4. ALDIZKARIA - 2020ko urtarrilaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

186/2019 FORU AGINDUA, azaroaren 20koa, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak emana, lehiaketa honen deialdia eta oinarri arautzaileak onesten dituena: Nafarroako Foru Komunitatean irrati-difusio digital eta autonomikoaren bidez ikus-entzunezko komunikazio zerbitzua emateko sei lizentziatarako lehiaketa.

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren 2019ko apirilaren 30eko 107/2019 eta 2019ko maiatzaren 6ko 110/2019 epaien bidez ebatzi dira Federación de Asociaciones Culturales Radiotelevisión Adventista España elkarteak eta Logondi Comunicación SL merkataritza sozietateak sustatutako errekurtsoak, Foru Administrazioa kondenatu dutenak irrati-difusio soinudun eta digital bidez ikus-entzunezko zerbitzuak emateko lizentzien lehiaketa publikoaren deialdia egitera.

Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariaren ekainaren 3ko 31/2019 Foru Aginduaren bidez betearazi ziren Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren irrati-difusio soinudun eta digitaleko lizentzien arloko bi epai horiek, eta Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako zuzendari nagusiari agindu zitzaion Foru Komunitateari esleitutako irrati digitalaren plangintza osoa jasotzen duen lehiaketa baterako deialdia egiteko.

Irratiko lizentzia digitalen berezitasunarekin bat etorriz, telebista digitalekoekin gertatzen den bezala, Foru Administrazio honek berak telebistako lizentziak banatzeko lehiaketarako deialdia egin baitu hainbat aldiz azken bi hamarkada hauetan, komeni da epaien betearazpena lizentzia lehiaketako bi espedienteren bidez egitea: espediente batean lizentzia autonomikoak deituko dituen lehiaketa, eta, bestean, tokiko eremuan eskuragarri dauden lizentziak.

Foru agindu honen xedea da planteatutako bi lehiaketetatik lehenaren deialdia onestea, hau da, irrati digitalaren lizentzia autonomikoak emateko deialdia.

Lizentzia horiek emateko aplikatu beharreko arauak honako hauek dira: alde batetik, oinarrizko araudia, hau da, Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko martxoaren 31ko 7/2010 Lege Orokorra; eta, bestetik, lege horren Nafarroako erregelamenduzko garapena, hots, Nafarroako Foru Komunitateko ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuei buruzko urtarrilaren 25eko 5/2012 Foru Dekretua.

Bi arau horiek ikus-entzunezko lizentziak emateko prozedura ezartzen dute, lehiaketa publiko baten bidez egin beharko dena, baita aurkezten diren eskaintzak baloratzeko baremo batzuk ere. Baremo horiek dagoeneko egituratuta daude foru araudian.

Irrati digitalerako irrati maiztasunen espektroaren erabilgarritasuna ekainaren 10eko 802/2011 Errege Dekretuan zehazten da. Errege dekretu horrek lurreko irrati difusio soinudun eta digitalaren plan tekniko nazionala aldatzen du, uztailaren 23ko 1287/1999 Errege Dekretuaren bidez onartutakoa. Nafarroan, bi multzo gordetzen dira eta horietako bakoitzean irratiko sei programa eman daitezke aldi berean. Lehen multzoak (FU-NAV sarea) aukera ematen du programak maiztasun bakar batean emateko Foru Komunitate osoan. Bigarren multzoak (MF-NAV sarea) bide ematen du mugatutako lurraldean maiztasun anitzeko emisioa egiteko, eta, horri esker, igorleak lurralde mailako deskonexioak egin ditzake.

Nolanahi ere, MF-NAV sare horren maiztasunen tartearen deskonexio eremua probintzia edota uhartea da, halaxe ezarri baita Plan Tekniko Nazionalaren beraren 1.2 artikuluan:

“195-216 MHz bitarteko bandan dauden maiztasun multzoak probintziako edo, hala badagokio, uharteko maiztasun bakarreko sareetarako erabiliko dira, batez ere. Horiek elkartuta sortuko dira maiztasun anitzeko sareak, nazionalak zein autonomikoak. Espektroan sobera den tartea, tokiko estaldurarako erabiliko da”.

Oinarrizko plangintzan ere bi eremu horiek aipatzen dira, probintziakoa eta uhartekoa, 3.2.b) artikuluan irrati digitalaren estaldura helburuak zehazten direnean:

“b) Autonomia erkidego bakoitzean, plan tekniko honen III. eranskinean zehaztu diren maiztasun multzoak, autonomia erkidegoetako frekuentzia anitzen sareetan txertatzen diren probintziako edo, hala badagokio, uharteko maiztasun bakarreko sareetan, lurralde deskonexioak egiteko gaitasuna duten eskualdeko programetarako. Sare horiek III. eranskinean zehaztutako izenarekin identifikatzen dira”.

Hau da, estatuko planean ez da aurreikusi probintzia bakarreko erkidegoetan –Nafarroan, esaterako– aplika daitekeenik deskonexio estaldurako eremurik. Hori dela eta, ikuspuntu teknikotik eta juridikotik, Estatuko Administrazio Orokorrari kontsulta egin zaio, argitu dezan itxurazko kontraesan hori. Nolanahi ere, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiak betearazteko espediente hau izapidetzean, ez da jaso haren erantzunik. Horrenbestez, FU-NAV sarea multzoko sei zerbitzu lizentzietara, Foru Komunitate guztirako frekuentzia bakarrekoetara mugatu behar da irrati digital eta autonomikorako lizentzien lehiaketaren xedea.

Nafarroako Foru Komunitateko ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuei buruzko urtarrilaren 25eko 5/2012 Foru Dekretuak ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuen arloan eskumena duen departamentuko titularraren esku uzten du ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuaren lizentziak emateko lehiaketa publikoaren deialdia egitea. Legegintzaldi honetan (2019-2023), Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuak du eskumen hori, halaxe ezarri baitu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretuak.

Foru Administrazioak zenbait lehiaketa deitu ditu azken urteotan maiztasun modulatuko irrati analogikoaren arloan. Lehiaketa horiek arautzen dituzten oinarrien ildokoak prestatu dira hizpide dugun deialdi honetarako. Foru araudian ezarritako arauei leial zaizkien irizpideak erabili dira, eta balorazio mahai plural eta erabat tekniko bat ezarri da (bost enplegatu publikok osatua), baita emisioak hasteko epe bat ere. Horrela, emititzen hasteko epea betetzen ez bada, lizentzia ezezta daiteke. Modu honetan saihestu nahi da emisio baimenen erabilera espekulatiboa, teknologia hau ez baitago aski ezarria Foru Komunitatean, ezta Espainian ere.

