdatze lehiaketak eta haiek bete beharreko lanpostuak betetzeko beste prozedura batzuk).

Arrazoi horrengatik funtzionarioei onartzen zaizkien zerbitzu eginkizunak ondoz ondoko bi ikasturterako izanen dira gehienez.

Bederatzigarrena.–Zerbitzu eginkizun hauek ez dira bateragarriak maiatzaren 14ko 39/2014 Foru Dekretuan ezarritako baimenekin (haren bidez Nafarroako Administrazio Publikoetan enplegua banatzeko neurriak ezarri ziren).

Antolamendu arrazoien ondoriozko zerbitzu eginkizunak, zerbitzu eginkizun gurutzatuak, toki korporazio bateko kide izatearen ondoriozko zerbitzu eginkizunak eta prestakuntzarako zerbitzu bereziak bateraezinak dira maiatzaren 14ko 39/2014 Foru Dekretuan aurreikusitako baimenekin (haren bidez Nafarroako Administrazio Publikoetan enplegua banatzeko neurriak ezarri ziren).

Horrenbestez, funtzionarioak horrelako baimenen bat esleiturik badu baina oraindik hasi ez baldin bada, baimenari uko egin beharko dio, baldin eta antolamendu arrazoien ondoriozko zerbitzu eginkizunak esleitzea nahi badu, edo zerbitzu eginkizun gurutzatuak edo prestakuntzarako zerbitzu bereziak esleitzea. Orobat, funtzionarioek jadanik baldin badute 2020-2021 ikasturterako zerbitzu eginkizunik, edo 2020-2021 ikasturtean jadanik zerbitzu eginkizunak betetzen ari badira (aurreko paragrafoko kasuetako batean), edo zerbitzu bereziak, eta aipatutako baimenetako bat eskatzen badute, ukatu eginen zaie.

Hamargarrena.–Esleitutako destinoak argitaratzea

Ebazpen honetan aipatzen diren funtzionarioei esleitutako destinoak Hezkuntza Departamentuaren web-orrian (www.educacion.navarra.es/eu) argitaratuko dira, 2020-2021 ikasturterako destinoak esleitu eta gero. Halaber, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariak horretarako ebazpena emanen du. Ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, interesdunei banan-banan egin beharreko jakinarazpena ordezteko.

II.–IKASTETXE PUBLIKOETAKO ZUZENDARITZA-KARGUEN IZENDAPENA

2020ko maiatzaren 1a baino lehen, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak Aldi Baterako Langileak Kudeatzeko Zerbitzuari igorriko dio ikastetxeetako zuzendaritza-karguak salbuespenez betetzeko proposatutako langileen zerrenda, eta bertan adieraziko da proposatutako funtzionarioek zer ikastetxetan duten lanpostua eta zer ikastetxeren zuzendaritza-kargurako proposatzen diren.

Zuzendaritza-taldeen izendapena ikastetxeko zuzendaria izendatzen den epe bererako eginen da, eta, betiere, zuzendaritza-taldeko gainerako kideen izendapen hori kargualdia bitartean haiek betetzeko moduko lanpostu hutsak egotearen baldintzapean izanen da, ikasturte bakoitzeko hezkuntza-plangintzaren arabera.

III.–IRAKASLE FUNTZIONARIOEK, LAN-KONTRATADUN FINKOEK ETA LAN-KONTRATU MUGAGABEA DUTENEK LANALDI MURRIZKETAK ESKATZEKO PROZEDURA
2020-2021 IKASTURTERAKO

Hezkuntza Departamentuaren zerbitzuko unibertsitateaz kanpoko irakasleek lanaldia heren bat, bi bosten, erdia, bi heren edo %45 murrizteko eskaera egiten ahalko dute, betiere apirilaren 4ko 27/2011 Foru Dekretuan azaltzen diren kasuetako batean eta baldintzetan badaude (dekretu horrek Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzioarioen lanaldi murrizketa arautzen du).

Egitura organikoaren eta eginkizunen ondorioetarako Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren mende dauden unibertsitateaz kanpoko irakasle funtzionarioen, lan-kontratadun finkoen eta lan-kontratu mugagabea dutenen kasuan, 2020-2021 ikasturterako lanaldi murrizketa bat edo lanaldi murrizketa baten luzapena eskatu nahi izanez gero, Langileen Araubide Juridikoaren Zerbitzuari jakinarazi beharko diote, 2020ko apirilaren 8a baino lehen.

Egun horren ondotik beste destino bat lortzen dutenek lanaldi murrizketa bat edo lanaldi murrizketa baten luzapena eskatzen ahalko dute hiru egun balioduneko epean, behin Hezkuntza Departamentuaren iragarki taulan eta web-orrian lekualdatze lehiaketa behin betiko ebatziko duen ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita. Epe berean uko egiten ahalko zaio 2020ko apirilaren 8a baino lehen aurkeztutako eskaerari, halakorik aurkeztu bada.

Halaber, lanpostuen esleipenean destinoa lortzen duten irakasleek lanaldi murrizketa bat edo murrizketa baten luzapena eskatzen ahalko dute hiru egun balioduneko epean, behin 2020-2021 ikasturterako destinoen esleipena egin eta biharamunetik hasita. Epe berean uko egiten ahalko zaio 2020ko apirilaren 8a baino lehen aurkeztutako eskaerari, halakorik aurkeztu bada.

Lanaldi murrizketa bat edo lanaldi murrizketa baten luzapena eskatzeko, ebazpen honen II. eranskineko ereduaren araberako eskaera bete beharko da.

Epe horietako batean eskatzen diren lanaldi murrizketak 2020ko irailaren 1etik 2021eko abuztuaren 31ra bitarterako emanen dira, salbu eta murrizketarako arrazoia epe laburragoan bukatzen bada.

Ebazpen honetan ezarritako epez kanpo eskatzen diren lanaldi murrizketak ez dira baliatzen hasiko harik eta lanaldi murrizketaren baimena jakinarazten den eguna arte, zeina arauz ezarritako epean jakinaraziko baitzaie.

Kasu guztietan, aurreko paragrafoan adierazitako lanaldi murrizketak 2021eko abuztuaren 31ra arte emanen dira, salbu eta murrizketarako arrazoia epe laburragoan bukatzen bada.

Oinarri honetan ezarritako prozedura ez da aplikatuko lanaldia 1/6, 1/8 eta 1/4 murrizteko irakasleek egindako eskaeretan, lanaldi murrizketa horiek emateak ez baitakar ordezkapenik.

Iruñean, 2020ko otsailaren 14an.–Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendaria, Amalia Cuartero Arteta.

I. ERANSKINA

Unibertsitateaz kanpoko irakasle funtzionarioen zerbitzu eginkizunen eskaera (PDFa).

II. ERANSKINA

Unibertsitateaz kanpoko irakasle funtzionarioen, lan-kontratadun finkoen eta lan-kontratu mugagabea dutenen lanaldi murrizketarako eskaera (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2002478