Aitzitik, irrati analogikoaren lizentzien azken lehiaketa dela-eta, azpimarratu behar da ulertzekoa dela lurreko irrati soinudun eta digitalen lizentzien kasuan ez daukala zentzurik balorazio irizpide hau aplikatzea: “eremuan emititzeko irrati lizentzia ez daukaten emisoreen eta kateen sarrera”, irrati digitalaren espektrorik edo eskaintzarik ez dagoelako, eta hura estaltzen hasiko delako Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren arestian aipatutako epaiak betetzeko deitutako lehiaketak ebazten direnean.

Lehenago egindako irrati lizentzien lehiaketen aldean, beste aldaketa bat egin da, aplikatzekoa den foru araudiak ezartzen duen bideragarritasun ekonomikoaren irizpidearen gainean. Izan ere, irizpide horrek mailaz maila aplikatzekoa izateari utzi (bideragarritasuna zenbat eta hobeto frogatu, orduan eta puntuazio handiagoa eman) eta onartzeko irizpide bilakatu da: lehiaketara aurkeztutako proposamenek frogatu beharko dute egin dela proposatzen den jardueraren inplikazio ekonomikoen azterketa osoa eta koherentea. Frogatu beharko da, era berean, aurkeztutako negozio planak (edo kudeaketa planak, irabazi asmorik gabeko pertsona juridikoen kasuan) irratiaren bideragarritasuna bermatzen duela lizentzia indarrean dagoen 15 urteetan.

Horrenbestez, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 259/2019 Foru Dekretuaren bidez esleituak ditudan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Lehiaketa publiko baterako deia egitea, sei lizentzia emateko Nafarroako Foru Komunitatean irrati-difusio digital eta autonomiko bidez ikus-entzunezko komunikazio zerbitzua emateko.

2. Deialdia arautuko duten oinarriak onestea. Foru agindu honen eranskinean daude.

3. Deialdi hau eta oinarriak argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (www.nafarroa.eus).

4. Foru agindu hau igortzea Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusira, Eraldaketa Digitaleko Zuzendaritza Nagusira eta Ekonomia eta Enpresa Ministerioaren Telekomunikazioen eta Informazioaren Teknologien Zuzendaritza Nagusira, behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Administrazio bidea amaitzen ez duen foru agindu honen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2019ko azaroaren 20an.–Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria, Javier Remírez Apesteguía.

SEI LIZENTZIA EMATEKO LEHIAKETA PUBLIKOA ARAUTZEN DUTEN OINARRIAK, AUTONOMIA ERKIDEGOAN LURREKO IRRATI-DIFUSIO SOINUDUN ETA DIGITAL BIDEZ IKUS-ENTZUNEZKO KOMUNIKAZIO ZERBITZUA EMATEKO

1. oinarria.–Xedea.

Nafarroako Foru Komunitatean sei lizentzia emanen dira, lehiaketa publikoz, autonomia erkidegoan lurreko irrati-difusio soinudun eta digital bidez ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuak emateko. Agiri honen xedea da lehiaketa publiko hori arautuko duten baldintzak ezartzea, ekainaren 10eko 802/2011 Errege Dekretuan jasotako plangintzarekin bat etorriz. Errege Dekretu horrek Lurreko Irrati-difusio Soinudun eta Digitalari buruzko Plan Tekniko Nazionala aldatzen du, autonomia erkidegoen frekuentzia bakarreko sareei buruzko uztailaren 23ko 1287/1999 Errege Dekretuaren bidez onetsi zena.

Lehiaketaren xedea sei lizentzia ematea da: lizentzia bat Nafarroarako planifikatu den irrati digital autonomikoko lehen multzoko programa bakoitzeko (11D multzoa, FU-NAV sarea izenekoa, Lurreko Irrati-difusio Soinudun eta Digitalari buruzko Plan Tekniko Nazionaleko terminologia erabilita). Nafarroari baimendutako irrati digital eta autonomikoko multzo horren xehetasun teknikoak oinarri hauen I. eranskinean kontsulta daitezke.

2. oinarria.–Lizentziaren titularra izateko baldintzak.

Lizentziak lortu ahal izateko, beharrezkoa da Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko martxoaren 31ko 7/2010 Lege Orokorraren 25. artikuluan ezarritako baldintzak betetzea.

Ezin izanen dira lehiaketa honetara aurkeztu Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko martxoaren 31ko 7/2010 Lege Orokorraren 26.1 artikuluak lizentzia baten titular izateko ezarritako eragozpenetakoren bat dutenek (ikus-entzunezkoaren arloko ordena publikoko arrazoiak).

Lizentziak pertsona fisiko zein juridikoek eskura ditzakete, helburu komertzialekin edo irabazi-asmorik gabe.

3. oinarria.–Irrati eskaintzaren mugak.

Lizitatzaile bakoitzak, beste muga batzuk aplika badaitezke ere, lehiaketara ateratzen diren maiztasunak adina eskabide aurkez ditzake.

Lizitatzaile batek eskaera bat baino gehiago aurkezten badu, guztiek proposamen tekniko berbera izan dezakete, baina bakoitzak bere irrati eskaintza izan beharko du, hau da, edukien programazio guztiz bestelakoak izan behar dituzte oinarrian, bai ekoizpen propioko programek, baita besteek ekoitzitakoek ere, horrelakorik edukiz gero (beste irrati batzuekin emititu ditzaketen kate-emisioak barne).

Eskatzaile batek irrati proiektu berbera duten bi eskaintza edo gehiago aurkezten baditu, erregistratzen den azkena baizik ez zaio onartuko; aurkezten dituen gainerako eskaerak ez dira onartuko.

Enpresa talde bereko pertsona juridikoek lehiaketa honetarako eskaera bat baino gehiago aurkezten badituzte, joko da, Merkataritza Kodearen 42. artikuluak aipatzen dituen kasuen arabera, eskaera guztiak eskatzaile bakar batenak direla.

Eskaera bat elkarrekin aurkezten duten pertsona fisikoek edo juridikoek ezin izanen dute beste eskaintzarik aurkeztu, ez banaka ezta beste edozein pertsona fisikorekin edo juridikorekin batera ere. Baldintza hori ez betetzeak berekin ekarriko du eskatzaile horrek aurkeztutako eskaera guztiak baztertzea.

4. oinarria.–Nafarroako hizkuntza ofizialetan egindako programazioa.

Lehiaketa honetan ematen diren lizentziak eskuratzen dituztenek Nafarroako Foru Komunitatean koofizialak diren bi hizkuntzetako batean, edo bietan, eman beharko dute zerbitzua.

5. oinarria.–Lizentzien iraupena eta aplikatu beharreko araubide juridikoa.

Oinarri hauetan aipatzen diren lizentziak hamabost urterako emanen dira, deusetan galarazi gabe Nafarroako Foru Komunitateko ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuei buruzko urtarrilaren 25eko 5/2012 Foru Dekretuaren 21. artikuluan eta Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko martxoaren 31ko 7/2010 Lege Orokorraren 28. artikuluan aipatzen diren berritzeak.

Lehiaketaren xede diren lizentziei aplikatu beharreko araubide juridikoa honako hau da: Nafarroako Foru Komunitateko ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuei buruzko urtarrilaren 25eko 5/2012 Foru Dekretua eta Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko martxoaren 31ko 7/2010 Lege Orokorra.

6. oinarria.–Organo eskuduna.

Eskaerak tramitatzea Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusian ikus-entzunezko arloan eskumenak dituen unitateari dagokio.

Lehiaketa ebaztea Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari dagokio.

7. oinarria.–Zerbitzua emateko baldintzak.

7.1. Lizentzien adjudikaziodunak ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuen eta telekomunikazioen arloan indarra duen araudia betetzera behartuta daude. Edonola ere, eskaeretan beren gain hartzen dituzten konpromisoak bete beharko dituzte, baita betebehar eta baldintza hauek ere:

a) Lizentziaren xede den zerbitzua zuzenean ematea, horren gaineko negozio juridikoak egiteko aukera galarazi gabe, Nafarroako Foru Komunitateko ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuei buruzko urtarrilaren 25eko 5/2012 Foru Dekretuaren 22. artikuluan eta Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko martxoaren 31ko 7/2010 Lege Orokorraren 29. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

b) Lizentziaren ezaugarri teknikoak errespetatzea, kokapenari, potentziari, maiztasunari eta zerbitzua emateko araubidearekin zerikusia duen indarreko araudian ezarritako beste edozein betekizun teknikori dagokienez.

c) Proposatutakoaren araberako irrati emanaldiak hamabi hilabeteko epean abiaraztea, lehiaketa hau ebatzi eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuta. Horrela egiten ez badu, lizentziaren titularrari egotzi ezin zaizkion arrazoi objektiboengatik, sei hilabetetik gorakoa izanen ez den luzapen bakarra eska diezaioke hamabi hilabeteko epe horren barnean Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuari emanaldiak abiarazteko.

d) Zerbitzua etengabe emanen dela ziurtatzea, lizitatzaileak eskaintzan bere gain hartzen dituen eta lizentzia emateko oinarritzat hartzen diren konpromiso eta baldintzekin bat. Zerbitzua ezin izanen da eten, ezinbesteko kasuetan izan ezik, irrati-difusio soinudunaren arloko organo eskudunak baimenik ematen ez badu.

e) Nafarroako Gobernuak edo zehazten diren beste agintari batzuek, interes publikoko arrazoiengatik, edozein unetan eta larrialdietan bidalitako adierazpen, ohar edo abisu ofizialak doan zabaltzea, jatorria aipatuta.

f) Egiaztapenak eta ikuskapenak egiteko erraztasunak ematea, lizentziaren baldintzak betetzen direla egiaztatzearren, eta informazioa emateko eta emititutako programak artxibatzeko betebeharrak betetzea, Nafarroako Foru Komunitateko ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuei buruzko urtarrilaren 25eko 5/2012 Foru Dekretuaren 34.2 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

g) Ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuen arloan eskumena duen organoari jakinaraztea irratiko zuzendariaren izendapena, baita ordezkoarena ere, zuzendaria kanpoan edo eri denean edo lanpostua hutsik dagoenean.

h) Legez ezartzen diren kanonak eta tasak behar den epean eta moduan ordaintzea.

i) Nafarroako ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuak ematen dituztenen Erregistroari dagokionez ezarrita dauden betebeharrak betetzea. Betebehar horiek Nafarroako Foru Komunitateko ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuei buruzko urtarrilaren 25eko 5/2012 Foru Dekretuaren 29. artikuluan ezarrita daude.

Zerbitzua emateko funtsezko baldintza gisa hartzen dira oinarri honen a, b, c, d eta f letretan ageri direnak.

7.2. Lizentziaren titular bakoitzari aplika dakizkiokeen funtsezko baldintzak eta, bereziki, lizitatzaileak eskaeran bere gain hartzen dituen eta lizentzia emateko oinarri hartzen diren konpromisoak betetzen ez badira, lizentzia baliogabetu eginen da, deusetan galarazi gabe aplikatu beharreko oinarrizko araudia oinarri hartuta ezar daitezkeen administrazio zehapenak.

8. oinarria.–Adjudikatzeko modua.

Agiri honetan aipatzen diren lizentziak lehiaketa publikoaren bidez emanen dira, Nafarroako Foru Komunitateko ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuei buruzko urtarrilaren 25eko 5/2012 Foru Dekretuarekin bat etorriz.

9. oinarria.–Eskaerak eta dokumentazioa aurkeztea.

Eskaerak eta dokumentazio osagarria hurrengo apartatuetan adierazitako moduan, lekuan eta epean aurkeztu beharko dira. Eskaera aurkezteak berekin dakar adjudikazio-hartzaileak agiri honetako klausulak baldintzarik gabe onartzea.

–Modua:

Eskaera bakoitza gutun azal handi batean aurkeztuko da. Gutun azal horren kanpoaldean “Irrati digital autonomikoaren lizentzia eskaera” idatziko da. Interesdunak sinatu beharko du, edo behar bezala ahaldundutako legezko ordezkari batek, eta barnean beste bi gutun azal izanen ditu:

1. Lehenengoak “DOKUMENTAZIO ADMINISTRATIBOA” izena hartuko du, eta 12. oinarrian zerrendatutako agiri guztiak bilduko ditu.

2. Bigarrenak “DOKUMENTAZIO TEKNIKOA: IRRATI PROIEKTUA” izena hartuko du, eta 13. oinarrian zerrendatutako agiri guztiak bilduko ditu.

–Aurkezteko epea eta lekua:

Eskaerak aurkezteko epea bi hilabetekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskaeretan, eskatzailearen gaitutako helbide elektronikoa adieraziko da, horixe izanen baita lehiaketari buruzko jakinarazpen guztiak egiteko bide bakarra.

Eskaerak Nafarroako Gobernuaren erregistro bulegoetan aurkeztuko dira, paperean (https://www.navarra.es/home_eu/Servicios/AtencionCiudadana/Oficinas.htm).

Aurkezteko administrazio prozeduraren araudian ezarritako beste edozein bulego edo baliabide aukeratzen bada, Nafarroako Gobernuari horren berri eman beharko zaio, aipatutako aurkezpen epean, comunicacion@navarra.es helbidera mezu elektroniko bat bidalita eta dagokion egiaztagiria erantsita. Jakinarazpen hori egin arren, Nafarroako Gobernuak ez badu eskaera jasotzen aurkezteko epea bukatu eta hamar egun balioduneko epean, eskaera ez da onartuko.

10. oinarria.–Bideragarritasun ekonomikoa.

Irabazi-asmorik gabeko erakundeek proiektuaren memoria ekonomikoa aurkeztu beharko dute, Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko martxoaren 31ko 7/2010 Lege Orokorraren 32.6 artikuluan aurreikusitako moduan eta mugekin.

Helburu komertzialak dituzten pertsona fisikoek eta juridikoek memoria ekonomikoa aurkeztuko dute. Hor, oro har, irratiaren kudeaketa eredua, bideragarritasun ekonomikoa eta proposatutako zerbitzua abian jarri eta emateko beharrezkoak diren giza baliabideak eta baliabide materialak deskribatuko dira.

Ikuspegi orokorraz gain, lizitatzaile komertzialak jarraian aipatzen diren alderdiak zehaztu beharko ditu:

–Proiektuaren bideragarritasun ekonomiko-finantzarioa eta negozio plana: lizitatzailearen deskribapena aurkeztuko da, eta bere baliabide ekonomikoak (funts propioak, finantzatzeko ahalmena...) eta zerbitzua ustiatzeko esleitutako bitartekoak ere bai. Halaber, bere irrati eskaintzarekin bat datorren negozio plana erantsi beharko da, arrazoitua, proiektua abian jartzeko eta irauteko zentzuz behar diren kudeaketako eta finantzaketako tresnak zehaztuz. Horrez gain, aurrekontuak aurkeztuko dira, diru sarrerak eta gastuak (hasierako inbertsioak barne) eta irratiaren lehenengo bi funtzionamendu urteetarako diruzaintza-fluxuak zehaztuta.

Dokumentazioa Kontabilitateko Plan Orokorraren eredu ofizialaren arabera aurkeztuko da, edo ETEen Kontabilitateko Plan Orokorraren ereduaren arabera, irrati lizentzia kudeatzen duen enpresaren edo erakundearen tamainaren arabera.

–Antolaketa eredua eta giza baliabideak: zerbitzua emateko giza baliabideen eta antolaketa baliabideen plana, eskumen arloak, eredu operatiboa eta kudeaketan eraginkortasuna bideratzeko funtsezko oinarriak deskribatuko dira. Irratiko langileen lanbide profilak berariaz aurkeztu beharko dira.

Balorazio mahaiak eskaintza onar dezan, haren dokumentazio ekonomikoak jaso beharko du zer inbertsio eta zer gastu egin behar diren lizentzia behar bezala ustiatzeko, aurkeztutako eskaintzarekin bat; eta, bermatu beharko du finantzazioa nahikoa eta iraunkorra dela, irratia ekonomikoki bideragarria izan dadin lizentziak dirauen bitartean. Gainerako eskaintzak ez dira onartuko eta ez dira baloratuko lehiaketa honen hurrengo oinarriaren arabera.

Halaber, ez dira onartuko merkatuko prezioetatik beherako gastu zenbatespenak aurkezten dituzten memoria ekonomikoak, ez eta beren langileen baldintza ekonomikoak bermatzen ez dituztenak ere, kasuan kasuko sektore eta kategoria profesionaletan aplikatu beharreko lan hitzarmenen arabera.

Halaber, ez dira onartuko merkatuaren gainetiko sarrera zifrak dituzten memoria ekonomikoak.

11. oinarria.–Balorazio irizpideak.

FU-NAV sareko irrati lizentzia lortzeko izangaien proposamenak lau puntuazio atal aintzat harturik baloratuko dira, eta 80 puntu eskuratuko dituzte gehienez:

–Irrati eskaintza (emisioaren eta programazioaren ezaugarriak), 45 puntu gehienez ere.

–Euskarazko programazioa ematea, 15 puntu gehienez ere.

–Proiektuaren ezaugarri teknikoak, 10 puntu gehienez ere.

–Lizentzia ez eskualdatzeko konpromisoa, legeak ezarritakoa baino epe luzeagoan, 10 puntu gehienez ere.

Irrati eskaintzaren atalean 25 puntu gainditzen ez dituzten proposamenak ez dira gainerako irizpideen arabera baloratuko, eta haiekin ezin izanen da adjudikazio proposamenik egin.

11.1. Irrati eskaintza. 45 puntu gehienez ere.

–Nafarroari buruzko ekoizpen propioa (30 puntu gehienez ere):

15 puntu jasoko dituzte astean era honetako programak 20 orduz edo gehiagoz ematen dituzten eskaintzek: irratiaren proiektuan zehaztutako baliabide materialez eta giza baliabideez egindako programak eta Foru Komunitatearen errealitate soziala, ekonomikoa, kulturala, politikoa edo kirol arlokoa, besteak beste, islatzea eta sustatzea helburu nagusi dutenak. Hori baino ekoizpen propio txikiagoa duten proposamenak hiruko erregelaren bidez barematuko dira.

Asteko programazio orduen kopuruaren arabera jasotako puntuazioaz gain, beste 15 puntu emanen zaizkie, gehienez ere, eskaintzei, alderdi hauen arabera: aurkeztutako formatuen kalitatea eta aniztasuna (bai informatiboena bai bestelakoena); eskainitako programazioak entzuleentzat duen interesa; asteko egun bakoitzerako gordetako emanaldien ordutegiak; eta edukiak ekoizteko erabilitako baliabideak.

–Gainerako irrati programazioa (15 puntu gehienez ere):

5 punturekin baloratuko dira egunean gutxienez 18 orduko programazio jarraitua, errepikapenik gabea, bermatzen duten eskaintzak, bai programazio propioaren bidez (Nafarroari buruzko edukiarekin ekoitzitakoaz bestelakoa), bai beste irrati edo irrati kate batzuekin akordio edo elkartzeen bidez. Eskaintza txikiagoa duten proposamenak hiruko erregelaren bidez barematuko dira.

Eguneko programazio orduen kopuruaren arabera jasotako puntuazioaz gain, gehienez ere beste 5 puntu emanen zaizkie, besteek Nafarroari buruz egindako programazioarengatik, alderdi hauen arabera: aurkeztutako formatuen kalitatea eta aniztasuna (bai informatiboena bai bestelakoena); eskainitako programazioak entzuleentzat duen interesa, eta asteko egun bakoitzerako gordetako emanaldien ordutegiak.

Gehienez ere beste 5 puntu emanen zaizkie, Nafarroarekin zerikusirik ez duen programazioarengatik, alderdi hauen arabera: aurkeztutako formatuen kalitatea eta aniztasuna (bai informatiboena bai bestelakoena); eskainitako programazioak entzuleentzat duen interesa, eta asteko egun bakoitzerako gordetako emanaldien ordutegiak.

11.2. Euskarazko emanaldiak. 15 puntu gehienez ere.

Programazio propio osoaren % 15 edo gehiago euskarazko emanaldiekin betetzea aurreikusten duten proposamenak aurkezten dituzten eskatzaileei 15 puntu emanen zaizkie. Eskaintza txikiagoa duten proposamenak hiruko erregelaren bidez barematuko dira.

11.3. Proiektuaren ezaugarri teknikoak. 10 puntu gehienez ere.

–5 puntuz baloratuko dira ekoizpen estudioak Nafarroako edozein udalerritan kokatzeko konpromisoa aurkezten duten irrati proiektuak.

–Gehienez ere 3 puntuz baloratuko dira proposatzen den ekoizpen estudioaren kalitatea, espazio kopurua, baliabide mugikorrak, zehaztasuna eta egokitzapen teknologikoa.

–Gehienez ere 2 puntuz baloratuko dira irrati seinalea garraiatzeko eta zabaltzeko proposatzen den kalitatea, zehaztapena eta egokitzapen teknologikoa, ekipamendu propioarekin edo kanporatzearen bidez egiten diren lanak edozein direla ere. Puntuazio horrekin baloratuko dira, era berean, lizitatzaileak ingurumen inpaktua eta irrati maiztasunen inpaktua murrizteko proposatzen dituen neurriak, hala kokapena eta telekomunikazio azpiegiturak (etxola, dorrea eta erradiazio sistema) partekatuta erabiltzeko konpromisoa nola baliabideen arrazionalizazioa (adibidez, energia berriztagarrien erabilera, hondakinak kudeatzeko plana eta abar).

11.4. Lizentzia ez eskualdatzeko edo ez alokatzeko konpromisoak. 10 puntu gehienez ere.

Proposamenek 10 puntu jasoko dituzte, baldin eta ematen zaien lizentziarekin, eta lizentzia hori indarrean den 15 urteetan, negozio juridikorik (eskualdaketa edo alokairua) ez egiteko konpromisoak aurkezten badituzte, idatziz. 13 urtetik beherako konpromisoak (Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko martxoaren 31ko 7/2010 Lege Orokorraren 29.2 artikuluak ezartzen duen hasierako bi urteko epea kenduta) hiruko erregelaren bidez puntuatuko dira.

12. oinarria.–Aurkeztu beharreko dokumentazio administratiboa.

Eskaera bakoitzeko, lizitatzaileek “Dokumentazio administratiboa” izeneko gutun azala aurkeztu behar dute, barnean honako dokumentu hauek guztiak eta horien aurkibidea izanen dituena:

1. Lizitatzailearen nortasun juridikoa frogatzen duten agiriak eta, hala badagokio, ordezkaritza frogatzen dutenak:

a) Pertsona fisikoak badira, Nortasun Agiri Nazionalaren kopia, edo, atzerritarrak badira, pasaportea edo nortasuna egiaztatzen duen beste edozein dokumentu ofizial.

b) Europako Esparru Ekonomikoko kide ez diren estatuetako nazionalitatea duten pertsona fisikoek Espainiak dagokion estatuan duen Misio Diplomatiko Iraunkorraren txosten bat aurkeztu beharko dute, frogatzen duena jatorrizko estatuak onartzen duela Espainiako herritarrek ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuak ematea.

c) Pertsona juridikoek eraketa eskritura aurkeztu beharko dute, eta, hala badagokio, aldaketarena, Merkataritza Erregistroan inskribatua, baldin aplikatu beharreko merkataritza arloko legediaren arabera baldintza hori eska badaiteke. Ezin badaiteke eskatu, eraketaren edo sortzearen agiria edo estatutuak aurkeztu beharko dituzte, non egoitza soziala eta jardueraren gaineko arauak azalduko baitira, nahitaezko erregistro ofizialean inskribaturik, hala badagokio.

d) Europar Batasuneko estatu kideetako edo Europako Esparru Ekonomikoari buruzko Akordioa sinatu duten estatuetako pertsona juridiko ez-espainiarrek ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute behar den erregistroan inskribatuta daudela frogatzeko (zer estatutan kokatuta dauden, horko legediak ezartzen duen hartan) edo, bestela, inskripzio hori nahitaezkoa ez bada, jarduteko duten gaitasunari buruzko erantzukizunpeko adierazpen bat.

e) Aurreko apartatuan sartzen ez diren estatuetako pertsona juridiko atzerritarrek jarduteko gaitasuna frogatzen duen txosten bat aurkeztu beharko dute, dagokion estatuan Espainiak duen ordezkaritza diplomatikoak emana. Halaber, jatorrizko estatuak Espainiako herritarrei ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuak ematea onartzen diela frogatzen duen txostena aurkeztu beharko dute, Espainiako kasuan kasuko ordezkaritza diplomatikoak emana.

f) Eskatzaileak ordezkari baten bitartez jarduten badu, ordezkaritza egiaztatzen duen notario ahalordea eta ordezkariaren nortasuna frogatzen duen dokumentua aurkeztu beharko dira.

g) Bi pertsona fisiko edo juridikok edo gehiagok baterako eskaera aurkezten badute, bakoitzak bere nortasuna eta gaitasuna frogatu beharko ditu, eta sinatzen duten pertsonen edo enpresen izena eta inguruabarrak eta bakoitzaren partaidetza adierazi beharko dituzte, baita Administrazioaren aurrean horien guztien ordezkaritza osoa izanen duen pertsonaren edo entitatearen izendapena ere.

2. Gainera, pertsona juridikoek, III. eranskin gisa agertzen den ereduarekin bat, kasuan kasuko gobernu organoak kapital sozialaren osaerari eta egiturari buruz egindako ziurtagiria aurkeztu beharko dute. Kapital sozialean Europako Esparru Ekonomikoko kide ez diren herrialdeetako pertsona fisiko edo juridikoen partaidetza badago, Espainiak dagokion estatuan duen Misio Diplomatiko Iraunkorraren txosten bat aurkeztu beharko da ziurtagiri horrekin batera, frogatzen duena jatorrizko estatuak onartzen duela herritar espainiarrek partaidetza izatea ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuak emateko xedea duten pertsona juridikoetan.

3. Erantzukizunpeko adierazpena, adierazteko ez diotela eragiten Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko martxoaren 31ko 7/2010 Lege Orokorraren 26. artikuluan jasotako mugapenek, ikus-entzunezkoen arloko ordena publikoko arrazoiengatik ezarritakoek, espresuki aipatuta zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela indarra duten xedapenek ezarri bezala. Adierazpena IV. eranskineko ereduarekin bat etorriko da.

4. Erantzukizunpeko adierazpena, adierazteko ez duela Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko martxoaren 31ko 7/2010 Lege Orokorraren 37. artikuluan irratiaren ikus-entzunezko merkatuaren pluralismoa kontuan hartuta ezarritako debekurik. Adierazpena V. eranskineko ereduarekin bat etorriko da.

13. oinarria.–Aurkeztu beharreko dokumentazio teknikoa.

Irrati proiektuak aurkibide bat izanen du, agiriaren egitura eta edukiak jasoko dituena, baita hasierako aurkezpen bat ere, mila hitz baino gehiago izanen ez dituena. Dokumentazio teknikoak testu bakarra izanen du, 100.000 hitz baino gehiago izanen ez dituena. Eranskinek 20 orrialde izanen dituzte, gehienez ere, eta A4 tamainan inprimatzeko modukoak izanen dira.

Irrati proiektuak honako datu eta informazio hauek jaso beharko ditu, gutxienez ere:

13.1. Irrati eskaintza.

Lizitatzaileak proposatzen duen irrati eskaintzaren helburuak eta oinarriak eta ezarri nahi duen formula mota deskribatuko ditu orokorrean, eta adieraziko du zer eratako formula ezarri asmo duen: orotarikoa, tematikoa (gaia zehaztuta) edo mistoa. Halaber, irrati eskaintzan zer komunikazio hizkuntza erabiliko duen jakinaraziko du (bat baino gehiago izan daitezke).

Emankizunen ereduzko zerrenda bat erantsiko da, asteko zazpi egunetako hogeita lau orduetan emanen diren programak adierazita (ordu tarteren batean ezer emateko asmorik ez bada, “emanaldirik gabe” jarriko da taulan). Programa bakoitzaren funtsa, landuko dituen edukiak, esleitzen ahal zaion genero mota, ordu iraupena eta komunikazio hizkuntza deskribatuko dira. Berremanaldirik bada, hori ere adieraziko da.

Aurreko paragrafoetan eskatzen den ikuspegi orokorraz gain, lizitatzaileak jarraian adierazten diren alderdiak zehaztu beharko ditu (programazioaren kuantifikazioetan ez dira sartuko berremanaldiak edo irrati edukia ekoizteko eta sortzeko lanik ez dakarten musika emanaldi hutsak edo beste mota batekoak):

–Ekoizpen propioko programak: ekoizpen propioko programek, hots, aurkezten den proiektuan aurreikusitako giza baliabide eta baliabide material propioekin prestatutakoek, astean zenbat emanaldi-ordu izanen dituzten zehaztuko da. Ekoizpen propioko programak era honetakoak izan daitezke:

  • Nafarroari buruzko programak: zehaztuko da zenbat ordu hartuko dituzten, astean, foru erkidegoari buruzko programek, informazioaren arlokoak direnek eta ez direnek.
  • Ekoizpen propioko beste programa batzuk: horrelakorik bada, informazioaren arlokoak diren programek eta ez direnek astean zenbat ordu hartuko duten zehaztuko da.

–Beste batzuek ekoitzitako programak: zehaztuko da astean zenbat orduz emanen diren beste batzuek ekoitzitako programak, eta adieraziko dira egileak zein diren, aurreikusitako kontratazio edo elkarketa formula zein den eta programak Nafarroari buruzkoak edo orokorrak diren.

13.2. Euskarazko emanaldiak.

Adieraziko da ekoizpen propioko euskarazko saioen orduen kopurua, eta emandako ekoizpen propioko saio guztien artean saio horiek duten ehunekoa.

13.3. Proiektuaren ezaugarri teknikoak.

Lizitatzaileak honako hauek deskribatuko ditu orokorrean: irrati edukiak ekoizteko eta emateko jarriko dituen estudioak; eta irrati seinalea hedatzeko erabiliko duen azpiegitura –propioa zein azpikontratatua–.

Lizitatzaileak honako alderdi hauek zehaztuko ditu:

–Ekoizpen estudioak: proposatzen den kokapena eta estudioen planoak aurkeztuko dira, eta adieraziko da lizitatzaileak lokala eskura duen edo adjudikazioari lotuta dagoen. Horrez gain, estudio horietan erabiliko diren sistemak eta ekipoak deskribatuko dira, estudioetako eremuak eta eremu bakoitzeko ekipamendua zehaztuta, baita, hala dagokionean, unitate edo baliabide mugikorren kopurua eta horien konfigurazioa ere.

–Garraio eta hedapen sarea: estudioaren eta zentro igorlearen artean zer lotura dagoen zehaztuko da (erabilitako teknologia, ustiapen araubidea...); zentro igorlearentzat proposatutako kokalekua, memoria, ekipamendua eta jabetza; hedapen horretarako aurreikusitako estaldura (aurreikusten den estalduraren mapa erantsiko da, eta hartan adieraziko da zer simulazio parametro erabili diren, zer herritara iristen den eta zerbitzuaren emakidaren xede den eremu guztitik zer lurralde estaltzen den); irratiaren ezarpenean ingurumen inpaktua eta irrati maiztasunena minimizatzeko eta baliabideak arrazionalizatzeko hartutako neurriak, bereziki energia berriztagarrien erabilerari, kokalekuen erabilera partekatuari eta abarri dagokienez. Hirugarrenen mende dauden neurrien kasuan, adibidez, hedapena telekomunikazio-operadore batekin kontratatuz gero, kanporatu nahi diren zerbitzu horien eskaintzaileak bermatu beharko ditu ingurumen konpromiso horiek.

13.4. Lizentzia ez eskualdatzeko eta ez alokatzeko konpromisoak.

Lizitatzaileek zilegi izanen dute lizentzia ez eskualdatzeko eta ez alokatzeko konpromisoa aurkeztea, Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko martxoaren 31ko 7/2010 Lege Orokorraren 29.2 artikuluak ezartzen duen bi urteko eperako baino gehiagorako, gehienez ere hamahiru urte bitarte, lizentziaren hasierako iraupenaren denbora osoa betetzeko (VI. eranskina).

14. oinarria.–Balorazio mahaia.

Balorazio mahaia honako kide hauek osatuko dute:

–Mahaiburua:

Komunikazio Zerbitzua-Gobernuaren Eledunaren Bulegoko zuzendaria, edo, horren ordez, Nafarroako Gobernuko Proiekzio Instituzionalaren Zerbitzuko zuzendaria.

–Mahaikideak:

Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusian ikus-entzunezkoen arloan eskumena duen unitateko burua, edo, horren ordez, Zuzendaritza Nagusi horretako Prentsa Bulegoaren Ataleko burua.

Edurne Izkue Mendi, Eraldaketa Digitaleko Zuzendaritza Nagusiko telekomunikazioetako ingeniaria, edo, horren ordez, zuzendaritza nagusi horretako Telekomunikazio Sistemen Ataleko burua.

Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuan duen kontu-hartzaile delegatua, edo, horren ordez, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuan kontu-hartzailearen ordezkoa dena.

–Idazkaria:

Pedro Jesús Loitegui Irurzun, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko APT juridikoa, edo, horren ordez, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Araubide Juridikoaren Ataleko burua.

15. oinarria.–Proposamenak aztertzea.

15.1. Dokumentazio administratiboa irekitzea.

Proposamenak aurkezteko ezarritako epea bukatu eta hurrengo 15 egun balioduneko epearen barnean, balorazio mahaia eratuko da, eta, ateak itxita, honako hau aztertuko du, lehenik: 9. oinarrian eskatzen den dokumentazio administratiboa daukan 1 zenbakiko gutun azalean bildutako dokumentazioa.

Mahaiak ikusten baldin badu zuzen daitekeen akatsik edo hutsunerik dagoela aurkeztutako dokumentuetan, edo lizitatzaileak zerbait argitzea edo dokumentazio gehigarria aurkeztea beharrezkoa dela iruditzen bazaio, interesdunei jakinaraziko die, eta gehienez ere bost egun balioduneko epea emanen die akatsa zuzentzeko; hori egiten ez badute baztertuko dituztela ohartaraziko zaie berariaz.

Ezarritako epea bukatzen denean, balorazio mahaia berriro bilduko da, jasotako zuzenketak ikusi ondoren, lizitatzaileen behin betiko onarpenari buruzko erabakia hartzeko.

15.2. Dokumentazio teknikoa irekitzea.

Dokumentazio administratiboa aztertuta eta onartutako proposamenen zerrenda ezarri ondoren, jendaurreko ekitaldia eginen da balorazio mahaiak ezarriko duen tokian, egunean eta orduan. Hor, lizitatzaileak onartzeari eta baztertzeari buruzko emaitza adieraziko da, eta baztertu diren proposamenak eta horiek baztertzeko arrazoiak aipatuko dira. Jarraian, egiaztatuko da onartutako eskatzaileek eskaerarekin batera erantsi dutela 9. oinarrian eskatutako dokumentazioa biltzen duen 2 zenbakiko gutun azala, eskaintzak egin direla egiaztatzeko baino ez.

Ekitaldi publiko hori egin baino 72 ordu lehenago iragarriko da, gutxienez ere, Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (www.nafarroa.eus) –lehiaketaren izapide fitxan– eta Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorreko iragarki taulan.

16. oinarria.–Eskaintzak baloratzeko prozedura eta adjudikazio proposamena.

Ekitaldi publikoa bukatu ondoren, aurkeztu diren proposamen teknikoak ebaluatuko ditu balorazio mahaiak, ateak itxita. Balorazio mahaiak eskatzaileei eska diezaieke aurkeztutako edukiari buruz egoki iruditzen zaizkion azalpenak eman ditzatela, eta eskatzaileek bost egun balioduneko epea izanen dute azalpen horiek emateko.

Balorazio irizpide jakin bati buruz proposamen edo informaziorik batere ez duten eskaerei 0 puntu emanen zaie irizpide horretan.

Eskaintzak irizpide bakoitzaren arabera puntuatu ondoren, balorazio mahaiak zehaztuko du zenbat puntu lortu dituen guztira eskaintza bakoitzak, eta sei lizentziak puntuazio ordenaren arabera ematea proposatuko du.

Aurkeztutako proposamenen artean berdinketarik badago, irrati eskaintzaren atalean puntuaziorik onena lortu duenaren alde eginen da adjudikazio proposamena. Berdinketak irauten badu, proiektuaren ezaugarri teknikoen atalean punturik gehien atera duenaren alde eginen da. Azkenik, irizpide horiek aplikatuta ere berdinketa hausten ez bada, zozketa eginen da jendaurreko ekitaldi batean.

Balorazio mahaiaren proposamenak ez du inolako eskubiderik sortuko proposatutako adjudikaziodunen alde.

Lizentzia horietarako eskaerarik aurkezten ez baldin bada edo aurkeztutakoek ez baldin badute lortu oinarri hauetan ezarritako gutxieneko puntuazioa, lehiaketa bete gabe gelditu dela deklaratzea proposatuko du balorazio mahaiak.

Sei lizentzia eman behar badira ere, gerta daiteke horiek baino gutxiago izatea gutxieneko puntuazioa gainditu duten eskaerak. Horrelakoetan, lizentziak eman gabe utziko dira (bat edo batzuk izan daitezke).

17. oinarria.–Agiriak aurkeztea.

Balorazio mahaiak hamabost egun balioduneko epean, lizentzia emateko proposamena jakinarazten duen ofizioa jaso eta biharamunetik aurrera, honako dokumentazio hau aurkezteko eskatuko die lizentziak emateko proposamen horretan aipatzen diren pertsona fisikoei edo juridikoei:

1. Kasuan kasuko ogasunek (Nafarroako Foru Ogasuna eta/edo Estatuko Ogasuna eta/edo Foru Ogasunak) eta Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorrak emandako ziurtagiriak, lizitatzaileak zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela egiaztatzeko, hurrenez hurren.

Lizitatzailea ez bada ageri subjektu pasibo gisa inolako zerga kontzepturengatik Nafarroako Foru Komunitatean, Nafarroako Foru Ogasuneko ziurtagiri baten bidez frogatuko da egoera hori.

Ziurtagiriak proposamenak aurkezteko epea bete baino sei hilabete lehenago emanak izanen dira beranduenez, Nafarroako Foru Ogasunarena izan ezik, kasu horretan hiru hilabete lehenagokoa edo zaharragoa izanen baita.

Egoitza fiskala Espainian ez duten lizitatzaile atzerritarrek, Europar Batasuneko estatu kideetakoak izan ala ez, jatorriko herrialdeko agintaritza eskudunak emandako ziurtagiria aurkeztu beharko dute, frogatzeko egunean dituztela zerga betebeharrak eta gizarte aurreikuspeneko sistematik ondorioztatzen direnak.

2. Ekonomia jardueren gaineko zergan, lehiaketa honen xedeari dagokion kategorian, alta emanda dagoela frogatzen duen agiria; edo zerga horretatik salbuetsita dagoela frogatzen duen agiria.

Aurreko paragrafoan xedatutakoa ezertan galarazi gabe, oinarri honetan emandako epea bukatutakoan interesdunek aurkeztu ez badute eskatutako dokumentazioa, edo, dokumentazio hori aztertuta, ikusten bada proposatutako eskatzaileak ez dituela betetzen lizentziaren titularra izateko baldintzak, edo proposatutako lizitatzaileak uko egiten badio proposatutako adjudikazioari, beste proposamen bat egin daiteke hurrengo eskatzailearen alde, eskaerak sailkatu diren hurrenkerari jarraikiz, baldin eta hori posible bada eta hautatua ados badago. Kasu horretan, hautatuari hamabost eguneko epea emanen zaio oinarri honetako 1. eta 2. apartatuetan aipatzen diren dokumentuak aurkezteko.

18. oinarria.–Lizentziak ematea.

Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako zuzendari nagusiak tramitatuko du lizentziak adjudikatzeko espedientea; espedientea bat etorriko da balorazio mahaiak egiten duen proposamenarekin, eta proposamenean aipatzen diren pertsona fisikoek edo juridikoek aurkeztutako dokumentazioa jasoko du. Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari igorriko dio, eta horrek lehiaketa ebaztea erabakiko du proposamen horretan oinarrituta.

Lehiaketa bukatutzat ematen duen ebazpenean, berariaz azalduko da zein eskatzaileri eman zaien lizentzia, eta, horrekin batera, jakinaraziko da gainerako eskaerak ezetsi egin direla. Gainera, lizentzien adjudikaziodunei dagokienez, emanaldien lurralde mailako estaldura eremua eta funtsezko baldintzak zehaztuko dira.

Lehiaketa ebazteko erabakia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta lizitatzaileei banan-banan jakinaraziko zaie.

Lehiaketa sei hilabeteko epean ebatziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik zenbatzen hasita. Epe hori bukatzean berariazko ebazpenik eman eta argitaratu ez bada, eskaera ukatu zaiela ondorioztatu beharko dute interesdunek.

19. oinarria.–Administrazio dokumentu batean formalizatzea.

Lizentzia, eman ondoren, administrazio dokumentu batean formalizatuko da. Dokumentu horretan lizitatzaileak eskaeran bere gain hartutako konpromisoak bilduko dira, eta nahitaez bete beharko ditu.

I. ERANSKINA

Nafarroako Foru Komunitateko irrati digital autonomikorako maiztasunen multzoa, maiztasun bakarrekoa

IZENA

MULTZOA

MHz MAIZTASUN MULTZOAREN MUGA

FU-NAV SAREA

11D

221,296-222,832

II. ERANSKINA

Autonomia erkidegoko lurreko irrati-difusio soinudun eta digitalaren lizentzia eskaeraren eredua.

III. ERANSKINA

Gobernu organoak kapital sozialaren osaerari eta egiturari buruz eman behar duen ziurtagiriaren eredua.

IV. ERANSKINA

Erantzukizunpeko adierazpena, adierazteko ez diotela eragiten Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko martxoaren 31ko 7/2010 Lege Orokorraren 26. artikuluan jasotako mugapenek, ikus-entzunezkoen arloko ordena publikoko arrazoiengatik ezarritakoek.

V. ERANSKINA

Erantzukizunpeko adierazpena, adierazteko ez duela Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko martxoaren 31ko 7/2010 Lege Orokorraren 37. artikuluan irratiaren ikus-entzunezko merkatuaren pluralismoa kontuan hartuta ezarritako debekurik.

VI. ERANSKINA

Erantzukizunpeko adierazpena, lizentzia ez eskualdatzeko eta ez alokatzeko konpromisoa jasotzen duena, Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko martxoaren 31ko 7/2010 Lege Orokorraren 29.2 artikuluak ezartzen duen bi urteko eperako baino gehiagorako, gehienez ere hamahiru urte bitarte, lizentziaren hasierako iraupenaren denbora osoa betetzeko.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F1914870